argia.eus
INPRIMATU
MARRAZKIEK LOTSA GALDU DUTE
Jon Garaño @jongarano 2021eko uztailaren 27a
Fenomeno berri bat ari da gertatzen azken urteetan animazioaren sektorean. Izan ere, orokorrean, animazioaren munduan lanean dabiltzanak umeentzako bereziki animazioak egiteari utzi, eta publiko mota askotarako animazioak egiten hasi dira. Halaxe dio, adibidez, Baleuko produkzio etxeko Eduardo Barinagak: "Animazioa beste ezein ikus-entzunezko produkzio bezala, segmentatzen ari da. Hau da, gaur egun xede-taldeak askoz ere espezifikoagoak dira orain dela bost urte baino eta honek jende gutxiagorentzat gauza gehiago egiten direla esan nahi du".

Begi-bistakoa da horrela, azken urteetan telebistan orain artean ikusi ahal ez zen helduentzako animazioa hedatu dela. Dibulitoon animazio estudio eta produkzio etxearen bi buruetako bat den Ricardo Ramonen esanetan, "lehen ere egiten ziren helduentzako animazioak baina ez dute, jakina, ‘The Simpsons’ek izandako oihartzunik izan. Egia esan, helduen animazioak bizi duen ‘memento oparo’ hau neurri handi batean serie honek ekarria izan da".
«The Simpsons» iraultza bat izan zen animazioaren munduan orain dela hamar urte baino gehiago sortu zenean. Amerikar gizartearen kritika egiten duen telesail honek, animazioak helduen artean arrakasta izan dezakeela frogatu zuen. Dena den, Irusoin ekoiztetxeko Iñaki Gomezen esanetan, arrakasta hau erlatibizatu egin behar da: "Arrakasta izan duten helduentzako bi animazio serie baino ez dira izan: ‘The Simpsons’ eta ‘South Park’. Eta egia esan, The ‘Simpsons’ helduentzat osoki eginiko produktua denaren zalantza badut, umeek ere ikusten duten telesaila den heinean. ‘South Park’ da helduentzat osoki egin den telesail arrakastatsu bakarra. Hau, bestalde, kultukoa bezala hartu daiteke eta horren adierazpide herrialde guztietan ordu txikietan emititu izana".
«The Simpsons»en atzetik ildo bereko beste lan batzuk etorri dira. Horren lekuko dira serie amerikar honen autore berdinek eginiko «Futurama», Tele5 Espainiako telebista katean ikusi ahal zen «íQué bello es sobrevivir!» edota, batez ere, gazteen artean Iñaki Gomezek dioen bezala, kultukoa bihurtu den «South Park».
Azken telesail honek zirkuitu alternatiboetan egiten zena esparru zabaletara hedatzea ekarri zuen. Hau da, ordura arte telebistan emititu ezin zena egiten hasi zela. Polemika handiekin hasieran, baina gaur egun publikoa serie honen lengoaiara ohitu egin da eta jada normaltzat hartzen da orain gutxi arte astakeri handitzat hartzen zena.

PENTSAEZINA EGI BIHURTZEN.

«South Park»ek mundu osoko gazteen artean, batik bat, arrakasta izatearen funtsa neurri handi batean bere orijinaltasunean eta bihurrikerian dago. Izan ere, marrazki bizidun hauek, orain artean telebistan pentsaezina zena esan eta egiteaz gain, «The Simpsons»ek egiten duen amerikar gizartearen kritika lekutan uzten du gaizki trazatutako irudien bitartez. Umeen ikuspegitik munduaren irudi berezi nahiz satirikoa egiten baitute, teorian gutxi landutako estetika erabiliz: "‘South Park’ edukietan zentratzen da. Zentzu horretan batik bat Interneterako egiten den Flash formatuko lanekin zerikusia izan dezake, nahiz eta ‘South Park’ ez den Flash bitartez egiten", dio Dibulitoon enpresa irundarraren arduradun den Ricardo Ramonek.
Interneten asko ugaldu dira animazioaren bitartez kontatutako istorioak eta gehientsuenak, irudiak duen pisu urriagatik, Flash formatu honetan egiten dira. Hau da, irudi estatiko batzuei dinamismoa ematen dion formatuan edota beste hitz batzuetan esanda, animazio bektorialaz baliatzen den teknikaz baliatuz. Animazio hauen balore estetikoa nahiko baxua da eta hortaz interneterako baliagarriak izan arren, komunikabide konbentzionaletan emitituak izateko kalitate nahikorik ez dutela kontsideratzen da, nahiz eta oraintxe bertan Espainian bi animaziozko telesail egiten ari diren teknika honekin. "Flasha mugatua dagoen teknika izan arren, produkzio kostuak asko jaisten ditu. Dena den, akzioa ez da ondo errepresentatzen eta ezaugarri bereziak dituzten animazioak izan behar dute hauek: asko hitz egiteaz gain, akzio gutxi dutenak", dio Ricardo Ramonek.

HELDUEN TAMAINARA.

Ezaugarri hauek bat egin dezakete helduek eskatzen duten animazio motarekin: itxura ez dute oso landua, baina sormen handikoak dira; umore kolpe bereziak dituzte eta, batez ere, politikoki zuzena ez den lengoaiaz zein edukiz beteta daude. Hau da, hizkera gogorra, era guztietako sexu espresioak eta biolentzia mugagabea izan dezaketen istorioak. Interneten horrelako istorioak ugaltzen ari direla guztiz jakina da eta animazioak bertan tartea aurkitu duela ere nabaria da.
Helduentzako animaziozko pertsonaiek egin edota esaten dituztenak irudi errealean egitea pentsaezina da gaur egun, publiko zabal bati zuzentzen zaizkion produktuetaz ari bagara behintzat. Irudi errealean eginen balira, hauen biolentzia, sexu esplizitu edota hizkuntzaren erabilera bortitza gehiegizkotzat har zitezkeen; gizartea hauekin eskandalizatzea oso posiblea bailitzateke.
Mass-medietan horrelako produkzioak animazioan ikusi ahal izateari Juanba Berasategi Lotura Filmseko arduradunak arrazoia erraz aurkitzen dio: "Marrazki bizidunak ikusten ari denak argi dauka ikusten ari den hori ez dela egia, marrazkiak direla, eta horrek asko egiten du mezuari transzendentzia jaisterako orduan".
Animazioa ez da, izan ere, umeentzat esklusiboa den zerbait baizik eta publiko orokorrago bat izan dezakeen espresiobide bat. Barinagak dioen bezala "nahiz eta animazio konkretu bat umeei zuzendua izan, honek ez du esan nahi helduen gustuko ezin izan daitekeenik. Produktua ona bada, hau umeen zein helduen gustukoa izatea gerta daiteke".
Juanba Berasategik, horietan lan egin izanagatik, ondo ezagutzen dituen «Fernando Amezketarra», «Lazkao Txiki» edota «Txirrita» horren lekuko dira: "Marrazki bizidun hauek publiko guztietarako eginak ziren. Faktura aldetik oso onak ez izan arren fenomeno berezia ezagutu genuen Euskal Herrian telesail hauekin, umeek zein hauen aitonek ikusten baitzituzten. Bitxia izan zen hainbat urteren ostean edadeko jendea telebista aurrean marrazki bizidunak ikusten nola jartzen zen ikustea".
Iñaki Gomezek ere badu zentzu horretan esatekorik, Irusoin eta Lotura filmsek batera ekoiztutako lanak izan baitziren: "Bertsolarien arrakasta neurri handi batean publikoarentzat ezagunak ziren pertsonaia zein istorioetan oinarrituak izatean zetzan. Era horretan, umeez gain helduek ere istorio haiekiko interesa agertzen zuten".
Gaur egun egiten den animazioak publiko orokor bat du helburu. Ikusle kopuru handienak dituzten Disney, Dreamworks edota AEBetako beste ezein animazio ekoiztetxek produzitzen dituzten filmeek hori oso argi daukate. Gomez berak dioen bezala: "Merkatuari begira egiten da lan. Zinema aretoetara umeak euren gurasoekin joaten direla kontuan hartuz, azken hauen interesa piztu dezaketen lanak egin behar dira pelikulen errentagarritasuna lortzeko. Bestetik telebistan ere prime time-a bilatu behar da, eta hortaz, egokiago da publiko orokor bati zuzentzen zaizkion gauzak egitea".

«SHIN CHAN» FENOMENOA.

Merkatua aldatu egin da gizartea bera aldatu egin delako. Honen lekuko izan daiteke Euskal Herrian nahiz beste hamaika herrialdeetan fenomeno soziala bilakatzera iritsi den «Shin Chan» animazio serie japoniarra. Euskal Herrian hamar umetik zazpik Sinosuke izeneko pertsonaiaren istorioak jarraitzen ditu egunero. Hau kopuru altu bat baino ez litzateke izango animaziozko telesail japoniar honen edukiagatik ez balitz. Izan ere, «Shin Chan» serieko protagonistak, bere inozentzia medio, gurasoak zein irakasleak barregarri uzten ditu, lizunkeriak egitea gustuko du, lotsagabe handia da eta dena naturaltasun handiz egiten du, bere inguruko pertsonaien desgrazirako eta ikusleen gozamenerako.
Euskal Herrian seriea emititzen duen ETBk gurasoen kexurik jaso ez badu ere, Katalunian gauzak bestelakoak izan dira, Kataluniako ikus-entzunezko kontseilua parte hartzera behartua ikusi zen neurriraino. Kontseiluak ateratako ebaluazioak «Shin Chan»ek ez duela araudia urratzen dio, nahiz eta onartzen duen sexuaz maiz hitz egiten dela, emakumeen irudi estereotipatua ematen dela edota nagusienen agintea zalantzan jartzen dela.
«Shin Chan» Betizu programaren barruan emititzen da Euskal Herrian. Programaren arduradun den Barinagak badu «Shin Chan»i buruz iritzia: "‘Shin Chan’ ikusteko aukera izan genuenetako lehenengoetarikoak izan ginen gu eta, egia esan, bat-batean konturatu ginen arrakastatsua izanen zela seriea. Protagonistak umeek egin nahi baina egin ezin dituzten gauzak egiten ditu. Protagonistarekin gustura sentitzen dira umeak eta, bestetik, marrazkietan azaltzen diren helduak erraz identifikatzen dituzte. Bestalde filosofia eta baloreak ez dira hain transgresoreak. Formekin jolasten du, baina baloreak nahiko ondo ezarriak ditu Shin Chanek. Shin Chan mutiko ona da... lehendakari iraultzailea litzateke. Shin Chan gu guztion barrualdean ezkutatzen den umea baino ez da ".
Gizartea aldatzen doanez, eta hortaz umeak eta euren gustuak aldatu direla kontuan hartuz, gaur gazte garenok ume ginenean ikusten genituen marrazki bizidunek egun arrakasta izango ote zuten geure buruari galdetzen diogun unerako, erantzuna Iñaki Gomezek ematen digu: "Beste esparruetan bezala animazioan ere modak daude. Haietako batzuk ez lirateke gaurko umeen gustuko, baina beste batzuk, klasikoak diren heinean, hauen gustuko izan daitezke".
Salbuespenak salbuespen, garai hartako pertsonaiek gaur egungo pertsonaiek oso nabaria duten pertsonalitate indartsua falta zuten, edota akaso, politikoki onartua ez den jarrera bat. Hau da, izan ere, gaur egungo animazioak duen ezaugarri nagusienetarikoa: pertsonaiek duten pertsonalitatea eta jarrera, egungo gizartera egokitua dagoela. Animazioak hortaz, populazioak orokorrean bere aisialdia asetzeko izan ditzakeen beharretara egokitzen jakin izan duela dirudi