Euskararen erabilera

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Datu uholdea dago SEI elkarteak egin berri duen euskararen kale neurketaren emaitzetan eta mahai-inguruan modu orokorrean heldu zaie, nahiz eta datu zehatzen batzuk ere aipatu diren. Bestela, erabilitako bi orduen ordez, hamaika gutxienez beharko genituzkeen. Eta datuak mahai gainean, interpretazioen elkartrukerako eta eztabaidarako tartea zabaldu da. Inkesta zuzendu duenaren ikusmoldea eskaini du Olatz Altunak. Nafarroako datuen interpretazioaz aritu zaigu Rosa Ramos, Nafarroako gune eskaldunetan emaitza hobeagoak espero zituela aitortuz. Nahiak nahi, errealitatea hor dagoela gogorarazi dio Xabier Aizpuruak, datu, ikerketa eta interpretazio askoren jabetzatik, Euskal Herriko hizkuntz errealitatea gutxik moduan ezagutzen duela erakutsiz. Iñaki Martinez de Luna EHUko irakaslea baikor agertu da datuen aurrean, baina hizkuntz gutxitu guztiek duten desagertzeko arriskua garbi utziz; horrexegatik, bere ustez, tentsio puntua mantentzea ezinbestekoa da.

Jadanik ezagutzen dituzue datuak. Balorazio oso orokorrarekin hasiko gara, gero xehetasunetara sartzeko.

OLATZ ALTUNA.
Datuak gazi-gezak dira. Erabilerak gora egin du eta hori positiboa da, baina igoera horren erritmoa moteldu egin da. Gainera, bi erritmoren konstatazioa jaso dugu, hau da, gorakada ez da homogenoa izan. Bizkaian eta Gipuzkoan hazkunderako joera nabarmendu da, baina gainontzeko lurraldeetan erabilera bere horretan dago. Baldintza soziopolitiko egokiak dauden tokietan gorakada eman da, baina euskararen normalizazioari oztopoak jarri zaizkion eremuetan erabilera egonkortua dago. Garrantzitsua da, halaber, %14ko erabilera ondo aztertzea. Euskara erabiliko bada jakitea ezinbestekoa denez, euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua kontuan hartuta, jaso dugun erabilera espero zitekeena baino altuagoa da. Hau da, erabilera ezagutzarekin alderatuz gero -%25 inguru-, %14ko erabilera altua da. Beraz, euskal komunitatearen aldetik badago euskaraz aritzeko gogoa eta hori oso posi


tiboa da.
IÑAKI MARTINEZ DE LUNA. Hizkuntza batean ezagutzak eta erabilerak ez dute bat etorri beharrik. Ezagutzak ez du zergatik erabilera ekarri behar. Gutariko asko gai gara ingelesez zerbait aritzeko, baina ez zaigu burutik pasatzen gure artean ingelesez hitz egitea. Ezagutzatik erabilerara pasatzeko baldintza batzuk behar dira. Gipuzkoa eta Bizkaian bada euskal hiztunen komunitate bat, Araban -Aramaio salbuespen- gehienez protokomunitate batzuk daude. Hor dago toki batzuetan erabileran aurrera egitearen klabea. Hizkuntza politika eta euskalgintzaren jarduna ere, besteak beste, klabe garrantzitsuak dira.
ROSA RAMOS. Ados orain arte esandakoekin. Batez ere garrantzitsua iruditzen zait kontestualizatzearena. Nahia eta borondatea badira, eta hori oso garrantzitsua da. Hau esanda, azterketa honetan adierazten den egonkortasuna azpimarratuko nuke, duela lau urteko argazkia eta egungoa berdintsuak direlako. Positiboa da ikustea nola hiztun berriak -haurrak eta gazteak- komunitatean txertatzen ari diren, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Bilboko kasua adierazgarria da, haurren erabilera tasan hazkundea izan da, eta hori ez da ematen ez Nafarroan, ez Araban ezta Iparraldean ere. Toki hauetan, beraz, hezkuntzatik datorren ezagupen horrek komunitatean txertatzeko arazo handiak ditu. Horrez gain, Nafarroako eremu euskaldunetan erabileraren hazkunde handiagoa espero nuen.
XABIER AIZPURUA. Datuak baloratzen hasi aurretik, operazioa bera baloratu nahiko nuke. Oso interesgarria da kale neurketa moduko tresna bat izatea, batez ere hainbeste urtetan egitea lortzen denean. Horrek neurri bat ematen du eta, metodoak metodo eta kezkak kezka, serie bat egitea oso interesgarria da. Oso informazio aberatsa da eta, Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoarekin batera, Euskal Herrian euskararen bilakaeraren berri izateko daukagun tresna bakarrenetarikoa da.
Oro har, ikusten da aldeko hizkuntza politika dagoen tokietan igoera dagoela eta hizkuntza politikarik ez dagoen tokietan egoerak egonkor jarraitzen duela oso igoera txikiarekin. Ni nahiko harrituta nago datuekin. Nik espero nituenak baino dezente hobeagoak dira eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan ditugun beste iturri batzuek baino -orain lantzen ari garen hirugarren inkesta soziolinguistikoa, esate baterako- emaitza hobeagoak ematen ditu. Edozein eratan, Olatzek azpimarratu duen bezala, ezagutza populazio osoaren %25 ingurukoa denean, %14ko erabilera izugarri handia da. Nafarroan, esate baterako, dakitenak %10 baldin badira eta erabilera %7an baldin badago, esan nahi du 10etik 7k euskaraz egiten dutela eta nik neuk ez dut uste erabilera hainbestekoa denik. Hala eta guztiz ere, lurralde guztietan ikusten da, ezagutza tasak kontuan hartuta, erabilera handia dagoela. Horrek erakusten du euskararekiko leialtasuna oso handia dela. Hori da datu interesgarrienetakoa. Oro har, igoerak eta jaitsierak txikiak dira eta, beraz, egonkortasuna azpimarratu behar da.

Balorazio orokorra egin duzue. Sar gaitezen iradoki dituzuen xehetasunetara.
X. AIZPURUA. Nik metodologiari buruzko galdera bat egingo nioke Olatzi. 500 biztanletik beherako herriak neurketatik kanpo utzi dituzue. Horrek azaldu dezake zenbait tokitako beherakada edo diren datu bitxiak. Izan ere, herri txiki erdaldunetan euskaldunak %5etik behera direnetan alegia, euskararik ez dela egiten kontatzen duzue, baina 500 biztanletik beherakoak baztertzean gune euskaldunenetako herri oso euskaldunak ere ezabatzen dira. Ez dakit horrek aurreko neurketekiko aldaketa esanguratsurik eragin dezakeen. Metodologiari buruzko beste galdera bat: honen aurreko neurketetan, norbaitek behin, bitan ala hirutan hitz eginez gero kontuan hartzen zen eta orain balio errepikatu horiek ezabatu dira. Hortaz, gerta al daiteke orain erabilitako metodoak hobeto neurtzen duenez euskararen erabilerari buruzko emaitzak txikiagoak izatea? Posible al da halakorik gertatzea?
O. ALTUNA. Metodologian egindako zuzenketak minimoak dira. Oso argi eduki da komeni dela neurraldi guztietan metodologia bera erabiltzea datuen alderaketak zuzen egin ahal izateko. Beraz, 1989an erabilitako metodologiari aldaketa oso gutxirekin eutsi diogu. Biztanle kopuruari dagokionez, aurretik ere 500 biztanletik beherako udalerri oso gutxi neurtu ziren, nagusiki Nafarroan. Arrazoia ez zen emaitzak aldatuko zirela, kalean jenderik ez zela topatzen baizik. Iparraldean ere milatik gorakoak neurtzen ditugu eta sarritan arazoak izaten ditugu. Hor ez dut uste desbideraketa handirik egongo denik. Horien ordez jarri diren herriak ezagutza proportzio berekoak dira, baina tamaina handiagokoak.
Bigarren galderari erantzunez, egia da oraingo neurketan behin baino gehiagotan entzundako pertsonak aurreko neurketetan ez bezala tratatu direla. Aurrekoetan elkarrizketa guztiak jasotzen ziren, nahiz pertsona berak behin baino gehiagotan aritu. Errepikatzen duten pertsonek izan dezaketen gehiegizko pisua saihesteko, oraingoan neurri zuzentzaileak hartu dira. Errepikatzen duten pertsonei elkarrizketa kopurua mugatu egin zaie. Kontua da, ordea, horrek eragina duela euskarazko nahiz erdarazko elkarrizketetan eta, beraz, ez luke zertan euskararen erabilera txikiagoa denik adierazi behar.
I. M. DE LUNA. Erabileraren %14ko datua azpimarratzea baino, nire ustez garrantzitsuena joerak azpimarratzea da. Zeren eta, zer da hizkuntza bat erabiltzea? Zein egoeratan neurtu behar da jakiteko erabilera nolakoa eta zenbatekoa den? Egoeraren arabera, erabilera mota bat edo beste bat egon daiteke. Denon gustukoa litzateke lau urtez lau urte ahalik eta erabilera handiena izatea, baina hizkuntzekin ez dago jauzi kualitatiborik halako epe motzetan. Hizkuntza aldaketa gizarte aldaketa mota bat da, eta gizarte aldaketak oso geldo doaz baldin eta Europako Ekialdeko herrialdeetan bezala gertatzen ez bada: harresia gauetik egunera erortzen da eta berarekin batera beste hainbat gauza. Horrez gain, pertsonek oso ikuspegi historiko laburra dugu, guretzat 30-35 urte bizitzaren erdia izan liteke eta hizkuntza batentzat huskeria da. Beraz, joera ona den bitartean, gauzak ondo doaz. Eta alde iluna? Esan den bezala, leku guztietan ez dela joera bera antzematen. Hori da euskalgintzaren baitan gogoetatu beharko duguna. Xehetasunetan sartuta, oso deigarria egin zitzaidan duela 12 urteko datuetan Iparraldea, Nafarroa eta Bizkaian ia abiapuntu berdina zegoela, hau da, erabileraren proportzioa %7-8an zegoela. Gaur egun, emaitzak desberdinak dira. Zer dago horren atzean? Gipuzkoan eta Bizkaian lan sendoa egin dela eta Iparraldean eta Nafarroan ez. Arabako kasua desberdina izan daiteke, abiapuntua ere desberdina delako.
Nafarroa eta Arabako egoera sarritan parekatzen da gauza askotan. Hizkuntza kontuetan egin liteke hori?
XABIER AIZPURUA. Hizkuntzari dagokionez ez dago parekatzerik. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan egindako azterketetan, erabilera tasarik altuenetarikoak ia beti Nafarroak ematen ditu, Nafarroako euskaldunak oso gune trinkoetan daudelako: lehen hizkuntza euskara dute, harreman sare euskaldunak etxean eta lagunartean... Gaur gaurkoz ere, Nafarroako gune euskaldunenak Bizkaia eta Gipuzkoako gune euskaldunenak baino euskaldunagoak dira. Gero Iruñerrian nahasketa dago eta gainerakoan ez dago erabilerarako ia inolako aukerarik. Araban egoera desberdina bizi da. Gasteiz dago, gune erabat erdalduna eta beste muturrean, berriz, gune guztiz euskalduna Aramaio aldean.
Neurketaren datu zehatzagoetan oinarrituz, eskualde batzuetan igoera nabarmenak ikusten dira, esate baterako Deba Behekoa, Deba Goiena, Gernika-Bermeo eta Durangaldean. Kopuru orokorretan gazte eta haurretan ere aurrerakada esanguratsuak eman dira. Bizkaia eta Gipuzkoa nabarmentzen ditugu, baina Tolosaldea, Donostia, Bilbo... askoz egonkorrago daude.

ROSA RAMOS. Nafarroari dagokionez, nik aurrerakada handiagoa espero nuen eremu euskaldunenetan eta Iruñerrian zerbait handiagoa ere bai, baina bietan ematen da egonkortze prozesu bat. Iruñean argi dago euskaldunak elkartu egiten direla harreman sarea egin ahal izateko, bestela ez legoke erabilerarik ia. Eremu euskaldunetan beste zerbait gertatzen da, eta seguruenik euskaldunek beste trinkotze maila bat dute erdaldun elebakarrekin. Agian horrela azaltzen da egonkortze hori eremu euskaldunetan, hau da, erdaldun elebakarren kopuruak herri horretan duen garrantzi estatistikoan.
Neurketa guztietan aurrera egin duten Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait eskualde nabarmendu ditugu. Aztertu al daiteke leku horietan zer baldintza diren eta zergatik egiten den aurrera?

X. AIZPURUA. Bizkaian ere bi mundu ikusten dira: Bizkaiko ekialdekoa, nahiko euskalduna, eta mendebaldea, askoz ere erdaldunagoa.
I. M. DE LUNA. Esparru euskaldunetan garai batean erdaraz ziren harreman sareak errazago ari dira ordezkatzen euskarazko harreman sareekin. Tolosa batean, esaterako, azken bolada honetan gazteek errazago izan dute euskaraz egitea. Aldiz, eremu erdaldunagoetan, euskaldunek haien arteko harremanak euskaraz izateko zailagoa dute. Donostiako kasua aztertua dut eta adibide ona iruditzen zait: euskaldun euskaltzaleak nahiko etsita sentitzen dira erdal munduaz inguratuta daudelako. Eskualdeburu euskaldunetan, aldiz, harremanak euskaraz garatzea errazagoa da. Horrez gain, euskararen munduak oro har dituen baldintzen arabera tope bat dago, eta seguruenik, Nafarroako zona euskaldunetan ere egonkortasun bat ageri bada horregatik izango da, euskararen munduaren baldintzen arabera bere topera iritsi delako. Baldintzak izugarri aldatu beharko lukete hori aldatu ahal izateko.
R. RAMOS. Zalantzarik ez egoera sozialak eragina du horretan baina, horrez gain, norberaren garapen linguistikoa ere hor da. Iruñerrian, adibidez, zaila da benetan irakaskuntzaren bidez euskalduntzen diren gaztetxoen erabilera ez formala lortzea, erraztasunez eroso komunikatzen ez direlako. Beraz, sarea bai, baina erraztasuna ere eragile garrantzitsua da. Azken finean, bi hizkuntzen arteko gaitasun erlatiboak argi dago zeinen alde egiten duen, hau da, Iruñerriaren kasuan gazteak erosoago sentitzen dira erdaraz komunikatzen. Neurketak batez ere eremu pribatuko zerbait neurtzen du -kalean lagunekin, familiarekin...- eta, beraz, ez da gune oso formala. Horrexegatik iruditzen zaizkit datu interesgarriak Bilbokoak, gune erdalduna izanik, erabileran gora egiten duelako, Nafarroako eremu euskaldunetan eta Iruñerrian ez bezala.
Eta zergatik espero zenuen igoera handiagoa Nafarroan?
R. RAMOS. Batez ere euskaldun eremu horretan, Iruñerriko euskaldun tipologiak dituen zailtasunak ez dituelako.
X. AIZPURUA. Lehen, Iñakik joerak azpimarratu behar direla esan du eta nire ustez ere hori da garrantzitsuena. Neurketaren datu hauek -nahiz eta hobeto aztertu beharko diren- joera on horren erakusle dira. Datuek espero zitekeena erakusten dute, Iñakik esan duen bezala, hizkuntzak oso geldo garatzen direlako. Honakoak dira dauden joeretako batzuk: muturretako egoerek gero eta pisu txikiagoa dute, hau da, gune euskaldunenak ez dira hain euskaldun eta gune erdaldunenak ez dira hain erdaldun. Harreman sareei dagokienez, halaber, egoera nahasiak geroz eta ugariagoak dira, eta horrek sekulako ondorioak ditu hizkuntza jokabidean. Harreman sareak, oro har, gero eta euskaldunagoak dira, Iparraldean ezik; hau da, gero eta solaskide euskaldun gehiago dago gure harreman sareetan, salbu eta toki euskaldunetan, adineko euskaldunak hiltzen ari direlako. Zer gertatzen da? Eremu euskaldunagoak izanagatik ere, ez direla euskararen erabilera bermatzeko behar bezain euskaldunak. Erraztasunari dagokionez, hau erabakigarria da. Euskara lehen hizkuntzatzat dutenak eta euskaraz errazago moldatzen diren hiztunak hiltzen ari dira, eta datozen euskaldunak, euskaldun berriak dira, hots, erdara da haien lehen hizkuntza eta harreman sare ia guztiz erdalduna dute. Horrek ere ez dio mesederik egiten erabilerari.
Hirugarrenik, hor da arau soziala. Hizkuntzak ospea duen tokietan, erabilera gune formaletan ari da hazten: eskola, administrazioa... baina esparru ez formaletan gutxiago igotzen da, motelduta dago eta kasuren batzuetan behera egiten du. Esparru formaletan euskaraz aritzeko unean uneko konpromisoa behar duzu -urtean behin errenta aitorpena egitean, esate baterako-, baina harreman pertsonaletan eguneroko konpromisoa behar da, eta errazagoa da unean unekoa eguneroko hori baino.
Bestetik, Nekane Jausorok bere garaian lan kualitatibo bat egin zuen gazte euskaldunen arteko erabilerari buruz. Beste batzuen artean honako ondorio oso interesgarria zuen: parekideen arteko hizkuntza eta goitik beherako harremanen hizkuntza bereizi zituen, eta gazteentzat euskara gero eta gehiago omen zen goitik beherako harremanetan -gurasoekin, irakasleekin, nagusiekin...- erabiltzeko hizkuntza parekideen artean erabiltzekoa baino. Oraingo neurketan datu interesgarriak agertzen dira helduen eta umeen euskarazko harremanari buruz.
Erabilera ezagupenarekin alderatu behar dela aipatu duzue lehen. Erabileraren erdia haurrekin egiten da, eta haurrekiko erabilera horretan euskaraz gutxi dakiten nagusien kopurua handia da. Distortsiona dezake horrek zenbait datu? Inkesta batean, guraso askok esan dezake euskaraz ez dakiela, baina gero haurrekin zerbait egiten dute edo saiatzen dira.

X. AIZPURUA. Horiek izan daitezke gure datu batzuen -Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakoak- eta neurketa hau bezalako behaketen artean dauden desberdintasunak azaltzeko arrazoiak. Guk ondo dakitenak bakarrik hartzen ditugu eta beti euskaraz hitz egiten dutenak. Erabilera gure datuetan baino handiagoa da hemen.
O. ALTUNA. Egia da nagusi eta haurren arteko elkarrizketek irudi euskaldunagoa ematen dutela, kasu batzuetan helduek euskaraz ondo egin ez arren, haurrei hitz egiteko adina moldatzen direlako. Xabierrek erabilera sendotzeko hiru faktore aipatu ditu: harreman sarea, hitz egiteko erraztasuna, eta arau soziala. Nik laugarren bat aipatu nahi dut: hizkuntzaren hautaketa kontzientea. Alegia, bizitzan une batean hizkuntzaren hautaketa egin behar da kontzienteki, batez ere gaztetxoen adinean eta nerabezaroan. Euskara dakiten gazte askok ez dute euskararen aldeko hautua egiten, beste faktoreek -erraztasuna, arau soziala,…- eraginda.
Ezagutza ez da nahikoa erabilera bermatzeko, eta Katalunian hori oso agerikoa da: gaitasuna %75ean dute eta %95ek ulertzen du; alabaina, eremu informaletan katalanaren erabilera dela eta kezkatuak daude, neurketarik egin ez badute ere, gutxi erabiltzen dela uste baitute. Han zera ikusten da: "Nire hizkuntza katalana da" esaten dutenek normalean katalana erabiltzen dute, eta "nireak katalana eta gaztelera dira" diotenek, normalean gaztelera lehenesten dute. Han ere, beraz, hautaketa kontzienteak eragin handia du.
I. M. DE LUNA. Azkenean, horren atzean dagoena hiztun komunitatea da. Orain arte hiru osagai nagusiri buruz aritu gara -ezagutza, harreman sarea eta komunitate izatearen kontzientzia-, hiztun komunitatea osatzeko funtsezkoak direnak. Komunitate mota guztietan behar da komunitate horretako partaide izatearen kontzientzia, eta hizkuntzetan ere bai. Horren premia ere badago, euskaldun berri asko edo etxean ikasi duten asko, esaterako, ez dira euskal hiztun komunitatearen partaide sentitzen. Honekin Fishman edota Txepetxen planteamenduetan gaude, eta gakoa horretan dago. Gurean euskaldun berriak hiztun komunitate batean sartzen ari dira, baina ez ekoiztu ahala batzuk euskarazko harreman sareetan txertatzen ez direlako.
Ezagupena eta erabileraz ari gara etengabe. Ezagupen maila bat lortzen ari da, eta horrek bere isla du erabileran ere. Dauzkagun datuen arabera, ezagutzak behar adinako isla al du erabileran? Gipuzkoan, adibidez, zazpi eskualdetatik bostetan haurren erabileran euskara da nagusi, %50etik gora; Bizkaian bitan. Honek motibazioan ere eragina du. Aitzitik, ezagutzan asko aurreratu den tokietan baina erabileran %5etik pasatzen ez denean, ez al du eragin negatiboa motibazioan?

X. AIZPURUA. Bai, badira euskara ikasi baina ez erabiltzearen poderioz galtzen dutenak ere; porrot pertsonala inork ez duenez onartzen errua bestearena izaten da eta horrek euskara ez erabiltzearen diskurtsoa indartzen du. Ezagutza ez da nahikoa, erabilerak hautu bat egitea eskatzen du, baina ezagutza derrigorrezkoa da, areago, derrigorrezkoa da denek ezagutzea. Hori oraindik ez da gertatu, eta ezagutza hamarretik zazpi edo zortzira igotzen ez den arte, erabilerak apurka egingo du gora, baina ez modu nabarmenean. Zer gertatzen da? Euskal Herrian baditugula baldintza horiek betetzen dituzten zenbait toki, eta horietan arau soziala da oso garrantzitsua. Hor badago aukeratzerik, eta hor pixka bat ezkorragoa naiz. Halakoetan, unean uneko erabilera ikusten dut, baina hortik gure bizitzan 24 orduetan euskaraz aritzera desberdintasun handia dago. Toki horietan badirudi ez dela gertatzen ari espero zitekeen erabileraren igoera. Hor beste eragile batzuk ere erabakigarriak dira: komunitatearekiko partaidetza, euskaltzaletasuna, norberaren pentsamoldea...
ROSA RAMOS. Dena den, euskaldunen hazkunde hori ere ikusteko dago, gutxienez Nafarroa eta Iparraldeari dagokienez. 1986ko erroldaren arabera, Nafarroako elebidunen kopurua %10,2koa zen eta 1996koaren arabera %10,9. Orokorrean ematen diren ezagupenari buruzko aurreikuspenak ez dira berdintsuak toki guztietan. Araba, Nafarroa eta Iparraldea horretan ikusten ditut desberdin: ez dut daturik, baina Araban ezagutzaren hazkundea handiagoa izango da seguruenik.
Kale neurketa honetatik irakurketa baikorra eta ezkorra egin daiteke, datuei nola heltzen zaien arabera. Gizarteari begira nola komeni da interpretatzea datuak? Duela gutxi, adibidez, Unescoren txosten batek euskararen biziraupena kolokan jartzen zuen.

X. AIZPURUA. Ni ez nator bat Unescok Euskal Herriaz dioenarekin. Argi-itzalez hitz egin da hemen eta egia da, neurketan argi-itzalak dira, baina datuak bere ingurumarian irakurri behar dira. Paradoxa bat da, baina ez hain datu onekin diskurtso positiboagoa egiten da zenbait tokitan, datu on hauekin egiten den diskurtso negatiboarekin alderatuz. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. SEIren txostenean honako irakurketa egiten da: hazkundea moteltzen ari da eta erritmo honetan euskararen geroa ilun dago. Hori ere asko matizatu daitekeela uste dut. Unescok enkargatutako txosten hark dioenez, euskararen biziraupena ez dago bermaturik. Ni ziur nago belaun honetan euskararen egoera aurreko belaunean baino askoz hobea dela, horretan ez dut zalantza izpirik. Ez dut inolako zalantzarik belaun honetan ere ez dela galduko. Hurrengo belaunetan zer gertatuko den? Hurrengo belaunei galdetu beharko zaie. Azken 25 urteetan eman den jauzia garrantzitsua da, jarraitua eta joera hobera doa. Tolosan edo Añorgan duela 25 urte gazteek ez zuten euskaraz hitz egiten. 77-78an Gasteizen Dato kalea zeharkatzean ez zen euskara izpirik entzuten, eta gaur egun, ezinezkoa da Dato kalea edo Gasteizko beste edozein auzo zeharkatzea euskararik entzun gabe, gutxi baina entzuten da. Ilunak ere, dena den, badira baina, nire ustez, ez hizkuntzaren biziraupena, epe ertainera bederen, arriskuan jartzeko modukoak. Besterik da, ordea, bide honetatik barrena euskararen erabateko normalizazioa erdietsi ote daitekeen ala ez.
Lurralde desberdinen arteko egoera litzateke ilun horietako bat. Nafarroa eta Iparraldea, esate baterako.

X. AIZPURUA. Argi dago, euskararen aldeko hizkuntza politikak dauden tokietan euskarak ospea eta indarra hartzen du, eta euskararen aldeko politikak ez dauden tokietan edota politika euskararen aurkakoa denetan, ez dago ospe hori. Nagusiki Nafarroaz ari naiz, orain, eta ez horrenbeste Iparraldeaz. Iparraldeko zenbait neurri berri ez dira nik nahiko nituzkeenak, baina duela hamar edo hogei urteko egoerarekin alderatuta positiboak dira, nahiz eta ez dakidan joera aldaketaren seinaletzat har daitezkeen.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez ere, esan ditudan arrazoiengatik, ez dut espero sekulako igoerarik erabileran. Baina bai espero dezaket euskaraz bizitzeko aukera errealak dauden tokietan erabilera handiagoa izatea. Toki horietan ez dugu behar bezala asmatu, edo behintzat ez da ikusten. Erabilera ez formalean ere ez dugu behar bezala asmatu, eta hor egiten da bizitza gehiena. Eskolak euskaraz dakiten pertsonak ematen dizkigu baina ez euskal hiztunak, alegia, euskaraz mintzo direnak, eta gainera eskolari ezin diogu hori eskatu. Hori beste nonbaiten landu behar da eta hor ere ez dugu behar bezala asmatu. Guztiok gehiago eta hobeto saiatu beharra dugu etxetik kanpoko gertuko komunitatearen euskarazko auzogintzan eta zerbitzugintzan.
I. M. DE LUNA. Esparru formalean indar handia jarri da eta agian ez zaio behar besteko garrantzia eman esparru ez formalari: lan munduko harremanei, familiari, lagun arteko harremanei... Langileen %84k esparru pribatuan egiten du lan eta gainerako 16k esparru publikoan. Datu horrek bakarrik ematen digu lan munduaren garrantzia. Plangintzak leku formaletarako edo administrazioen arteko esparrutarako bakarrik egiten badira, gizartearen parterik potoloena ahazten dugu. Gogoan dut eremu euskaldun bateko lanbide eskola bateko ikasle euskaldunek duela hamar urte esaten zutena: "Ez, euskara hemen ez da garrantzitsua, gero lanera zoaz eta erdaraz egiten da". Esaldia literala da. Lan mundua euskaldundu ezean, neurri batean behintzat, jai dugu.
R. RAMOS. Badirudi guk hautatu egin dugula eremu publikoan gehiago eragitea. Nagusiki baliabide kontua izan da, eta ahal izan dugun lekuetan eragin da. Orain kontzientzia handia hartu dugu lan munduaz, seguruenik beste alor batzuetan urratsak eman direlako eta orduan hurrengo urratsak hobeto ikusten direlako. Lan munduan sartzeko baliabideak behar dira.
I.M. DE LUNA. Ados, baliabideak behar dira, baina baita lehentasunak ezartzea ere: utz ditzagun dauden egoerak dauden moduan eta gutxienez jar dezagun aldaketarako ahalegina hastear direnekin. Herri elebidun batean bagaude, horri aurre egin behar zaio eta bietan funtzionatu behar da, zerbitzuak ere bi hizkuntzatan emanez. Eta hori, kasurik gehienetan, ez da ematen, nahiz eta tartean dauden eragile guztiak euskaldunak izan.
X. AIZPURUA. Gaur egun lan munduan nagusi den belauna, agintean dagoen belauna, guk noiz ezagutu dugun erdaldunena da. Hori ere pixkanaka aldatzen ari da, eta lan munduan euskaraz aritzeko belaunaldi gazteak ere orain ari dira hezkuntzatik lan mundurako jauzia egiten.
I. M. DE LUNA. Ikuspegi positibo horren alboan negatiboa jarriko nuke. Euskaraz ikasten ari diren ikasle euskaldun horien artean zenbatek egiten du euskararen hautua? Unibertsitatean, euskal adarrean, ikastetxean izandako hizkuntza portaera berbera mantentzen du ikasle askok eta askok: irakaslearekin euskaraz eta haien artean gazteleraz. Gaitasuna badute, baina kontzientzia pixka bat edo tentsio pixka bat ere behar dute.
R. RAMOS. Orain ikusten ari gara nola datozen lan mundura duela hamabost urte prozesu batean sartu ziren gazteak. Orduan eremu formalari eman zitzaion garrantzia eta orain ikusten da eremu ez formalak duena, batez ere gazteengan; hau da, hiztun osoak lortu behar ditugula, eta ez bakarrik irakaskuntzarako hiztunak. Duela hamabost urte hasi zirenak ez zuten gaur egun izan dezakegun perspektiba hori eta gerora begira hobeto aritzeko aukera izango dugu: ikastetxeetako hizkuntza planak, planteamendu globalagoak, udalerri mailako plangintzak... Horietan dago koska. Hauek ere berri samarrak dira, eta ikusiko dugu zer emaitza ematen duten. Horrez gain, bi abiadurako normalizazio prozesuak gertatzen ari dira eta hori bai da kezkagarria euskal hizkuntza komunitatearentzat. Demografikoki, hiztun multzo handiena, zorionez, eremu aurreratuenean da, baina ezin da ahaztu beste abiadura, bestela bi eremuen arteko tartea gero eta handiagoa izango da.
Olatz, zu SEIko datuen kaleratzeko moduari buruz zerbait esan nahian geratu zara.

O ALTUNA. SEI elkartearen helburua erabileraren argazki bat egitea izan da, diagnosi bat, eta hausnarketa eta eztabaidarako materiala sortzea. Datuen irakurketari dagokionez, azpimarratu nahi izan dugu, batetik, erabilera ez dela norbanakoaren ezaugarria, interakzioaren ezaugarria baizik. Eta, bestetik, erabileraren hazkundearen moteltzea dela-eta alarma piztu nahi izan dugu. Txillardegik dio ezagutzan %30era iritsita ere, erabileran %15era iritsiko garela, gehiago ez. Eta hori horrela, gaina jotzeko zorian gaude. Ezagutzak puntu askotan egin behar du gora, erabileraren igoera nabarmena izan dadin. Datozen kale neurketek emango dute horren berri.
X. AIZPURUA. Bilakaera moteltzea kezkagarria dela esatea gauza bat da, eta ni horrekin ados egon naiteke, baina horrek ez du zerikusirik hizkuntzaren desagerpenarekin ezta arriskuan dagoela esatearekin ere. Gaurko egoeran hiztunak nabarmen gehitu ezean eta dakitenek etengabeko erabilera egin ezean, erabilera ez da asko haziko. Hortik hizkuntza galzorian dagoela esatera sekulako jauzia dago. Nire kezka da, oro har, euskaldunok ez dugula behar besteko euskararen hautua egiten, familian, lagunekin, lan munduan... Alde horretatik, dakitenen kolektiboarekiko diskurtsoa horren autokonplazientea izatea eta, aldiz, ez dakitenen kolektiboarekiko horren penalizatzailea izatea arriskutsua iruditzen zait. Dena den, hau oso balorazio pertsonala da.
R. RAMOS. Luze aritu beharko genuke lehialtasuna zer den adosteko. Dena den, garrantzitsua da Tutera edo Iruñerria bezalako zona erdaldunduetan, esate baterako, euskara erabiltzeko aukera dagoen gehien-gehienetan euskara aukeratzea. Baina, horretaz gain, are garrantzitsuagoa da norberaren harreman sarea hizkuntzaren arabera antolatzeko joera. Eta hiztun elebidunek horrela egiten dute, bestela erabilera askoz txikiagoa izanen litzateke. Ikuspuntu horretatik erabilera tasa altua da.
X. AIZPURUA. Bai, ni ere horrekin ados nago, baina ni ez nago prest bizitzaren 24 orduak euskaraz bakarrik bizitzeko moduko egoeratara soilik mugatzeko. Gasteizen bizi naiz eta zenbait egunetan hala gertatzen da, egun osoa euskara hutsez ari zarela, beste zenbaitetan erdara hutsez. Euskararekiko leialtasuna, beraz, handia da, baina zenbait gunetan euskararen eguneroko erabilera arrunta handiagoa izan daiteke oraindik.
I. M. DE LUNA. Ez dakit Unescoren txostena okerra den ala ez, ez dakit hemendik eta hamarkada batzuetara zenbat hizkuntza desagertuko diren, baina batzuk bai. Dakidana da, hizkuntza gutxitu batek beti duela galtzeko arriskua. Duela hogei urte baino askoz hobeto gaude, bai, baina arriskua oso presente dago beti. Euskal hiztunentzat hizkuntza beti izan behar da hizpide, horrela tentsio puntu bat mantentzen delako. Ezin gara lasaitasunean erori, "euskara ondo doa" eta kito. Leialtasun maila ospetsu horri heldu ahal izateko tentsio puntu bat behar dugu, bestela erdararen zama hor alboan dago eta horrek euskara zapuztuko du. Ondo goazela esan behar da, baina transmititu beharreko mezuan, kezka puntu bat ere behar da. Errealitatea itxaropentsua da, baina gordina ere bai.
X. AIZPURUA. Ados nago, etengabe egin behar da aurrera eta, oro har, hala dela uste dut. Normalizazioa ez dugu guk lortuko, baina kontua da belaun bakoitzak aurreratu behar duela, eta hurrengoari egoera hobeagoa utzi. Beste kontu bat da tentsio puntu hori lortzeko egin beharreko diskurtsoa zein den.
Lehen esan da argazki finkoa dagoela, halako egonkortasun bat, orain aurrera goazela. Ez al dago hor halako kontraesan bat?

X. AIZPURUA. Jakina, horrek ñabardurak eskatzen ditu eta ñabarduretan sartzea ona da. Behaketa honek esparru jakin bat neurtzen du, hizkuntzaren gaur gerorako funtsezkoa dena, baina ez da esparru bakarra, inguruan beste asko daude. Inon ikusten bada aurrerapen txikia erabileran da. Areago, belaunez belauneko famili transmisioa, adibidez, adierazle gogorragoa da eta hor ere emaitza onak izaten ari dira, ikerlari batzuk harritzeko modukoak, baita euskaldun berriez osatutako bikoteetan ere.
Hizkuntza politika molde batek zer eman duen ikusten ari gara apurka, erakundeetatik, udaletxeetatik, elkarte pribatuetatik... Hizkuntza politika bera, diru kopuruak... Aldaketarik somatzen al da aurrera begira?

X. AIZPURUA. Euskararen aldeko partehartze planifikatua ukaezina da. Horrek bi gauza behintzat eskatzen du: daukagun dirua hobeto gastatu behar dugu, hau da, egiten duguna hobeto egin: lehentasunak hobeto detektatu, hobeto adostu, balio duten lehentasunak indartu, bermoldatzeko ahaleginak areagotu... Aldaketa batzuk behar dira, eta inertzia batzuk astindu beharra dago. Horrez gain, baliabide gehiago ere behar dira, orain arte indarrean jarri ez diren zenbait egitasmo indarrean jartzeko. Errezetei begira ez noa ezer asmatzera, eta ildo nagusiak jasoak daude Euskara Biziberritzeko Planean. Oinarrian, oso inportantea da hiztunak irabazten jarraitzea, eta hiztunak nagusiki eskolatik datoz, baina baita famili transmisiotik eta azken eragile hau gero eta garrantzitsuagoa izango da. Azken eremu hau indartu eta babestea oso garrantzitsua da. Horrez gain, eta lehen esan da hemen, euskaraz egiteko aukerak nabarmen gehitu behar dira, zerbitzuak besteak beste, etxetik edo eskolan ikasi den euskara hori erabili ezean galtzeko arriskua dagoelako. Euskarazko zerbitzuak eta produktuak areagotzea oso inportantea da.
Horrez gain, esparru jakinetan euskararen aldeko araua jartzeko ordua da, hau da, "hemen normala da euskaraz egitea" finkatzea "hemen normala da erdaraz egitea"ren partez. Horri buelta ematea ikaragarri zaila da eta horretarako estrategiak bultzatu behar ditugu. Esparru sozio-ekonomikoan oso gabezia handiak daude alor horretan eta gaur egun duela 10-15 urte baino baldintza hobeagoak daude.
I. M. DE LUNA. Gauza asko eta gauza on asko egin da. Dena den, soziolinguistikaren tresna ezagutu arte intuizio hutsezko pausoak eman dira, kasu batzuetan emaitza onekin eta beste batzuetan ez horren onekin. Formazio gabezia horretatik abiatuta, akaso izan den gabeziarik handiena orokortasun falta izan da. Adibide bat, Gasteizen bidegorriekin gertatu izan dena: bidegorriak egin dira espaloi batzuetan, baina kale bukaeran bidegorria amaitzen da eta horrekin ezin da bizikletaz ibili. Hizkuntza batekin beste horrenbeste, hizkuntza bat ezin da irakaskuntzan bultzatu eta gero ezer ez. Edo ibilbide osoa osatzen da edo bestela jai dugu. Gero eta planteamendu orokorragoak egiten dira, baina oraindik ere bada plangintza orokor baten beharra. Euskaldunak ekoizteko tresneria abiadura osoan dugu, baina gero ez dakigu euskaldun horiek non kokatu; hori enpresaren eremuan estrategia falta litzateke, ondasunak produzitu eta gero saldu ez. Herri mailan hainbat ahalegin ari dira egiten zentzu horretan, baina ez leku guztietan. Agian Gipuzkoan bai, Bizkaiko alde batean ere bai, baina Araban ez. Araban herri mailako ekimenari esker ez bada ez dago ia ezer.
Beste adibide bat: zer ari da gertatzen egunero sortzen diren erakunde berriekin? Plangintza bat bideratu beharko litzaieke, hizkuntza planteamendua ere tartean ager dadin. Nik dakidanez ez da halakorik egiten. Askoz errazagoa da sortzen ari diren erakundeekin jokatzea daudenekin ohiturak aldatzea baino. Benetan aurrera egiten duen hizkuntza gutxitu baten kasuan, sortu berriak diren elkarte, enpresa edota harreman mota berri guztietan hizkuntza gutxituak leku jakina eta agerikoa izan beharko luke; hau da, leku gehiena berari eskainita edo, gutxienez, hizkuntza nagusiaren parean, elebitasuna ezarrita. Horren ezean, gune berri horietan hizkuntza nagusiak hizkuntza gutxitua zeharo baztertuko du, eta hori ez da hizkuntza gutxitua normaltzea, diglosia egoeran sakontzea baino. Hizkuntza normalkuntzaren benetako martxa ezagutzeko hauxe proposatuko nuke: sortzen diren talde berrietan euskarak eta erdarak duten lekua aztertzea; erdarak gehiago balu, atzerapausoaren seinale litzateke.
OLATZ ALTUNA. Nik gazteen eremua azpimarratuko nuke. Euskal hezkuntza ereduetatik ez dira berez sortzen hiztunak, kezka hori behin eta berriz agertzen da eta hori bereziki landu behar da. Gazteen erabilerak oro har gora egin du, baina Bilbon behera egin du, adibidez, eta beste zonalde askotan bere horretan dago. Horrez gain, globalizazioak dakartzan zailtasunak hor dira, esate baterako Komunikabideen arloa bereziki landu beharko litzateke.
R. RAMOS. Gauza gehienak atera dira jadanik. Dena den, Arabako kasua ere gehiago aztertuko nuke haurren artean batez ere. Lau urte itxaron gabe, zenbait puntutan fokoa jarri beharko genuke nola goazen hobeki ikusteko. Badakit neurketa lau urtetan behin egitea lan handia dela orain, gainera, tarteko neurketak egiten hasteko, baina erakunde publikoen laguntzarekin, agian, oso interesgarria izanen litzateke SEI elkarteak zenbait tokitan eta adin multzotan neurketa bereziak egitea lau urte pasa baino lehen.
I. M. DE LUNA. Arabatik ikusita, esango nuke arriskutsua izan daitekeela beste leku batzuetarako hartu diren neurriak Araban indarrean jartzea itsu-itsuan. Adibide bat: etorkinekin dagoen kezka. Zenbait tokitan izan daiteke kezka, Gasteiz batean etorkinek euskaraz edo erdaraz ikasten duten ez da kezkagarria. Gasteiz moduko lekuetan, garrantzitsuena euskal komunitatea sortzea da; euskal hiztunen kopuru esanguratsua badago, baina neurri handi batean sakabanatuta. Araba moduko toki batean ezin da euskarazko zerbitzuen aldarrikapenean hasi euskal hiztunen komunitatea sortu baino lehen. Bai, agian lortuko lirateke zerbitzu horiek, baina agian ez erabiltzeko, komunitate kontzientzia eta babes hori ez dagoelako. Dauden ezaugarrien arabera, tokian tokiko neurriak behar dira.
R. RAMOS. Ñabardura bat. Iruñerriarekin konparatuta, ez dakit esaterik dagoen euskal komunitaterik ez dagoela. Neurketaren datuak hor daude, eta komunitate ahul eta sakabanatua izango da, baina komunitate hori egon badago. Trinkotze maila bat badago eta, beraz, komunitatea. Ez da konparagarria Bergaran egon daitekeenarekin, baina hor dago. Ez da nahikoa, ados, baina gogorregia iruditzen zait guztiz ezabatzea.
X. AIZPURUA. Iñaki, zuk lehen bidegorriena aipatu duzu estrategia faltarena adierazteko. Egia da Gasteizen bidegorri asko dagoela eta bat-batean etorbide batean bukatzen zaizula eta pasatzeko bizikletatik jaitsi behar duzula edo semaforoa berde jarri arte zain egon. Halako egoerak badaude, baina kasu horretan ere, nahiago dut bidegorriak egotea, ondorengo arazoa delako horiek nola lotu haien artean zirkuitu bat osatzeko. Gasteizen euskal hiztunekin ere berdin gertatzen da, asko daude baina haien artean lotu gabe. Haurrak, gazteak eta horien gurasoak daude; horiek, eskolarako hautu bat egin dute, baina gero eskolatik kanpo ez da ikusten hautu horrekin jarraitzen dutenik edo horretarako aukerarik dutenik. Zorionez, hiztun komunitatea egon badago, baina uharte askotan banatua eta horiek elkar lotzeko pasabideak eraiki beharra dago. Loturak egiteko estrategietan -ez Gasteizen bakarrik, oro har- ez da asmatu. Beraz, egin diren ahaleginak hobeto egin beharko dira. Egin dena hobeto egiten, badugu lana urte batzuetarako.
MAHAIKIDEAK
Olatz Altuna
SEI elkarteko ikerketa saileko burua
Usurbilen jaioa 1971n. Zientzia Politikoak eta Soziologian lizentziatua. SEI elkarteko ikerketa saileko burua da. 1997an eta 2002an -ekainean aurkeztu berri dena- euskararen erabilerari buruz Euskal Herrian egindako neurketen zuzendaria da. Halaber, EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) 1996an egindako «Politikariak eta Euskara» ikerketaren egilea da. «Bat» soziolinguistika aldizkarian eta beste zenbait herri aldizkaritan argitaratu ditu artikuluak.

Xabier Aizpurua
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Ikerketa eta Plangintza arduraduna
Donostian jaio zen 1960an eta Gasteizen bizi da 1985etik. Euskal Filologian Lizentziatua. 2000tik 2002ra Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea izan zen. 1995etik 2000ra Ikerketarako eta Euskara Sustatzeko zuzendaria izan zen. 1986tik 1995era Ikerketa eta Plangintza arduraduna. 1977tik 1985era Ricardo Arregi euskaltegiko irakaslea izan zen eta Euskal Herriko AEK-ko batzordekidea.


Rosa Ramos
Euskara tenikaria
Iruñean jaio zen 1966an. Euskal Filologian lizentziatua. Euskara teknikari gisa ari da Berriozarko udalean. Aurretik, halaber, euskara teknikari gisa aritu zen hiru urtez Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatean (Leitza-Lekunberri) eta Garesen beste hiru urtez. Gaur egun Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteko lehendakaria da. 1992an «Nafarroako egoera demolinguistikoa» izeneko lana egin zuen eta oraingo SEIren kale neurketan Nafarroako koordinatzaile gisa aritu da.

Iñaki Martinez de Luna
EHUko soziologia irakaslea
Gasteizen jaio zen 1960an eta urteetan enpresa desberdinetan lanean aritu ondoren, eremu akademikoan ari da gaur egun: soziologian doktorea da eta EHUko irakaslea Leioako Campusean. SEI soziolinguistika elkarteko kide eta «BAT» aldizkariko argitalpen batzordeko kidea. «Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara» ikerlanaren zuzendarikide izan da. Halaber, «La Participación política en el País Vasco» tesi liburua du argitaratua. Geu Gasteiz elkarteko kidea da.

Ezaguera eta erabilera gauza bera dira
Euskararen ezaguera eta erabilera bi prozesutzat hartzen ditugun momentutik, itxuragabeko murrizketa egiten dugu prozesu horien gainean. Ikuspegi horren atzean, izatez, zera baitago: erabilerarik gabeko euskararen ezaguera posible baldin bada, ezagueraren mekanismoak berezkoak dira, eta ez daude erabileraren baitan eta honen esanetara makurtuak. Hementxe hasten dira, nire ustez, dualismo galgarriaren ondorio makurrak.

Euskara, beste edozein hizkuntzaren modura, erabiltzen den neurrian bakarrik ikasten eta garatzen da. Beraz, hor prozesu bakarra dago, eta ez bi. Prozesu bakar hori hiztun-subjektuaren sozializazioan datzala esan dezakegu: giza eta gizarte harremanen sareetan burutzen dituen komunikazio-jardunen bitartez bereganatzen du pertsonak hizkuntza. Eta komunikazio-jardun horretan gauzatzen eta garatzen da gaitasun komunikatiboaren nondik norakoa. Komunikazioaren jarduna, beraz, bakarra da, eta gizarte-prozesu horretan erabakitzen da euskararen ezaguera eta erabilera. Horrenbestez: hizkuntza bat "jakitea" ez da jarduera intelektual-kontzeptuala, aribide prozedural-komunikatiboa baizik.
Horrek zer esan nahi du, besteak beste? Besteak beste, honako hau esan nahi du: erabiltzen ez den hizkuntza ez dela erabiltzeko moduan ikasten. Eta erabiltzeko moduan ikasten ez den mintzaira bat, ez da erabiliko erabili behar litzatekeen neurrian. Eta zein da neurri hori? Ezker-eskuin begiratzea aski dugu hori jakiteko: hemengo bi erdarak, Estatu totalitario batzuen eskutik hemengo bihurtu dituzten bi erdarak, ez dira erreferente txarrak batez besteko euskal-erdal hiztunak euskaraz izan beharko lukeen gaitasun komunikatiboaren neurria begiz jotzeko. Erdal hiztunak, aho batez onartuko genukeela iruditzen zait hau, bere gaitasun komunikatibo erlatiboari esker, ez dauka ezinik burutu behar duen jarduera komunikatiboa mamitzeko. Hori ote dugu, ordea, batez besteko euskal-erdal hiztun elebidunaren neurria euskaraz ahoz eta idatziz ari denean? Hemen ere erantzunak aho batekoa izan behar luke. Alegia: ez, inondik inora ere, ez. Bide batez, esan dezagun, euskararen normalizazioaz ari garenean, erdararen eta erdal hiztunaren estatus-corpusaren egoera izan beharko genukeela gidari eta erreferente, ez euskararen alde egindako edozein "aurrerapauso". Gaur egun izan ere normalizaziotik deusik ez duen euskalgintzako ezein ekintzari eransten diogu bekokian "normalizazioaren" etiketa.
Orain arteko azalpentxo hau, bestalde, ez da gaixotasunaren alderdi bat besterik. Hobeto esan: euskal-erdal hiztun elebidunaren gaitasun-defizit hori eta aldi eta alde bereko erabilera-gabezia ez da gaitz larri baten sintoma besterik. Beraz, euskaldungoaren eta euskararen minbiziaren axalean gabiltza oraindik, kausaren aztarnik ez dugu begien aurrean. Halaxe da, bai: hizkuntza zapalkuntza historiko eta politiko ikaragarri sakon baten isla hutsa baita orain arte esana.
Utz ditzagun halere ordezkapen historiko-politiko honen eragile-ardatzak alde batera, beste batera
ko. Eta idazlan hau bukatu baino lehen hausnarketatxo bat egin dezagun Iñaki Garciaren eskutik. Honek egin berri duen ikerketa enpiriko baten argitan, euskararen erabilera zertan den jakin nahi badugu, honakoa izan beharko genuke kontuan: «Ildo horretatik jarraituaz, eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, euskal identitatea indartu beharko litzateke zuzenean, eta ez orain arte instituzioetatik bultzatu den identitate integratzailea, edo euskal-espainiarra (elebiduna, kulturbiduna, edo antzekoa, beste ikerketa batzuetan), identitate kulturbiduna ez baita euskararen erabilerarekin lotzen, lan honen emaitzetan ikusten den bezala" ("Mendeko hizkuntzaren bizi-kemena", UEU).
Neure burua kritikatuz hasi behar dut lehen-lehenik. Neu ere txepelkeriaren ajeak jota bainago aspaldi honetan. Ez da txantxa: kulturbitasunaren aldeko proposamenak eginak ditut hor nonbait euskalduntzearen dinamika eragite aldera, baina oker ibili naiz. Dena esan behar badut, esan dezadan banuela halako zalantzatxo bat delako bitasun horren gainean, baina neu ere moda ideologikoaren aurrean amore ematen hasia nengoen. Azterketa enpiriko honek besterik dio noski: orain eta hemen, Euskal Herriko gune euskaldun murritz batzuk salbu, hiztunaren euskal identitate hegemonikoak bakarrik berma dezake euskararen erabilera egoera minorizatura kondenatutako herri honetan. Gainerako bideak, sasi-bideak dira, eta hau ez da noski hiztun-subjektuaren aukera pertsonalaren kontua. Dakigunez, hizkuntzen erabilera fenomeno sozialen eta nazionalen baitan arautua dago, eta erabilera-arau horien nondik norakoa bi hizkuntza komunitateek gizarte eta nazio egituran daukaten estatusaren eta indarraren arabera eratua.

Euskararen kaleko erabilera dela eta
Euskararen Kale Erabileraren IV. Neurketako datuak azaldu berri dira, eta, hedabideetan kezka moduko bat zabaldu da, haur eta gazteen erabilerak Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik egin duelako gora, gainerako lurraldeetan behera egin duen artean. Gogoeta egin nahi dut, jakingarri horiek hizpide harturik, ezeri oratu aurretik, gauza bi bereizteko: datuak eta iritziak. Hau da, jakingarriek eurek, hotz-hotzean, goranzko jarrera erakusten dute lurralde batzuetan, eta beheranzkoa, besteetan. Ondorik, nork datuei ateratzen dizkie egokiesten dituen ondorioak. (Iritzi hau bilbatzeko, SEI institutuak niri helarazitako 'Bazkideentzako txostena' erabili dut.) Hori ez ezik, gai bi nabarmendu nahi ditut.

1. Herri aginteen hizkuntz politikak ez dira eragingabeak. Hizkuntz politika guztiek dute eragina, dela aldeko, dela bestelako. Izan ere, hizkuntz politikarik ez izatea, berez, hizkuntz politika jakin bat bururatzea da, indartsuak beti ateratzen dizkio abantailak statu quoari, ahulenaren kaltetan. Esan dezakegu, beraz, hizkuntz politikarik eza hizkuntz politikarik eragingarriena dela, norabide baterantz, jakina.
Gogoan hartu behar dugu, euskararen erabileraz denaz bezainbatean, bera ez dagoela bakarturik, erdarak eta euskara baitira elkarren ondoan; erdarek esparru guztiak betetzen dituzte, euskarak, artean, zailtasunak dituela hainbat esparrutara heltzeko. Beraz, hizkuntz politika eragileak burutu behar ditugu herri aginteok, ahulenaren aldeko politika burutuaz, eta hizkuntza ahulenari mesedegarrien gerta dakizkiokeen esparruak harentzat hartuaz.
Beraz, eta ikertzaileetako batek esan duen legez, 'ez da kasualitatea justu Bizkaian eta Gipuzkoan handitzea kaleko erabilera'; horrenbestez, herri-aginteek urteotan hizkuntzaren eretzean egindako politikaren eragina onartu behar da, eta argi eta garbi azaldu behar da herri aginte horien ardura izan duten eta gaur egun duten erakunde politikoen lana.
2. Euskararen berreskuratzea histori ikuspegitik. Azken neurketa honen datuen arabera, argi gorria piztu dute hainbat etorki-
zun-iragarlek, euskararen akaburantz bagindoaz legez; betiere, jakingarri horiek histori ikuspegi luze-zabalean aztertu behar dira. Dena den, badira zertzelada batzuk gogoan izan behar ditugunak, euskaldunok trebezia izugarria baitugu geure burua zigortzeko, bai eta gauza guztien alderdi ezkorrak ikusteko, baikorren aldean, edo haiek gainbalioesteko, azkenok azpibalioesten ditugularik.
Alde batetik, 'berreskuratze' adigaia ñabartu behar dugu: berreskuratu egiten da norbaitek lehendik izan baina gerora galdu duen zerbait atzera hartzen duenean, beraz, hainbat euskaldunen eretzean, Euskadik ez du 'berreskuratu' behar izan bakarrik (halako kasuak berez euskaldun zahar galduenak baino ez dira), ezperen 'eskuratu' behar izan ditu berbaldunak (nik, berbarako, euskaldun berria izanik, ez dut euskara berreskuratu, eskuratu egin dut!).
Zer jazotzen da, orduan? 'Berreskuratze' adigaiak alderdi bi hartzen ditu: a) gizabanakoari berari dagokiona, eta b) erkidegoarena berarena. Lehenengo ikuspegitik euskaraz inoiz egin ez duen batek euskaraz ikasten duenean, orduan berak 'eskuratu' egin du hizkuntza gizabanako legez; horrek, ostera, ez dakar 'berreskuratze'rik ez izaterik, ezik euskaraz mintzo den herriak, izaki legez, 'berreskuratu' egin du bere osakideetarik baten gaitasun galdua; adibidez, euskal mintzodun batek bere ondorengoei euskaraz erakutsi ez badie, Euskadik galdu egin ditu euskal eledun batzuk, eta ondorengo horiek euskaraz ikasi dutenean, berriz, Euskadik ostera eskuratu ditu euskal berbaldunak.
Beste alde batetik, eta aurrekoa gogoan dugula, Euskadik harro esan dezake, garako pertsonen euskalduntze prozesua eredu dela mundu zabalean. Lurbira osotik etortzen dira, Euskadik euskal eledunak erdiesteko asmatu, egin eta ezarri dituen tresna eta lanabesak ikustera, eta hemen landutakoa ikastera.
Horrezaz gain, euskaldunak jaiotzez direnez gainera, guraso erdaldunen seme-alabak ere 'eskuratu' behar izan ditu euskarak, eta horrek etorkizunera begira izango dituen ondoreak ezin ditugu orain neurtu, ezik euskaldun horiek euren familietan eta lagun arteetan izango dituzten harremanak euskara hutsean gertatzea arras zaila da. Ostera, adinaren aldagaiari erreparatzen badiogu ikerketaren barruan, konturatuko gara ume eta gazteen artean gertatzen direla daturik baikorrenak, gorakada etengabea baita 1988. urtetik 2002ra.
Beraz, esan behar dugu (hobeto, ez dugu ahaztu behar), eutsi behar izan geniola hizkuntza bat berreskuratzeko dagoen lehenengo egiteko nagusiari, hau da, hizkuntza hori ikasteari. Eta ez dugu ahaztu behar, histori prozesuak osotasunaren barruan aztertu behar direla; eta gogoan hartu behar dugu, hogei urteko ekinaldiak, batez ere, hasiera-hasieratik abiatu denak, balioespen orokorra behar duela, eta ezin ditugula (berr)eskuratze prozesua eta erabilera elkarrengandik bereizi.
Eta, alderdi honi dagokionez, badago beste eragile bat, gogoan izan behar duguna: euskal hiztunak sortzeko, eta, horiek behin sortu eta gero, beraiek euskaraz egiteko, egin den ekinaldi hau ez da eraberekoa izan. Hau da, Euskadiko biztanle guztiek ez dute berdin sentitzen hizkuntza eurentzakotzat. Beraz, kontuan hartu behar dugu, (berr)eskuratze-ahalegin horretan herri aginteek Euskadiko biztanle guztien sentiberatasunak eta nortasun-sentipenak aintzat hartu behar (izan) dituztela, nahiz eta herri aginte guztiek berdin jokatu ez.
Gai bi baino ez ditut aztertu; halaz guztiz, ardurarekin batera, denboraren aldetiko ikuspegi zabalagoa izan behar dugu, eta gu baino lehen izan direla eta gure ostekoak izango direla gogoan izan behar dugu!

Erabileraren IV. kale neurketaren komentarioa

Duela gutxi Sei Elkarteak euskararen erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak kaleratu ditu. Horren kariaz, hedabide batzuetan agertu izan dira halakoen zein bestelakoen iritzi andana, eta Euskal Herrian euskaren desagerpena iragartzen zuten garai bateko iritzi profetikoek aurreikusi eta zorionez orain arte bete ez diren iragarpenak berriro indarberritu direla ematen du.
Tartean, nola ez!, indarrean diren hizkuntza politikei buruz hitz egin da. Nahiko modu arinean hitz egin ere, ezen herri honetan hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta antzeko kontuetan munduan metro koadratuko dagoen "aditu" portzentajerik altuena izanik, egiten dena kritikatzeko amaigabeko hitz jarioa, indarrean diren hizkuntza politiken aurrean alternatiba eza desbideratzeko eta batzuen jarduera justifikatzeko asmoz lehenago beste batzuk egin ikerketak eta plan estrategikoak errepikatuz denbora eta diruak alferrik ematea, ohikoa baita. Gizartea aintzat egingarriak ez ezik eragingarriak diren neurri berriak proposatzeari dagokionez, ordea, basamortuan diren oasi kopurua murritza da oso, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egiteko orduan kritiko agertu ohi diren askotariko eragileek zein pertsonek egin zituzten ekarpenetan nabarmen ikusi genuenez.
Inkestak, besteak beste, euskal hiztunek euskararekiko duten leialtasuna utzi du berriro ere agerian. Izan ere, Euskal Herri osoan entzundako elkarrizketen %14 euskaraz izan direla nabarmen utzi da, beraz, Euskal Herrian den ezagutza kontuan laurogeiko hamarkadan eraiki eredu soziolinguistikoak aurreikusitakoa baino dezente gorago. Eredu horren arabera euskararen erabilerari dagokionez ez dago defizitik, ez eta hobetu beharreko tarterik, izatekotan alderantziz, honek gizartean gertatzen diren jokabideak aurreikusteko orduan ereduaren baliagarritasunaz eta gaurkotze beharraz zer pentsatua eman beharko liguke. Halaber, kale-neurketarako metodoa hobetzeak aurreko ikerketekiko eraginik izan duen zalantzazkoa da.
Inkestak, hala ere, Araban erabileran gertatu den atzerakada motela eta Iparraldean eta Nafarroan erabilera bere horretan dagoela eman du aditzera. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, motel, baina, erabileraren haztea gertatu dela adierazi da baita ere. Nire iritziz, Araban biztanleriaren kokapena, non gehien-gehiena euskaldun dentsitate urriko -demografia eta kontzentrazio espazialari dagokionez- udalerri handi eta ertainetan pilatzen den, mahai gaineratutako datuaren arrazoi izan daiteke, beraz, joera aldaketa baten atarian gauden esateko goiz da oraindik. Halaber, Nafarroa eta Iparraldeari dagokienez, administrazioek orobat euskararen inguruan dituzten jarrerak eta abian dituzten hizkuntza politikez gain, gizartearen barne joerak eta askatu ahal diren indarrak dirateke aztertu beharrekoak, ezen haietan baitago egon euskararen biziraupenaren eta garapenaren giltzarri nagusia.
Datu orokorrei erreparatuz gero, inkestaz inkesta hazte hori geroz eta apalagoa gertatzen ari dela ematen du. Zergatik, ordea? Besteak beste, garai bateko gona zabaleko adin-piramideak gerri-ondo zabala eta behealde geroz eta meharragoa izateko bilakaeraren eragina ez dugulako kontuan hartu. Hartara, belaunaldi gazteenak euskaldunenak izanik, horien pisu demografikoa geroz eta apalagoa da eta erabile
ran izan dezakeen eragina murritzagoa. Halaber, lurralde antolaketaren kariaz burutu diren errepide zein bestelako lotuneek biztanleriaren eskualde batetik besterako mugikortasuna indartu dute, zenbaitetan nahikoa edo erabat euskaldunak izan diren herri koskorretako zein txikietako hizkuntza komunitateak desegituratuz. Pertsona helduok gure egitekoa ere dena kopuruz are murritzagoak diren belaunaldi gazteenen bizkar erabat utzi dugu, eskolaren bidez euskara dakitenak sortu ditugu, ez, ordea, kopuru berean euskal hiztunak, eta, horri guztiari gehituz, beharbada, gizartea erlaxatu ez ezik euskararen aldeko gizarte araua, joera, bera ere aldatzen ari da.
Era berean, lurraldez lurralde desberdintasunak antzematen badira ere, euskarak mendeetan ezagutu ez duen lurralde hedadura eta hedadura funtzionala lortu ditu azken hamarkadetan. Alabaina, hizkuntza funtzio gehiagotara zabaltzea lortu den arren, aldi berean, orain arte belaunez belaun transmisioa ahalbidetu duten funtzioak ahuldu zaizkio euskarari (lurralde batzuetan, besteak beste, familia eremuan euskararen transmisio katea eten egin da, e.a.) Hartara, kareletik ateratzea lortzen duen ur are gehiago kuberta azpitik sartzen ari ote zaio euskarari? Beharbada. Izan ere, unibertsitateetan euskaraz aurkeztutako doktore tesiak ugarituz omen doaz, alabaina, zertarako balio digu, baldin eta, bidenabar, euskara orain arte nagusi izan den lurraldeetan euskaraz jardungo duen iturgin, hargin, tabernari, dendari, e.a., hots, orain arte euskaraz burutzen ziren jarduerak, erabilera eremuak, oharkabean etengabe galtzen baditugu, euskara nagusi izan den eta gainbeheran datozen garai bateko lanbide tradizionaletatik gaurkoetara igaro eta nonahi euskararen erabilera ahalbidetzeko lan poltsa berrietan tokia hartu eta indarberritu dadin egiatan ahalegintzen ez bagara?
Kaleratutako kale-neurketak, bestalde, belaunaldi gazteenetan azken urteetan hezkuntzaren eraginez izandako ezagutzaren gorakadak erabileran eragin eskasa izan duela eman du aditzera. Izan ere, datuak adin taldeka aztertzen badira, adinekoen taldean izan ezik gainerakoetan goranzko joera nabari da. Alta, inkestaren emaitzak zeharka aztertzen badira, garai batean haurrak izanda, ondoren gazteen multzora igaro direnen erabilera portzentajean izan den jaitsiera nabarmena da, lurralde batzuetan besteetan baino indartsuagoa, eta horrek eskola eta ikastoletan, zonalde hiritartu eta erdaldunetan, non gazteen euskararen erabilera erabat anekdotikoa den, sumatzen den joera berretsi besterik ez du egiten. Bada, euskararen kinka larria gainditzeko eragotzi egin behar da kosta ahala kosta euskara hizkuntza akademiko soil bihurtzeko arriskua, hau da, eskola barruko esparruetan (eta ez guztietan) bakarrik erabilia izatekoa, ikasleen eskolaz kanpoko bizitzan inolako erabilpenik izan behar ez balu bezala. Eta horretan eskola eta ikastoletan erabiltzen ari garen metodologiak, orientabide orokorrak eta estrategien inguruan gogoeta sakona egiteko garaia iritsia da.
Testuinguru horretan euskara, oro har, ez da gazte belaunaldi berrientzat beharrezkoa den hizkuntza eta, badakigu jakin beharrezkoa ez den hizkuntzak atzera-aurrera desagertzeko bidea hartu ohi duela. Gazte belaunaldiek, esate baterako, erdarei funtzio komunikatibo balioa ez ezik, helduaroko hizkuntzarekin (horretan, besteak beste, helduon joera eta jokabideak erabakigarriak baitira) identifikatzen dute; euskarari, aldiz, funtzio sinbolikoa eta politikoa ematen diete. Iparraldean, berriz, galdutako eta atzeraka doan mundu bati lotua ikusten dute euskara. Hartara, uniformizazioak eta mundializazioak hizkuntza "nagusiak" ikastera eta erabiltzera bultzatzen dutenean, euskara gazte belaunaldientzat behar-beharrezkoa den hizkuntza erakargarria bilakatzea lortzen ez badugu, poliki-poliki, funtzio sinboliko eta politiko hori ere ahulduz joango da eta euskara albo batera lagako den balio erantsirik gabeko kontua izatera iritsi liteke.
Aurrekoari eskolaren bidez gazte belaunaldiek erabiltzen duten hizkuntza eredua gehitu beharko genioke. Izan ere, hizkuntza ereduak euskararen aldaerekin, tokian tokiko aldaerekin, egoera "naturalean" esklusibotasunez edo nagusitasunez hitz egiten denarekin alderatzen badugu geroz eta deslotuago azaltzen da, horrek dakarren guztiarekin, aldaerak bizirik egon ohi diren ohiko guneetatik eta hizketa elkarreraginetatik aldentzea, eskolaz kanpoko hizkuntzaren erabileran eraginez. Ingurumari horretan, hizkuntzaren batasun bidean egin duguna ahultzera datozen nola baita euskararen aldaeren aldeko ez diren toki batzuetako joerak alboratuz, aldaerek izan beharko luketen uztarduraz ahalik instituzio gehien ados jarriko dituen prozedura jarri beharko luke, nire iritzi apalean, Euskaltzaindiak.
Halaber, gazte askorentzat euskara adierazgarritasunik gabeko hizkuntza da, ñabardurarik gabea eta ez gustagarria. Zuzenkeria gramatikalaren presioak bestalde, segurtasun faltaren sentsazioa azaldu eta hedatu du eta honek gazte hizkera adierazkorra sortzeko bide posibleak itxi ditu, baita zonalde euskaldunetan ere. Gazte hizkera aberatsa eta freskoa sortzeko behar den askatasun giroa galarazi du hainbatetan hizkuntzaren gehiegizko kontrolak, baita hizkuntza kontrolik gabe gara zitekeen esparruetan ere, gazte belaunaldien euskararen erabileran eraginez, bada, gazteen artean euskararen erabilera indartzea nahi bada, besteak beste, norabide honetan urratsak egin beharko dira.
Datozen hamar urteotan Europan, hizkuntzen, hiztun talde nola baita gizarteetan aldaketa esanguratsuak gertatuko dira, testuinguru horretan euskarak ez dauka bere biziraupena ziurtaturik, beraz, arian-arian ari gara haren etorkizuna jokatzen eta eraikitzen. Egun euskalduntzen ari diren zein jada euskaldundu diren belaunaldien hizkuntza jokabideak (familian, lagun artean, lan munduan, e.a) etorkizun hurbilean euskararen bilakaeraren nondik norakoak utziko dizkigute agerian, hots, euskarak etorkizunik izango ote duen edo euskarak beste hizkuntza batzuen antzera museoko pitxi eder izatera iristeko bidea hartuko ote duen.
Maratoia egiten ari naizelarik, gogoeta horiek etorri zaizkit burura eta, bide batez, hasieran arrapaladan segitu ezinezko abiadan irtendakoak ditut gogoan, horiek, ordea, aspaldi utzi nituen kamino bazterrean. Orain, kilometro dezente egin ditudanean, euskararen bilakaera eta berreskurapenerako erritmoa bizkortu dezadan erregu egin didate. Alabaina, horretarako gaixoari gaitza ongi diagnostikatu behar zaio aurrena, indarrak eta ahuleziak ederto batean neurtu, buxonak non dauden ondo identifikatu, gizartean gertatzen ari diren aldaketez eta joerez jabetzea, hiztun taldeen arteko harremanak aztertzea, harreman sareetan diren etenak eta oztopoak gainditzeko estrategiak zehaztea, gure esku dagoena eta besteen esku dagoena ondo identifikatzea, eragile bakoitzaren egitekoaz ondo jabetzea eta alderdi batzuen epe laburrerako mugimenduei so ibili beharrean lehia antzuetan denbora ez galtzea eta indarrak ez ahitzea, euskaraz bizitzeko aukerak nonahi eta noiznahi sortzea, hiztunen jokabideetan eragitea eta eragingarri bilakatzea, horiek eta are gehiago beharko ditut, ez gainerakoen erritmoan neurean baizik helmugara egunen batean -eta ziur naiz iritsiko naizela- iritsiko banaiz.

Maratoia korritzen ari den baten gogoeta
Duela gutxi Sei Elkarteak euskararen erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak kaleratu ditu. Horren kariaz, hedabide batzuetan agertu izan dira halakoen zein bestelakoen iritzi andana, eta Euskal Herrian euskaren desagerpena iragartzen zuten garai bateko iritzi profetikoek aurreikusi eta zorionez orain arte bete ez diren iragarpenak berriro indarberritu direla ematen du.

Tartean, nola ez!, indarrean diren hizkuntza politikei buruz hitz egin da. Nahiko modu arinean hitz egin ere, ezen herri honetan hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta antzeko kontuetan munduan metro koadratuko dagoen "aditu" portzentajerik altuena izanik, egiten dena kritikatzeko amaigabeko hitz jarioa, indarrean diren hizkuntza politiken aurrean alternatiba eza desbideratzeko eta batzuen jarduera justifikatzeko asmoz lehenago beste batzuk egin ikerketak eta plan estrategikoak errepikatuz denbora eta diruak alferrik ematea, ohikoa baita. Gizartea aintzat egingarriak ez ezik eragingarriak diren neurri berriak proposatzeari dagokionez, ordea, basamortuan diren oasi kopurua murritza da oso, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egiteko orduan kritiko agertu ohi diren askotariko eragileek zein pertsonek egin zituzten ekarpenetan nabarmen ikusi genuenez.
Inkestak, besteak beste, euskal hiztunek euskararekiko duten leialtasuna utzi du berriro ere agerian. Izan ere, Euskal Herri osoan entzundako elkarrizketen %14 euskaraz izan direla nabarmen utzi da, beraz, Euskal Herrian den ezagutza kontuan laurogeiko hamarkadan eraiki eredu soziolinguistikoak aurreikusitakoa baino dezente gorago. Eredu horren arabera euskararen erabilerari dagokionez ez dago defizitik, ez eta hobetu beharreko tarterik, izatekotan alderantziz, honek gizartean gertatzen diren jokabideak aurreikusteko orduan ereduaren baliagarritasunaz eta gaurkotze beharraz zer pentsatua eman beharko liguke. Halaber, kale-neurketarako metodoa hobetzeak aurreko ikerketekiko eraginik izan duen zalantzazkoa da.
Inkestak, hala ere, Araban erabileran gertatu den atzerakada motela eta Iparraldean eta Nafarroan erabilera bere horretan dagoela eman du aditzera. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, motel, baina, erabileraren haztea gertatu dela adierazi da baita ere. Nire iritziz, Araban biztanleriaren kokapena, non gehien-gehiena euskaldun dentsitate urriko -demografia eta kontzentrazio espazialari dagokionez- udalerri handi eta ertainetan pilatzen den, mahai gaineratutako datuaren arrazoi izan daiteke, beraz, joera aldaketa baten atarian gauden esateko goiz da oraindik. Halaber, Nafarroa eta Iparraldeari dagokienez, administrazioek orobat euskararen inguruan dituzten jarrerak eta abian dituzten hizkuntza politikez gain, gizartearen barne joerak eta askatu ahal diren indarrak dirateke aztertu beharrekoak, ezen haietan baitago egon euskararen biziraupenaren eta garapenaren giltzarri nagusia.
Datu orokorrei erreparatuz gero, inkestaz inkesta hazte hori geroz eta apalagoa gertatzen ari dela ematen du. Zergatik, ordea? Besteak beste, garai bateko gona zabaleko adin-piramideak gerri-ondo zabala eta behealde geroz eta meharragoa izateko bilakaeraren eragina ez dugulako kontuan hartu. Hartara, belaunaldi gazteenak euskaldunenak izanik, horien pisu demografikoa geroz eta apalagoa da eta erabile
nagusitasunez hitz egiten denarekin alderatzen badugu geroz eta deslotuago azaltzen da, horrek dakarren guztiarekin, aldaerak bizirik egon ohi diren ohiko guneetatik eta hizketa elkarreraginetatik aldentzea, eskolaz kanpoko hizkuntzaren erabileran eraginez. Ingurumari horretan, hizkuntzaren batasun bidean egin duguna ahultzera datozen nola baita euskararen aldaeren aldeko ez diren toki batzuetako joerak alboratuz, aldaerek izan beharko luketen uztarduraz ahalik instituzio gehien ados jarriko dituen prozedura jarri beharko luke, nire iritzi apalean, Euskaltzaindiak.
Halaber, gazte askorentzat euskara adierazgarritasunik gabeko hizkuntza da, ñabardurarik gabea eta ez gustagarria. Zuzenkeria gramatikalaren presioak bestalde, segurtasun faltaren sentsazioa azaldu eta hedatu du eta honek gazte hizkera adierazkorra sortzeko bide posibleak itxi ditu, baita zonalde euskaldunetan ere. Gazte hizkera aberatsa eta freskoa sortzeko behar den askatasun giroa galarazi du hainbatetan hizkuntzaren gehiegizko kontrolak, baita hizkuntza kontrolik gabe gara zitekeen esparruetan ere, gazte belaunaldien euskararen erabileran eraginez, bada, gazteen artean euskararen erabilera indartzea nahi bada, besteak beste, norabide honetan urratsak egin beharko dira.
Datozen hamar urteotan Europan, hizkuntzen, hiztun talde nola baita gizarteetan aldaketa esanguratsuak gertatuko dira, testuinguru horretan euskarak ez dauka bere biziraupena ziurtaturik, beraz, arian-arian ari gara haren etorkizuna jokatzen eta eraikitzen. Egun euskalduntzen ari diren zein jada euskaldundu diren belaunaldien hizkuntza jokabideak (familian, lagun artean, lan munduan, e.a) etorkizun hurbilean euskararen bilakaeraren nondik norakoak utziko dizkigute agerian, hots, euskarak etorkizunik izango ote duen edo euskarak beste hizkuntza batzuen antzera museoko pitxi eder izatera iristeko bidea hartuko ote duen.
Maratoia egiten ari naizelarik, gogoeta horiek etorri zaizkit burura eta, bide batez, hasieran arrapaladan segitu ezinezko abiadan irtendakoak ditut gogoan, horiek, ordea, aspaldi utzi nituen kamino bazterrean. Orain, kilometro dezente egin ditudanean, euskararen bilakaera eta berreskurapenerako erritmoa bizkortu dezadan erregu egin didate. Alabaina, horretarako gaixoari gaitza ongi diagnostikatu behar zaio aurrena, indarrak eta ahuleziak ederto batean neurtu, buxonak non dauden ondo identifikatu, gizartean gertatzen ari diren aldaketez eta joerez jabetzea, hiztun taldeen arteko harremanak aztertzea, harreman sareetan diren etenak eta oztopoak gainditzeko estrategiak zehaztea, gure esku dagoena eta besteen esku dagoena ondo identifikatzea, eragile bakoitzaren egitekoaz ondo jabetzea eta alderdi batzuen epe laburrerako mugimenduei so ibili beharrean lehia antzuetan denbora ez galtzea eta indarrak ez ahitzea, euskaraz bizitzeko aukerak nonahi eta noiznahi sortzea, hiztunen jokabideetan eragitea eta eragingarri bilakatzea, horiek eta are gehiago beharko ditut, ez gainerakoen erritmoan neurean baizik helmugara egunen batean -eta ziur naiz iritsiko naizela- iritsiko banaiz.
* Ikastolen Elkarteko kidea

ran izan dezakeen eragina murritzagoa. Halaber, lurralde antolaketaren kariaz burutu diren errepide zein bestelako lotuneek biztanleriaren eskualde batetik besterako mugikortasuna indartu dute, zenbaitetan nahikoa edo erabat euskaldunak izan diren herri koskorretako zein txikietako hizkuntza komunitateak desegituratuz. Pertsona helduok gure egitekoa ere dena kopuruz are murritzagoak diren belaunaldi gazteenen bizkar erabat utzi dugu, eskolaren bidez euskara dakitenak sortu ditugu, ez, ordea, kopuru berean euskal hiztunak, eta, horri guztiari gehituz, beharbada, gizartea erlaxatu ez ezik euskararen aldeko gizarte araua, joera, bera ere aldatzen ari da.
Era berean, lurraldez lurralde desberdintasunak antzematen badira ere, euskarak mendeetan ezagutu ez duen lurralde hedadura eta hedadura funtzionala lortu ditu azken hamarkadetan. Alabaina, hizkuntza funtzio gehiagotara zabaltzea lortu den arren, aldi berean, orain arte belaunez belaun transmisioa ahalbidetu duten funtzioak ahuldu zaizkio euskarari (lurralde batzuetan, besteak beste, familia eremuan euskararen transmisio katea eten egin da, e.a.) Hartara, kareletik ateratzea lortzen duen ur are gehiago kuberta azpitik sartzen ari ote zaio euskarari? Beharbada. Izan ere, unibertsitateetan euskaraz aurkeztutako doktore tesiak ugarituz omen doaz, alabaina, zertarako balio digu, baldin eta, bidenabar, euskara orain arte nagusi izan den lurraldeetan euskaraz jardungo duen iturgin, hargin, tabernari, dendari, e.a., hots, orain arte euskaraz burutzen ziren jarduerak, erabilera eremuak, oharkabean etengabe galtzen baditugu, euskara nagusi izan den eta gainbeheran datozen garai bateko lanbide tradizionaletatik gaurkoetara igaro eta nonahi euskararen erabilera ahalbidetzeko lan poltsa berrietan tokia hartu eta indarberritu dadin egiatan ahalegintzen ez bagara?
Kaleratutako kale-neurketak, bestalde, belaunaldi gazteenetan azken urteetan hezkuntzaren eraginez izandako ezagutzaren gorakadak erabileran eragin eskasa izan duela eman du aditzera. Izan ere, datuak adin taldeka aztertzen badira, adinekoen taldean izan ezik gainerakoetan goranzko joera nabari da. Alta, inkestaren emaitzak zeharka aztertzen badira, garai batean haurrak izanda, ondoren gazteen multzora igaro direnen erabilera portzentajean izan den jaitsiera nabarmena da, lurralde batzuetan besteetan baino indartsuagoa, eta horrek eskola eta ikastoletan, zonalde hiritartu eta erdaldunetan, non gazteen euskararen erabilera erabat anekdotikoa den, sumatzen den joera berretsi besterik ez du egiten. Bada, euskararen kinka larria gainditzeko eragotzi egin behar da kosta ahala kosta euskara hizkuntza akademiko soil bihurtzeko arriskua, hau da, eskola barruko esparruetan (eta ez guztietan) bakarrik erabilia izatekoa, ikasleen eskolaz kanpoko bizitzan inolako erabilpenik izan behar ez balu bezala. Eta horretan eskola eta ikastoletan erabiltzen ari garen metodologiak, orientabide orokorrak eta estrategien inguruan gogoeta sakona egiteko garaia iritsia da.
Testuinguru horretan euskara, oro har, ez da gazte belaunaldi berrientzat beharrezkoa den hizkuntza eta, badakigu jakin beharrezkoa ez den hizkuntzak atzera-aurrera desagertzeko bidea hartu ohi duela. Gazte belaunaldiek, esate baterako, erdarei funtzio komunikatibo balioa ez ezik, helduaroko hizkuntzarekin (horretan, besteak beste, helduon joera eta jokabideak erabakigarriak baitira) identifikatzen dute; euskarari, aldiz, funtzio sinbolikoa eta politikoa ematen diete. Iparraldean, berriz, galdutako eta atzeraka doan mundu bati lotua ikusten dute euskara. Hartara, uniformizazioak eta mundializazioak hizkuntza "nagusiak" ikastera eta erabiltzera bultzatzen dutenean, euskara gazte belaunaldientzat behar-beharrezkoa den hizkuntza erakargarria bilakatzea lortzen ez badugu, poliki-poliki, funtzio sinboliko eta politiko hori ere ahulduz joango da eta euskara albo batera lagako den balio erantsirik gabeko kontua izatera iritsi liteke.
Aurrekoari eskolaren bidez gazte belaunaldiek erabiltzen duten hizkuntza eredua gehitu beharko genioke. Izan ere, hizkuntza ereduak euskararen aldaerekin, tokian tokiko aldaerekin, egoera "naturalean" esklusibotasunez edo


Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude