ESPERANTZA IZPI BAT
Bilbon izan zen euskal gizartea ordezkatzen duten eragile soziopolitikoen gehiengoa. Jende eta sentsibilitate ugari nahasian kalean behera, Alderdi Politikoen Legearen aurkakotasuna azalduz. Oraingoz hori da guztia. Ikusi behar Bilbon bildutakoek aurrerantzean zer eratako dinamikak eragiteko gai diren, baina epe laburrean bederen ez bide dago esperantza handiegietarako tarterik. Uda gainean da -ikusi behar hotza ala beroa- eta uda ondoren udal eta foru hauteskundeetarako lasterketa irekia izango da guztiz. Eta jadanik, denak Batasunaren ilegalizazioa noiz gauzatuko zain.
ESPERO ZEN BEZALA, JACQUES CHIRAC JAUN ETA JABE
JACQUES Chirac presidenteak guztiz libre ditu eskuak datozen bost urteetan Frantziako politikan egin eta desegiteko. Frantziako Legebiltzarreko ganberaren aulkien herena zentro-eskuineko diputatuez beteak izanen diren bitartean, ezkerrak aulkien herena hartuko du. Alderdi komunistak talde parlamentarioa osatu ahal izanen du, baita François Bayrouren UDF zentroko alderdiak ere. Jean-Mari Le Penen Front Nationalak ez du diputatu bakar bat lortu. Ipar Euskal Herriko diputatuak, bestalde, eskuindarrak dira: Jean Grenet baionesa eta Daniel Polou urruñarra, bigarren honek Michele Alliot-Marieren hautatuaren aulkia hartuko duelarik. IV. barrutian -eusko-bearnesan- zentro-eskuinak eutsi dio aulkiari -Jean Lassalle diputatua izaki Frantxua Maitia sozialistaren kaltetan-; alta, Iparraldeak Michel Intxauspek betetzen zuen aulkia galdu du. Abstentzioa izan da bigarren itzulian ere protagonista. Boz emaileen ia %40k ez zuen botorik eman, eta ia %5ak baliogabe eta zuri bozkatu zuen.
PSE ERAGINA HANDITU NAHIAN BERE 25. URTEURRENEAN
HERRITARREN askatasuna, udal demokrazia eta autogobernu osoa ardatz hartuta, ekimen politikoa berreskuratu nahi du PSE-EEk bere 25. urteurrenean. Horretarako PSOErekiko autonomia handiagoa bilatuko dute Patxi Lopez eta Jesus Egigurenek, euskal gaiei dagokienean PSE-EEk behar duen protagonismoa izan dezan. Kataluniako federazioa litzateke PSEren erreferentzia garrantzitsuenetakoa, bai pentsamolde zein Ferrazekiko funtzionamenduari dagokionez. Bi oztopo bide daude zeregin horietan: bata, PSC bezain indartsua ez izatea; bestea, Euskal Herrian gertatzen dena guztiz erabakiorra dela Madrilen gobernatu nahi duenarentzat. Dirudienez, oraingoz PPk denbora baterako dena ondo lotua du Madrilen, eta, ahalegin mediatikoen gainetik, PSOEk ere dena ondo lotua du PSE-EErekiko.
EZUSTEKORIK EZ ITOIZKO URTEGIAREN EPAIAREKIN
BEDERATZI bat hilabete barru hasiko ei da betetzen Itoizko urtegia, Entzutegi Nazionalak berau betetzeko legezko arazorik ez dagoela ebatzi ondoren. Ez dirudi ebazpenak inor ezustean hartu duenik, eta urtegiaren aurkako tarte juridikoa bere amaierara iritsi dela esan liteke, nahiz eta teorikoki bidea ez den guztiz agortu. Nafarroako agintariek beti izan dute argi urtegia bere osotasunean beteko zela eta asmatu dute. Beste gai askorekin bezala, legea beraientzat ez dela arazo erakutsi dute, uneren batean legea oztopo bada ere berau aldatzeko inolako arazorik ez dagoelako, orain txarra eta desegokia dena biharko ona eta egokia bihurtuz.
JON ABRILI ORDAINARAZITAKO PREZIO GOGORRA
EUSKARAZKO komunikabideetan eta era batera ala bestera abertzaleen kontrolpean diren medioetan izan du oihartzun maila bat Jon Abril kazetari beratarraren auziak. Estatuko botere mediatiko nagusienen menpe diren medioek kazetarien aurkako erasoak daudenean antolatzen dituztenekin konparatuta oihartzun nimiñoa. Indar harreman mediatikoen beste erakusle bat izan da. Prezio handia ordaindu behar izan du Abrilek espetxe arriskua gainetik kentzeko. Epaileei baino, Estatuari interesatu zaiona. Auziaren nondik norakoak aztertuta, zaila da beste erabateko irterpretaziorik egitea.
EUSKARAREN ERABILERA: ERREALITATEA ETA IPARRA
SEI elkarteak euskararen erabileraren IV. kale neurketaren emaitzak aurkeztu ondoren datuen azterketarako tarte zabala geratzen da aurrera begira. Datuetan argiak eta itzalak ageri dira, egileek aitortzen duten legez, baina seguruenik errealitatearen izaera den bezalakoa agertzen du, eta ez nahi litzatekeena. Datuetan argi gorriren batzuk ageri badira ere, iparraren gakoetako batzuk non diren ere azpimarratzen dira. Ezaguna da hizkuntzaren ezagupenak ez dakarrela berez erabilpena, baina praktikan egiaztatzeak ere kalte baino mesede egingo du.