Xoldoko gaina, itsuak ere liluratzeko modukoa

  • Bi makila zeuden etxeko atarian, paretaren kontra, erdi erorian. Bat lizar makila zen, bestea burdinazkoa. Motxilak kargatu eta mendiko botak jantzita etxetik ateratzerakoan, bakoitzak berea hartu zuen: Xalbatek lizar makila bipilari eutsi zion lehenik, eta Joxeri burdinazko makila fina luzatu zion gero, eskura. Biak ere neurri-neurrira eginak zituzten. Lizar makilak pausoa laguntzen zion Xalbati, eta burdinazkoak bidea markatu Joxeri. Lizar makila naturak emandakoa zen. Burdinazkoa naturak kendutakoa ordezkatzeko egina. Joxe eta Xalbat, biak, itsuak baitziren. Xalbat mendizale itsua, eta Joxe itsua. Xalbatek mendia besterik ez zuen ikusten, eta Joxek mendia ere ezin zuen ikusi. Biek berdin maite zuten hala ere mendiko bidea.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Igande goiz hartan, beste guztietan bezala, makilak hartu eta mendirantz jo zuten. Autoa Urruñako Larretxeko bordan utzi eta Xoldoko gainerantz abiatu ziren. Pare bat orduko ibilaldia zuten aurrean. Eta haiexen atzetik partitu ziren. Tik-tak, tik-tak, ordulariko orratzei atzetik segika, tik-tik, tak-tak, makila hotsei atzetik segika. Denei aurrea hartu nahian, Lucky Luckek bere itzalari bezala. Xalbat eta Joxe. Joxe eta Xalbat.

Txorien txorrotxioak belarri ertzak ferekatzen zizkiola, Joxe galdeketan hasi zen, ingurua Xalbaten begiez ikusi nahirik:
-Bide luzea al dugu Xoldoko gainera iristeko?
-Ez, hain luzea ere ez. Martxa politean igaten baldin bagara, hiru ordu laurdenean kaskoan behar genuke. Gero, handik lakurantz jautsi gintezke, eta aitzinago joateko emeia ukan ezkero, Ibardin ere ez da sobera urrun, -erantzun zion Xalbatek ibilaldiaren nondik norakoak azalduz-.
-Guk ze bide egingo dugu? -lerratu zen Joxeren jakin-mina-
-Hastapenean Kalbarioko gurutzera iganen gara. Han ogitarteko ttipi bat jan, ur xorta bat edan, eta gero Xoldoko gainerantz partituko gara. Harat arribatzean ikusiko dugu indarrak zein heinetan ditugun. Horren arabera, lakurantz jautsiko gara edo itzulia eman eta berritz beherantz eginen dugu.
Joxe eta Xalbatek, galdetuz eta erantzunez, urratsez urrats lehen aldapañoa gibelean utzi zuten. Bide garbian zebiltzan zangoak leku erosoan pausatuz. Joxe, itsua izanagatik, mendian ongi zaildua zen, eta mendizalerik finena bezain egoki zihoan mendi bidean, bidea ikusiko balu bezala. Edonork, begiratu hutsean, itsua zela ez antzemateko moduan. Xalbatek, hala ere, bazekien noiz lagundu eta noiz ez, mendiko itsumutil eskarmentatua baitzen. Paisaiak ere zehatz-mehatz deskribatzen zizkion, usu, Joxek berak deus galdetu gabe:
-Ehiztarien iratzezko etxolak pasa berri ditugu, eta gibelean, ezker aldean Hendaia eta Hondarribi hasi zaizkigu agertzen, beren mendi eta beren itsas ertzarekin. Hendaiako hondartza, Jaizkibel bezain garbi ageri da. Baten berdean eta bestearen urre kolorean ez da puntu beltz askorik. Jende gutxi dabil gaur hondartzan.
-Mendira etorriko ziren agian, -iradoki zion Joxek, galdera xuhur eginez-
-Ez, lasai, ez dabil jende askorik. Xoldora biziki jende guti jiten da. Biriatu, Urruña eta Hendaiatik hurbil izanik ere, hemengo jendeak nahiago du itsasoa. Beraz, lasai, gaur ez dugu trafikorik sortuko bide hertsi hauetan.
-Abererik ere ez al da ageri?
-Bai, lehen patarra igan ondotik, ezkerralderantz itzuli gara, eta eskuineko larre zabalean artalde bat dabil. Begirada gorantz zuzenduz, urrutian behiak edo zaldiak, bietarik bat, ageri dira. Hurbildu ahala antzemanen diegu hobeki zer diren xuxen.
Hitz eta pitz, Joxe eta Xalbat bidegurutzean ezker harturik, Kalbarioko gurutzerantz bideratu ziren. Gurutze sonatu hura muino ttipi batean zegoen eta laster ziren bertan.
-Heldu gara delako Kalbarioko gurutzera. -abisatu zuen Xalbatek-
-Izena hala du baina ez da kalbario handirik pasa beharrik hona arribatzeko. Bideak ez du zailtasun handirik, eta belarra ere, hanka azpirako koltxoia bezalakoa da.
-Hala da bai. Gainera paisaia ederra dugu. Itsasoa handi eta zabal ageri zaigu bisean bis. Bi begiek ere ez lezakete begirada batean itsasoa bere zabaltasunean dena harrapa.
Xalbatek Joxe besotik heldu zuen eta gurutzearen ondoan den ermita etxola aitzineko aterpean esertzera gonbidatu zuen. Han ogitartekoa luzatu zion eskuin eskura. Joxek bi eskuz hartu, eta lau hozkadatan irentsi zuen dena, paisaian begiak galtzen zitzaizkiolarik. Ur botilari trago bat egin ondoan isilunea hautsi zuen.
-To! Ote txoriak ere badabiltza inguruan. Beren txorrotxio fina entzuten dut. Garoa ez ezik otea ere baden seinale.
-Bai. Xoldo mendiak iduri luke iratzez bezain aberatsa dela otez. Gain hartan lore horixka anitz atzematen dut. Alta, hemendik nekez ikusiko ditugu behar bezala. Eta hurbilagotik ikustekotan, bideari ekin beharko diogu. Goazen.
Kalbarioko gurutzera eraman zituen malda jautsi, atzera, eta lehen ezker harturiko bide gurutzean eskuinera luzatu zuten pausoa. Bi bide zeuden. Bi bide eta bi herri. Bide gurutzean mugarri bat ere bazegoelako. Urruña eta Biriaturen arteko mugarria hain zuzen ere. Bi herri, beraz. Eta bi bide. Bata Biriatuko kaskoetarantz zuzentzen zena, bestea Xoldoko gainerako bidexka. Azken hau hartu zuten, lurrezko bide garbia harrizko bide bilakatzen hasi zelarik. Joxeren itsu makila hots zorrotzagoak ateratzen hasi zen.
-Bide garbia bukatu dela dirudi. Harria salatzen du nire makilak -kexatu zen Joxe-
-Bai, hemendik goiti, iduri luke bide harritsua dugula. Animaleko harritzarrak pasatzen ari gara, eta tartean, urak bere bidea egiten du, fin-fin eta txistukari. Ez duzuia aditzen?
-Naski baietz. Guk gora egiten duguna hark behera egin behar. Botila hutsa betetzeko ere ez da leku txarra agian.
Hala, Xalbatek mendiko ur freskoz bete zuen botila hutsa. Gero hari trago bat kendu, Joxeri beste bat eman, eta gorantz segitu zuten, atzean Donibane Lohitzune ezkututik ateratzen ari zen bitartean. Urrunago Bidarte ere ageri zen lausotasunean, eta irudimena landu nahi zuenarentzat, han zegoen Miarritze. Zenbat harri hainbat herri. Hura zen hura ikusmira. Urratsez-urrats, harri bakoitzean herri berri bat esnatzen zela zirudien. Beraz, Xalbatek deskribatu eta Joxek irudikatu, gorantz segitzen zuten bi mendizaleek, harriz herri, herriz harri.
Kalbarioko gurutzbidea utzi ezkero, dena gorantz egin zuten harrizko patar luzean. Xoldoko gainerako tarterik zailena iragana zuten. Ezkerreranzko bihurgunea markatuz lasai gune ttipi bat zegoen, Aiako Harriak, Jaizkibelen auzo lagun, aurrez aurre zituela. Irungo mendiak itxura xelebrea zuen. Behetik gora garbi-garbi altxatzen zen, baina gainaldea laino borobil batek estaltzen zion. Aiako Harriak koroirik gabeko erregea bezala ageri ziren.
Begiratua eskuinerantz irristatzen utziz, berriz, Kalabarioko gurutzea ageri zen urruntasunak ttipitua. Gibelean Lapurdiko kostako herri gehienak present ziren, batzuk hurbil, argitasunean zurbil, besteak urrun, iluntasunean zurrun. Eta gurutzearen gurutzeenean, lerro bertikalak lerro horizontalarekin topo egiten zuen gunean, autopista bidea agertzen zen. Gure bazterrak bitan zatitzen dituen hormigoizko sugea, etengabe zapaldua bezain zapaltzailea. Justu, gurutzearen junturan, gurutzerako bidea balitz bezala.
Begiak pausatu, eta berriz ere hankak lanean jarri zituzten Joxek eta Xalbatek. Gutxi falta zitzaien gailurñorako. Azken bi aldapak, non harrizko bidea berriz ere lurrez eta belarrez osaturiko bide bilakatzen zen. Bide garbia beraz, azken urratsak emateko.
-Heldu gara Joxe!
-Ah! Ez da ez gogorregia, baina hemen ere izerdi tantak isuri behar dira gainera iritsiko bazara.
-Bai hala da.
Azken hasperenak bota ondotik, lautadan aurrera egin zuten. Beste mendi askoren gailurra ez bezala, Xoldoko gaina luze eta zabala zen. Belardi ederra sator zuloek apaintzen zuten tarteka, eta zaldi eta behorrik ez zen falta. Urrunago betizuak ere hantxe zeuden, oraindik gure ganadu arraza galdu ez den erakusgarri. Hanken lasaigarri eta begien gozagarri, lautadan aitzina segitu ahala, antzina artzain etxola eta arditegi izaniko bi harrizko etxetxo zeuden, erdi zutik erdi eroriak. Ondoan, zaldi baten eskeletoa, oso osorik, saiek garbitua, museorako modukoa. Eta aitzina eta aitzina, aintzira. Hendaiako, Urruñako eta Biriatuko egarriak asetzen zituen aintzira. Ur xorta bat edanez hari beha egon ziren pixka batean.
- Senperekoaren moduko lakua da -azaldu zuen Xalbatek-
-Ezkutuan dagoela, horixe pena -ohartarazi zion Joxek, triste, bere ikusi ezina maltzur azalduz-
- Bai, baina lasai. Zuk baino bista hobea duen asko joango da mundutik zuk baino gutxiago ikusita. Hemengo jendeak ez daki Xoldo magalean laku bat dagoenik ere. Zuk badakizu non dagoen. Eta non dagoen jakitea da bista onaren sekreturik handiena.
Hizketaldi luzean, inguru guztia ikusi, eta lakura jautsi eta Ibardinera joan, beste egun batean egingo zituztela erabakirik, etxerantz abiatu ziren etorritako bide beretik, bakoitza bere makilaren lagun. Beheranzko bidean goranzkoan antzemandakoarekin egin zuten topo, atzera. Xirimiri fin batek kopeta laztantzen ziela, zeruak kantu bat entzunarazi zuen : "maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean..."
Eta azkenean, autoa utzitako leku bertara iritsi ziren. Bi ordu eskasetan egin zuten bidea, lasai ederrean. Xoldon utzitako indarrak Larretxeko Bordan berreskuratu zituzten berriro, eta ondo bazkaldu ostean etxera itzuli ziren.
Etxeko atarian Joxek eta Xalbatek bakoitzak bere makila paretaren kontra pausatzen zuten artean, Joxek galdetu zuen:
-Nola bururatu zaizu gaur Xoldoko mendixka lasai eta eder horretara joatea?
-Bada ARGIA aldizkarian, atzean "Ihesi" izeneko atal bat etortzen da astero. Bertan, ibilaldi ezberdinak deskribatzen dituzte. Xoldorako bidea itsu baten eta bere itsumutilaren elkarrizketan oinarrituz azaltzen zen. Iruditu zitzaidan irakurle garenean itsuaren papera betetzen dugula, inguruak itsumutilaren azalpenen bidez ezagutuz. Eta orduan, niri ere, itsumutila izateko gogoa sartu zitzaidan, mendira hurbildu eta dena nire begiz ikusteko gogoa.

Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude