Izpegiko mendatetik Autza mendira


Iparraldetik hegoaldera doan bizkarrezur erraldoi bat balitz bezala, euskal Pirinio mendikatearen adar moduko bat osatuz, Baztan eta Baigorriko haranak banatzen dituzte Autzak eta beste mendi batzuek. Iparlan (1.044 metro) hasten da mendi lerro hau, eta Lauordenan (1.029 metro) zehar jarraitzen du hegoalderantz. Hortik aurrera altuera galtzen du Izpegiko mendateraino (672 metro), eta ostera berriz irabazi Autzaren gailurrean 1.305 metrotaraino goratu arte. Argañetan (1.008 metro) barna, Berderitzeko lepoa (685 metro) pasa eta Albako Harriraino (1.074 metro) iristen da. Argintzu (1.208 metro) eta Okoro (1.259 metro) inguruan, Kintoako zonaldean jada, mendi multzo honek lerro itxura galtzen du eta uren banalerro nagusiarekin elkartzen da.

Mendatean bertan, hiru etxe daude, aduana izandako eraikuntzaz gainera: mendi lepoan hain justu, gaineko benta dago, aitzinaldean "Venta Ispeguy" idatzita dauka, jai egunetan taberna animatu bat da arratsalde partean, ogitartekoak eta kazuelatxoak jan daitezke, eta muga inguruko benten estiloan, ohiko oroitzapen tipikoak daude salgai. Erratzurako norabidean, mendatetik beherago, Irigoieneko benta edo Peio-rena dago. Hau ere taberna da, aurrekoa baino txikiagoa, eta maldan oraindik beherago Bereko benta dago, hau ere taberna.
Aparkaleku handi bat dago benten ondoan. Bertan hasi gara oinez udaberriaren hasierako goiz erdi honetan. Izpegiren hegoaldera dagoen mendiaren ezker hegitik zehar doan bide garbi batetik abiatuz hasi dugu ibilaldia. Pintura berde eta horiz seinalaturik dago bidezidorra, eta metro gutxiren buruan basoan sartu gara. Bide erosoaren laguntzaz malkarra zeharkatuz, udaberriak pagadia oraindik ez duela guztiz esnatu ikusi dugu, zuhaitz gutxi batzuek eta ahabia landareek hosto berri argi-argiak bota dituzte han-hemenka, eta orbel zaharraren artetik lore txikiak jaiotzen hasi dira, baina gehiena oraindik lo dago eta kolore nabarra da nagusi. Orain, udan sartuak garen honetan abiatzen bazarete paraje hauetara esnatzekoak esnatuak dira honezkero. Bidea oso ona da, oso erabilia. Hainbat harkaitz saihetsiz, zuzen-zuzenean doa Nekaitzeko lepora. Basoa atzean gelditu da, azken malda gora leuna gainditu eta lan handirik gabe heldu gara belardiz estalitako lepo zabal honetara. Nekaitzeko lepoan (815 metro) eta inguruetan bazkan ari dira pottokak, Autza itzelaren begiradapean. Hiruzpalau borda daude beren itxiturekin. Ordu erdi bat eman dugu Izpegitik hona etortzen.
Belaze atseginetan barna, bide garbitik, ordekan segitu dugu Elorrietako leporantz (830 metro), hainbat harrespila eta trikuharri bat dauden lekua. Baigorri aldetik datorren pista baten bihurgunea dago hemen, eta mugarri bat, Erratzu eta Bankaren muga baita. Aurrean dugun Autzaren aldapei ekin behar orain. Bidezidor garbitik, malda gora gogorrari heldu, eta pago artean sartu gara berriro, Harrigorri deitzen den harkaitzerantz. Harrigorri Autzaren bizkarretako batean harro-harro goratzen den irtenune bat da. Gailurrera heltzeko, Harrigorri gainera iritsi beharra daukagu, eta bera gaindituta, basoa behean gelditzen denean, lepo txiki soil batera heldu gara. Jada basotik kanpo, azkeneko malda pikoa bakarrik falta da, tontorreraino harri piloez seinalatua. Ordu eta erdi daramagu oinez Izpegitik abiatu garenetik.
Autza gailurra (1.305 metro), tontor belartsu zabal eta laua da; erpin geodesikoa, buzoi txiki bat, eta mendian hildakoen oroitarri batzuk daude. Ikusmira ederra daukagu hemendik: iparraldera, Gorramendi eta Gorramakil, Iparla, eta urrutira Landetako kostaldea; mendebaldera, Larrun eta Aiako Harriak, eta hauen atzean Kantauri itsasoa; Mendaur ere ikusten da, eta urrutira, lanbroak lausoturik, Aizkorri, Gorbea, Anboto... eta gure azpian Baztan bailara; hegoaldera, berriz, Saioa eta Zuriain elur zipriztinekin, Beriain, Adi, eta hauen behealdean, Aldude bailara; eta azkenik, ekialdera, Ortzanzurieta, Txangoa, Astobizkar, Urkulu, eta hauen aurrean, Aldudeetako bailararen gainaldean, Adartza-Lauriña mendilerroa, eta urrunera, Pirinioak elurtuta, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi... Behorlegi, Beltzu, Arballak ere ikusten dira, eta azkenik, ipar-ekialdean, Iparraldeko muino leunak.
Hori guztia begiratzen ari garela, Autzak misterioren bat gordetzen duela iruditu zaigu. Tontorreko lurrean eta bere inguruan zulo batzuk ikus daitezke: lurzoruan zuloak daude, belarra kenduta; higadurak egin ditu, animaliaren batek edo, elezaharrak esaten duen bezala, norbaitek egin ditu? Mariano Izetak "Baztango Kontuak" liburuan kontatzen duenez, Erratzuko baserri bateko gizon bati Autzako tontorrean urrea zegoela sartu omen zitzaion buruan, eta egunero joaten omen zen aitzur eta palarekin lurra zulatuz urre hura bilatzera, baina ez omen zen azaltzen. Arrebak eramaten omen zion jatekoa, eta han egun osoz lan egiten aritu ondoren, etxera itzultzen zen iluntzean, eta hurrengo egunean, berriro Autzako gailurrera. Urrerik agertzen ez zela ikusirik, lan hura alde batera utzi zuen azkenean.
Autzak badu bitxikeria gehiago: tontorreko eta bere inguruko toki askotan salto egin edo lurrari jo, eta azpia hutsa dagoela nabaritzen da. Bestalde, tontorraren ondoan, bada zutik jarritako harri zorrotz pilo bat duen muinoa, hona etortzen den jendeak hartu duen ohituraren bat izango al da? Hilerri baten itxura hartu du gain honek.
Haizea zakartzen hasi da eta jaisteko garaia dela pentsatu dugu. Nekaitzeko leporako jaitsiera igotako bide beretik egin daiteke, baina leku ezberdinetik jaitsiko gara gu. Gailurrean dauden oroitarrietatik abiatuz, mendiaren ipar bizkarraren gainetik jaisten hasi gara, ez dago bidezidor garbirik, baina eguraldi argiarekin erraza da. Mendiaren goialdeko eremu soilak utzi eta pagadian sartu eta berehala, ezkerrera eta beherantz doan pista bat topatu dugu, baina hau gurutzatu eta Elorritako lepoaren inguruan dauden bordetara jo dugu zuzenean. Errekastoa pasata, belazeetan zehar berriz ere, Nekaitzeko lepora heldu gara. Hemen, bide ezaguna har daiteke Izpegira itzultzeko, baina guk Olaten (936 metro) barna egin dugu buelta.
Nekaitzeko lepotik Olatera bidexka lauso bat igotzen da; hasieran ez, baina gorago garbi-garbia da. Mendiaren eskuineko alderantz zuzentzen da, gainean ikusten den gandor harritsuaren beste aldera pasatzen da gailurraren eskuineko aldetik, eta hemendik aurrera beherantz hasten da, basoan sartuz. Hortik aurrera, bidea gainez gain jarraitu dugu malda gogorrik gabe zuhaitzik gabeko gailurreria segituz, eta gandorra altuera garbiki galtzen hasi denean bidexkak eskuinera biratu eta zuhaitz artera sartu gara berriro. Izpegiko etxeak ikusten dira hemendik, eta bide onetik segitu dugu bertaraino. Hiru ordu eta erdian egin dugu buelta osoa. Izpegiko mendatean nahiko animatuak daude gaur irekita dauden bi bentak, batzuk edariren bat hartzera hurbildu dira, baten bat ogitarteko ederren bat jatera...
Autzaren bitxikeriak
Autzaren inguruetan 1913ko udan euri erauntsi aparteko eta izugarri bat erori zen, eta urak bidean topatu zituen enbor, harri eta lur guztiak eraman zituen berarekin. 22 zubi, 80 etxe eta bide eta lursail asko hondatu ziren. Uholdeak Erratzu bete-betean harrapatu zuen eta kalte handiak eragin. Elizondo eta Elbetean ere txikizioak egin zituen urak. Hondamendian bi pertsona ito ziren. Autzaren beste aldean ere, Bankan, jasan zuten uholdea.

Mariano Izetak, "Baztango Kontuak" lanean, lehenago kontatutako istorioez gainera, Autzaren gauza bitxi gehiago kontatzen ditu. Horrela bada, sekulako lehortea izan zen urte batean, Autzaren gailurreko belarrek su hartu omen zuten eta keak egun asko iraun omen zuen. Ikusgarria izan omen zen: Autzak bizirik zegoen sumendi bat ematen omen zuen


Azkenak
2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten

Ez dut sekula pelikulekin negar egiten. Pelikula gogorrak ikusi ditut, istorio tristeak, heriotzaz beteak, gizakiaren alderik zatarrena erakusten dutenak? Barkamenik eskatu gabe, gainera? Pelikula ederrak ikusi ditut, dotoreak, monumentalak, mirarien gainean hitz egiten dutenak,... [+]


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Eguneraketa berriak daude