DELITUAREN ONDORENA ADINGABEKOENTZAT


2021eko uztailaren 16an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zigor legea hautsi dutenentzat EAEn, Nafarroan zein Iparraldean zentro bereziak daude, nahiz eta beren artean ñabardurak izan. Araban Andoiu eta Aramaiokoak daude. Biak ere erregimen ireki eta erdi irekikoak. Lehenean zazpi adingabekoentzako tokia dago eta bigarrenean hamaikarentzat. Bizkaian zortzirentzako tokia du erregimen irekiko eta erdi irekiko Urtuellako zentroak. Gipuzkoan berriz, Zumarragako zentro itxia dago soilik, baina oraindik ez da abian jarri. Nafarroan ez dago adingabeko hauentzat zentro berezirik, baina Iruñaldean badira gazte hauek hartzen dituzten hiru zentro: Lagun etxea (erregimen irekia eta erdi irekia), Sin Fronteras (erregimen irekia eta erdi irekia) eta Aritz-berri granja eskola (erdi irekia eta itxia). Iparraldean berriz, zentro itxi gertuenekoa Baionatik 5 kilometrora dago eta bost gazte hartzen ditu gehienez. Lanbide hezkuntzako zentro bakoitzean berriz, 20 bat gazte egon daitezke.

Zigor legea hautsi duten adingabekoetatik % 11,8 hezkuntza zentro batera doa EAEn, Arartekoaren 2000. urteko datuen arabera. Gainerakoei gehien aplikatzen zaizkien neurriak bitartekotza, komunitatearen onurarako zerbitzuak eta ohartarazpena dira. Ipar Euskal Herrian, aldiz, zaintzapeko askatasuna eta komunitatearen onurarako zerbitzuak dira nagusi, azken horiek erabilienak badira ere.
Hego Euskal Herrian, adin txikikoentzako hiru motatako barrualdi zentroak daude. Erregimen ireki eta erdi irekian, aktibitateak egoitzan bertan edota hortik kanpo egiten dira, hurrenez hurren. Ikasketak amaitu, lanbide batean trebatu eta aisialdiko jarduerak lan ditzakete bertoko gazteek. Adingabeko bakoitzak berezko proiektua du, bere egoera eta interesak kontuan izanda. Andoiuko (Araba) zentroaren zuzendari Javier Iturrospek adierazi bezala, proiektu horren helburua gazteak etorkizunari buruzko hausnarketa garatzea da. Ildo horretatik, ikasitakoaren praktikotasuna eta gizarte harremanen normalizazioa goraipatzen direla dio, geroko bizimodurako erreferentzia izan nahi duelako barrualdiak.
Zentro itxietan, ostera, aktibitate guzti-guztiak bertan burutzen dituzte gazteek eta ezin daitezke kalera atera, egoera horrek aktibitateak eurak baldintzatzen baditu ere. Lege haustearen larritasunaren arabera, Adingabekoentzako Epaileak egokitzat hartzen duen erregimen mota eta barrualdiaren iraupena aukeratzen ditu, bi urtez gehienez. Gaztea zentroan dagoen bitartean, bere egoerari buruzko txostena jasotzen du epaileak hiru hilabetero. Horrela, erregimen aldaketa ezar dezake, gazteak aurrera egin duelako edota alderantziz. Izan ere, gorabeherarik izatekotan, segituan ezagutarazi behar zaizkio epaileari.
Barrualdian hiru epe bereizten ditu Nafarroako Gobernuko Babes arloko zuzendari Joaquin Orozkok. Zentrora heltzen denean, gazteak bertoko arauak barneratu behar ditu. Era berean, bere egoeraz jabetzen dira gizarte hezitzaileak, gehien egokitu eta adingabekoak atsegin duen eremua lantzen hasteko asmoz. Horren arabera, aurrera eramango dituen aktibitateak finkatzen dira, baita familiarekiko harremanak sendotzeko prozesua ere. Bigarrenez, aktibitateak jorratzen dira, batik bat. Drogen kontsumoa tratamendu anbulatorioaren bitartez kontrolatzen da. Azkenik, gazteak zentroa utzi aurretik, irteera horren gorabeherak aztertzen dira. Alde batetik, familiarekin gero eta denbora gehiago egoteko aukera du adingabekoak, asteburuak barne. Bestetik, lege haustearen biktimari barkamena eskatzeko aritzen dira zentroetako gizarte hezitzaileak, Andoiuko zentroaren zuzendariak azaldu bezala. Gaztearen irteeran, legea haustera eraman zituen inguruabarrei aurre egiteko gai izatea du xedetzat prozesu osoak.
Sei heziketa zentro daude eta 14 urtetik gorako nerabeek okupa ditzakete. Barrualdi gehienak erregimen ireki edota erdi irekikoak dira. Arabari dagokionez, bi zentro dira nagusi: Andoiu eta Aramaio, azken horrek barrualdi itxirako neurriak ere betetzen dituelarik. Bizkaia eta Gipuzkoan zentro bana daude: Urtuellan eta Zumarragan zabalduko den erregimen itxikoa, hurrenez hurren. Arartekoaren 2001. urteko txostenean azaltzen denez, zentro gehienak erregimen ireki edota erdi irekikoak badira ere, zaintzaile bana kontratatu dute, Andoiun izan ezik. Gainera, azken horretan baino ez da neskarik onartzen. Beraz, plazarik ez dagoenean, EAEtik kanpoko zentro batera joan behar dira, barrualdi zigorra ezarri bazaie.
Nafarroan, bestalde, ez dago adingabeko arau hausleak onar ditzakeen berezko hezkuntza zentrorik. Foru Erkidegoko Babes arloko zuzendari Joaquin Orozkok azaldu bezala, adingabekoen babes zentroak moldatu behar izan dira. Horrela, bi talde ezberdin daude: alde batetik, babespeko gazteak (zeintzuen guraso ahalgoa Nafarroako Gobernuak eskuratu duen) eta, bestetik, legea hautsi duten nerabeak. Iruñealdean kokatzen diren hiru zentroetatik batean baino ez dira erregimen itxiko neurriak aplikatzen. Egoera horrek sortzen dituen heziketa eta teknika arazoei aurre egiteko, ingurualdean zentro espezifiko baten proiektua onartu dela baieztatu du Joaquin Orozkok.
Barrualdia edota aurrerago azaldutako neurriak aplikatu ohi zaizkie Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 16 urtetik gorako gazteei. Lege hauste larritasunaren arabera, lanbide hezkuntza eskaintzen duten zentroen eta espetxe zigorraren artean aukera ditzake Adingabekoentzako Epaileak, bertoko langile batek azaldu bezala. Lehenengo kasuan, bi urteko iraupena duen ikastaroa egiten dute nerabeek eta hiriko pisu batean bizi ohi dira, batik bat. Gainera, ikastaroa amaitzean, Estatu osoan lan egiteko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria jasotzen dute.
Espetxe barrualdia ezartzeko, arau haustearen ondorio erabat larriak, zigor aurrekariak eta antzeko irizpideak hartzen dira aintzat. Departamentu bakoitzean, adingabekoentzako espetxe bakarra dago. Iparraldetik hurbilen dagoena, Pauen kokatzen da, hain zuzen. Horretan, bi erregimen bereizten dira: barrualdi soila eta aktibitateak zein ikasketak onartzen dituena. Ildo horretatik, gizarte hezitzaile lapurtar baten aburuz, "gehien behar dutenei ez zaie aktibitaterik egiteko aukerarik ematen".
Espetxean dagoen gazteari, edozein unetan, zigor hori alda dakioke eta adingabekoentzako zentro itxi batera joan daiteke. Bertan, hiru bat hilabete emango ditu. Epealdi horretan, familia nahiz ingurukoarekiko harremanak erabat eteten dira, nerabea bestelako dinamika batean aritzeko asmoz.
18 urte bete arte, adingabeko lege hausleei babes eragingarria eskaintzera behartuta dago Frantziako Estatua, 45. Ordenantzak ezartzen duenez. Hori dela-eta, zentro itxitik ateratzean, lanbide hezkuntza edo babes zentro batera joan daiteke adingabekoa. Espetxerako itzulera ihes egin duten nerabeei bakarrik ezartzen zaie, "gainontzeko neurriek etekinik eman ez duten kasuetan", gizarte hezitzaileak adierazi bezala. Gainera, lanbide hezkuntza zentroek adin nagusiko gazteak ere onartzen dituzte, 21 urte bitartera alegia, epaileari eskatu eta hala onartutako kasuetan. Dena den, egoera hori laster aldatuko dela susmatzen da, Frantzia egungo legeria aldatzearen alde ageri delako, nazioarteko adin txikikoei buruzko arauketa jasotzeko.
Hego Euskal Herrian, 2000. urteko Adingabekoei buruzko Lege Organikoa aplikatzen da. Arauketa berriak zentroetara joan daitezkeen gazteen adina 16 urtetik 18ra igo du. Horren ondorioz, "arau hauste kasuen problematika zabalagoa da", Nafarroako Gobernuko Babes arloko zuzendariaren esanetan. Izan ere, lege horrek zenbait kritika jaso du. Salhaketa-Gasteizko kide eta EHUko irakasle Cesar Manzanosek araudia bera gaitzetsi du, "adin nagusiko lege hauslearen berme berberak eskaintzen dituen heinean, espetxe sistemaren egokitzapen hutsa baita". Izan ere, "gaztearen interesa" du hizpide legeak, baina ez du ziurtatzen adingabekoek Euskal Herrian beteko dutenik. Ildo horretatik, zentroaren araudia barneratu ahala, zigorra betetzeko tokia zehazten da. "Jokabidea arautzeko, zehapen negatibo eta positiboetan oinarritzen den sistema da". Beraz, "gaztearen jokabidea hartzen da aintzat eta ez, gizarte trebakuntzan izandako aurrerapenak". Manzanos irakaslearen aburuz, "ezin dakioke gazteari familiarengandik urrundu, hura baita bere lehenengo erreferente soziala". Maizegi, gizarte maila bereko kideak omen dira eta, horregatik, "politika sozialak kriminalizazio politiken aurretik hobesteko beharra dago".
Arartekoa ere alde horretaz kexu ageri da. Gasteizko Legebiltzarrean martxoan aurkeztu zuen txostenean, zenbait adingabeko arau hausle babes zentroetatik datozela kontuan izanda, bi motatako erakundeen arteko koordinazioa eskatu zuen. Izatez, gaztea Foru Aldundien guraso ahalgopean badago eta hezkuntza zentro batera joateko zehapena ezartzen bazaio, hortik ateratzean, zailtasun ugari aurkitzen ditu. Bestetik, familiarekin lan egiteko aukera ere galdu egiten da, senideengandik aldenduta dagoelako adingabekoa. Cesar Manzanosek azaltzen duenez, "egun espetxean dauden asko zenbait babes zentro eta hezkuntza zentrotik pasatu dira".
Hortaz, etorkin adingabekoen egoera larria azpimarratu da. Hezkuntza zentroetako populazioaren ia erdia etorkinek osatzen dute. Egoera pertsonala zeharo desorekatuta agertzen dute, "galduta" sentitzen direlako ezagutzen ez duten herrialde batean, bertoko langileek adierazi bezala. Gainera, familia jaioterrian izaten da eta, beraz, harekiko harremana erabat galdu dute gazteek. Zenbaitetan, "kontaktua mantentzen edo berrezartzen" saiatu direla baieztatu du Javier Iturrospek. Beste batzuetan, ordea, erabat ezinezkoa da, familia "desegituratuta" dagoelako.
Gazte horien egoera salatzeko asmoz, adibide batez baliatu da Cesar Manzanos: "Merkataritza gune batzuetan, norbait lapurtzen ikusten badute eta magrebiar nahiz ijitoa bada, gela batera eramateko agindua dute. Han, polizia joango dela esan ondoren, gaztea errebelatzen da eta hori, dagoeneko, beldurtarazpeneko lapurreta izan da. Alderantziz, ume euskalduna bada, gurasoei dei egiten diete. Delitu bera tratatzeko bi modu dira". Etorkin adingabekoen estigmatizazioa areago dezaketen jokaerak gaitzetsi ditu Arartekoak ere bere txostenean. Hortaz, etorkinekin ezagupen txandak antolatu behar dituenean, Ertzaintzak hezkuntza zentroetara jotzen duela kritikatu du, aktibitateak eten eta egunerokotasuna hausten delako.
Estigmatizazioa gainditu beharra dago, legea hautsi duten adingabekoen bizimoduak hobera egin ahal izateko. Egoera horretara eraman zituzten inguruabarrak gainditu ezean, etorkizuneko espetxe populazioaren gehiengoa osatuko dute. Gizarte hezitzaileek hezkuntza ereduetan sakontzeko nahia azaldu badute ere, legegileak horixe ahalbideratu behar du. Cesar Manzanosek honela laburtzen du: "Barrualdia izan behar da alternatiba eta gainerako neurriak, ohikotasunez aplikatzekoak"

Adingabeko lege hausleei aplikatutako neurriak
Bitartekotza: % 43,2
Ohartarazpena: % 13,3
Zaintzapeko askatasuna: % 12
Komunitatearen onurarako zerbitzuak: % 15,3
Tratamendu anbulatorioa: % 1,3
Asteburuko barrualdia: % 2,9
Hezkuntza-zentroetako barrualdia: % 11,8
Bestelakoak: % 0,2
Ordena: eraginik txikienetik zigorrik gogorrenera.

2000. urtean aplikaturiko neurri guztiek adingabeko arau-hauslea hartzen dute aintzat. Arartekoak delituen biktimen egoera jaso nahi izan du bere txostenean, ez baita bergizarteratze prozesuan agerrarazten. Biktima gehienak ere adingabekoak dira eta haiei eragindako kaltea konpondu ezean, arau-hauslearen aurkako mendekua aurrera eraman edota lege-hausle izateko kariak ugariak izaten dira. Horregatik, gazte bakoitzaren inguruabarren arabera, arau hausleak biktimari barkamena eska diezaion saiatzen dira gizarte-hezitzaileak. Neurri honi deitzen zaio Bitartekotza. Kaltea eragin duena ohar daiteke, horrela, zenbaterainoko mina egin dion beste pertsona bati. Bitartekotza aplikatu ahal izateko adingabekoaren egoera aztertu ondoren, lantalde teknikoak neurri hori proposatu behar dio Fiskaltzari


Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude