Kirolak saldu egiten du. Erruz saltzen du, gainera. Hemen eta orain, ez dugu jardungo salmenta bezain negozio berebizikoa den jokalarien fitxa edo kontratu itzelez, haien eskualdatzeez eta kirolak sortzen duen milioikako publizitateaz. Hemen eta orain, kiroletako produktuen negozioaz idatziko dugu; batez ere, kiroletako zapatilen komertzializazioaz, egunero eta noiznahi milioika pertsonek janzten dituzten oinetako berezi horietaz, hau da, munduan ongizateko estatua garatu ahala, egunez egun oin gehiago biltzen dituen produktu estandarraz.
Zifrek adieraziko diguten moduan, berebizikoa da, bai, kiroletako produktuen negozioa. Datuek azaltzen digutenaren arabera, produktuen negozioaren parekoa da, izan, sektoreko multinazionalen uztarripean lanean aritzen diren hirugarren munduko milaka pertsonaren esplotazioa: 4 euro bakarrik kobratzen dituzte 13 orduko edo ingurutsuko lanegunaren truke. Egitate horretaz jabetuta, Europan kanpaina bat egiten hasi dira hainbat eratako erakunde sozial eta sindikal.
Euskal Herriko datu propiorik ez dugunez gero -oraindik multinazionalek ere ez gaituzte burujabe aitortzen-, Espainiako Estatukoetara jo dugu. Datu ofizialen arabera, eta Espainiako Estatuari gagozkiola, kiroletako sektorean 1.633 milioi euro fakturatu ziren 1998. urtean. Jakina, zifra hori askoz handiagoa izango zen 2001.ean, eta, 2.386 milioi euro inguruan geratuko zen.
SEKTOREKO DATU GLOBALAK.
Munduko ekonomiari dagokionez, kiroletako produktuen sektorea BPGren %1 da gaur egun. Merkataritzako truke guztien artean, berriz, %2,5era iristen da. Globalizazioa eta kiroletako ekitaldi handiak dira, neurri batean, datuetan horraino heldu izanaren erantzule. Futboleko mundu txapelketek, olinpiar jokoek, NBAk, NFLk... telebista tarteko dutela, Coca Cola bezain ezagun bihurtu dituzte mundu guztian Nike, Adidas, Reebok eta antzeko marka mitikoak. Oraintsuko futboleko mundiala Korean eta Japonian jokatu da. Leku horiek ez zituzten iritzira edo hala edo nola erabaki: futbolaren onuradunek Asiako merkatua hartu nahi dute, eta zapia nora, eguzkia hara.
Makina bat euri bota du, Converse firmak 1922an saskibaloiko lehen zapatila egin zuenetik. Egungo egunean, kiroletako oinetakoen industriak teknologia propioa, bi urtez behingo bildumak, banaketako zirkuitu beregaina eta komertzializatzeko estrategia berariazkoak dauzka mundu guztian. Sektoreko datuen arabera, 3 bilioi dolarretik gora mugitzen da, %40tik goitiko hazkundea gertatzen da urteko eta 6.000 erreferentzia berri sortzen dira denboraldiko, aisiako eta kiroletako merkatu mundialean. Ipar Amerikako Athletic Footwear Association federazioak dioenez, Estatu Batuetan saltzen diren 10 oinetako-paretik 4 kiroletako zapatilak dira; Espainiako Estatuan, 10etik 2 da kopurua.
Kiroletako produktuetan munduan lider diren enpresek honenbeste fakturatu zuten 1998an: Estatu Batuetako Nikek bilioi bat dolarretik gora (1.435), Alemaniako Adidasek 832.000 milioi dolar, Estatu Batuetako Reebok-ek 485.000 milioi euro, Japoniako Mizunok 370.000 milioi dolar eta Japoniako Asics-ek 172.000 milioi dolar.
Ez daukagu Euskal Herriko datu estatistikorik. Izan ere, enpresek eta erakunde handiek ez dute kontuan hartzen gure errealitate nazionala, eta datuak Espainiakoekin edo Frantziakoekin batera jartzen dituzte. Espainiako Estatuko salmenten gaineko datuak bakarrik dauzkagu, oraingoz. Adituek diotenez, fakturazioa %200ean hazi da azken urte hauetan. «El Correo del Mercado Deportivo» (CMD) aldizkariko datuak dira ondoko hauek. Espainiako Estatuari gagozkiola, 1998an, 1.570 milioi eurokoa izan zen kiroletako produktuen salmenta totala. Zenbateko horren %36 jantzigintzari dagokio, %32 kiroletako oinetakoen sektoreari eta beste %32a gainerako materialari. Nahiz eta 1999 eta 2000 urteetako datu ofizialik ez izan, uste izatekoa da ederki haziko zirela zifra horiek bukatu berria den 2001. urtean
Iturri bereko datuekin eta Espainiako Estatuan segituz, 1998an 538 milioi euro saldu ziren kiroletako oinetakoetan, atalik atal honela banatuta: %19,2 tenisean, %14 cross training-ean, %13 lonetan, %12,2 saskibaloian, %12,2 running-ean, %12,1 futbolean, %8 fitness-ean, %6 aretoko futbolean eta %5,5 senderismoan.
Hiru multinazionalek betetzen dute poltsikoa, Espainiako estatuko kiroletako produktuen etekinarekin: Nikek salmenten %28 bereganatzen du, Adidasek %21 eta Reebok-ek %12. Gainerako markak edo enpresak ezezagunagoak dira: Joma eta Munich (futbola eta aretoko futbola), Boreal eta Bestard (kanpoko kirolak) eta Chiruca. CMDko datuen arabera, 1997an kiroleko 23 milioi oinetako-pare saldu ziren Espainiako Estatuan. Totalaren %35 saldu omen zen oinetako denda ohikoetan, hots, 8 milioi pare inguru. Gainerakoa denda berezituetan (3.500 edo) eta azalera handietan saldu omen zen. Argitalpenean ageri denez, 4 denda espezializatuk hartzen dute merkatu guztiaren %48,83. Hona hemen zein diren: El Corte Inglés (%20,38), Intersport (%11,46), Detall Sport (%9,28) eta Decathlon (%7,72).
Dena dela, multinazionalentzat ere dena ez da pagotxa. Zelatan daukate konkurrentzia. Marka handiak, sortuz geroztik, oraintxe hasi dira arazoak zer diren ikasten: Asiako krisia, eskari gutxiago, adin txikikoen kontratazioen gaineko polemika, kirolari onenak fitxatzeko norgehiagoka... eta, zer erremedio, berritu egin behar, atzetik datozkien lehiatzaileei aurre egingo badiete. Teen Age Research Unlimited konpainiak 12 eta 19 urte bitarteko 12.000 lagun inkestatu ditu, merkatuaren nondik norakoak jakiteko. Emaitzen arabera, gazteek gogokoen dituzten markak ez dira gurasoek gustuko zituztenak edo betikoak, eta, horregatik, marka berriek ere lortu egiten dute pastel handi horren zati bat, nobedadea bera ere salmenta baita. Hortxe ditugu, esandakoaren adibide, Fila, Superga, Camper edo Benetton (Rollerblade eta Playlife hartzen ditu barne)