Gizarteko eragile guztien artean egiten den galderak dira. Zer gertatuko da Alderdi Politikoen Legea onartzen denean? Erantzun guztiak norabide bakarrekoak dira: Batasuna legez kanpo utziko da, legea horretarako eginda dago eta. Baina noiz? Legea ekainaren 25ean onartuko bada, uztailaren hasieran. Jose Maria Aznarrek ez du denbora gehiegi luzatuko, Auzitegi Goreneko Zibileko Aretoaren eskuetan jarriko du Batasuna ilegalizatzeko eskaera eta prozedurak bere bideari ekingo dio: eskaeraren azterketa, jardueraren suspentsioa eta, azkenik, disoluzioa eta Batasunak dituen jabegoen bahitzea.
Beste batzuen iritziz, ilegalizazioa datorren urte hasiera aldera gertatuko da, Batasuna foru eta udal hauteskundeetara aurkez ez dadin. Denetariko iritziak dira, baita bitxiak ere. Interneteko Euskadilibre.com webgunean arakatuz gero, esate baterako, Frantzia aurreratu egingo da eta Espainiak baino lehenago jarriko ei du legez kanpo Batasuna. Informazioaren trataeragatik, web gune hau egiten dutenek, badute kontakturik polizi iturriekin. Seguruenik ez da kontuan hartzeko informazioa Batasunari buruz aipatzen den hau, baina edonola ere, gaiari ateratzen zaizkion adar guztien erakusle bitxietariko bat da.
Batasuna legalki bukatu da.
Gauza bat da alderdi bat legez kanpo uztea eta oso bestelakoa berak ordezkatzen duena errealitatetik ezabatzea. Galderak, ostera, bata bestearen atzetik datoz, eta garrantzitsuenetakoa honakoa da: nola egingo du Batasunak bere jarduerarekin jarraitzeko? Eta erantzuna lehorra eta bat-batekoa da, beti ere ilegalizazioak aurrera eginez gero: Batasuna legalki bukatu da. Hori da Batasunako zuzendaritzak buruan duena, eta egoera horren aurrean nola jokatu pentsatzen ari da. Baltasar Garzon Kode Penalaren bidetik horren atzean aspalditik bide badabil ere, orain Alderdi Politikoen Legearekin, helburu hori askoz samurragoa izango da.
Batasunak argi du bere jarduera eta proiektuekin jarraituko duela eta, publikoki adierazi duen legez, ez dute mendira jotzeko inongo asmorik, ezta erresistentzia dinamika hutsetan aritzekorik ere. Urtarrilean eta apirilean aurkeztu zituzten proposamenen -bakea eta eraikuntza nazionalean oinarrituz, hurrenez hurren- sozializazioan jarraitu nahi dute, beti ere -beraiek aitortzen duten legez- 1997an abiarazitako prozesu politikoarekin jarraituz eta planteamendu klabe batera iristekotan: Euskal Herria autodeterminaziorantz eramango duen prozesu baten baldintzak nola sortu.
Ikusi beharko da nola egiten duen hori, baina lehen une batean behintzat, ilegalizazioa azkar emango balitz, hor dauzka ia 900 zinegotzi, 60 bat alkate, Batzar Nagusietako ia 30 batzarkide eta 15 parlamentario Nafarroan eta EAEn. Horiek guztiak ezingo dira Batasunaren izenean aritu, baina beren postua mantenduko dute, legalki hautetsi kargua ez delako alderdiarena, pertsonarena baizik. Eremu horretan dagoen jurisprudentzia sendoa da eta hor Espainiako gobernuak eta auzitegiek ezer gutxi egin ahal izango lukete. Oraingoz behinik behin, datozen hauteskundeetarako egoera oso bestelakoa izan liteke eta. Bai parte-hartze politikoari dagokionez, eta baita ekonomikoki ere, horrek guztiak dirutan suposatzen duena ez baita txantxetakoa.
ORDEZKATZE POLITIKOAren zailtasunak. Batasunaren ondoren ezaugarri berdintsuetako alderdirik edo elkarterik sor ez dezan indar berezia jarri da Alderdi Politikoen Legean, eta hor ez zaio ia zuzenketarik egin. PSOEk ongi ikusi du testua pixka bat biguntzea, baina zirrikiturik ia ez uztea ere bai.
Xedapen Gehigarri eta guzti egin zaio alor honi, hauteskundeak arautzen dituen 1985eko lege organikoa aldatzeko helburuarekin. PPren proiektuan esaten zenez, hautesle elkargoek ezin izango dituzte hautagaitzarik aurkeztu, baldin eta hauek legez kanpo jarritako alderdi baten jarduera jarraitzeko sortuak badira. Eta hori horrela noiz den erabakitzeko honako irizpideak kontuan hartuko dira: «proiektu politikoen oinarrizko antzekotasuna, edota egitura, erakundetze eta funtzionamendu, pertsonen eta diru iturri edo ondasun materialen antzekotasuna, edota jarraikortasun hori susmarazi dezaketen beste edozelako zirkunstantziak».
PSOEk egindako zuzenketan -PPk onartutakoa- ezabatzen den antzekotasun bakarra «proiektu politikoa»rena da. Gainerako guztia berdin mantentzen da.
Jone Goirizelaia, Iñigo Iruin, Kepa Landa eta Adolfo Araiz dira Batasunatik azterketa juridikoaz arduratzen ari diren abokatuak. Errealitate honen aurrean, Batasunako juristek egin ahalak eta bi egin beharko dituzte legearen oztopo hori gainditzeko. Bai legea beragatik, eta baita aurpegi berri ugari beharko direlako, eta hauek oso egoera gogor eta zailetan aritu beharko dutelako, eragile soziopolitiko guztiek uste duten gisa, egoera biziki kaskartzen bada.
Legeak bere alde ahuletako bat ere izan dezake puntu honetan, haustesle elkargoa aurkezteko oztopoen artean, egitura, antolakuntza, funtzionamendua, pertsonak, diru iturriak eta ondasunak aipatzen dituelako, besteak beste. Hautesle elkargo bat aurkezteko, baina, oso baldintza gutxi behar dira: diruzaina, ordezkaria eta sinadura kopuru bat. Haustesle elkargoek ez dute egiturarik, ez antolakuntzarik, ez erakundetzerik... Nola egingo da, orduan, konparaketarik hori guztia ez badago?
ARAZO POLITIKOA. Borroka juridikoa agerikoa da eta desberdintasun ugari dago legearen bultzagile eta aurkarien artean, baita Espainiako botere desberdinen artean ere. Horren erakuslerik argiena Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegiren «Gora Euskadi eta askatasuna» ospetsuari buruz emandako ebazpena: oihu hori terrorismoaren apologia da eta, beraz, iritzi delitua, baina ez terrorismo delitua.
Oraingoan, Jose Maria Aznarren gobernuaren haserrea eta ausardia oso urruti joan dira ebazpenarekiko kritikan, aspalditik oso zalantzan dagoen botere banaketari beste danbateko handi bat emanez; nori eta Justizia Administrazioaren organu gorenari «legeak betetzeko direla» gogorarazi dio, besteak beste. Zalantza barik, iritzi publikoaren kontrolak babes handia ematen du auzi honetan, eta inkesten arabera, Espainiako lau herritarretatik hiru Alderdi Politikoen Legearekin ados dago.
Gobernuaren informazioa, komunikabideak, alarma soziala eta gobernuaren neurriak. Zirkuitu itxi bat sortzen da eskema horretan eta PPk oso ondo kontrolatzen duen gobernatzeko moldea da. Eta, bide batez, PSOE ere betirako oposizioaren bidezidor korapilatsuetan barna galdua ibil dadin lortzen du.
Edozelan ere, eta Espainiako iritzi publikoari dagokionez, ETAk azken urteetan PP eta PSOEko zinegotzien aurka egindako hilketa guztiak ere ezin dira ulerkortasun testuinguru honetatik kanpo utzi. Areago, EAJren zenbait sektoretan eta baita EAko sektore txikiagoetan ere, ez du ardura berezirik sortzen ezker abertzaleak jasan dezakeena. Ezker abertzaleko zenbait sektoretatik alderdi horiekiko dauden erasoen aurrean sortzen den erantzuna da, bai ilegalizazioaren auzi honetan eta baita torturarenean ere, bi adibide aipatzeagatik.
Espainian ez bezala, Euskal Herrian oso bestelako iritzia da nagusi: arazoa, juridikoa baino politikoa da eta ondorio larriak ekarriko ditu. Hori da lege honen aurka ekainaren 15erako gehiengo politiko-sozialak deitu duen manifestazioak sakonean adierazi gura duena. Beste gauza askotan elkarri mokoka aritu arren, Lizarra-Garaziko Akordioa sostengatu zuten indar guztiak bildu ditu ekimenak, garai hartako oso testuinguru desberdinean.
ONDORIOAK. Legeak izan ditzakeen ondorioei buruz era guztietako iritziak entzuten dira, baina oinarrian mezu bat ageri da: «ETA eta Batasuna dira benetan PPren helburu, edo, funtsean, euskal abertzaletasuna?». Maiatzaren 20an Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia eta Lan Kontseilariaren txosten batek horixe bera adierazten zuen.
Oso iritzi zabaldua da Batasuna jokoz kanpo uzteak ez duela ezer konponduko eta ezker abertzalearen bide politikoak indartu beharrean, kale borroka eta borroka armatuaren bidea indartzen dela.
PPren helburuen artean, halaber, ez da bakarrik Batasuna legez kanpo uztea. Horrek egoera bat sortuko luke, oraindik ezagutzen ez duguna, baina giro politiko eta soziala aldrebestuko lukeena. Egoera horretatik, PPk ez du bazterreratzen berandu baino lehen iazko maiatzaren 13an izandako porrota leuntzea, eta zenbait lekutan abertzaletasuna gainditzea -Araba- edo oso modu gogorrean baldintzatzea. Bestetik, zer gertatuko litzateke, adibidez, iazko maiatzaren 13an EAJ-EAra jo zuten ezker abertzaleko 80.000 boto horiekin?
Ezker abertzalearen eremuan ere, zalantza ugari sortzen da toki askotan eta bereziki hauteskundeei begira. Esate batera, zer jarrera izango luke Aralarrek hauteskundeetan Batasunaren ilegalizazioaren aurrean? Oraindik ez dute jarrera publikorik agertu eta, sortu zenetik iragarri bezala, hauteskundeetara aurkeztekotan dira; Aralar barruan, dena den, ilegalizazioa gauzatuz gero hauteskundeetara ez aurkezteko ahotsak ere entzun izan dira.
ESTRASBURGO. Batasunetik aipatu izan da Lege honen iraupena bospasei urtekoa izan daitekeela, haien ustez Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez lukeelako onartuko. Turkiako Herriaren Lanaren Alderdi kurdoa aipatu da adibide gisa.
Nazioarte mailan irailaz 11z geroztik dagoen giroarekin eta aurrerantzean gerta daitezkeenak kontuan hartuz, ordea, batek daki zer ebatzi dezakeen Estrasburgoko Auzitegiak hemendik sei urtera. Horrez gain, Espainia ez da Turkia, ez edozein soegile objektiborentzat, eta are gutxiago Europaren begietara.
Ez da Turkia eta gainera, Espainia, trantsizioa egin eta 25 urte ondoren bere burua egokitzen ari da apurka; autonomiaren kontzeptuan eta beste eremu askotan -horra hor ekainaren 19 eta 20ko grebak- bideratzen ari den erreformek argi erakusten duten bezala. Edonon ere, 25 urteko balantzeak, jokamoldeen aldaketarako aukera zabaldu beharko luke.