Gabi Mouesca iazko udan atera zen Arleseko presondegitik. IK-ko preso ohi honek Frantziako Estatuaren hainbat kartzela ezagutu zuen 23 urte zituenetik 40 urtera bitartean. Gaur egun, estatu honetako 18 departamendutan bizitzea debekatua dauka. Datozen lau urteetan ez da Euskal Herrian bizi ahal izanen eta hiritar eskubideak kenduak ditu oraindik ere. Artean, Gurutze Gorrian ari da lanean, presoen giza eskubideak hobetze eta zaintze lanetan dihardu tinko. Prison. net. Journal d’un «longue peine» (Gatuzain) liburua kaleratu du oraindik orain.
Baionan bildu gara Gabi Mouescarekin, bere sorterrian. Familia bisitatzera etorri da. Tarteka-marteka, hiru hilabeteko zigorra jaso dezakeela jakin arren, Frantziako justiziak ezarritako debekua urratzen du. Lau urte iragan baino lehenago hemen bizitzea espero du, alta. Ez du amore ematen eta zigor gehitu honekin bukatzeko borrokan segitzen du.
Baionako presondegiaren ondotik pasa da goiz honetan, eta barnean dagoen jendeak nola sufritzen duen pentsatzeak oilo-ipurdia jartzen diola erran digu. Euskal Herrira datorrenean berpizten dela diosku. Karriketan barrena goaz, oinez, ingurua eta giroa arreta handiz behatzen du Gabik: «Baionara jiteko baimena galde egiten ahal diot jujeari, baina horrek askatasunaz dudan ideia itsusituko luke. Bere agindua urratzen dut. Ez naiz bilkura publiko edo manifestazioetan agertzen, ama eta senideak ikustera etorri ohi naiz bereziki. Hamazazpi urtez, ene ama presondegian hilabetero negarrez ikusi dut eta orain ez diot epaile bati ene ama noiz ikusten ahal dudan galde eginen, ezta?».
Joseba Sarrionandiak poema batean dioenez «preso egon denak kartzela darama bere gogoan betiko». Preso ohia karrikan doala preso bailitzan so eginda sentitzen da, nolabait. Zure kasua al da?
Egia erran, nik ez dut hori sobera sentitzen. Menturaz, ene kasua ezberdina da, enetzat espetxeak eguneroko errealitatea izaten segitzen baitu, presondegietako egoeraz arduratzen naiz, ene oraingo lana da. Hala ere, egia erran, presondegia oraino ere ene barnean sentitzen dut.
Beste preso ohien inpresioa ezagutzen al duzu?
Usu mintzatzen naiz haiekin horretaz, eta denek presondegia beti-beti beren buruan dutela erraiten dute, oroitzapen hori ahantzi nahi dute absolutuki. Ez da ene kasua. Preso izatea gauza inportante eta positiboa izan da ene bizitzan, biziki ontsa bizi naiz esperientzia horrekin eta ez dut ahantzi nahi. Gehienek ahantzi nahi dute, baina ez da ene kasua.
Espetxean zaudelarik kanpoko pertsonekin harremanak atxikitzea ez da erraza izanen, noski?
Oro har egoera biziki zaila da. Preso batzuek, preso diren denbora guztian, emaztea edo bikote laguna izaten dute, elkarrekiko maitasuna bizi dute, eta horietako batzuk karrikara atera direnean, presondegia absolutuki ahantzi nahi dute. Alabaina, emazte bikotearekin barnean izaniko lotura eta maitasuna usu moztu egiten da. Preso ohiak kanpoan delarik, preso denboran bizitakoa gogoan du eta zaila zaio horrekin bizitzea, presondegiarekin mozteko bidea emaztearekin moztea da, nonbait. Emaztearekin moztea gertakari arrunt tristea da. Nik horregatik, usu erraiten dut, preso direnen emazteen aldeko monumento bat egin behar dela. Emaztekiek biziki sufritzen dute isiltasunean, ondoan dira beti. Ordea, emazteen presondegietako mintzalekuetan arraroa da senarra ikustea, presoen ama izaten da usu edo beren aita, gizona gutxitan. Emazteak eredu dira horretan.
Presondegitik urte bat atera zinela, eta aldarte edo trenpu onean kausitu zaitugu.
Arlesetik atera nintzenean funtzionario batek honelatsu erran zidan: «Zein ongi berriz libro izatea!». 40 urtez libro bizi izan naiz, erran nion. Ez zuen sobera ulertu. Probokazio gisara hartu zuen, nonbait. Ni ez naizela sekula preso izan adierazi nahi nion. Ez bakarrik militante bezala, pertsona bezala ere ez. Beti nahi nuena egin dut. Presondegietatik kanpora «hari gorri» bat atxiki izan dut beti, baita gazte-gaztean sasian ibili nintzenean ere. Azken urte honetan ere ez dut ene munduarekiko mozturarik bizi izan.
Militante presoa izan zara eta preso militantea. Presoen aldeko lanean segitzen duzu orain ere. Zein da Fantziako presondegien egoera, oro har?
Frantziako Estatuan 51.000 preso daude; azken sei hilabeteetan presoen kopurua %11 emendatu da. Hauen artean 200 preso politiko daude, korsikarrak, bretainiarrak, euskaldunak, turkiarrak ere badaude, denak sakabanatuak. Adibidez, Frantziako eta Espainiako estatuetako presondegiak konparatzen baditugu, Espainiakoetan biolentzia fisikoa ageri da, Frantziakoetan berriz, biziki arraroa da biolentzia fisikoa agertzea, baina biolentzia psikologikoa arras bortitza da. Bi espetxe politika hauek, bi estatuek Iparraldeko eta Hegoaldeko garapen historikoari eman dioten tratamenduak bezalakoak dira. Hegoaldean, bortizki jokatu zuten azken bi mendeetan, eta Iparraldean, isil-isilik, gure nortasuna ontsa ezabatzeko, sofistikazio handiz jokatu izan dute. Frantziako presondegietan jendea isiltasunean eta emeki-emeki hiltzen dute. Bakartasuna tresna izugarria da, kolpe bortitzik jo gabe deusezten dute pertsona.
Prision. net. Journal d'un «longue peine» liburua argitaratu duzu berriki. Zergatik liburu hau?
Laburki erraiteko, ez ni ez nehor ez da espetxeak suntsitzeko gauza, nahiz jende anitz amets horrekin bizi garen. Mementoz hori ez da posible, gure gizartean presondegiak «beharrezkoak» direlako. Alta, presondegietako paretak gardenak bihurtzea urrats positiboa litzateke. Presondegietako harresiak gardenak bihurtuko bagenitu, nolabait erranik, barneko bizitza, gertakari itsusiak eta gogorrak pixkanaka-pixkanaka desagertzeko bidean jar genitzake. Espetxeetan eraman borrokak horretara bideratu izan ditut, gizarteak barnean zer pasatzen den ikus dezan. Gizarteak bere seguritatea bermatzeko presondegiak pagatzen ditu eta gizarteari erakutsi behar zaio barnean zer gertatzen den. Preso bezala horren lekukotasuna ematen entseatu naiz eta liburua ekimen horren partea da.
Hamazazpi urte preso eman ondoren kuraia duzu presondegien inguruan lanean segitzeko.
Gauzak baketsuki bizi izan ditut betidanik, barne bakea sentitu dut ene baitan, ene jitea da, zorionez ez naiz zainetan errazki jartzen den pertsona. Ene lana dela medio, astero ministerioko kargudunak ikusten ditut. Alta, ontsa joaten da dena. Badakite preso ohia naizela. Behinola, duela bi urte, ziega batean bakartasunean egoteko agindua sinatu zuen funtzionarioarekin gertatu nintzen, bekoz beko, lasaiki mintzatu nintzen berarekin. Ez dut arazorik izaten, presoen eskubideen aldeko lanetan ari naiz, ene lana ahalik eta hobekien bete nahi dut, ez dut batere herrarik gordetzen presondegietan ezagutu ditudan funtzionarioekiko
«Miserien erantzuleak nortzuk diren bereizteko borrokan segitu behar dugu»
Kartzelatik atera eta, «Auzitegietan ederki konprenitzen da klase borroka ez dela bukatua» erran zenuen. Emilio Lopez Adanek «Bai baina desorekan, zeren eta iraultzaren aldetik, langile eta pobreen interesak defendatzen dituzten mugimenduen aldetik, guztiz ahul baitabil klase borroka» zehaztu zuen artikulu batean.
Ongi da zehazpena. Baina klase borroka, molde batez edo bestez, bizirik dago. Funtsean, sistema hor da beti. Egia da, jendea aldatu da, nahasketa izugarria dago. Alta, gure gizartean diren miserien erantzuleak nortzuk diren bereizteko borrokan segitu behar dugu. Gauza bera pentsatzen dut presondegietako egoerari buruz. Duela hogei urte, preso gehienek bazekiten nortzuk ziren zaintzaileak eta borreroak. Orain, hori ez dago hain garbi jendearen buruan, presoek beren borreroari eskua ematen diote usu, beren funtsezko printzipioak galdu dituzte, ez dakite askatasuna zer den egiazki.
Nola daramazu orain militante politikoa izatea?
Denbora luzaz, militante politiko eta abertzalea izatearen poderioz gauzak aldatzen ahal zirela pentsatu nuen. Orain, ene pentsamendu horietan beste argitasun batzuk agertu zaizkit. Aldaketak izanen badira, horiek oinarriko mugimendu, elkarte eta taldeen bidez etorriko direla uste dut. Ez dut uste politikan ari diren pertsonen bidez eskubideak erdietsi ditzakegunik uste. Frantziako Estatuaren espetxe legearekin gertatu dena ikustea besterik ez dago. Orain urte bat, politiko guztiek, ezkerretik eskuinera, oraingo espetxe legeaz ahalke zirela zioten, presondegietako egoera aldatzeko legea aldatu behar zela zioten. Haatik, legea berritzeko bidean ari zirela hauteskundeak heldu ziren eta politikoek dena utzi zuten bazterrean, beren asmoak eta xedeak ahantzi zituzten. Iragan bozetan boterea salbatzeko tenorea heldu zitzaien berriz eta presondegietako egoera tamalgarriari agur erran zioten. Beren hipokresia hain da handia ez direla ohartzen presoek jasaten duten sufrimenduaz.
«Behar dena egin dugu, behar zen mementoan eta behar zen bezala», errana duzu. Borroka armatuaz ari zinen naski, IK-ren zereginaz. Hegoaldean, mementoak eta beharrak behar bezala neurtu ote dira, zure ustez?
Garai batean erraiten nuen Hegoaldeko jendearentzat zaila zela Iparraldeko problematikaz mintzatzea, eta usu Hegoaldeko jendeak bere iritzia ematen zuen «hori ona da eta hori txarra da Iparraldearentzat» erranez. Nik ez dut Hegoaldeko abertzaletasunari buruzko kritika eginen orain, ezkerreko abertzaletasunari buruz bereziki. Hegoaldean alde guztietako jende anitz sufritzen ikusten dut. Munduko beste gatazka politikoak nola garatu diren ikusirik, Euskal Herrian bizi den egoerak gorrotoa eta herra handia sortzen duela iruditzen zait, egoera hau ez dut Euskal Herriaren geroarentzat egokia ikusten, ez da ona gure haurrentzat, kasu. Palestinako oraingo gazteek gerra baino ez dutela ezagutu ikustean, haien geroa ikusirik, Euskal Herrian ez dugula bide hori hartuko espero dut; Hegoaldean bereziki. Gure herriarentzako ongizatea nahi badugu ezin diegu gure ondokoei herraz ereindako herri bat utzi. Jende artean herra zabaltzen delarik zaila da hortik ateratzea eta aitzina egitea.
Zer iritzi duzu IK-k mantentzen duen su-etenaz?
Erabaki hori begi onez ikusten dut. Euskal Herrian, une batez, Lizarra-Garaziko abagunea eman zen abertzaleak elkarrekin biltzeko eta aterabide horretan IK-k bere ekarpena egin zuen, historikoki behar zen jarrera hartu zuen IK-k. Orain, IKren ekintzik ez izateak ez du IK bukatu dela erran nahi. IK bizirik dago, eta egia erraiteko, etorkizunean entzuten baldin badugu IK-k ekintza bat egiten duela, betiko IKren espirituaz, hots, nehor hil gabe -azpimarratu behar baita sekula ez dugula nehor hil nahitara-, nik ez dut ekintza hori kondenatuko. Iparraldeko euskararen egoera, lurraren eta etxebizitzaren jabetza edota alokairuen egoera nolakoa den ikusirik, ulertuko nuke jende batzuk berriz ere IKren izenean aritzea