argia.eus
INPRIMATU
«Zenbat molekula ote ditu irribarre batek?»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nola azalduko zenuke zuk «Uso bat gehiagoren» historia?
Bazen behin eskolan urte asko emandako maisu bat, bere kezkarik sakonenak eta bere sinesmenik kuttunenak azaltzeko une egokia zela uste zuena. Hasi zen, bada, bere oroitzapenetan miatzen, eta maisu jubilatu zahar baten itzalarekin egin zuen topo.

Nor zen maisu hori?
Liburuan, Joxe Sabas du izena, izen hori ematea erabaki nuelako, beste zenbait izen ere eman niezazkiokeen arren. Baina Joxe Sabas Iriarte hil berria zen, eta haren itzalak oraindik ere lorratz luzea uzten zuen bidean, eguzkia bizitzaz jabetzen zen egunetan batik bat. Maisu zahar hark ez zion beldurra geroari. Eta bere eskuz egiten zituen hartzatxoei eta txalupei egiaren hitzak esaten saiatzen zen. Maisu gazteagoak istorio haietara belarria luzatzen ikasi zuen, eta hitzen mezu ezkutua jasotzeko gauza zela erabaki zuenean, liburu apal baten modura jartzera deliberatu zen. Eta liburu hari "Uso bat gehiago" deitu zion.

Eta zer aurkituko du irakurleak zure liburu honetan?
Maria Iparragirre deritzan idazleak, gaitzaren harra bere erraiak jaten sentitzen duela idazten dion bere lagun Estherri, haren minak izan dezan arinduko duen laztana, kontatzen dion gertakizuna eta bide batez bidaltzen dizkion mezutxoak. Mezutxo horien egilea, idazle horrek hamairu urte zituela ezagutu zuen maisu zahar bat zen, Joxe Sabas hain zuzen, suspentsu gehien ateratzen zituzten ikasleei edota jenio txarreneko maisu eta andereñoei, bere urtebetetze egunean, gutunak igorri ohi zizkien gizona. Adibidez, Fisikako irakasle kopetilun bati, «Zenbat molekula ote ditu irribarre batek?» galdera bidaliko zion.