argia.eus
INPRIMATU
«Eraso handiak izan ditut mundu pertsonalean»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Bat baino gehiago ez al da harrituko poema liburu honekin?
Baliteke, baina ez da ezerezetik sortu. Azken hiru-lau urte hauetan, eraso handiak izan ditut mundu pertsonalean: batean, tuberkulosia harrapatu nuen; gero, emazteak meningitisa harrapatu zuen eta hilzorian egon zen; eta tartean, noizbait libururen batean aterako ditudan pasadizuak gertatu zitzaizkidan ere… hau da, estresatua egoteko adinako gauzak gertatu zitzaizkidan. Eta beste alde batetik, egoera politikoak ere, Lizarra-Garazi hautsi zenez geroztik nabarmenki okerrera egin duela iruditzen zait, eta horrek sutan jarri nau. Eta gauza horien guztien ondorioa da liburu hau.

"Letra txikiaz bada ere" bost zatitan dago banatua...
Halaxe da. "Alajainkoa!" da lehena, Jainkoaren inguruko poemez osatua dagoena. Izan ere, funtsean, pertsona erlijiosoa naizelakoan nago, nahiz oso heterodoxoa izan, nik Jainkoa oso prozesu dialektikoan ulertzen baitut.

Bigarrenari, berriz, "Zorogoien" jarri diozu. Zer dela-eta?
Existentziari buruzko poemak daude hor, eta zalantza dute oinarri. "Dies irae"n, berriz, Euskal Herriko giro sozio-politikoaz ari naiz. Lizarra-Garazi hautsi zenean barruan nabaritu nuen amorrutik atera da. Madril beti torpedeatzen, Euskal Gobernua beti justifikatzen, eta beste muturrean, ezker abertzalea. Nik ezkertiartzat daukat nire burua, eta abertzaletzat ere bai, baina ez naiz batere identifikatzen azken urteotan ezker abertzaleak daraman estrategiarekin, eta min hori azaltzen dut horietan. "Zirigoien"en, ordea, PP eta PSOEren inguruan egindako poema labur batzuk daude. Eta "Dies Illa"n, munduan dagoen giro sozio-politikoa hartu dut gaitzat. Izan ere, Bush, den kriminalik handiena iruditzen zait.