Txindoki sukaldeko leihotik ageri zen gailur hura zen, eguzkia albotik ateratzen zitzaion hura, lainoek bata eta bestea ezkutatzen ez zituzten egunetan. Neguko gau luzeetan berriz, Txindoki misteriotsu eta magiko bihurtzen zen, Anbotoko Dama hara etortzen omen zelako babes bila. Txindoki Alarren zegoela zioten, eta Alar birraitona uztargileak Lazkaotik Nafarroarako joan-etorrietan erabiltzen zuen pasabidea-edo zen. Gaztaia ere Alardik iristen zitzaigun, eta artean ezagutzen ez genituen larreen eta txabola ketuen usaina zekarren.
Txindokira igotzea konkista bat izan zen zentzu askotan, iniziazio ritoa nolabait. Nerabezaroa, etxean ozta-ozta baimena lortu eta hara goaz ahizpa eta biok San Pedro egunez, Larraizko erromeriaren aitzakian. Ordurako bagenekien Alar Aralar-en apokopea zela, eta handik, Txindokiko puntatik hasi gintzaizkion neurria hartzen. Alegia, izena luzatu ahala, izana zabaldu egin zitzaiola gure perzepzioan. Harrezkero Aralar mila eta bat pausoren helmuga izan dugu, noraezekoak batzuetan eta, hala ere, sekula ere ez alferrik galduak, sorpresaz gainezkakoak sarri. Eta beti, hori bai, sentsazio bat; nola karakol oskolak belarrira itsasoaren oihartzuna dakarren, halaxe, urratsez urrats Aralarren ibiltzeak mendetan zehar han ibili, bizi, gozatu eta penatutako belaunaldien oihartzuna berpizten du.
Aralar osoa maketa batean irudikatuta dago Lizarrusti gaineko Aterpetxean, eta hor, maketa horretan, dozenaka ibilbideren artean bat besterik ez da gaurko aukeratutakoa, xumea gainera itxuraz. Arritzagako arroan zehar ibiliko gara, Amezketako meategiak egon ziren tokian. Maketak ezin adierazi bihurgune bakoitzaren atzean aurkituko ditugun pausalekuak, istorioak eta aztarnak.
Abiapuntuan bertan sentituko du ibiltariak etimologiarako tentazioa, Arritzagako arrora doala eta mendiari darizkion harri pilak aurkitzean Anduizko bordaren alboan, Behatza deitzen dioten harkaitz erraldoiaren babesean. Baina utz dezagun toki hori amaierarako, historia triste bat gordetzen baitu bere baitan. Goazen, beraz, pistan gora, Ondarreko langaraino. Bidean geratu da Urtixao, txoriek oso gogoko duten baso gunea. Langak autoa uzteko lekua dela adierazten digu. Oinezko bideari heldu eta lehen ur tragoa Ondarreko iturrian. Aldapan gora, laster gara Elordin, artzain txabola adina ostatu ere baden bordan. Artzain-ostalariak Jose Antonio Tolosa du izena, pilotariaren herrikide izateaz gain izenkide. Amantal zuri-zuria jazten du bezeroak hartzeko.
Elordin egindako lehen bazkaria ez daukat ahazteko. Tokia aurretik eskatuta, eseri ginen mahaira dozena bat lagun, mendizaleak eta artzainak erdi eta erdi. Udazken ataria zen, mondeju sasoia Aralarren; beraz, hasteko, mondeju zopa eta jarraian mondejuak; jarri nintzen gaztaiaren zain, eta bai zera, haren aurretik bertako oilaskoa erreta, egun hartan Arritzagara bidean ziren guztientzako adina.
Elordi gainean Etitzegiko lepoa eta Uzkuiti ageri dira. Aurrera segiz, Añate edo Arinateko txabolak. Hemen etimologiarako bigarren tentaldia, izan ere, ate izaera du benetan lekuak, Arritzagarako sarrera modura jokatzen duela. Atzean geratzen dira herrixkaz eta baserriz zipriztindutako Goierri eta Tolosaldea, Murumendi eta Ernioren babesean. Aurreko aldera berriz, Aralar zabaltzen zaigu, bere ezaugarri nabarmenenekin: soil, larreak gordin, kolorea aldakor urte sasoiaren arabera, neguko gorritik udaberriko berde apalera eta hortik udako berde ondura; belarrak adierazten du goian gaudela; ez da etxerik ageri, lurrarekin kamuflatutako txabola bakanak besterik ez. Hala ere, arroaren bestaldean, pare-parean, halako parajetan ez ohizkoak liratekeen eraikinak somatuko ditugu: Minatako aterpea, eta behean berriz labeak eta mea garbitu eta kargatzeko tokien hondakinak.
Arroaren eskuineko aldetik segiko dugu, txabola bila. Luis Pedro Peña Santiagok "geografia gizatiarra" deitzen zion Aralarkoari eta ibilian ibilian, kalifikatibo horri zentzu erabatekoa hartzen zaio. Natura indartsuaren erdian, gizakiak utzitako aztarnak nonahi topatuko ditugu, oraindik bizirik nahiz abandonatuta. Salingo txabolak ez du biztanlerik eta behera dator. Gidariak dio berak hor egingo lukeela aterpea. Zergatik hor, egonarri handirik gabeko gunea da eta? "Hortik arroa aldenik alde zaindu daitekeelako". Egia, Arritzagako arroaren talaia izan liteke Salingo gaina.
Salingoa ez bezala, Zotaletako hiru txabolak bizirik daude; Dionisio Goitia, Xixilio Goñi eta Paxkual Lekuona egoten dira hemen udaldian. Eguzki plakak argindarra sortzeko, eta kurtinak leihoetan. Jakinekoa da artzain txabolek beti behar dutela aterpe bat zabalik mendizale ororentzat. Hemen karreapea deitzen diote txabolaren zati horri; Zotaletako txaboletako batean txantxangorriak hartu du babes karreapean. Niretzako berria den hitza ikasi dut: «artizkunea», ardiak jezteko itxitura.
Etimologiarako hirugarren tentaldia: Pardeluts. Alegia, inondik abiatuta ere, hara iristerako gainean daramagun guztia ahiturik izango dugula. No-Man´s Land bat, Ganbo (1412) eta Ganbo Txikirako bidean. Lehen ziren bi artzainetatik bakarra geratzen da, Pako Lertxundi aiarra. Eskerrak Pardelutsek iturria ere baduen, eta behorrentzako aska. Behor taldea bertan suertatuz gero, merezi du minutu batzuk ikusmiran egoteak; berehala nabaritzen da, portaerarengatik, zeintzuk agintzen duten eta zeintzuk diren mendeko.
Amabirjin Harria marka bat da, erreferentzia ezinbestekoa bidean. Haize, euri eta elurrek herdoiltzen eta jaten hasia dute Amabirjiñaren irudia, eta plastikozko loreek zimelduta dirudite. Txanpon batzuk utz daitezke bertan, eta turistarena eginez argazkiak ateratzeko leku aproposa da. Ez da ordea Amabirjiñak utzitako zantzu bakarra, beherago, Amabirjiñaren Arrastoa ere badago-eta. Auskalo Amabirjiñaren aurretik zein Mari ibiliko zen hemen artzainak zirikatzen.
Eta honenbestez Igaratzako Arrateetan gaude; Arinatetik sartu gara Arritzagara, eta Arrateetatik irtengo ginateke, Igaratzan sartzeko. Baina gaurkoz hor utziko ditugu Perileku -beste izen esanguratsu bat-, Intzeko Dorrea edo Hirumugarrietarako bidea, eta Igaratzako txabola, aterpe, eliza eta abarrak. Buelta erdi eta Arritzagako Arroaren ezkerreko aldeari heldu behar diogu orain, etorreran parez pare izan dugun horri.
Aintziriko ordekatik aurrera, Latosa eta Arritzagako txabolak. Azken honek oasia dirudi: lautadan, erreka gertu, baratzea, oilategi eta guzti... Anastasio Balerdi da nagusia. Kontrastean, aurrerago, Astarteta; urrutitik, Nepalgoa izan zitekeen, malda gogorrean, mendiari itsatsita bezala, kamaleoiarena eginez, ozta-ozta bereizi daitekeela lurretik. Hor bizitzeko bertigoa gaindituta behar da izan. Kobazulotik hain hurbil dagoen eraikin horrekin artzantza utzi eta beste lanbide batean sartuko gara: meagintzan.
Lehendabizi zulo bat izango da, lurraren sabeleko aide hotza eta usaina dakarkiguna; laster eraikin bat, harri berberaz egindakoa izan arren artzain txabolak ez bezalakoa. Handik aurrera, tripak bistan dituen etxepe batean "Betico" generadorea... Harantzago labaderoak, kargalekua eta mea Amezketara burdinezko gurditxoetan jaisteko erabiltzen zen kable sistemaren abiapuntua. Minetako gunean gaude. Froga argi hauek ez baleude, fantasia irudituko litzaiguke paraje honetan meatzeak izan zirela esatea. Fantasiara ezezik, abenturara garamatza Arritzagako meategien historia ez hain zaharrak. 1955 aldera itxi ziren, hamar urtez aritu ondoren, baina hori bigarren txanda izan zen. Hasi, XVIII. mendean hasi ziren.
Gaur egun amezketarrei meatzeetatik geratu zaien herentzia Buruntzuzineko aterpea da, izen bereko selean dagoena. Ohe, dutxa eta guzti hornitua, toki zoragarria Aralarko egun eta gauak dastatzeko. Baina Buruntzuzin ez da aisialdirako tokia bakarrik, baita ingurua zaintzeko ere; adibidez, han behean erreka igarotzeko dauden egurrezko zubiak elkarte horretakoek jarriak dira, auzolanean. Aterpetik gora mendiak meatzeen arrasto gehiago erakusten du: harri pilak, kable hondarrak... eta ia-ia gailurrean plataforma bat; plaka batek meatzeetako azken langileetako bat izan zenaren oroitzapena dakar, bi lizar gazteren artean. Alturak bista Durangaldeko mendietaraino zabaltzen du, Anbotorekin hasi eta Mugarrarekin ixten den kateraino. Aizkorri berriz kukuka dabil Aralarko gailurren atzetik. Txindokik, hegoaldeko bizkarra emanez, erraldoi erdi etzana dirudi. Goian dabilen hegatsazpi zuriko miruak bakarrik dauka guk baino ikusmira hobea.
Aterpetik behera, Minatako Bidea deitzen zaionari helduko diogu, garai batean mea mandotan jaisteko erabiltzen zuten bidezidor bihurriari. Gelditu, begiak altxa, eta oraindik meaz kargaturik dagoen gurdi horietakoren bat ikusiko dugu kabletik zintzilik. Mende erdi ekaitz guztiei desafioan. Bideak beste geldialdi batzuk ere eskatzen ditu, adibidez Arritzagako errekak osatzen dituen kazuelak miresteko; izerdi patsetan egonez gero, bainurik hotzena hartzeko aukera, ausartenentzat. Urak kapritxo gehiago ere eskainiko digu bistarako; esaterako, beherantz goazela, ur hotsak begiak altxaraziko dizkigu ur jauzi baterantz; Ondarretik dator eta Bisutsako saltoa deitzen diote.
Eta orain bai amaierarako utzitako historia tristea. Anduizko bordari Makien borda ere deitzen diote. Izan ere, Aizkorrin Aratz barreneko artzain txabolan bezala, hemen ere guardia zibilek maki bat jo eta bertan hil zuten. Maria Zabala amezketarrak Montxo Armendarizek "Silencio roto" pelikulan azaltzen duen eszena berbera kontatzen du: makiaren gorpua herrira sartzen mando gainean zeharka jarrita, hankak eta burua alde banatara zintzilik. Amezketako kanposantuan lurperatu omen zuten, sinisgabeentzat egon ohi zen barrutian.