TORTURA ESPAINIAKO ESTATUAN: LEGEAREN URRATZE SISTEMATIKOA


2021eko uztailaren 20an
Espainiako Estatuan Melitón Manzanas komisarioa izan zen torturatzaile gisa famatu zen lehena; diktadura garaian. Trantsizio garaian berriz, 1976an, Amparo Arangoari eginiko torturaren zantzuak agertu ziren lehenbiziko aldiz «Zeruko Argiak» argitara emandako argazkietan. Ezagutzen diren frogengatik, demokrazia ezarri zenetik torturaren praktikak ez du etenik izan. Torturaren segimendua eta salaketa burutzen duten taldeek, tortura legezko bermearen urraketa sistematikotzat jotzen dute. Estatuak torturatzaileekiko inpunitatea bermatzen jarraitzen du, azken hogeita bost urteetan torturapean edo haren eraginez hildakoak asko izaki: Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi izan dira kasu entzutetsuenak. Salaketek jarraitzen dute eta azken bi urteetan Iratxe Sorzabal, Unai Romano eta Juan Karlos Subijanaren kasuek herritarren gogoa astintu dute. Torturaren lekukotasun grafikoek, berriz ere, agerian utzi dute torturaren praktika ukaezina.


torturarekiko jarrerak. Torturaren Aurkako Taldea (TAT) 80ko hamarkadan sortu zen. TATek, iaz ekimen zehatz bat gizarteratu zuen torturaren praktika sistematikoa ezabatu aldera. Ekimen honen funtsa bederatzi puntutan biltzen da. Juan Karlos Ioldi abokatuak azaldu digu TATen ekinbidea: «Torturatuei laguntza juridikoa ekartzen saiatzen gara salaketak aurrera eramateko. Halaber, sendagileen laguntza bermatzen diegu, horretarako laguntza psikologikoa eskaintzen duen talde bat izaki. Gizartearen kontzientzia sustatzea helburua daukagu era berean».
Bederetzi puntuko ekimena sozializatzeko, alderdiak, sindikatuak, eliza, hedabideak eta gizarte mugimenduengana jo dute dagoneko. Espainiako Gobernua presionatzeko babes handiagoa lortu nahi dute erakunde horien aldetik. TATek eginiko proposamenaren aurrean jarrera ezberdinak izan dira orain arte. Taldekide honen hitzetan, azken urte honetan, oro har, «Torturarekiko sentsibilizazioa handiago» sumatu izan dute bilerak izan dituzten taldeen artean. Edonola ere, alderdi guztiek ez dute TAT hartu izan, eta orain arte, alderdi, erakunde eta gizarte taldeek ekimen honekiko agertu duten atxikimendua edo errefusatzea, hauetako bakoitzak gatazka ulertzen duen araberakoa izan da. Ondorioz, talde bakoitzak torturaren gaia gatazka ulertzeko duen moduaren arabera hartzen du.


HEDABIDEEN JOKABIDEA.

Demokrazia ezarri ostean, torturaren informazioaren tratamendua zeharo aldatu zen estatuko komunikabideen aldetik. «El Pais» bezalako egunkaria batek, kasu, zalantzan jarri du torturaren praktika. Oraindik orain, tortura «Errealitatea edo propaganda» ote den galdetzen zuen erreportaje batean. Unai Romanoren argazkiak ezagutu ostean burutua zen erreportajea, baina ez zituen azgazkiak publikatu. Halaber, ez Unai Romano ez Iratxe Sorzabal ez Juan Karlos Subijanaren argazkiak ez dira zabaldu estatuko ezein hedabidetan, bakar batean ere ez.
Unai Romanoren kasuan, Estatuko komunikabideen gehiengo handia ez zen ondorengo esalditik haratago joan: «Admitida a tramite una denucia por torturas». Unai Romanoren abokatuak, Juan Karlos Ioldik, honela ikusi du jarrera hau: «Salaketa guztiak hartzen dira aintzakotzat noski, kontua da, prozesua aurrera joan ahala, ea artxibatzen den ala ez. Hori izan zen hedabide espainolek jaso zuten guztia, batere lotsarik gabe».
Euskal Herrian zabaltzen den Espainiako talde editorialen prentsak bere berezitasunak ditu Ioldiren iritziz. Esate baterako, «El Correo» eta «El Diario Vasco» egunkariek modu ezberdinean jokatu zuten Iratxe Sorzabalen kasuan. «El Diario Vasco»k «El Correo»k baino jarrera duinago bat erakutsi izan zuela diosku, «Horrek duen konnotazioarekin, jakina. Bakoitzak badaki non ari den. Sorzabalen kasuan, Guardia Zibilak Iratxek burutu omen zituen balizko delituak filtratu zituen prentsara. ‘El Correo’k titularretara eraman zituen oihartzun izugarria sorraraziz». Gero -Ioldiren hitzetan-, Iratxe Sorzabal torturatua agertzen zuten argazkiak argitara eman zirenean, hedabide hauek ez zituzten publikatu eta lau lerroetan hauxe besterik ez zuten esan: «Denunciadas presuntas torturas». Hartara, prentsa honek errugabetasun printzipioa gorde zuen Sorzabal torturatu zuten guardia zibilentzat. Beste hainbeste gertatu zen Unai Romanoren kasuan.
TATek, hedabide hauek gatazkaren ondorioz izaten diren gainontzeko giza eskubideen urraketei ematen dieten tratamendu bera nahi luke tortura kasuentzat. Ioldiren ustez, alde bateko nahiz besteko kasuek tratamendu berdina izango balute, beharbada ez litzateke tortura desagertuko, baina pauso handia emango litzateke. Bere ustez, Unai Romanoren aurpegia ETAren atentatu baten ondoriozko argazkia izan balitz zalaparta izugarria sorrarazi izango zuen. Torturaren ondorioz izan denez, Estatuak praktikatzen duen biolentziaren lekukotasuna, ez du lekurik ez oihartzunik izan.


LEGE ANTITERRORISTA.

Gaur egungo legea 1978ko Lege Antiterroristan oinarritzen da. Lege hark pertsona bat hamar egun inkomunikatua izatea ahalbidetzen zuen garai hartan. Egun, atxiloketaren epea bost egunetara murriztu da. Hala ere, oraindik ere, Entzutegi Nazionaleko gela bereziak atxilotua konfiantzazko abokatu batekin aitortzea oztopatzen du. Habeas corpusen eskakizuna gutxitan onartzen da. Familiak atxilotuaren eskubideak urratuta daudela ikusten badu eskatu dezake, baina oso da berezia, eta epailearen aginduz egiten da. Paradoxikoki, eskaera hau atxilotua polizien eskuetatik pasatzeko baimena eman duen epaile berak egiten du, eta logikoki, berak ez du onartzen eskakizuna: «Berdin dio bost egun edo hamabost egun atxilotua egoteak. Sistema torturaren praktika ahalbidetzeko egituratua dago. Mediku forenseak jokatzen duen rola ikustea besterik ez dago», esan digu Juan Carlos Ioldi abokatuak.



ATXILOTUA IZAN AURRETIKO SEGIMENDUA.

Pertsona torturatu batek mediku forensearen aurrean salaketa aurkeztu bitartean prozesu luzea bizi izan du. TATen ustez, atxilotuak poliziak kontrolatuak izaten dira, atxilotuen agendak eta telefono zenbakien segimendua egina dute aldez aurretik. Polizia ezberdinak ehunka pertsonei buruzko informazioa bilduz doaz, eta halako batean, hauetako batzuk atxilotzea erabakitzen dute. Pertsona horien inguruko pertsonen datuak dituzte: ezkondua den, seme-alabak dituen, gurasoak bizi ote diren, aiton-amonak zenduak dauden... Beren puntu ahulenak aztertzen dituzte: banandua dagoen edo ez, kasu. Neska edo mutil laguna baldin badu, beren harremanak ezagutzen dituzte. Neska edo mutil lagunik ez badute, tortura fisikoa gehiago lantzen dute, bestela psikologikoa. Iholdiren esanetan, atxilotuak eta bere ingurukoak ez dira segimendu hauez konturatzen komisaldegira eramanak izan arte. Normalki ez dute pertsona bat atxilotzen bere datuak ezagutu gabe.
Atxiloketak goizaldean izaten dira, indarrez. Atea bota, pertsonaren inguruan izua sortzeko. Legearen arabera pertsona hauei beren eskubideak irakurri behar zaizkie, baina hau ez da behin ere egiten. Poliziak kaputxarekin azaltzen dira jende aurrean, eta legeak ezer gutxi balio du orduan. Pertsona bat bakarrik harrapatzen badute, denbora irabazteko eta informazioa ateratzeko, bidaian jipoitzen hasten dira: poltsa jarriz, barrabilak edo alua estutzen. Izan ere, kuartela urrun dagoen kasuan, operazioa bertan behera gelditzeak kezkatzen bide ditu poliziak.
Komisaldegian, polizien eskuetatik iragan ondoren, hauek forensearen aurrean zer esan behar duen kontuan hartzeko esaten dioten atxilotuari, neurtzeko, berauek ondoan baitaude. Atxilotuaren segurtasun eza hainbestekoa denez, atxilotuak forensea bera egiazkoa ote den zalantzan jartzen du. TATen ustez joera hau oso normala da. Polizi onaren rola jokatzen duenak, epailearen aurrean zer esan behar duen azaltzen dio hitzez hitz atxilotuari. Gainontzekoan, libre geratuz gero, berriz etorriko dela mehatxatuz agurtzen dute.
Prozesu honek berealdiko garrantzia du prozesu penala gauzatzerakoan. Izan ere, esaterako, atxilotua tratu txarren zantzuez autoinkulpatzen bada, defentsako abokatuak jadanik ez du ezer egiterik. Gainera, beste pertsonei buruz esandakoek ere balio dute. TATen ustez, egungo sistemaren ondorioz, ehunka pertsona kondenatuta dago torturaren bitartez ateratako deklarazioak direla medio.

BEHATOKIA NAZIOARTE MAILAN.

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia tortura salaketak nazioarte mailan zabaltzeko sortu zen iaz, eta TATen txostenak bideratzen ditu hainbat erakundetara. Nazio Batuen Erakundea (NBE) da horietako bat. Europako NBEren egoitza Geneva dago (Suitza) eta orain arte Euskal Herrian salaturiko torturen kasuekiko elkartasun zabala erakutsi du. NBEn errelatore edo kontalari berezia dago. Behatokiko Julen Arsuaga abokatuaren esanetan, berau independentziaz jokatzen saiatzen da eta abisu bat jasotakoan arreta handia jartzen du.
Behatokia bi modura hurbiltzen da batzorde honengana. Deialdi larri bat burutuz, batetik, eta orduan NBEko batzordeak bidaia edo misio berezi bat antolatzen du kasua aztertzeko. Normalki, batzordea estatuko gobernuarengana zuzentzen da lehenbizi. Bestetik, adierazpen askatasunaren urraketak ematen direnean, berauek salaketa txostenen bidez helarazten zaizkio NBEko kontalari nagusiari. Halaber, epaile edo abokatu batek ez badu independentzia printzipioaren arabera lan egiten, kasu hauek aztertzeko kontalariak daude.
Julen Arsuagak zehaztu digu NBEko Giza Eskubideen batzordearen jarrera: «Jarrera ona da. Agindu bat helarazten baldin bazaie betetzen dute. Gurekiko konfiantza dute, baina kasu bati sinesgarritasun gehiago emango diote, baldin ganorazko lan bat egiten badugu, etengabe eta era egonkor batean. Seriotasun bat ikusten ari dira gure txostenekin. Orain gutxi arte, gatazkan dauden aldeetako baten salaketak baino ez zituzten ezagutzen; Estatuarenak, alegia. Behatokitik beste aldearen salaketak agertzen saiatzen ari gara orain».
Behatokiak azken bi urte hauetan erakutsitako datuen arabera, Espainiako estatuan torturaren aztarnak edo elementuak daudela uste du Genevako Giza Eskubideen Batzordeak. Halaber, Estrasburgoko Europako Kontseilua Espainian ematen ari diren giza eskubideen urraketei gero eta segimendu zehatzagoa egiten ari zaio. Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) egiten du segimendua eta erabateko sinesgarritasuna du Arsuagaren iritziz. CPTk Behatokiak helarazitako txostenen kasuak baieztatzeko bisitak burutzen ditu: «Oraingoz Espainiako Estatuan torturaren aztarnak daudela jabetu dira. Espainiako Gobernuak ez ditu betetzen beraiek egiten dituzten gomendioak. CPTkoek nolabaiteko interesa edo nahia antzeman dute tortura kasuak estaltzeko. Hasteko ez da gutxi».

ESPAINIAKO ESTATUAREN JARRERA.

Torturaren estaltze hau ezagututa, nola zuritzen ote du Espainiako Gobernuak torturaren arazoa, ordea? Espainiako jarrera adibide baten bitartez azaldu digu Arsuagak. Nazio Batuetako CAT delakoak, tortura kasuak direla-eta, Kolonbiako Gobernuari zerbait esaten dioenean, gobernu horrek hartzen duen jarrera hauxe da: «Guk arazo politiko larria daukagu eta nazioarteko komunitatean arazo hau konpontzeko laguntza eskatzen dugu. Gatazkaren konponketak hainbat giza eskubideren urraketa desagertzea ahalbidetu baitezake». Espainiako Estatuak, berriz, bestelako jarrera hau erakusten du: «Torturaren praktika gezurra da. Salaketek ez dute zentzurik, informazio txar baten ondorioz eginak dira. Espainian ez dago inolako gatazkarik ez giza eskubideen urraketarik, giza eskubideen urraketa gatazkaren beste aldeak egiten du soilik. Gure desprestigioa eta salaketen sinesgarritasuna ezabatzen saiatzen da».
Jarrera horrek noiz arte iraun dezake, ordea? Izan ere, Espainiako Gobernuak horrela segitzekotan, bere kontrako jarrerak indartu baino ez du egiten nazioarteko erakundeetan. Itxuraz, Espainiako Gobernua bere kalterako jarrera bat indartzen ari da. Gatazkaren aurrean jarrera politiko bat hartzen ez duen neurrian, gatazkaren ondorioz segurtasun indarrek burutzen dituzten giza eskubideen urraketak gero eta nabarmenago gelditzen ari dira.
Jarraian, gizarte mailan torturarekiko dagoen sentsibilitatea izan dugu hizpide Behatokiko kide honekin. Bere ustez, gatazkaren ondorioz sortzen diren gaiek gatazkaren egoeraren araberako abiadura hartzen dute, eta neurri batean, ekimen eta lanaren poderioz gizartea gehiago sentsibilizatzen da. Duela bi urte, giza eskubideen arloan presoen sakabanaketa izan zen gai nagusia, gizartea giza eskubideen urraketa salatzeko prest izan zen. Gaur egun, arrazoiak arrazoi, eta agian gatazka beste parametro batzutan ematen ari delako, torturaren gaiak munta handiagoa hartu du eta presoen eskubideen aldarrikapena ordezkatu nolabait. Julen Arsuagak bi egoerak desberdindu dizkigu hala ere: «Sakabanetarekin amaitzea gatazka desblokeatzeko borondate oneko keinu bat bezala planteatu zen. Orain, gatazka gordinago bihurtu den uneon, agian, bateon batek pentsa lezake tortura gaia gainditu behar dela gatazka gainditzeko. Guk ordea, uneon, printzipioz, gatazka humanizatzeko ekimen bat bezala ikusten dugu torturaren deuseztapena».
Azkenik, AEBetan torturaren inguruan eztabaida oso interesgarriak ematen ari direla adierazi digu gure solaskideak. Euskal Herriko Behatokia eta Irlandako Batzordea elkarrekin ari dira. Talde hau, AEBn bizi zen Ramon Aldasoro errefuxiatuaren estradizioan inplikatu zen lehenbiziko aldiz, eta azkeneko atxikimenduek oso ondorio baikorrak izan dituzte. Noam Chomsky eta hainbat intelektualek giza eskubideen urraketa salatu dute. Espainiako Javier Ruperez enbaxadoreari torturaren kasuak helarazi zizkioten, eta honek Espainiako Gobernuaren jarrera babestu zuenez, gogor kritikatu zuten. Joan den urtera arte ez zen honelako jarrerarik agertu, orain, ordea, jarrera hauek sendotzen ari dira AEBn. Espainiako Estatuan torturarik ez dagoen leloak indar apur bat galdu du nonbait. Julen Arsuagaren iritziz, giza eskubideen hutsuneak eta urraketak gero eta handiagoak dira eta torturaren inpunitatea gero eta nabarmenago agertu da Estatuan nahiz nazioarte mailan.
Zentzu honetan ulertu behar da ere Amnesty Internationalen (AI) jarrera. Orain arte AIren jarrera nahiko leuna izan da, Behatokiak landuriko «2001eko txostena» ikusi ondoren, erakunde honen inplikazioa aldatu da. TATek eta Behatokiak Iratxe Sorzabal, Unai Romano eta Juan Karlos Subijanaren kasuei buruz helarazitako informazioak AIk lehen zituen zalantzak uxatu ditu, antza. AIk beti salatu ditu tortura kasuak, baina gatazkaren polarizazioa dela medio torturaren gaia saihesten zuen nolabait. Espainako kasuez arduratzen den AIko Guillen Flemingek honela hitz egin du berriki Espainiako Gobernuaren jarreraz: «Azkeneko tortura kasuen aurrean Espainiako Gobernuak ez digu ganorazko erantzunik eman. Areago, ez du onartzen bi aldeak gatazkaren maila berean kokatzea» .

Bederatzi puntuak
Alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei TATek aurkezturiko proposamenaren ardatz nagusiak:


1.

Inkomunikazioa. Auzipetze Kriminaleko legediaren 520 bis artikulua ezabatzea, atxiloketa eta inkomunikazioa bost egunez luzatzea baimentzen baitu.


2. Konfiantzazko abokatua. Auzipetze Kriminaleko 527. artikulua ezabatzea. Senideek atxilotua non dagoen jakin ahal izatea, eta atxilotuak konfiantzazko abokatua edukitzea.


3. Konfiantzazko medikua. Atxilotuak bere kabuz aukeratutako sendagileak ikusi ahal izatea, haren egoeraren jakitun izateko.


4. Auzitegi Nazionala. Auzitegi Nazionalak dituen eskumenak bertan behera uztea.



5. ‘Habeas Corpus’. Habeas corpusaren ezarpena eta erabilera. Modu honetan epailea benetan arduratuko litzatee atxilotuen egoeraz.


6. Polizien diligentziak. Polizien diligentzia oro deuseztea, baldin eta atxilotutakoak kalterik izan badu psikikoan nahiz fisikoan.


7. Tortura salaketaren ikerketa. Epaile eta agintari judizialen aldetik sakoneko ikerkuntza ahalbidetzea torturak salatzen dituen testigantzaren inguruan.


8. Kamerak komisarietan. Egoitza polizialak kameraz hornitzea, atxilotuari ematen zaion tratuaren berri izateko.


9. Indultuak. Torturak eragiteagatik zigortuak izan diren funtzionarioen aldeko indultuak desagertzea

Euskal instituzioen ekimen mugatua
Hego Euskal Herrian, giza eskubideen segimendua egiten duten zenbait instituziotara jo dugu, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Giza Eskubideen Batzordera nahiz Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera, eta tortura kasuen inguruan burutzen duten lanaz galdetu diegu. Ez dugu erantzunik jaso.

Nafarroako nahiz EAEko Arartekoengana ere jo dugu. Bigarren honetatik soilik erantzun digute taxuz eta ganoraz. EAEko Arartekoaren gizarte harremanetarako Fermin Barceló aholkulariak erantzun digu.
Torturaren kexak poliziarekin arazoak izan dituzten pertsonen bitartez jasotzen dituzte, eta hauek, eskuarki, torturatuen familiek egiten dituzte, guraso eta senideen elkarte edo herri plataformetatik.

TATekin harremanetan daude eta eure txostenetan salatzen diren tortura kasu guztiak aztertzen dituzte, tratu txarrak edo torturak burutu dituzten polizia zein izan den argitu aldera. Guardia Zibila edo Polizia Nazionala izan denean, kasua Espainiako Arartekoarengana bideratzen da. Legez Ertzaintza akusatua denean soilik, mugi dezakete kasua.
TATeko txostenetan Ertzaintza inplikatua azaldu den kasuetan espedienteak zabaldu dituzte. Komisaldegietara joan ohi dira eta kasuak, banan bana, aztertu dituzte.
Fermin Barcelok honela azaldu digu beren betebeharra: «Bisitak komisaldegi ezberdinetara egiten ditugu urtero. Ziegak miatzen ditugu, erregistroak nola hartzen diren ikusi, datu informatizatuak nahiz paperekoak aztertuz. Gure lana prebentzio arlokoa da, guk tortura kasuak salatzea baino tortura posibleen aurkako neurriak hartzen saiatzen gara». Bulego honen lana ez da torturaren ikerketa burutzea. Tortura kasuak argitzeko bide judizialetik burutu behar da. Legez ezin dute tortura kasu bat aztertu, areago, kasua auzitegira eramana baldin badago, debekatuta daukate.
TATen eskaerarekin bat eginez, duela hiru urte jadanik, Ertzaintzaren komisaldegietan atxiloketa guztien grabazio aleatorio bat burutzea gomendatu dute. Ertzaintzaren komisaldegietan bideo sistema bat dago. Ez da erabiltzen, ordea: «Guk sistema aleatorio bat erabiliz (atxiloketan parte hartzen dutenek jakin dezaten noiz ari den grabatzen eta noiz ez) atxilotuen galdeketak grabatzea eskatu dugu. Herrizaingo sailaren aldetik, printzipioz, ez diote aukera honi uko egin, baina orainokoan ez dugu aukera hau aplikatzen duten konfrontatu ahal izan. Hurrengo bisitetan horren segimendua egin nahi dugu»

Jesus Biurrun: "Zer egin torturaren aurrean"
Asko dira herri honetan, polizia ezberdinen eskuetatik pasa ostean, torturak, tratu txarrak eta irainak salatzen dituztenak. Guk lehen terminoa erabiliko dugu, ikuspegi psikologiko eta kliniko egokiena delakoan.
Torturatuen kontakizunak ez dira baldintza sozio-ekonomiko, kultural, geografiko, adin edo sexuaren araberakoak. Pertsona hauen soslaiak sistemaren interesak eta torturatzaileen logikaren arabera aldatzen dira. Diskurtso menperatzaileak isiltasunaren eta ukazioaren bitartez heltzen dio torturaren errealitateari. Tortura zeharrargiz eraturiko errealitate bat da, ikusezina, bere diskurtsoa joera sozial baten baitan errotua da eta biktimak nahasten ditu.
Bere balore artean indarra, erresistentzia eta sufrimendua barneratzeko joera duten erkidego kultural bateko kideek tortura jasan izana ukatu ohi dute. Arrazoi politikoak direla-medio, torturatuak biktimaren kondizioa hartzen du bere gain, erasoen ondorioak gutxiesteko joera izaten du. Ez die bere hurkoei laguntza eskatzen ere. Medikuarengana hainbat kexa somatikoengatik joanen da eta oso gutxitan psikologoarengana. Bizi duen esperientzia kontatzeari uko egiten dio. Garrantzia kentzen dio gertatuari, beste batzuek okerrago pasa dutela esanez. Ez dutela suntsituko diotso bere buruari. Bere sintoma emozionalak, kognitiboak eta disoziatiboak ezkutatuko ditu hartara. Ukapenak, gain konpentsazioak eta herabetasunak, ordea, bere zauriaren sakona erakutsiko dute aurki.
Sintomaren presentzia ezkutaezinak eta inguruko pertsonekiko jokabide moldaezinak jokaera ezberdinak eragiten ditu bere baitan. Senitartekoak bere kidea babesten saiatzen dira salaketa publiko bidez eta psikologoen laguntzaz. Lagunak kuriositatez eta exhibizionismoz hurbildu izaten dira aholkuak ematera. Militanteak esperientzia eta baliabideak eskaintzen dizkio. Baina, torturaren aurrean ez badu, ustez, modu zuzen batez jokatu, militanteak gertatua "ezer ez da gertatu" batekin har dezake edo komunitatetik kanporatzearen alde agertu. Edonola den ere, inguruan eskaintzen zaizkion harrera eta harremana baliabide berebizikoak dira torturatua izan den pertsonarentzat.
Torturatuaren ondorioei aurre egiteko bi modu gomendatuko genizkioke torturatuari. Batetik, aurreiritziak gainditu ditzan eta profesional egoki batengana joan dadila. Bestetik, erreferentziazko taldeekiko hausturari uko egin diezaion. Esaterako, gurasoak eramanak izan diren familietan seme-alaben bisitak eta presentzia bermatu behar dira. Koadrilen kasuetan, polarizazioari eta hausturari saihestu egin behar zaie bere kideen atxiloketa bitartean gertatu izan denarengatik.
Torturak pertsonarengan duen eragin eta logikari erantzun egokia aurkitu behar zaio. Horretarako, kasuan kasu, baliabide guztiak erabili behar dira. Lehenbizikoa, gertatu dena azaltzea da


Azkenak
2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten

Ez dut sekula pelikulekin negar egiten. Pelikula gogorrak ikusi ditut, istorio tristeak, heriotzaz beteak, gizakiaren alderik zatarrena erakusten dutenak? Barkamenik eskatu gabe, gainera? Pelikula ederrak ikusi ditut, dotoreak, monumentalak, mirarien gainean hitz egiten dutenak,... [+]


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Eguneraketa berriak daude