argia.eus
INPRIMATU
URDIN, MUSKER, HEZE...
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Belardi urdin eta baso hezeen zaleok ezin kexatuko gara aurtengo udaren koloreekin. Udaberria harro etorri zen, epel eta tamainan bustia, eta fruituen urte oparoa dantzatu du atzetik. Intxaurrondoaren gisan eguzkizale amorratuak diren arbolak hezur hezearen kezko lainopean larri dabiltza, ito beharrean. Besteek, ordea, nik ezagutu dudan uzta katerik emankorrena osatzen ari dira. Hau dugu hau pagotxa!

Eguzkipean erre ezinik espaloietan gori dabiltzan kaletarren suak ketzen ditu lainoak. Kazetariak ere, zeregin handirik gabe, hor ari dira, egiten duen eguraldia egiten duela urtero lez, garra bizitzeko haizeak harrotzen. Hondartza minbizi sortzailearentzako soilik eskasa den eguraldiari txarra deitzen zaion bitartean paisaia sekula baino… modernoon berdea nola esanda asmatuko dudan ez dakidanez hemen datozkidanak: gordinago, urdinago, muskerrago, hezeago, finean biziago.
Lurralde atlantiarretako eguraldiaren ederraren zenbaterainokoaren adierazle onena den sagarrondoari begiratu: indarrez lepo eta fruituz mukuru abailduta. Eta perretxikoetan aurten gibelurdin berdea nagusi…