Orain dela ia bost urte hasitako ibilbidean beste urrats bat eman du Sareko Argiak. Lehena, 1997ko udazkenean izan zen, astekariko eduki batzuk on line ipini zituenean. Ordutik hona, era guztietako edukiak sarean ipintzeaz gain, aktualitateak gero eta indar handiagoa hartu du Sareko Argian. Duela gutxi, berriz, Euskal Kulturaren Hari eta Gure Agenda, Sareko Argiaren ardatz eta atari bihurtu dira.
Aktualitatea.
Goizean goiz hasten gara Sareko Argian lanean, egunkari, herri aldizkari, komunikabide elektroniko eta bestelako buletinak goitik behera miatzen, euskal kulturaren aktualitatearen bila. Hemendik jasotako berriekin osatuko dugu Hari, paperean nahiz euskarri digitalean argitaratutako berrien bilduma eskaintzen duen buletin elektronikoa. Buletina sarean ikusteaz gain, harpidetza bidez ere posta elektronikoan jaso daiteke hala nahi izanez gero. Goizero, 2.000 harpidedunek jasotzen dute Hari beraien etxe edota lantokian.
Maiatzaren amaieratik osatuago datorkigu Hari berria, albisteez gain, adierazpen, iritzi eta aldizkari ofizialetako deialdiak jasotzen baititu. Guztiak euskal kulturaren ingurukoak eta Harik dituen atalen arabera sailkatuak: administrazioa, antzerkia, artea, bertsolaritza, dantza, euskalduntze alfabetatzea, euskarri elektronikoak, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, irratia, kultura, literatura, musika, normalizazioa, prentsa, telebista, unibertsitatea eta zinema. Atal horietan ere oinarritzen dira kanalak. Mementoz, «Literatura», «Euskarri elektronikoak» eta «Administrazioa euskaraz» kanalak ditugun arren, laster etorriko dira gehiago. Izan ere, Hariko atal guztiak kanal bihurtzea da gure hurrengo erronketariko bat.
Hauetan, gaiaren inguruko berriez gain, Interneteko loturak agertzen dira eta baita gai horren inguruko zerbitzuak ere. Esaterako, Literatura kanalean, albisteez gain, argitaletxe, idazle, literaturako web gune edota sarean irakurri daitezkeen liburuetarako loturak aurki daitezke. Azken finean, literaturan interesa duenarentzat sarean aurki ditzakeen baliabideetarako sarbide edo laguntza litzateke Literatura kanala. Gauza bera «Euskarrri elektronikoak», «Administrazioa» edo etorkizunean etorriko diren gainontzeko kanalen kasuan ere.
Horretaz guztiaz gain, bilatzaileak orain arte argitaratu diren berriak kontsultatzeko aukera eskaintzen digu. Nahi duenak, testu libreko bilaketa zabala egin dezake edota nahi adina findu: adibidez, literaturari buruz, komunikabide batek argitaratu dituen iritzi guztiak aurkitu nahi izanez gero, robotak Harin argitaratu diren 8.000 albisteetan bilatuko du eta eskatutakoaren arabera eskainiko ditu emaitzak.
Euskal Herriko kultur ekitaldiak biltzen dituen Gure Agendako ekitaldien berri ere ematen dugu Sareko Argiako atarian. Dena den, egun horretarako aurreikusitako ekitaldi guztien aukeraketa txiki bat baino ez da bertan ageri dena. Izan ere, www.gureagenda.com helbidean, Euskal Herrian egun bakoitzerako aurreikusita dauden emanaldi asko eta asko biltzen dira: erakusketak, kontzertuak, antzerki emanaldiak...
Kultur eragileek informazioa bidali dezakete horretarako prestatu den formularioa erabiliz. Modu honetan, automatikoki sarean ikusiko da eragileek bidalitako informazioa. Edozein pertsona edo erakunde izan daiteke Gure Agendako agente, baldin eta kultur ekitaldiak antolatzen baditu.
Informazioa bidaltzeaz gain, bidalitakoa nahi adina aldiz zuzendu daiteke. Honela, dagoen informazioa azken ordukoa dela ziurtatzen dugu. Adibidez, kontzerturen bat bertan behera gelditu bada, agenteak informazio hori aldatu dezake, Agendako erabiltzailea horren jakitun eginez. Memento honetan, 100 kultur eragiletik gora ari da Gure Agenda edukiz betetzen.
Dokumentazioa.
Egunerokotasun eta oraingotasunaz gain, dokumentazio asko eta asko aurki daiteke Sareko Argian. Esaterako, Zeruko ARGIA eta ondorengo ARGIAk emandako informazio asko kontsultagarri dago. «Elkarrizketak 1963-98» atalean, adibidez, benetako bitxiak aurki daitezke: The Clash taldea, Donostiara 1981ean etorri zenean egindako elkarrizketa, Oteizari Arantzazuko lana bukatu ondoren egindakoa edota Vicente Ameztoyri, «Euskadi Sioux» aldizkariaren kaleratzea zela-eta, 1976an egindakoa.
«Gure Mendea»k , XX. mendean gertatutakoaren bilduma eskaintzen digu. Iraganari begirada bat da, gizartea aldatuz nola joan den ikusteko tresna aproposa: urtez-urte gertatutakoak, garaiko hemeroteka zatiak, pertsonaia ospetsuen profilak eta abar jasotzen baitira.
Zerbitzuak eta Aisia.
Informazio edukiez gain, aisiak ere badu bere tartea Sareko Argian. Horren erakusle da jokoen atala. Atal horretan zibertribial txapelketa bat jolas dezakezu edozein txokotan dagoen beste edonorekin, edota bakarrik ere entreteni zaitezke, gurutzegrama edota letrazoparen bat eginez.
Kike Amonarrizen eguneroko txisteek eta «Mantxut» atalak une lasai bat igarotzeko aukera eskaintzen dute. Zazpiak Batman kolektiboak jasotako lokuzioekin barre pixka bat egin dezakezu eta herri eta gazte hizkera ezagutzeko aukera ere izango duzu foroetan erabiltzaileek egindako ekarpenei esker. Nahi baduzu, Asisko Urmenetak web gunerako propio sortutako postal bat bidal dezakezu, norbait zoriontzeko, gonbidatzeko edota agurtzeko. Mantxuteko postalez gain, postal gehiago ere baditugu bidaltzeko zain, «Postalak» atalean.
Denborapasarako daude ere Sagardotegiak 2002 edo Euskal Herriko Gida.
Aisia, zerbitzuak eta informazioa, uneoro eta etengabe berriturik. Hori da Sareko Argiako lan taldearen helburua, euskal kulturaren iraganeko eta oraingo berriak eta edukiak eskaintzea