«ETXEAN EZ DUT SEKULA GERRARI BURUZKO PASADIZORIK ENTZUN»


2021eko uztailaren 19an
Oso aspaldidanik datorkigu gerrak dakartzan kalteen abisua, baina hala ere gehiago izan dira Euskal Herrian gerra ezagutu eta jasan behar izan duten belaunaldiak, haren zartadaz libratu direnak baino. Horregatik, beti du euskal jendeak gerraren bat gogoan, maizenik galtzaile izatea gertatu zaion sarraskiren bat. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran bizirik irtetea lortu zutenez gain, 1936koan Francoren bandoarekin bat eginikoak senti daitezke garaile, horrelako gerra ankerretan norbaitek irabazlearen sentiera bereganatu badezake bederen. Baina askoz gehiago dira galtzaileak, orduko zauriak bihotzetan sakon errotuak dituztenak. Hain sakon, 66 urte beranduago oraindik itxi gabe dirautela, Xabier Mendiguren Elizegiren ipuin hauek agerian uzten duten bezala.

Zergatik hautatu zenuen 36ko Gerra ipuin hauen gaitzat?
Ez nuen erabaki; ez nuen pentsatu: «Liburu bat idatziko dut gerrako kontuekin». Lehendabizi "Aita Morlans itzuli da" izeneko ipuina jaio zen, inguruan entzuna neukan pasadizo batean oinarriturik idatzi nuen istoriotxoa. Eta gero, pixkanaka, gerrako pasadizo gehiago etorri zitzaizkidan gogora. Baina, berez, zaharragoa ere bada asmoa, zeren "Berriro igo nauzu" egiten ari nintzela, eduki nuen buruan. 1978an atxilotutako gazte batek, kartzelan hemezortzi urte pasa eta gero herrira bueltatzean topatzen dituen aldaketen istorioa kontatzen du nobela horrek, eta bere gurasoen garaiko gerra pasadizo batzuk tartekatzekotan egon nintzen, baina azkenean ez nuen egin, gehiegi barreiatzea iruditu zitzaidalako.

"Errautsen distira"n kontatzen dituzun istorio guztiak egiazko pasadizoetan oinarritzen al dira?
Nik neuk entzundako pasadizo batzuetan fijatu naiz, politak eta esanguratsuak iruditu zitzaizkidalako. Nahiago izan dut gertaera txiki batzuk kontatu, pasadizo horietan biltzen direlako beste milaka istorio txiki, bakoitzak bere inguruan izan dituen dramak eta esperientzia latzak.

Liburuan, 36ko Gerraren inguruan gutxi idatzi dela diozu.
Oraintsu arte! Oraintsu arte, diot, idatzi dela gutxi! Izan ere, hain justu azkenengo urte hauetan, dezente gauza atera da.

Lehendik ere gerra gaitzat zeukan makina bat idazlan ez al zegoen, bada, plazaratuta?
Euskaraz ez, ordea! Zergatik? Ez daukat erantzun ziurrik, susmoak baizik ez. Konturatu izan naiz euskal familiak, gerra dela-eta, bi sailetan bana daitezkeela. Ez frankista eta abertzaleen artean, beste ikuspegi batetik ari naiz. Euskal familiek, edo gerrari buruz asko hitz egiten dute, edota gerrari buruz hitzik ere ez dute esaten. Eta niri hitzik ere esan ez den familia batekoa izatea egokitu zait. Nire etxean ez dut sekula gerraren inguruko pasadizorik entzun, eta beraz, haurtzaro guztia gerraren ezjakintasun oso-osoan pasa nuen. Isiltasun horrek arrazoi asko izan ditzake. Akaso beldurra. Pentsatzea, zer lortuko dugu guk honetaz hitz eginez? Gauza onik ez! Eta, badaezpada, isildu... Ez dut esan nahi, gainera, isiltasuna beti bando batekoek gorde dutenik; berdin izan zitezkeen galtzaileen bandokoak edo irabazleenekoak, zeren azken batean, hura pasatu zen, eta askok, nahiago du ahaztu. Eta beste arrazoi bat deserosotasuna izan zitekeen. Gaur egungo zenbait guraso gazte ere, alabak edo semeak kalean manifestazio bat ikusi, norbait hil dutela jakin, edo torturaren kontrako kartel bat dela-eta, zergatik hura galdetzen dietenean, ziur naiz ez direla eroso sentitzen, nahiago luketela beste mundu lasaiago bat beren seme-alabentzat. Bada, garai batean ere, etxe batzuetan, deserosotasun hori izango zen. Beste batzuetan, berriz, asko hitz egin izan da. Baina idatzi, gutxi. Euskaraz ezer gutxi, oraintsu arte.

Irabazleen harrotasuna, galtzaileen iraina. Ez al dira konformistegiak zure pertsonaietako batzuk, "Biziak ez zuen txoria balio"koak, kasu?
Ipuin horretan egiazko pasadizo bat dago, baina manipulazio asko ere bai. Egiazkoa hauxe da: Telleria, "Cara al sol"eko musika konposatu zuen zegamarra, Gerra eta gero, Zegamako gizonik handiena izan zen, monumentu bat jarri zitzaion eta ez dakit zer; baina frankismoaren kontrako erresistentzia eta kontzientzia abertzalea garatu ziren neurrian, traidorerik handiena bihurtu zen, monumentuari lehergailu bat jarri zitzaion eta abar. Gero, orain dela urte batzuk, Zegamako Udalak pentsatu zuen zauriak ixteko garaia iritsia zela, eta aste kultural bat antolatu zuen Telleriaren inguruan, bere alde on eta txarrak pixka bat estaliz, edota haien gainetik pasaz, normaltasunez hitz egiteko gizon hartaz. Eta Koldo Izagirrek artikulu gogor bat idatzi zuen ARGIAn, esanaz, gutxi gora-behera, ahaz litekeela eta barka litekeela, justizia egin ondoren; baina oraindik hemen ez da justizia egin, eta beraz, ezin dugu normaltasunez asumitu Telleria. Eta artikulua bukatzen zen Koldo Izagirrek dituen esaldi polit horietako batekin: «Hurrena Telleriari jartzen diozuen monumentua zartatzen baldin badute, ez ibili bonba nork jarri duen galdezka, nik jarri dut-eta». Bada, garaitsu hartan egokitu ginen Koldo, Joxe Azurmendi eta hirurok, eta Azurmendik eskerrak eman zizkion Koldori artikulu hargatik. Esan zion: «Behar zen norbaitek hori esatea, baina nik ezin nuen, zeren nire aita, gizarajo bat, ez abertzale eta ez ezer, ez dakit zergatik fusilatu egin behar zuten erreketeak herrian sartu zirenean, eta herriko karlista batek eragotzi zien ekintza, ‘Hori nola fusilatuko duzue, bada!’ esanaz». Honaino, "Biziak ez zuen txoria balio" ipuinaren azpian dagoen benetako gertaera. Beste guztia fikzioa da. Azurmendiren aita fusilatzetik libratu zuena ez zen Telleria izan, Telleria, Gerra garaian, Madrilen egon baitzen. Eta bai, nik asmatutako pertsonaia txepel samarra da, nahi eta ezin batean bizi da, eta sentimendu kontrajarriak dauzka. Nire ustez, anbiguotasuna beti da literaturarako emankorrago jarrera garbiak baino. Eta nire ipuinetan anbiguotasun handiak daude. "Zapero, gogoan zaitugu"ko pertsonaiarekin gertatzen dena bezala.

Zapero aipatu duzunez, gure herrian zure pertsonaia horren tankerako asko egon ote da?
Ez zait iruditzen. Traizio baten kasua da, eta egon dira, noski. Ospetsuena, Talgoren asmatzailea izan zen Goikoetxearena, Bilboren Burdinazko Hesia antolatzen ibili eta gero, plano eta guzti frankisten aldera pasa zena. Beste kasu batzuk ere badira... Gero ZERUKO ARGIAN hainbeste idatzi zuen Jose Artetxerena, adibidez. Artetxe GBBekoa zen. Baina EAJko jendeak, gerra hasi zenean, zalantza handiak zituen, garai hartan ezker-eskuin banaketa oso zorrotza baitzen, eta erabakitzailea, ez zen ez klase borroka, ez nazio arazoa izaten, Elizarekiko jarrera baizik. Orduko EAJ oso elizkoia zen, karlistak-eta ere bai, eta sozialistak, anarkistak, komunistak eta horiek, berriz, kontrakoak ziren. Beraz, gerra zela-eta, EAJko jendea benetako kontraesanean sentitu zen. Irujo, Ajuriagerra eta horrelako batzuek oso garbi ikusi zuten zein zen beren tokia, eta harantz eraman zuten alderdia, baina Jose Artetxek, kontzientziako arazoak zirela eta ez zirela, inportanteago ikusi zuen Elizaren alde jarraitzea, eta eliztarren bandoa, berarentzat, Francoren bandoa zen. Horrelako batzuk izan ziren, baina ez dut uste gehiegi izango zirenik...

"Zapero, gogoan zaitugu" ere egiazko gertakizun batean oinarriturik dago?
Badu zer edo zer benetakoa, baina ez dut kontatuko, bateren bat mindu daitekeelako. Gainera, nik fikzioa egin nahi izan dut, hau da, libertatez jokatu, ipuin horretan eta besteetan.

Batzuetan galtzaileen alde jartzen zara, eta beste batzuetan irabazleen aldekoen jarrera ulertzen duzula dirudi.
Beno, nik pertsona bezala oso garbi daukat norekin identifikatzen naizen, baina nire liburuko protagonistak kontalariak dira, gaur egungoak, gerra geroztik jaiotakoak, gertaera zehatz bat nola-hala deskubritu eta hura arakatzen dabiltzanak. Gerraren aurrean jarrera bat dute, nire ustez egungo jende euskaldunak duen jarrera bakarra, baina gerra, gerra da, eta bere garaian jende asko egon zen bando batean eta jende asko bestean, eta bakoitzaren familia gerta zitekeen halako edo bestelako egoeran. Anbiguotasun hori ageri da ipuinetan.

Gerra giroaz gain, bada besterik zure istorio hauetan.
Bai, garai asko kontatzen dira. "Biziak ez zuen txoria balio"n, esate baterako, gerra baino lehenagoko kontuak, gerrakoak, 60ko harmarkada inguruko erresistentziaren lehenengo antolamendua, trantsizio garaia Iruñean, eta ETAren azkenengo su etena.

Gerra ondorenaren eragina oso handia izan zen?
Jakina. Gertatzen dena da garai batzuk askoz bortitzagoak direla, eta beste batzuk isilagoak: itxuraz ez da ezer gertatzen, ezin da ezer esan, eta noski, horrek uzten du bere zama.

"Antxiñako fotografixia"n azaltzen dena bezalakoa?
Adibidez. Hor agertzen den alarguna 50 urtetan egon da isil-isilik, bere sufrikario guztiarekin.

XXI. mendeko gazteei erreferentziak eman nahian idatzi al dituzu iragan mendeko gerra hari buruzko ipuin hauek?
Liburuaren sarreran galdetzen dut: «Nor kiskaliko du haren garra aspaldi itzaliak?». Eta erantzun: «Hala ere, haren erreak azkura ematen segitzen du». Dena den, pixkanaka, hura ahaztu egingo da. Izan ere, guri 36ko Gerrak oraindik asko esaten digu, baina karlistadak, adibidez, ez...


ASTEKARIA
2002ko uztailaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Bere militante batek eraso “faxista” jasan duela salatu du Tolosaldeako Kontseilu Sozialistak

Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Cédric Kurrutxet: «Zailtasunetan diren emazte haurdunak aterpetzen ahalko dira Iturria etxean»

Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]


Gasteizko EHUko campuseko irakasle bat salatu dute ikasleei jazarpena eta ukituak egitea leporatuta

Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du,... [+]


Tuterako Nano Automotive lantegia itxiko dute eta 120 langile kaleratuko dituzte

Zuzendaritzak argudiatu du "ahalegin guztiak" egin arren, bezeroen eskaria "drastikoki" murriztu dela. Nafarroako industriaren defentsan igandean egingo den mobilizazioan parte hartuko du enpresaren komiteak.


Ustezko ezkerra migratzaileen sarekadak egiten (eta harro) Erresuma Batuan: 4.000 atxilotu sei hilabetetan

Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.


Eraso matxista bat salatu dute Amurrion

Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.


Hamasek bertan behera utzi du larunbat honetako preso trukea, Israeli su-etena urratzea leporatuta

Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.


Ikerketa abiatu dute Arrasateko taberna bateko komunean kamera bat aurkitu ondoren

Arrasateko Udaltzaingoak abiatu du ikerketa, neska batzuek igande goizaldean erdialdeko taberna bateko komunean kamera txiki bat aurkitu ondoren. 


2025-02-11 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak: gerra ekonomikoan ere, eszenografiak ezin du estrategia ordeztu

Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]


Ikasleek asanbladak eta mobilizazioak antolatu dituzte mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakaslearen aurka

Gasteizko campuseko Farmazia Fakultateko ikasleek "faxismoaren aurka antolatzearen beharra" azpimarratu dute, eta EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijitu diote.


Txatbot hoberenaren bila

Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]


‘Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara’ leloa erabiliko du Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko kanpainan

Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude