«HERRIAREN IZAERA FEDEAREKIN LOTUA DAGO ZUZEN-ZUZEN»


2021eko uztailaren 19an
Apezpikuek idatzitako pastorala ezagutu ondoren 358 apaizen adierazpena ezagutu genuen. Apaiz hauek, Euskal Herriak bizi dituen «konfrontazioak» gainditzeko «indarkeria» mota guztiak etetea, eskubide indibidualak eta kolektiboak errespetatzea eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea eskatu dute. Apaiz hauen artean Pello Apezetxea dago, alabaina, sinatzaile guztietatik bost apaizen izenak baino ez dira ezagutzera eman, gainontzekoenak notarioen babespean direlarik. Ekin molde honen zergatiaz galdezka hasi dugu solasaldia Etxalarreko erretorearekin: «Orain hala egiten dugu. Azkeneko hiru hilabeteetan beste idazki batzuk ere kaleratu ditugu -Nafarroan zabaldu direnak, kasu-, horiek sinatu dutenen izen bat edo bi besterik ez dira agertu. Zergatik? Jende batzuek ez dute nahi beren izena agertzea, eta beldurra ere badago. Apezpikuak zer eginen edo ez duen eginen beldur dira. Izan ere, apezpikuak ez badu idatzitakoa onartzen, norberari gutun bana idazten dio, eta ez sobera gozoa. Jendea beldur da. Orain, adibidez, beti izen berak ez agertzeko, beste izen batzuen bila ibili gara eta nahiko lan izan dugu».

Apezpikuen pastoralak eta zuek apaizek idatzitako idazkiak ba al dute loturarik? Zuk zeuk zein testuingurutan kokatzen dituzu bi idazkiak?
Gurea eta apezpikuena ez daude bata bertzearekin lotuak. Ia-ia egun berean atera baziren ere, gurea joan den abenduan hasi zen idazten. Euskal Herri osoko apaizek idatzia izan denez, idazkiak bide luzea egin behar izan du, azkenean Apaizen Koordinakundearen urteko batzarrean aurkeztua izan zelarik. Gure idazkiak, dudarik gabe, Fernando Sebastianek «La Iglesia frente al terrorismo de ETA» liburuaren epilogoan erraten duenarekin zer ikusia du, eta UPNko gazteekin batera eginiko adierazpenen ondorioz etorri da ere bai.

Zer iritzi duzu hiru apezpikuen pastoralari buruz?
Hasteko erranen nuke, idazkiaren gauza batzuek nolabaiteko lotura dutela Sebastianek errandakoarekin. Bestalde, bada pastoral hau epela dena erran duena. Nire irudiko, gehienetan edo ia beti, apezpikuen idazkiak epelak edo ETAren indarkeria zuzen-zuzen gaitzesten duten idazkiak izaten dira. Boteretik burutzen diren eskubideen urratzeaz edo eskubideen aipatzeaz ez dute hain zehazki idazten, zeharka edo abstraktuki idatziak dira beti. Horregatik, apezpikuek idatzi dituzten pastoral guztien artean hau zehatzena izan dela uste dut, gauza gehien zehazten duena.

Esate baterako?
Alderdi Politikoen Lege proiektuaren alde kaltegarriak aipatzen ditu espreski, tortura eta tratu txarrak gaitzesten ditu, kartzelatuak hurbiltzea aipatzen du, baita terrorismoa eta abertzaletasuna ez lotzea ere. Ez dut uste apezpikuek horren garbi eta horren zuzen inoiz idatzi dutenik orain arte. Alde horretatik hagitz positiboa dela uste dut.

Alde ezkorrik ikusten al diozu?
Gehienbat herriaren izaera argi eta garbi ez hartzea eta ez aldarrikatzea. Herriak ezaugarri bereziak dituela dio idazkiak, baina herriaren izaera ez du zehatz-mehatz aipatzen, ez du Elizak esan beharko lukeena esaten. Hau da, Elizak herria Jainkoaren kreazioaren ondorio bezala aldarrikatu eta defenditu beharko luke. Errate baterako, «abertzale izatea edo ez izatea ez da ez derrigorrezkoa moralaren ikuspegitik, ez gaitzesgarria moralari dagokionez» diote apezpikuek. Aldiz, nire ustez, herriaren izaera zuzen-zuzen lotua dago fedearekin. Herri bakoitzak berezko izaera du, bertze herriek berea dute eta guk euskal izaera dugu. Euskaldunon izaera hori onartzea jendea onartzea da, jendea delako bertzerik gabe. Hori Biblian agertzen da, hori Jainkoak egina da eta Jainkoak egina baldin bada fededun batek onartu, defenditu eta aldarrikatu behar du. Gizakiok geure izaera onartu eta defenditu behar dugu, flora eta faunarekiko erakutsi behar dugun begirune eta arrazoi berberengatik, gure fedeak eta moralak ingurumen guztiarekiko eskatzen digun errespetu berberarekin, dena Jainkoak egina delako. Testuak ez du hori esaten.

Idazkiari ETAk eragindako biktimekiko elkartasun falta egotzi zaio sektore batzuetatik.
Apezpikuei ETAk eragindako biktimak ez zaizkiela axola aurpegiratu zaie, ez dituztela nahiko aipatzen eta ez zaiela laguntza nahikorik ematen esaten ari dira hainbat sektoretatik. Horren atzean alderdi politiko batzuek eginiko erabilera dago, alderdi eta sektore horiek idazkia politikoki erabiltzen ari dira. Biktimak daude, jakina, alde guztietan biktimak daude. Nire ustez, zinegotziez eta beren familiez nahiko luze hitz egiten dute idazki honetan, elkartasuna eta sentiberatasuna erakutsi behar zaizkiela zehazten dute, eta haien sufrimendua kontuan hartu ere. Gehiago egin beharko luketela? Bada, bai. Baina, neurriak betiere norberak nondik begiratzen duenaren arabera hartuak izaten dira.

Fernando Sebastian apezpikuak idazkia ez zuela presioengatik sinatu esan dute hedabide batzuek, azken orduan atzera egin zuela-edo. Zein da zure pertzepzioa?
Ez dut uste. Urteroko garizuman egiten den idazkia lau apezpikuek sinatzen zuten lehen, baina Sebastianek aspaldi utzi zion sinatzeari. Beraz, ez da egia. Apezpiku honek idatzi dituenak irakurrita ezinezkoa iruditu zait pastoral hau sinatzea. Eguneko bere jarduera ez dator idazkiarekin bat, beraz koherente izanez, normala da ez sinatzea. Iruñeko apezpikutegiko prentsa arduradunak Sebastian pastoralaren puntu batzuekin ados dagoela erran zuen, baina badakigu zein puntuekin, ezta? ETAren indarkeria eta terrorismoari erreferentzia egiten dioten puntuekin.

Zer moduz zure apezpikuarekiko harremana? Nolako apezpikua da Sebastian jauna?
Sebastian espainola da. Antza denez, ez da espainol nazionalista edo espainolista deitzen den horietako bat. Alabaina, espainiar sentiera badu eta pentsaera ere bai. Guk berarekin egin genuen lehendabiziko bileran, ohi bezala, hastapeneko hitzak euskaraz egin genituen, eta horrek ezinegona sorrarazi zion nonbait. Nafarroara etorri eta hilabete batera, apaizok euskara klabe politikoan erabiltzen dugula aurpegiratu zigun. Nahiko bitxia edo arraroa egin zitzaigun. Zer nahi duzu erratea? Berak espainol izatea, Espainiaren izaera, errealitate hori, gauza normaltzat jotzen ditu, baina bertze nortasun kultural edo politiko bat ez du onartzen.

Hori espainol nazionalista izan gabe.
Beno, nik badaezpada ez nuke erranen hala denik. Ez dakit. Dena den, aipatu liburuaren epilogoan garbi ikusten da euskaldunon abertzaletasuna ez duela onartzen. Batzutan erraten du onartzen duela, baina gero baldintzak jartzen ditu. Adibidez, ez du bakarrik indarkeria gaitzesten ez duen euskal nazionalismoa ez dela onargarria erraten, nazionalismo demokratikoa deitzen den hori onargarria dela dio, baldin eta independentzia ez badu eskatzen. Autodeterminazioa eskatzea ere ez du zuzen ikusten.

Zuen idazkiak, aldiz, autodeterminazio eskubidea errespetatzea eskatzen du. Zein da bere mezu eta ekarpen nagusia?
Lehenik, apezpikuen pastoralarekin batera plazaratu izanak idazkiari eman dion oihartzuna azpimarratu nahi nuke. Lehen ere, gisa horretako idazkiak plazaratu izan baititugu apaizok. Bestalde, apezpikuek bake nahia oinarritzat hartzen duten bitartean gure idazkiak Euskal Herriaren izaera aldarrikatzen du. Hau da, Euskal Herria herri bat da eta eskubideak ditu, autodeterminazioaren eskubidea du hartara. Eskubide indibidual eta kolektiboak errespetatuak izan daitezen eskatzen dugu. Horiek dira idazki honen mezu eta ekarpen nagusiak

«Vatikanoak desagertu beharko luke estatu bezala»
Apezpikuen pastoralak bazterrak astindu ditu. Zer iritzi duzu Espainiako Apezpikuen batzorde erabakitzaileak idazkiarekiko izan duen jarreraz?
Bere jarreraren beldur nintzen, baina apezpikuek ez dituzte bertze apezpikuak kritikatzen, edo ia inoiz ez.

Korporatibismo moduko bat izan ote da?
Bai, baina ez hori bakarrik. Elizbarrutiak neurri batean autonomoak dira. Apezpiku bakoitza, nolabait, jaun eta jabe da bere barrutian. Beraz, lehenik bertzeak ez kritikatzea erabaki dute. Bigarrenik, gobernuarengandik kritika biziki gogorrak jaso dituzte: inmoralak direla. Elizak ez ditu halakoak aise onartzen.

Erromako Vatikanok auzi honetan «oraingoz» ez duela «esku hartuko» adierazi du halaber.
Erantzun diplomatiko bat bezala hartu behar da. Geroko utzi du, alegia. Baina, erran dudanez, Elizak ez du aise onartzen apezpikuen kontrako kritikarik eta gaitzespenik inondik datozela ere, kasu berezietan salbu.

Sektore batzuen iritziz, politikak pisu gehiago du euskal elizan erlijioak berak baino.
Bai, halaxe diote. Gure jarrerak politikoak eta gaitzesgarriak direla diote, eta herriaren izaera defenditzearekin lotzen dituzte. Hainbat kristau teologoek ez dituzte gure jarrerak ulertzen ez onartzen ere. Orain gutxi, teologo aurrerakoi batzuen idazki batek harritu egin nau, beste gaietan oso nire ikuspegi berekoak sentitzen ditudalako. Gure herriari dagokionez aldiz, ez dute iritzi bera, nik berriz kontraerranetan ikusten ditut. Adibidez, teologo hauek Brasileko Leonardo Boff teologo ospetsuaren ikuspegiak onartzen dituzte. Nik Boffek Ameriketako herriei eta kulturei buruz esandakoak Euskal Herriari aplikatzeko modukoak ikusten ditut, haiek ordea ez dituzte inondik ere egokiak ikusten herri honetarako. Orduan, politika egiten dugula? Nik gure herriaren izaera fedearekin lotzen dut. Eliza nagusiak boterearen ondoan egiten du politika, boteretsuen alde paratzen da. Apezpikuen idazkia dela-eta Josep Piquek Espainiako nuntzioari deitu dio, gero Vatikanora deitu du. Hori ez da kristau eliza, hori kontraerran izugarriekin funtzionatzea da.

Eliza krisian dago.
Bai. Horregatik eta Eliza bertze bidetik joan dadin, kardenal, apezpiku eta apaiz batzuk III. Kontzilio Vatikanoa eskatzen ari gara. Juan XXIIIk II. Kontzilioan erran zuenez haize berriak behar ditugu etxea aireztatzeko. Mezu hori zabaldu nahi zuen, baina bertze batzuek leiho hori itxi egin zuten eta Eliza geroz eta gehiago indartu da hierarkia eta instituzio bat bezala. Kristau elizak ez du inolako zentzurik norabide honetan, Vatikanoak desagertu beharko luke estatu bezala. Ebanjelioaren, bere izaeraren eta Kristoren jarraitzaileen kontra doa bide horretan

Goizuetarra sortzez. Etxalarreko erretorea da. «Herria 2000 Eliza»ko kidea. Sebastian apezpikuarekin harreman bereziak ditu. Bera etorri aitzin, apezpikuak urtean hiru bilera egiten zituen apaizekin, orain urtean behin. Cirarda apezpikuaren garaian mendialdeko apaizen ordezkaria izan zen. Orduan apaizek hautatzen zuten ordezkaria, orain Sebastianek hautatzen du. Elizan demokrazia eskas ote den adierazi diogu. Irriño batez erantzun digu.


Azkenak
Lanaldia astean 37,5 ordu baino are gehiago laburtzearen erronka

Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.

Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]


2025-02-04 | Euskal Irratiak
Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran

Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.


Iñigo Cabacas Herri Harmaila
“Jazarpena azken urte eta erdian areagotu da”

Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldea eta Athleticen arteko harremana nahaspilatuta dago azkenaldian. Iñigo Cabacas Herri Harmailako Iñigorekin hitz egiteko aukera izan dugu astelehenean.


Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]


2025-02-04 | Gedar
Hilaren 21ean epaituko dituzte hiru lagun Gasteizen, etxegabetze bati aurre egiteagatik

Lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Duela lau urte, etxe-kaleratze bat gelditzen saiatu ziren Herrandarren kalean.


2025-02-03 | ARGIA
AEBen muga-zerga berriei erantzuten hasi dira Txina, Kanada eta Mexiko

Donald Trumpek agindutako muga-zergak indarrean sartu dira: Kanadak eta Mexikok %25ekoak izango dituzte eta Txinak %10ekoa. Kanadak zifra bereko arantzelekin erantzungo du. Mexikok arbuiatu du AEBko Gobernuak esan izana organizazio kriminalekin loturak dituela herrialde horrek... [+]


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


2025-02-03 | ARGIA
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko

Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.


2025-02-03 | Estitxu Eizagirre
Ezkeltzun ez dutela eolikorik jarriko jakinarazi dio enpresak Zizurkilgo Udalari

Green Capital enpresak ahoz jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari Ezkeltzuko proiektua "behin betiko bertan behera uzteko erabakia". Udalak positibotzat jo du erabakia, "zalantza handiak sortzen baitzituen ingurumenari, paisaiari eta ondareari eragingo lizkiokeen... [+]


LGBTIQ+ komunitateak Argentinako kaleak bete ditu Mileiren aurka

Manifestazio jendetsuak egin dituztean larunbatean Argentinako hainbat hiritan. Javier Milei presidenteak "pedofilo" deitu ditu LGBTIQ+ pertsonak Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.


Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


Eguneraketa berriak daude