«ARABARRAK IZANGO GARA ARABARROK IZAN GURA DUGUNA»


2021eko uztailaren 19an
Bere jardueran izandako aldaketaz galdetu diogu Iñaki Gerenabarrenari. Ea zer suposatzen duen gobernu funtzioetatik alderdiaren aparatura pasa izateak, «aparatu» hitza beharbada ez duela gustuko aditzera emanez: «Ez pentsa. Nahiko ortodoxoa naizela esan ohi dut, alderdiaren aparatua esatean ez dut berean interpretazio gaiztorik ikusten. Aparatuak beharrezkoak dira, kontua da alderdien aparatuek zer-nolako funtzionamendua duten, normalki ez dute jendeak uste dutena».

Sailburu izatetik ABBko lehendakaritza izatera pasa zara. Zertan eragin du horrek zugan?
Aldaketak alde onak eta txarrak izan ditu. Gobernuan izateak gauza garrantzitsuak egiteko tresnak eskaintzen dizkizu, adibidez, aurrekontu bat duzu eta hainbat gauza egin dezakezu. Aldiz, zure sailean ari zarenez, ez duzu zeurea ez den esparruetan sartu behar, eta nik politika gustukoa dut. ABBra etorrita, Arabako bizitza soziopolitiko orokorra gertuagotik segitzen hasia dut nolabait.

Nolakoa da Arabako sozietatea eta bertako egoera soziopolitikoa?
Betidanik eta beti legez, Arabako sozietate konplexua eta politikoki oso plurala da. Araba lau zatitan banatu daiteke soziopolitikoki: PP, PSOE eta EAJ-EAk hiru herenak hartzen dituzte, gaineratiko alderdiek beste laurdena berriz. Hori dela-eta, bertako politika alderdien arteko akordioen arabera funtzionatu eta garatu behar da ezinbestean, ez dago aukera politiko nagusirik.

Lizarra-Garaziko Akordioak Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko gobernuen galtzea ekarri zizkiola euskal nazionalismo moderatuari esaten da. Bat al zatoz baiezpen honekin?
Inola ere ez. Arabako politika ezagutu behar da hori esateko. Hasteko, gogoratu behar da guk bertako erakundeetan gobernatu izan genuela, batetik, orduan PP eta UA banatuak zirelako, eta bestetik, PSE-EErekin akordio bat izan genuelako. Gu ez gara Araban gehiengoa inoiz izan. Hori aitortu eta onartu behar dugu eta gauzak oinarri horretatik azaldu. Dena esatera, duela hiru urteko udal eta foru hauteskundeetan eman ziren emaitzak ez ziren Lizarra-Garaziko Akordioaren porrotaren ondorio. PSOEk eta PPk hartu zuten jokabide politikoa zela medio, Araban beste indar korrelazio bat eman zen eta gu kanpoan geratu ginen. Baina guk geuk gure porrota propioa izan genuen, botoak galdu genituen gure erruz.

Zeintzuk izan ziren erruak?
Adibidez, Laudion, Amurrion eta Errioxa aldeko herri batzuetan hartu genituen udal mailako erabakiak ez ziren egokiak izan. Horren adibidea da, herri askotan Europako hauteskundeetan botoak irabazi genituela, Udaletxetan eta Batzar Nagusietan, berriz, galdu genituenean. Zigor moduko bat jaso genuen udal hautagai zerrendak burutzean. Arabako Foru Aldundia 200 bat botogatik galdu genuela gogoratu behar da ere bai.
Zure galderari erantzunez, baliteke gainontzeko lurraldeetako herritarrek uste izatea Arabako sozietateak ez zuela Lizarra-Garaziko Akordioa bermatu, baina beste lurraldeekin alderatuz ez zela ezberdintasun handirik izan esango nuke. Litekeena da ere, bertako erakunde nagusiak PPren eta PSOEren esku direnez geroztik Arabako beste irudi bat agertzen dela.

EAEko azken hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak lortu zuen boto gehien Araban. Ibarretxe lehendakariak daraman politika Arabako egoera soziopolitikotik EAEko beste bi eskualdeetakotik baino hurbilagoa delako izan al daiteke ?
Nik ez nituzke gauzak zuk planteatzen dituzun legez planteatuko. Egia da sektore askotan zalantzaren bat dagoela, sektore hauek EAEko hauteskundeetan zein egitasmo aurkeztu genuen ikusita ea gauzak gelditzen ari ote diren galdetzen dute. Baina, zer-nolako gauzak esan genituen gogorarazi nahi nuke, baita berauek betetzeko azaldu genuen modua ere. Guk ez genuen esan urte batean arazo guztiak konponduko genituela, baizik eta arazoak gure proiektuaren hiru puntu nagusien arabera bideratuko ditugula. Hasteko, Gernikako Estatutuaren egoera aztertu eta bere aukerak landuko genituela esan genuen. Horren ostean, beste marko batera iristeko posibilitatea ere landuko dugula, eta azkenik, konpromisoa hartu genuen herriak erabaki dezan zein proiektu politiko nahi duen. Hiru oinarri horiek betetzen ari direla esango nuke. Batetik, laster, Autogobernuaren Batzordeak emango dituen emaitzak ikusi eta aztertuko ditugu, uztailean edo irailean osoko bilkura oso garrantzitsua burutuko da horren zioz. Artean, lehendakaria hasi da kontsulta baten aukera aipatzen. Gauzak ibili behar diren legez dabiltza nire ustez, astiro-astiro eta kontuan hartuta legealdia lau urtekoa dela.

Arabako politikara itzuliz, ABBko lehendakaria izendatzean bertako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala berreskuratzea helburu duzula esan zenuen. Egungo egoera politikoan instituzio horiek eskuragarriak ikusten dituzu?
Bai, posiblea ikusten dut.

Gatazka politikoa oraingo parametroetan ematen den bitartean eta oraingo indar korrelazioarekin nola berreskura ditzakezue?
Oraingo indar korrelazioa nahiko mugikorra da. Inork ez zuen pentsatuko aurreko EAEko hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak horrenbeste aulki aterako zuenik, inork ez; nik neuk behintzat ez. Ez nuen pentsatzen Araban irabaz genezakeela ere, ezta EAE mailan irabazi genuen moduan irabaztea. Beraz, alderdi batzuek zigorra jasoko dutela pentsatzen dut. Adibidez, PSE-EEk izan duen jokaera ikusita, ez dut uste hurrengo udal hauteskundeetan aurrekoetan izan zituzten emaitzak errepikatuko dituztenik, ezta PPren politika orokorra nahiz kudeaketa txarra ikusita, honek orduko emaitzak errepikatuko dituenik ere. Jendea konturatzen ari da alderdi popularra ez dagoela arazoak bideratzeko politika bat sustatzearen alde, egoera txartzearen alde baizik.

EAJ ikusten al duzu garaile?
Ziur naiz irabaziko dugula.

Bakarrik edo EArekin koalizioan?
Gu saiatuko gara EArekin joaten, errazago irabaziko baitugu.

Demagun indar bozkatuena zaretela. Zein alderdirekin negoziatuko zenukete aldundia gobernatzeko?
Hori emaitzen arabera ikusi beharko da. Ikusi beharko da, esaterako, PSE-EEk galerak dituen edota IU-EBk botoa hobetuko duen. Halaber, ikusi beharko da Batasunak aurkezterik izango duen edo ez. Hori oso inportantea izango da. Arabako Batzar Nagusietan Eusko Legebiltzarrean dugun gehiengoa lortu genezake. Baliteke ere ETAk tregoa bat agintzea, eta hartara Batasunak egingo lukeena ikusi beharko genuke. ETAk indarkeriari uko eginez gero, Araban posible da Batasunarekin akordio bat lortzea.

Demagun ez dela horrela. Gaineratiko lurralde historikoetako aldundietan EAJ-EAk PSE-EEren laguntza izan dute. Arabako PSE-EErekin posible ikusten al duzu akordio bat lortzea?
PSOErekin oso zaila da akordio bat lortzea, ia ezinezkoa. Arabako PSE-EEren gaurko joera ikusita, ez dut uste ezer lortu dezakegunik. Gu ez gara akordio batera iritsiko ez Batasuna ez PP ezta PSE-EErekin, alderdi hauek Eusko Jaurlaritzak herri normalizazioa eta bakerako ezarritako egitasmoari bizkarra ematen dioten bitartean. PSE-EEk bere jarrera aldatuko balu egoera berria aztertuko genuke. Eta horrela balitz, albistea ez litzateke guk PSE-EErekin akordio bat lortu dugula, sozialistek beren jarrera aldatu dutela baizik.

Demagun Batasuna legez kanpo gelditzen dela eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa onartzen duela.
Hasteko, edozein alderdirekin akordio bat egingo balitz EAE mailan egingo litzateke, guk EBBk markatzen duen ildoaren barruko politika burutzen dugu EAEn. EBBk nahiz Eusko Jaurlaritzak irakurketa bera egin dute Eudelen akordioaz, hori argi eta garbi utzi nahi dugu. Hau da, Alderdi Politikoen Legea eta Batasunaren legez kanpo uzteko asmoa aniztasunari egindako erasoa da, eta bere hirugarren puntuaren arabera ezin dugu akordio politiko batera iritsi pluraltasun horren aurka dagoenarekin. Beraz, Batasuna edo edozein alderdi politiko legez kanpo uzten duen legea sostengatu dutenekin ezinezkoa izango dugu akordiorik lortzea oraingo egoera politikoa mantentzen den bitartean

«17 urteren ondoren, Lurralde Historikoen Legea aztertu beharko litza teke»
Ibarretxe lehendakariak EAEn kontsulta bat eginez gero, Araban ere modu bereko bat egingo dutela adierazi du orain gutxi UA alderdiko Pablo Mosquerak. Zer balorazio egiten duzu asmo horretaz?
Pablo Mosquerak gustukoa du horrelakoak esatea, baina guk, abertzaleok, ez diegu inolako beldurrik horrelako adierazpenei. Azken finean, arabarrak izango gara arabarrok izan gura duguna. Une batean, Araban kontsulta bat izan zen -Gernikako Estatutuaren berrespena- eta arabarrok EAEn egoteari baietz esan genion. Eta berriz ere kontsulta bat egingo balitz, ziur naiz, arabarrok EAEn jarraituko dugula. Nik ez diot inongo beldurrik galdera hori egiteari.

Zein neurrian ez ote da EAJ ordaintzen ari Lurralde Historikoen Legea sinatu izana?
17 urteren ondoren lege hori aztertu beharko litzateke berriz ere, bere alde onak eta txarrak baititu.

Zein dira alde onak nahiz txarrak?
Alde ona lurraldeen deszentralizazioa bera da, hainbat gauza konpontzeko tresna propioak izan ditugulako. Araba, adibidez, ekonomikoki hazi egin da. Alde txarren artean, berriz, indibidualistagoak bihurtu izana dago. Arabarrok, gipuzkoarrok nahiz bizkaitarrok, beharbada, identitate komunago bat finkatzeko aukera galdu dugu.

Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak fiskalitateari dagokionean botere gehiago izatea hobetsiko zenuke?
Non eta nola gerta beti ere. Gauza batzuk hobekiago bideratzen dira deszentralizaziotik, baina nortasun komun hori bideratuko lukeen politika bat hobetsiko nuke, eta horretarako Jaurlaritzari eskumen handiagoak emango nizkioke.

Arabarrek onetsiko al lukete hori?
Uste dut baietz. Adibidez, arabarrok zuberotarrekiko ezberdinak gara aspektu askotan, ados, baina berdintasunak ere baditugu, eta horiek bultzatu behar ditugu. Euskaldunok gure diferentziak mantendu behar ditugu euskal nortasuna finkatuz.

Non da Trebiño Araban integratzeko koska?
Madrilen eta Gaztela eta Leongo erkidegoan.

Bizi dugun gatazka politikoa beste parametrotan emango balitz errazago litzateke koska hori gainditzea?
Horrela espero dut. Demagun gatazka politikoa konpontzen dela, demagun diot, autodeterminazio eskubidea onartzen dela, Euskal Herriarentzat eskubide hori onartuko balitz, Trebiñorentzat ere onartzea litzateke zentzuzkoena

SUSTRAI ASKOTARIKO GASTEIZTARRA
40 urte. Gasteiztarra. Gurasoak ere gasteiztarrak. Bizkaitar, gipuzkoar, nafar eta arabar izan ditu aiton-amonak, hegoaldeko lurralde bakoitzeko bat. Gurasoek ez zekiten euskaraz. Markinako aitonarengatik jaso zuen euskara apurra. Izaskun Arruek etxean antolaturiko Olabide ikastolan ibilitakoa. Emaztea gernikarra izaki bizkaiera moduko bat egiten du. Basoko ingeniari teknikaria. ABBko lehendakaria eta legebiltzarkidea. Politika grinaz bizi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Larunbatean hiru bahitu askatuko dituela baieztatu du azkenean Hamasek

Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]


AEBek eta Errusiak diote Ukrainako gerra amaitzeko negoziazioei heltzeko prest direla

Trumpek eta Putinek ordu eta erdiz hitz egin dute telefonoz. Biek hala biek baieztatu dute ados direla Ukrainako gerra amaitu dadin "elkarrekin lan egiteko", baina argi utzita Ukraina 2014ko mugetara itzultzea ez dela "errealista". Zelenskyrekin ere hitz egin... [+]


2025-02-13 | Axier Lopez
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota

Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan... [+]


2025-02-13 | Gedar
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Jesús Rodríguez
Etxegabetzeen aurrean, irabazteko antolatu

Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]


Roberto Valencia, kazetaria El Salvadorren:
“Bukele diktadorea da, baina milaka pertsonaren bizimodua askoz hobea da egun duela hiru urte baino”

Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra... [+]


Ustezko ezkerra migratzaileen sarekadak egiten (eta harro) Erresuma Batuan: 4.000 atxilotu sei hilabetetan

Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.


Hamasek bertan behera utzi du larunbat honetako preso trukea, Israeli su-etena urratzea leporatuta

Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.


2025-02-11 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak: gerra ekonomikoan ere, eszenografiak ezin du estrategia ordeztu

Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]


Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


Eguneraketa berriak daude