Jatetxe bateko karta hartu eta otarrainxkak, zainzuriak, hostorea, azpizuna edo anana eskatu badugu, guztiok garbi al dugu gure plateretan zer ipiniko duten? Batek baino gehiagok pentsatuko du: karta euskaraz badago, gaitzerdi. Eta arrazoi izango du, bezeroari karta euskaraz (edo euskaraz ere) eskaintzeko ohitura ez baitago nahi bezain zabaldua gure jatetxeetan. Baina hori arazo nagusia izanik ere, kezkagarria da, halaber, euskarazko karta topatu eta eskaintzen duena garbi ez ulertzea. Erdarazko karta bat euskaratzen hasi eta hiztegi batuak eskaintzen dituen terminoak erabiliz gero, batzuk ulertzen zailak direla ikusiko dugu. Eta horrek karta hauen erabileran du eragina: bezeroak erdarazko karta eskatuko du edo, karta berean testua elebitan izanez gero, erdarazko testu zatira joko du bere urdailean sartuko duena ezagutzeko asmoz.
Hainbat jatetxe aukeratu dugu karta euskaraz ba ote duten ikusteko. Eta aukeratzen hasita, Michelin gidaren aholkuak jarraitzea erabaki dugu; hots, Michelin izar gehien duten jatetxeetara jo dugu: Arzak eta Martin Berasategi, biak hiru izarrekoak, eta bina izar duten Zuberoa eta Akelarre. Bada, orain arte pilatu dituzten izarren ondoan beste xumeago bat ipini beharko diegu, lauek gaur egun euskarazko karta baitaukate.
Baina urtetan, maila honetako jatetxeen artean, Zuberoa izan da euren eskaintza euskaraz ipinita izan duen bakarra. Lau belaunaldi eman ditu Arbelaitz sendiak Oiartzungo baserrian. Lehenik taberna txiki bat zena gero erretegi bihurtu zen eta azkenik, Hilario, Eusebio eta Joxe Mari anaiek sukalde berriari heldu zioten, beti ere euskal sukalde zaharraren ukitu batzuk mantenduz. Duela 32 bat urte hasi ziren kartarekin eta Hilario Arbelaitzen hitzetan, «gure artean beti euskaraz egin dugu eta karta ere beti euskaraz izan dugu». Koinatak, Miren Mitxelenak itzultzen ditu Zuberoako kartak. «Bezeroak euskaldunak direnean zuzenean euskarazko karta ematen diegu,» dio Arbelaitzek, «hori bai, gero batzuek, nahiz eta euskaldunak izan, arazoak dituzte karta euskaraz ulertzeko eta orduan gaztelerazkoa eman behar izaten diegu». Michelineko bi izarrak erantzukizun handia direla dio sukaldari oiartzuarrak. Horregatik karta sarritan aldatzen dute eta berau hiru hizkuntzetan ipini. Euskarazkoa eta gaztelerazkoaz gain, ingelesezko karta ere bai baitute bertan. Izarrak erakarrita toki guztietako bezeroak dituzte eta ez nolanahikoak gainera. Adibide gisa, Zuberoatik zazpi Nobel sari pasa direla esan digu Hilariok.
Aipatutako lau jatetxeen artean, karta euskaraz izaten lehena izanik ere, gainerakoek ahaleginen bat egin ote duten inpresioa duela esan digu Arbelaitzek. Eta baita asmatu ere. Guztietan eskuratu ahal izan dugu euskarazko karta.
Ulergarriak al dira? Karta idazterakoan hiztegiak ematen digun ordaina zuzenean sartu behar al dugu? Ala erdarakadaren arriskua izanda ere, esan ohi dugun bezala ipini? Arbelaitzek zalantzak ditu: erdarakadak erabilita «erraztu egiten duzu bezeroek karta ulertzea»; baina «gauzak erraztearren euskarazko hitzak galtzea ere ez dago ondo». Azkenean, bere esanetan, «ez nuke ulertzen ez dudan ezer inoiz nire karta batean jarriko».
Ulertzen ote diren edo ez ikusteko adibide batzuk ipiniko ditugu. Lehenik, Lasartera, Martin Berasategirenera joango gara eta bertan, hasteko, hegaluzearen mendreska-otartea, tipuleta eta muskuilu salda epelarekin eskatuko dugu. Ondoren Oiartzunera abiatu eta Zuberoan arraina eskatuko dugu: mihi-arrain bizkarralde errea, marinel saltsa eta pinazi txigortuekin. Igeldora jo eta Pedro Subijanarenean haragia eskatuko dugula erabaki dugu: basahatea bere txintxortarekin, berbena limoiusaiaren ura, ziza eta ilarrekin. Azkenik, Arzak postrerako utzi dugu: mugurdi-kraskatsua melokotoi lehorraren saltsan.
Irakurle bakoitzak ikusi beharko du aurreko adibideetatik zer ulertu duen eta zer ez. Hala ere, zeozer ulertu ez badugu, karta idatzi duenarekin edo Euskaltzaindiarekin haserretu baino lehen, beste galdera bat egin beharko diogu geure buruari. Erdarazkoa irakurrita den-dena ulertuko al genuke? Alegia, gehienak horrelakoak dastatzera ohituta ez gaudela onartu beharko dugu, ez euskaraz eta ez beste hizkuntzatan.
Errealismo ariketa bat eginez eta gure poltsikoak aginduta, Michelin izarrak ahaztu eta jatetxe «normalxeagoen» bila abiatu gara. Bisigu errearen usainak erakarrita Orion geratzea erabaki dugu.
18 jatetxe daude Orion, eta horietatik gutxienez 12k karta euskaraz badauka. Duela 8 urte etorri bagina, ordea, bateren bat kenduta, karta eta menu guztiak erdarazkoak ziren. Datu larria, Orio herri euskalduna dela kontuan hartuta: %81 euskalduna da, %10 ia euskalduna eta azken kale neurketak dio erabilera %70era iritsi dela. Duela 8 urte Euskara Merkataritzara kanpaina jarri zen abian Orion, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala. Kanpaina honek herriko dendari guztiei publikoari begira dauzkaten testu guztiak euskaratzeko gonbitea egiten zaie, baita jatetxeei ere. Orioko Euskara Zerbitzuak, itzulpena egiteaz gain, nahi izanez gero kartak diseinatu eta inprimitu ere egiten ditu, Jabier Zabaleta teknikariak esan digunez. Azken Gabonak bitartean 6 jatetxek erabili zuten zerbitzu hau. Euroa zetorrenez jatetxe askok karta berritu beharko zuela-eta, orduan ahalegin berezi bat egin eta beste 6 karta euskaratu dituzte txanpon berriaren etorrerarekin.
Itzulpenak egiterakoan zein irizpide erabiltzen dituzten galdetu diogu Zabaletari. Iristen zaizkien kartak itzultzeko aparteko zailtasunik ez dutela esan digu, Orion ez dagoelako goi-mailako sukaldaritzako jatetxerik. Dena den, «beti ulergarritasunari ematen diogu lehentasuna. Ez dugu inoiz ‘hostorea’ erabili, esaterako, ‘hojaldrea’ baizik. Karta elebietan badago, aukera gehiago duzu eta ‘otarrainxkak xaflan’ jar dezakezu, gero azpian ‘langostinos a la plancha’ jarriko duelako. Baina euskara hutsezko kartan ‘otarrainxkak xaflan’ jartzea zure buruari harrika egitea da, bezeroak berehala erdarazkoa eskatuko dizulako».
Aurten Deba bailarako Debagune elkarteak ere ekimen bat burutu du euskarazko menuak bultzatzeko. Orotara bailarako 100 jatetxek hartu zuten kartak euskaraz ipintzeko konpromisoa eta ordainetan, horien guztien berri jasotzen duen «Deba Bailarako Jatetxe Gida» kaleratu zuen elkarteak. Hemen ere ulergarritasuna jarri zuten zuzentasunaren gainetik eta ‘koneju’, ‘entremes’, ‘tortilla’ eta tankerako hitzak topa daitezke bertan.
Oriora itzuliz, pozik ageri da Jabier Zabaleta kanpaina hauen emaitzekin, jatetxeek gero eta gutxiago jotzen baitute euskara zerbitzura. Hots, gero eta gehiago euren bitartekoz ari dira kartak euskaratzen eta «zerbitzuak motore lan hori egin behar du».
Goi mailako jatetxeetan euskarazko kartak hedatzen ari direla ikusi dugu. Baina oraindik zaila da jatetxeetako menuak eta kartak euskaraz ikustea. Gehienek erraztasunak emanez edo ordainetan goxokiren bat ipiniz jartzen dute euskarazko testua. Gainera, batzutan bezeroak kexu gara euskarazko kartak ulertzea kosta egiten zaigulako. Jatetxeei ahalegin txiki hori egiteko eskatu beharko genieke. Bai, baina guk, bezerook, ahaleginik egiten al dugu? Ez al gara erdarazkoak ikustera ohitu? Gutako zenbatek eskatu du inoiz euskarazko karta jatetxe batean?