argia.eus
INPRIMATU
Termometroa
2021eko uztailaren 20a

BATASUNAREKIKO SETIOA

Batasunaren aurka Baltasar Garzón epaileak agindutako diru bahiketak berriz astindu du panorama politikoa. Neurri gogorra da alderdi politiko baten bizitza aurrera eramateko, eta Estatuak Batasunarekiko pentsatuta dituen neurrietako bat besterik ez da seguruenik. Alderdi konstituzionalistek epaile izarraren erabakia txalotu dute, eta gainerako guztiek gogor kritikatu dute bere autoa. Kritikaren inguruko adostasunak, dena den, ez dirudi haratago joateko aukerarik zabalduko duenik. Batasunaren aurkako auto honek bide zabal bat irekitzen du, eta batek daki erantzukizun zibiletik erantzukizun penaletaraino tartea zenbaterainokoa den.


ESKUMENEN ZALAPARTA

EUSKO Legebiltzarreko Autogobernuaren Batzordeak Gernikako Estatutoa bete eta berau gainditzeko beharra azpimarratu du. Eskuratu gabeko eskumenak eman ezean, Jaurlaritzak bere kabuz eskuratuko dituen iragarpena egin du hirukoak, PP eta PSOEren kontrako jarrera gogorra piztuz. Bakegintza eta autogobernuaren zutabeak izan dira Ibarretxe lehendakariak bere agintaldiari ekiteko erabili dituen zutoin garrantzitsuenak. Ajuria Eneko bilerak eta Arkauteko Mahaia izan dira bakegintzaren eremuan egindako urratsetako batzuk. Autogobernuarenean, Legebiltzarreko Batzordea izan da tresnarik garrantzitsuena. Eskumenen aferak zenbat irauten duen ikusi beharko da eta kontsultarena testuinguru honetan guztian nola txertatzen den ere bai.


EAE-KO ESKUMENEN BALIZKO SUSPENTSIOAZ

ESPAINIAKO Konstituzioak edozein autonomi erdikidegoko eskumenak bertan behera uzteko ahalmena ematen dio Espainiako Gobernu zentralari, baldin eta horretarako arrazoi bereziak ikusten baditu. Gero eta gehiago ateratzen den gaia da, eta azken ika-mika Circulo de Enpresarios elkarteak bere bazkideei igorritako inkesta baten haritik etorri da. Bertan, enpresariei gobernu zentralak EAEko eskumenak bereganatzeari buruz galdetzen zen.


SANZ EZ DA KIKILDU

MIGUEL Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak argi utzi du berehalakoan ekingo diotela euskararen inguruko beste dekretu bat lantzeari. 2000ko abenduaren 11n administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua bertan behera utzi du Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietarako Salak, forma kontuetan oinarrituta. Sanzek berehala erantzun du forma kontuok konponduko dituztela eta, gainera, helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean, nahiz eta epaiak horretarako tarterik ez duen uzten. Epaiak, dena den, ez dio mamiari heldu eta pentsatzekoa da, mamiari buruzko eztabaida juridikoa hurrengoan gauzatu beharko dela, horretarako aukerarik ez da faltako eta. Forma eta mamiaren inguruko auzia bizi da berriz ere arazo honetan eta, komeni den arabera, gaur forma azalekoa da batzuentzat, eta hurrengoan egiteko modua edukia bezain garrantzitsua izango da.


ESKUIN MUTURRA

EUSKAL Herrian atentatuak egiteko prestatzen ari den eskuin muturreko taldearen berri eman du Kale Gorrian aldizkariak. Falange Alderdia eta egitura parapolizialen artean ari ei dira taldea prestatzen eta zereginotan ari diren pertsonei buruzko datu ugari ematen ditu bere azken zenbakian. Falangekoek erantzun diete jada, gezurretan ari direla esateaz gain, orain arte lasai ibili direnak aurrerantzean artega eta segurtasunik gabe biziko direla ohartarazi dute.


POLIZI INDARRA EDO PARAPOLIZIALA?

HILAREN 5a eta 6aren arteko gauean Polizia Nazionala Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan aritu zen barraka politikoetako batzordekoak egiten ari ziren protestaldia bertan behera utziz. Uniformedun polizia taldeekin batera, 20-30 pertsonez osatutako beste talde bat aritu zen, kalez jantzita eta kaputxatuta, besteak beste eskuetan katez eta burdin barrez horniturik. Euskal Herrian aspaldi ikusi ez den irudia zen San Fermin jaietako bezperakoa. Gertaerak ez du ia oihartzunik izan komunikabideetan.