Sarritan ikusten ditugu kaleko paretei itsatsirik hirira heldu berri den zirkuaren afixak. Afixa horietan aurpegia margotutako pailazoa agertu ohi da, zirku tradizionalaren irudirik esanguratsuena, hain zuzen ere. Kartel iragarleok denbora luzez toki berean irauten dute, denboraren poderioz hasierako kolore bizia galdu dutelarik. Gauza bera gertatzen zaio zirku tradizionalari: gainbeheran da, eta gero eta gutxiago dira babak eltzetik ateratzeko kamioietan alde batetik bestera dabiltzan familia eta artista konpainiak. Gaur egungo zirkuan hezitako elefanteek, lehoiek nahiz zaldiek ez dute lekurik, ezta begitartea margotutako pailazoek ere. Antzerki eskoletan eta kaleko formatu txikiko ikuskizunetan trebaturiko aktoreek beraien lekua hartu dute, eta egunerokotasuna dute hizpide nagusi. Trapezistak, funanbulistak eta enparauak ez dira atzean geratzen, eta eskola berezietara jotzen dute eta dieta bereziak jarraitzen dituzte beren lana ahalik eta hobekien burutzeko asmoz.
Horrela bada, egungo artistak dagoeneko ez du bere sendiaren karpa jartzen, ez die abereei bazka ematen eta ez du kamioirik gidatu behar. Espezializazioa eta globalizazioa nolabait zirkura ere heldu dira, eta trapezista bretoi batek, adibidez, Alemaniako konpainia ospetsu batentzat lan egin dezake. Abangoardiako zirkua, gainera, aro berrietara moldatu eta aurrerapen teknologikoetaz baliatzen da emanaldi ikusgarriak prestatzeko. Hala artisten mugimenduen, argiaren eta soinuaren arteko koordinazioari inoiz baino garrantzi gehiago ematen zaio.
Dena den, orain gutxira arte ohiko zirku emanaldia bost minutu inguruko ikuskizunetan zatitzen zenez, aurkezlea artistak aurkezteaz arduratzen zen. Abangoardiako konpainietan, ordea, ez dago aurkezlerik, ezta beharrik ere, emanaldi osoan istorio bakarra eta etengabekoa kontatzen baita.
Horren adibiderik argiena 2000ko maiatza eta ekaina bitartean Bilbon Cirque du Soleil-ek aurkeztu "Quidam" lana dugu. Berez konpainia kanadarra bada ere mundu osoko artista bikainak biltzen ditu. Adituen hitzetan "Quidam" ikuskizun gorena da, eta argia, soinua, umorea, oreka eta arriskua maisuki uztartzen ditu herrialde askotako ikusentzuleak aho bete hortz uzteraino. Zuzendari nagusi Guy Laliberté-k eta Daniel Gauthier-ek giro bereziak eta erakargarriak sortzeko iaioak direla argi erakutsi dute, baita publiko anitza egunerokotasunetik atera eta sentsazio berriak biziarazteko gaitasuna ere. Halakoa izango omen da XXI. mendeko zirkua: erraldoia, poetikoa eta esperimentala.
Lehenbiziko zirku euskalduna.
Euskal Herrian konpainia gutxi daude eta txikiak dira, eta horietako batek baino ez ditu emanaldiak euskara hutsean eskaintzen. Zirkua maite duten zenbait lagunek Bilin Bolo taldea sortu zuen, eta estraineko emanaldia Eibarren maiatzaren 18an izan zen. Magia, umorea eta malabarismoak uztartzen dituzte, eta bertako kide Iker Lezetak lautan eskuratu du Munduko Trialsin Txapelketa. Haurrak liluratuta uzten omen ditu bizikleta gainean bereak eta bi egiten baititu Ikerrek. Marcel magoak, Patxi artista-malabaristak eta Gari, Montxo eta Joxe Lontxo pailazoek taldea osatzen dute.
Dena den, pailazo hirukotea ez da berria kontu hauetan. 1996an sortu zuten taldea, baina aurrez Tutik ere Clowns-eko partaide ziren. Egungo umeen gehiengoa euskalduna denez, aro berrietara moldatu eta euskara berreskuratzeari ekin zioten. Zirkuko hondarra oso gustuko dute, eta pilotaleku eta antzeztokietan ere moldatzen dira, baina aldamenean inolako animaliarik gabe.
Bestalde, orain urte gutxi Iruñeko Oreka eskolak klaseak eskaintzeari ekin zion Mira antzokian.
Miarritzeko I. Zirku Topagunea.
Zirkua, beraz, garai berrietara moldatzen ari da, eta bere baitan aldaketa sakonak gertatzen ari dira. Umeek zirku emanaldietara joateko agertzen duten ilusioa eta nahia, ordea, ez dira batere aldatu, eta beren gurasoak eskutik tiraka karpa barruraino eramaten dituzte. Bertan aurkezleak ongietorria eman eta argiak itzali arte txikienak ez dira baretuko.
Ipar Euskal Herriko haurrek ere maiatzean aztoratuta ibiltzeko motibo izan zuten Miarritzeko I. Zirku Topagunea izan zelako. Bost egunetan jarraian Frantziatik etorri pailazo, trapezista eta enparauen ikuskizunaz harritzeko eta gozatzeko aukera izan zuten. Biarritz Culture-k antolatu jaialdian era guztietako zirku konpainiak parte hartu zuten; batzuek abangoardiako konpainien berrikuntzak eskaini zituzten, eta beste batzuek, ordea, zirku tradizionalari eutsiz prestaturiko emanaldia malabaristen, trapezisten eta hezituriko animalien trebezietan oinarritzen zuten. Pagnozoo familiaren zirkua horren adibide da.
Pagnozoo sendiak bizitza osoa alde batetik bestera darama bere ikuskizun ibiltariak nonahi aurkezten, eta senide guzti-guztiek parte hartzen dute, laupabost urteko alabarik gazteenak barne. Zaldiak eta bestelako abereak hezitzen iaioak dira eta artisten aginduak zintzo eta dotoretasunez betetzen dituzte, Pagnozoo sendiko seme-alaba nagusiek haien gainean akrobaziak egin bitartean. Oraindik nahiko gazteak izan arren, ikuskizunetan erakutsitako maisutasunak eskarmentu handia dutela frogatzen du, eta magia ikuskizunak tartekatzera ere ausartzen dira. "Sabots de lune" edo "Ilargi eskalapoiak" lana erritmo bizian burutzen dute, eta atseden laburretan gazteok gurasoengandik gomendioak jasotzen dituzte, lagun duten "Les Yeux Noirs" ("Begi beltzak") musika talde zingaroak Europa Ekialdeko doinuak jo bitartean. Pagnozootarren emanaldiak zirku modernoaren zertzelada batzuk baino ez ditu, horien artean, sudur gorririk eta aurpegi zuririk ez duen Hercule Flocon pailazoaren ikuskizuna. Guztiek, ordea, zirkua dute bizibide eta zirkua maite dute. Pagnozoo familia bera izan zen Miarritzeko Topagunean zirku emanaldiak aterbetu zituen karpa jartzeko ardura bere gain hartu zuena, zirkuaren seme-alabek belaunaldiz belaunaldi hala egin baitute