ZINEMAGINTZAREN MAGOAK


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aktore dotoreak, zuzendari arrakastatsuak, gidoigile xelebreak; hauek dira agian film hitza entzuterakoan bururatzen zaizkigun pertsonaietako batzuk. Baina jakin denok badakigu zeluloide zinta baten atzean pertsona askoren lana dagoela. Horietako batzuk egia ez dena egi bihurtzen dutenak dira, gezurra errealitate bihurtzen dutenak, efektu berezien egileak, hain zuzen ere. Oraingoan «mago» horietako birekin izan gara euren lana eta sekretuak ezagutzeko eta beren hauts magikoak aurkitzeko asmoz. Efektu berezien arloan profesionalki jarduten duten bi tailer besterik ez daude Euskal Herri osoan. Gorka Agirreren Phobia tailerra (Algortan) eta Iñigo Oliden eta Ana Martinezen Sorginkoba (Andoainen).

Batez ere beldurrezko eta fantasiazko zinemaren maitaleak diren gazte hauentzat efektu berezien mundua gaixotasun baten antzekoa da. Gorka Agirrek esan digunez, "mundu honetan sartzeko zertxobait freaky-a izan behar zara; beldurrezko filmenganako mirespena izatea, hori da abiapuntua beti".
Efektu bereziak gezurra diren gauzak egi bihurtzeari deitzen zaio, hau da, tranpa egiteari. Hala dio behintzat Sorginkobako Iñigo Olidenek. Estralurtarren film batean adibidez, ovni bat azaltzen da, ikusleak hala uste du, baina ovnia benetan ez dago inon. Gorka Agirrerentzat berriz, efektuak artea dira, "gaizki ikusitako artea". Izan ere, gorea edo zinema zantar, lizun eta odoltsuarekin erlazionatzen da askotan. "Lagunei sei litro odol prestatu behar ditudala esatean barre egiten dute; badirudi kubatak jartzen dituen tabernari baten lana serioagoa dela", dio Gorkak.

Efektu berezien fauna
.

Efektu bereziak edozein filmeko nahitaezko osagai dira, zintaren gatza. Zerbaitekin irudi bat trukatzen den mementotik efektu bat dago. Sua, kea, euria, horiek guztiak ere efektuak dira. Aktore bati botilakada bat ematen diotenetik, buruan aulki bat apurtzen dioten arte edo poltergeist batek objekturen bat mugitzen duenean, horiek guztiak efektuak dira. Filmaren une zehatz batean adibidez, ura irakiten hastea ere efektu bat da. Efektuen mundu honetan ere mota eta espezialitate ugari dago. Olidenek azaldu digunez, adibidez, bera bere lankidea baino goreagoa da. "Anari fantasia, iratxoak eta horrelakoak gustatzen zaizkio; film labur batean gaudenean askotan nik odol gehiago jarri nahi izaten dut eta berak ez". Gorkak makillajeko efektuak ikasi ditu bereziki nahiz eta efektuen munduan aurrera egin ahal izateko azkenean hamaika saltsatan sartu behar izan duen eta askotan mota guztietako lanak egin behar izaten ditu. Efektu berezien barruan sail ugari daude. Fisikoak (tiroak, lehergailuak...); klimatologikoak (euria, elurra, haizea, hautsa eta kea); esekitzaileak (kableak erabiltzen direnean, aktoreak zintzilik daudenean), eta Agirrek esan digunez, badirudi orain modan daudela «The Matrix» filmagatik- edo; fikziozkoak (kristalak, botilak, aulkiak...) Fikziozkoak direnean, filman apurtu behar den edozer gauzaren kopia egiten da, pareta batena adibidez, eta benetako elementua apurtu beharrean kopia apurtzen da. Goian aipatu dugun bezala, makillajeko efektuak ere badaude. Hauek aktorea eraldatzeko erabiltzen dira, Freddy Krueger-en kasuan adibidez, Robert Englund Freddy gaizkilean bihurtzen da. Eta azkenik, animatronikoak daude. Hauek panpin bereziak dira: "Barruan sistema mekaniko bat daramate mugimenduak sortu ahal izateko", azaldu du Agirrek. Sail bakoitzean mota askotako barietateak daude. Animatronikoen artean adibidez, batzuk pupetak dira, hau da, ziri edo barillen bidez kontrolatzen diren panpinak.



Zertaz eginak daude munstroak?

Efektu bereziak sortzeko mota guztietako materialak erabiltzen dituzte azti hauek baina Olidenek esan digunez, latexa da erregea. Baina zinemaren pantailan ikusten ditugun munstroak egin ahal izateko latexaz gain, besteak beste, poliuretanoa, poliesterra, silikona, metakrilatoa, espuma, gelatina, eskaiola, margoak, tinteak... izaten dituzte esku artean, askotan igeltsero, pintore, edo dentista baten laborategi edo tailerrean daudela dirudielarik. Hortz baten protesia egiteko adibidez, hortz erretsina erabiltzen dute, dentistek erabiltzen duten produktu bera eta teknika berdina jarraituz.
Material hauek guztiak eskuratzeko orduan Madril, Bartzelona, Zaragoza edo Estatu Batuetara jo behar izaten dute, batez ere, efektu berezietarako material konkretuak direnean. Agirrek esan digunez, «fuan-latexa» lortzeko adibidez, arlo horretan espezializatuta dagoen enpresa estatubatuar batera jotzen dute.
Askotan berriz, edozein etxetan aurki daitezkeen materialez baliatzen dira. Olidenek azaldu digunez, garai batean, mamu baten begiak egiterakoan begininia margotu eta azken ukitua emateko, esmaltea erabiltzen zuten, nahiz eta egun poliesterrarekin egiten duten, azken hau teknika berriagoa baita. "Royal bezalako gelatina elikagarriak ere oso baliagarriak dira besoak, buruak edo protesiak egiteko" Agirreren aburuz.
Zeluloidearen artista eta artisau hauek egiten dituzten lan gehienak guztiz pertsonalizatuta daude, batez ere protesi bat denean. Modelo edo aktoreari neurriak hartu eta gero horren gainean lan egin behar da. Horregatik euren tailerretan buru, esku eta edozein gauzaren moldeak daude han eta hemen. Jorgek, Agirreren lankideak argi dauka: "Moldeak oinarrizkoak dira gure lanean, dena moldeetatik ateratzen baita".
Efektuen egileak artisauak izan arren, ziztu bizian garatu eta aurreratu diren artisauak dira, azken urteotan agertutako teknika berriei esker eta, batez ere, ordenadorearen erabilpenagatik. Digitalizazioak filma egiterako orduan laguntzen du eta lana errazten du, baina eskulana ere beharrezkoa da oraindik oinarria egiteko, panpina, makillajea edo dena delakoa. Eta etorkizuna bi tekniken konbinaketarekin etorriko omen da.

Odola nonahi.

Efektu berezien mundua zabala eta koloretsua den arren, ikusleari gehienetan unibertso honetatik gehien erakartzen dion elementua odola da. Zerk, non eta nola izango den odol jarioa eta lortu nahi den efektuaren arabera, odola egiteko teknika desberdinak daude. Agirrek, adibidez, hauts-pigmentu batzuk erabiltzen ditu. "Filmaketara odol basea eramaten dut eta kameran nola geratzen den ikusten dudan heinean pigmentu gehiago, ilunagoa edo argiagoa botako dut, ez baita gauza bera moketa marroi batera edo bainuontzi zuri batera odola botatzea. Bainuontziak gardentasuna sortuko duenez, pigmentu ilunago batekin nahastu beharko da odol basea". Beste kasu batzuetan odola solidoa izan daiteke, odol-putzuetan adibidez. Hauetako egoera bat deskribatu digu Olidenek: "Demagun alfonbra bat dugula, garestia dela eta beraz ezin dugula zikindu; kasu hauetan latexko putzu bat egin dezakegu, gorriz tintatu odol-putzua izango bailitzan eta lehortutakoan erraz kendu dezakegu ezer zikindu gabe". Koagulu bat egiteko garaian, esperimentatzea gustuko duen Sorginkobako gazte honek formula berezi bat du: "Batzuetan karamelua, ura, koloratzailea, eta kola nahasten ditut".

Errealitatea eta fikzioaren arteko muga.

Honelako efektuegileei iruzur egitea arras zaila da. Zinema aretoko eserlekuan eseri bezain pronto, filmaren istorioa jarraitu beharrean, zintan dauden efektuetara joaten zaizkie begiak. Inkonszienteki egiten dute, baina askotan akatsak ikusten dituzte. Batzuetan ordea besteentzat film txarra dena, eurentzat onena da, «izan ere askotan horrenbeste efektu daude, argumentua, gidoia edo aktoreak esaten duenaren ildoa galtzen duzula, begirada beste leku batean duzulako" dio Agirrek. Bere lankidearen ustez, "jende arruntarentzat askotan odol, munstro eta efektu asko daudenean pelikulak koherentzia galtzen du". Aditu hauentzat aldiz, efektuz jositako filmek inspiraziorako eta ikasteko balio dute. Askotan lagunak aspertzeraino iristen dira, Agirrek dioenez, «beti esaten dietelako ‘begira hortik itsatsita dago protesia,’....".
Baina non dago errealitatea eta fikzioaren arteko muga? Denok ezagutzen ditugu edo noizbait entzun izan dugu snuf movie hitza, batez ere Amenabarren «Tesis» filma egin zenetik. Snuf movieak indarkeria eta irudi bortitzak dituzten filmak dira, baina kasu honetan benetako indarkeria agertzen da, hor ez dago efektu berezirik. Gorkaren lankidea den Jorgek argitu digunez ordea, oraindik ez da frogatu snuf movieak existitzen direnik. "Fikzioa da, kaleko leienda bat, mito bat, baina egia ere izan daiteke", dio Jorgek

Dick Smith maisuen maisua
Efektu berezietan badago derrigorrez aipatu beharreko izen propio bat: Dick Smith. Bera da maisuen maisua, bera da «El exorcista»ko neskato deabrutuaren sortzailea, «El Padrino I»eko Marlon Brandonnen zahartzearen erruduna, eta bi hauek zerrenda luze eta garrantzitsu baten bi zertzelada besterik ez dira.

Ikastaroak han eta hemen egin badituzte ere gure solaskideek oinarriz autodidakta izan direla argi utzi nahi izan dute. Gorka (www.gorkafx.com gunea duzue eskura) orain 9 urte sartu zen efektuen munduan, baina azken 3 urteetan hasi da profesionalki lan egiten. Denbora luzean Madrilgo efektu berezietako enpresa batean ikasi ondoren Algortara bueltatzea erabaki zuen eta bertan ireki zuen Phobia tailerra. Euskal Herrian azken urteotan egindako film labur gehienetan parte hartu du. Besteak beste, Tinieblas González («El hombre oblicuo»), Eduardo Bajo Ulloa («Por un infante difunto»), Koldo Serra («Amor de madre») eta Borja Cresporekin lan egin du eta film luzeen esparruan Karra Elejalde eta Fernando Guillén Cuervok zuzendutako «Año Mariano»n efektu berezien arduradun izan da. Hainbat bideoklip eta iragarkietan ere parte hartu du, Extremoduro, Undrop, Alaska eta Siniestro Totalen lanetan besteak beste. Eta baita Movistar, Mc Donald’s, Repsol eta abarretan. Memento honetan udan errodatuko den film baten proiektuan dabil buru-belarri, nahiz eta oraindik ez jakin ziurtasun osoz egingo den ala ez: Askotan 5 proiektu dituzu, 4 erori egiten dira eta azkenean batekin geratzen zara dio Agirrek. Gazte honen ametsa zinemaz bizitza osoan bizi ahal izatea da. Horretarako munstro, kreatura, mamu eta antzekoen erabilpena areagotu egin beharko litzateke zineman bere ustez, AEBetan egiten den bezala. Hau gutxi balitz, Bilbon efektu berezi eta makillajeko eskola bat irekitzeko proiektua du Gorka Agirrek esku artean, izan ere mementoan ez dago efektu berezien arloan ikasketak egiteko eskolarik gure inguruan.
Gorkaren antzera Iñigo Oliden ere hainbat ikastaro egin ondoren, Madrilera joan zen. Han Colin Arthur maisu nagusienetako baten sekretuak ezagutzeko aukera izan zuen. C. Arthur maisua, besteak beste, «2001: A Espace odyssey», «Alien» eta «Conan the Barbarian» filmetan efektu berezi eta makillajeaz arduratu da. Oraindik ere askotan deitzen dio Iñigok maisuari zalantzaren bat argitzeko edo aholkua eskatzeko. Ana Martinezekin batera Sorginkoba (www.sorginkoba.com) ireki zutenetik, batez ere film laburretan lan egin dute: «Primera persona», Ion Serrano eta Iñaki Díezen «Me vuelvo loco en el lago», eta César Sabaliaren «El diablo enamorado», besteak beste. Baina Sorginkobaren helburu eta ametsetako bat «Gastaza» film laburra egin ahal izatea da. Iazko udan errodatzen hasi ziren, baina diru falta zela-eta hor utzi behar izan zuten, nahiz eta Iñigok azpimarratu digunez, ez dute etsiko. «Gastaza» Erdi Aroko Euskal Herrian girotutako istorioa da. Banderizoen arteko borrokak eta aldi berean bi familien arteko liskarrak kontatzen dira bertan. Euskal mitologiako pertsonaiak ere azaltzen dira: lamiak, Tartalo eta abar. Bere helburu nagusia dirua lortzea da proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Horretarako, zinemaz gain mota askotako lanak egiten dituzte: "Olentzeroak, ezkondu aurreko agurrerako panpinak, mozorroak... eskatzen diguten guztia onartzen dugu normalean", dio Iñigok. Sorginkoban ere ikastaroak ematen dituzte, efektu berezien munduak erakartzen dituenentzat


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude