David Rio irakasleak esan gustu duenez, euskaldunok Ipar Amerikako literaturan dugun ahotsa da Robert Laxalt. Gaiari buruzko liburua argitara berria du Riok. «Robert Laxalt: La voz de los vascos en la literatura americana» dugu lanaren izenburu eta, bertan, Nevadako idazlearen bizitzak eta lanak betetzen dituzte orririk gehienak. Laxaltekin batera, ordea, euskal-amerikar jatorriko diren beste zenbait idazle ere aipagai ditu irakasleak Renon eta Gasteizen aurkeztu duen liburu zintzoan.
Irakasleak adierazi digunez, Madrilen jakin zuen, lehenengoz, Robert Laxalt bazenik. Ipar Amerikako ikasketak egiteko bibliotekarik nagusienetakoan zegoen, 1991. urtea zen. "Madrileko Washington Irving Bibliotekan, Amerikako Estatu Batuetako Hegoaldeko literaturari buruz ari nintzen lanean. Liburu bat ikusi nuen: ‘The Basque Hotel». Euskaldunen oinorde batek idatzia. Euskal-amerikar jatorriko idazleak ere bazirela jabetu nintzen orduan, ingelesez idazten zutenak, euskaldunen gainean. Gaia bazterrean laga nuen orduan, beste kontu batzuk nituen-eta esku artean". Gero, hurrena, 1995ean, Gasteizko Filologia fakultatean ari zela, gutxiengoek AEBetako literaturan duten lekua aztertu asmoa azaldu zuten Ingeles Filologiako sailean. "Afro-amerikarrak, natibo-amerikarrak, chicanoak… Amerikako literaturan nola azaltzen ziren aztertu nahi genuen. Nik, Amerikako euskaldunak ere aintzat hartu behar zirela adierazi nuen. Euskaldunak eta, zehazkiago, Laxalt. Eta ikerketa abiarazi genuen, eta nuen. 1995ean bertan izan nintzen estrainekoz Renoko Euskal Ikasketen Programan, eta Robert Laxaltekin hitz egin ahal izan nuen".
Zazpi urte igaro dira Robert Laxaltekin lehen bilera hura egin zuenez geroztik. David Riorekin batera, Joseba Zulaika eta biok izan ginen. Hainbat galdera egin zizkion Riok Laxalti eta, tartean, idazlearen emazte Joycek ere hartu zuen parte, Mirande aipatu zutenean, adibidez. Zazpi urte igaro eta liburua ondu du irakasleak. "Unibertsitateko liburua da, baina, aldi berean, unibertsitatetik kanpo ari direnek ere irakurtzeko modukoa egin nahi izan dut. Batik bat, ez dagoelako Laxalten lanen itzulpenik Euskal Herrian. Idazlearen lanaren ikerketa egin nahi nuen, baina haren lanaren zabalkundea ere nahiko nuke, hau da, Robert Laxalten lanarena, eta euskal jatorrikoak diren idazleena".
Ernest Hemingwayrekin ere konparatu izan dute Robert Laxalt. Idazkera moldeak, bederen. Bietan ere, inondik ere, nabarmen da kazetaritzaren eragina, lanbide izan baitzuten biek. "Laxalten prosak ez du artifiziorik, isuri handikoa da, eta minimalista. Artifiziorik ez agerian, baina lan handia ezkutuan. Iceberg-aren teoria da hori, Hemingwayk esaten zuenez. Alegia, egin den lanaren zazpitik bat ageri da paperean, sakoneko lana ez da ikusten". Egun, Robert Laxalten lanaren kalitatea ezagutua diote AEBetan: Pulitzer sarietarako bi izendapen izan zituen eta, egun, Nevadako idazlerik onentzat jotzen dute. Bestalde, Mendebaldean erabat zabaldu dira haren lanak; "ez Ekialdean, unibertsitateko argitalpen zerbitzu baten bidez kaleratu ditu-eta bere lanak eta, hori, nahitaez, muga da". Idazle garrantzizkoa AEBetan, baina ez Euskal Herrian. Ezezaguna du irakurle askok eta askok. "Itzulpen gutxi ditugulako. Egia ere bada, ordea, gero eta jakinmin handiagoa dagoela Laxalten obraren inguruan, eta euskal jatorriko gainerako idazleen obra aztertzeko ere bai. ‘Sweet Promised Land’ iaz atera zen gaztelaniaz; frantsesez, berriz, oraintxe urtebete argitara zen ‘In a Hundred Graves: A Basque Portrait’ eta, oker ez banago, uste dut amazon.com-en ikusi dudala ‘The Basque Hotel’ frantsesez izango dela laster". Gero eta itzuliago da, beraz, nahiz eta egiteko asko dagoen oraindik. Hedabideek ere jakinmin handiagoa dute, eta haren heriotzaren ondoren batean eta bestean ageri ziren artikuluak dira erakusgarri. Unibertsitatean ere ari dira, eta Laxalten lana ikergai da. "Aurten berean doktorego ikastaroa izan dugu euskal-amerikar literaturari buruz, eta arrakasta handikoa izan da. Bestalde, bi ikasle ikerketa lanak egiten ari dira, euskal artzaina AEBetako literaturan nola azaltzen den, eta Frank Bergonen lana ere aztertzen hasita daude".
Euskal jatorriko idazleetan eragin.
Laxalten obrak, gainera, lanaren bidean jarri ditu euskal jatorriko idazle gehiago ere. Adibide dira Frank Bergon, Laxalten alaba Monique Urza, eta Gregory Martin. "Robert Laxaltek euskal jatorriko idazleetan ez ezik, beste jatorrikoetan ere eragin du. Frank Bergon, hirugarren belaunaldiko euskalduna da. Gregory Martin, berriz, laugarren belaunaldikoa. Gregory Martinek narrazio liburua du, ez fikziozkoa, ‘Mountain City’, oraintxe urtebete Debate argitaletxeak gaztelaniara itzuli duena". David Rio irakasleak Laxalti leporatu dio gazteagoen idazteko gogoa. Gero eta idazle gehiagok deskribatzen omen ditu Estatu Batuetako euskaldunen gorabeherak, eta Ipar Amerikako literaturan bertan ere, artzain euskaldunaren irudia sortu da, arketipo literario bihurtu da Laxaltez gero, Mendebaldeko literaturan batez ere. Euskal jatorriko ez den zenbait idazlek arketipo hori baliatu du. Hori egin dutenen artean dira Richard Stookey, Ann Nolan Clark eta Michael Thomas, adibidez. Eta, bide hori Robert Laxaltek ireki zuen. Bidegile, eta eragile izan zen.
Horregatik dio David Riok, behin eta berriro: "Ahotsa da Laxalt, aitzindari dugulako, euskaldunak isiltasunetik eta ahaztetik salbatu dituelako, baina badago beste ahotsik ere. Frank Bergon, batez ere. Bizkaitarrak ditu arbaso, hiru nobela ditu, eta gaur egungo literaturaren Mendebaldeko ahotsik behinena dela diote". Honek idatzitakoen artean, «Shoshone Mike» nobela historikoa da lehena. 1911ko gatazka du oinarri, indioen kontrako azkena. Gizon zuriek txikitu egin zuten Shoshone Mike eta haren leinu osoa, mendeku gosez,aurretik hark hiru euskal artzain eta unai bat hil zituelakoan. "Nobelan, euskalduna da pertsonaietako bat, hau da, hildako artzainetako baten semea, Erramuzpe. Eta behin eta berriz ageri da nobela osoan".
Frank Bergon neorrealismo amerikarraren ordezkari da David Rioren arabera. Mendebaldearen erretratoa egiten du, baina bertako mitoetatik aparte. Mendebalde zaharreko mitoa kritikatzen du, etnozentrismoa, biolentziaren zilegitasuna, eredu indibidualista, unai bakartiaren irudia, gizonezkoa gehienetan… "Neorrealismoa, Mendebaldean, eta Frank Bergoni dagokionez, mito horren kontra ari da, eta mitoaren kontrako errealitatea ageri du. Bigarren lanean, ‘The Temptations of St. Ed and Brother S.’ lanean, ingurugiroari buruzko kezkak azaltzen ditu autoreak, oso gai komuna baita Ipar Amerikako egungo literaturan. Nobela bitxia da. Pertsonaia bat du euskalduna, fraidea, eta aurrerapenaren, energia nuklearraren eta ingurugiroa zaindu beharraren artean ari da. Borroka hori ageri du, kezka horixe. Literatura ekologikoa izena eman diote, eta joera berria da Estatu Batuetan". Idazlearen hirugarrenak, berriz, «Wild Game» darama izenburu, eta aurreko bietarik du. Bene-benetako gertaera du oinarri: isileko ehiztariaren ihesa eta Renoko agintariek nola jarraitzen duten, harrapatzeko. "Nobelan zehar, Mendebaldeko biztanleek idolo eta heroi egingo dute ehiztaria, Mendebalde klasikoaren balioak ordezkatzen ditu-eta. Heroia, dena dela, biologo eta basozaina izango da, Jack Irigaray, euskal jatorrikoa, izadia zaintzeari dagozkion baloreen ordezkari. Haren euskal jatorria azpimarratzen da, euskal identitatea, sustraietara jotzeko duen joera, nola transmititzen dituen erroak seme-alabetara". Hortaz, Bergonek beti baliatzen du euskal pertsonaiaren bat, gutxiengoa dela garbi uzten du, eta Amerikako gizartean bat eginda bizi dela ere ematen du aditzera. Oraintxe, berriz, «Adios» izeneko nobela bat ari ei da idazten. Oraingoan, emakumezko bat du protagonista, arkeologoa, euskal jatorrikoa. "Berriro ere, ingurugiro gaiak, Amerikako natiboak eta beste. Amerikako literaturan ongi sendoturik dago Frank Bergonen ahotsa".
Euskal jatorria duten beste bi idazle ere aipatu dizkigu David Riok. Bata, Monique Urza, Laxalten alaba; bestea, Gregory Martin. Monique, hirugarren belaunaldiko euskalduna dugu AEBetan. Liburu bakarra du orain arte: «The Deep Blue Memory». Lan honetan, beraien familiaren historia aztertzen du Moniquek, eta bestetik, berriz, aitak, Robert Laxaltek, jendeari haren literatur lanetan kontatu diona. David Rioren aburuz nobela semiautobiografikoa da, baina oharrak egiten ditu oraindik. "Nobela da, ez da Laxaltarren biografia, Moniquek berak azpimarratu izan duenez. Baina lehena berriz ere: Laxalten historia bera da, Robertek kontatzen zuena, beste ikuspegi batetik: beste belaunaldi batek kontatzen du, eta emakumezkoaren ahotsa ageri da». Moniquek euskal emigrante hauek lortu duten arrakasta du ardatz, amets amerikarra, alegia, eta, aldi berean, identitate ezaugarriei eusteko duten gogoa, izateko moduari atxikitzeko asmoa aldarrikatzen du. Bestalde, familiaren bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko ezin eramana garbi da liburuan. Bertan irakurgai denez, hedabideek hautsi egiten dute bizimodu pribatua, bertako batek -Moniqueren aita Robertek, alegia-, liburu batzuk argitaratzeagatik eta abar. Euskaldunen belaunaldi bat baino gehiago azaltzen dira liburu honetan eta nabarmena da identitate ezaugarriek ez dutela berdin balio batzuentzat eta besteentzat."‘The Deep Blue Memory’n, lehen belaunaldiko lagunak bere baitan daramatza erroak. Bigarrenekoak uko egiten die erroei, integrazioaren alde saiatzen da, porrokaturik. Hirugarrenekoa, iloben belaunaldia, atzera erroak berreskuratzen saiatzen da, amets amerikarra ez baita hauen amets, aurreko belaunaldiek lortu duten zera baizik. Laugarrenak, berriz, istorioaren narratzailearen seme-alabek identitate ezaugarri bertsuak bereganatzen dituzte, gehi beste gutxiengo etniko batzuetatik datozen ezaugarriak. Nobela interesgarria da. Aitak era batera kontatzen du esperientzia, eta alabak beste modu batera. Kontrastea oso bizia da. Moniquek esan dit idazten ari dela, baina oso gordean du eta zain iraun beharko dugu".
Gregory Martin dugu hirugarren idazlea. Honek «Mountain City» argitaratu zuen orain bi urte. Ez fikziozko lana. Nevadako herri txiki batean kokaturik dago narrazioa eta bertako komunitatean zenbait talde etniko desberdin bizi da. Emigrazioaren historia kontatzen du narratzaileak, laugarren belaunaldiko emigrantearen ikuspegitik, horixe baita Gregory Martinen kasua. Arbasoekin nola sartzen den harremanetan kontatzen du, aitona-amonekin eta birraitona-birramonekin. «Lan honek herri txikiko eguneroko bizimodua du ardatz, galtzera doan herria da, meategi herria. Inmigrante bretainarrak, euskaldunak eta beste batzuk ageri dira. Narrazioan zehar denbora oso astiro iragaten da, baina ez da lan nostalgikoa. Pertsona larrientzat oso garrantzizko diren kontuak azpimarratzen ditu autoreak, umorearekin batera. Esaterako, narrazioak berak ere euskaldunen txiste bat du hasieran. Mel Basañez, nafar jatorriko euskaldunak, taberna du Mountain Cityn, eta euskaldunen txisteak kontatzen ditu. Obrak oso kritika onak izan zituen ‘New York Times’en, eta ‘San Francisco Chronicle’n, New Yorkeko argitaletxe batek argitaratu zuen eta horrek asko lagundu zuen arin itzul zedin".
Frank Bergon, Monique Urza, Gregory Martin… David Riok azpimarratu digunez, Robert Laxaltek ireki du bidea. Huraxe izan genuen aitzindari. Lehena izan zen euskaldunei literaturan leku egiten. Are gehiago, literaturan ez ezik, baita gizartean ere, «Sweet Promised Land»en arrakastaren ondorioz batik bat, Ipar Amerikako gizarteari euskaldunen berri eman baitzion. Rio irakaslearen azken hitzak: "Robert Laxalt aitzindari izan zela diot, eta euskaldunon bozeramaile literariorik onena, ingelesez. Literario azpimarratu nahi dut, fikzioa ez denean William Douglass da-eta buru, oraindik"