Gaur egun, biztanle aktiboen %12,96 dago lanik gabe Iparraldean. Ehuneko hori zertxobait txikiagoa da Pirinio Atlantikoak departamentuan (%12,20) eta Biarnon. Egungo egunean, 114.000 pertsonek osatzen dute Iparraldeko biztanleria aktiboa, eta horietatik 14.850 dira langabeak. Langabezia handiagoa da hiriguneetan eta itsasaldeko herrietan barrualdeko laborantzakoetan baino. Angelun, esate baterako, %12,61ekoa da langabezia; Baionan, berriz, %19,17koa. Bi hirigune horietan bizi da, beraz, Iparraldeko langabeen %73,3.
Langabe gutxiago dago hiriburuen inguruko udalerrietan: %8,17 eta %10,4 artekoa da ehunekoa. Lanik ezak gutxiago erasan die, adibidez, Hiriburu, Bidaxune, Ezpeleta, Hazparne, Bastida eta Uztaritze udalerriei. Hala ere, azkeneko bi errolden arteko garaian, %30 inguru hazi zaie langabezia, batez beste.
Apalagoa da ehunekoa barrualdeko udalerrietan, laborantzak ezaugarritzen dituen herrietan: batez beste, %4,73koa da Iholdin eta %7,61ekoa Donibane Garazin. Nolanahi ere, %8,05era iristen da ehunekoa inguru bereko Atharratze-Sorholüze herrian eta %10,53ra Maule-Lextarren, herri industrialak izanik, sektoreko krisia jasatea egokitu baitzaie.
Bistan denez, hazten ari da langabezia, oro har. Hala ere, gizon langabeak ugaldu dira batik bat. Orokorrean, gutxitu egin dira emakume langabeak, eta fenomenoa itsasaldean nabari da gehien. Bestalde, Frantziako ekonomiako ezaugarri komun bat dela dirudi emakume enplegatuen ugaltze hori.
Horixe adierazten dute behintzat 1999ko erroldako datu ofizialek, zein Euskal Herriko Garapen Kontseilua erakundeak iaz eginiko "Diagnostic Territorial" izeneko txosten behin-behinekotik hartu baititugu. Dokumentu behin-behinekoa da, esan bezala; Estatistika eta Ekonomia Aztertzeko Frantziako Institutuak (INSEE) 1992n egin zuen lurralde-diagnostikoan hartzen du oin, eta azterlan horren lehen eguneratze bat da, Ipar Euskal Herria 2010 prospektibako planaren barruan.
EGOERA DEMOGRAFIKOA.
Oso bistakoa da Ipar Euskal Herriko lurralde egitura. Egiaztatu egin dira prospektibako lanerako identifikatu ziren hiru espazioak. Etengabe ari da hazten biztanlez Lapurdiko itsasaldea, baita Lapurdiko erdialdea ere (hots, hiriguneen aldiri guztia). Aitzitik, etengabe ari da urritzen biztanlez barrualdea. Azkeneko errolda orokorraren, 1999koaren, arabera, 262.311 biztanle bizi dira Iparraldean, eta horrek esan nahi du hazi egin dela biztanleria. Alabaina, migrazioa izan da hazkundearen iturri eta arrazoi bakarra. Horrela, negatiboa da oinarri naturala 1999ko datuetan; -4.303 pertsonakoa, hain zuzen. Aldiz, etengabea da migrazioaren ondoriozko hazkundea: 1990eko erroldan 16.401 pertsona dira jatorriz etorkinak; 1999koan, berriz, 16.973.
Adierazi dugun moduan, itsasaldeko herri guztiak ugaldu dira biztanlez etengabe; batzuk, gainera, ikaragarri hazi dira. Baionako kantonamenduak urritu egin ziren biztanlez 1975 eta 1990 bitartean, baina, geroztik, oreka demografikoa lortu dutela ematen du: 1999ko erroldan, 47.000 biztanle inguruko batez bestekoa ageri da eremu horretan. Baiona hiriburu historikoaren berezitasunak etxebizitzen eta enpleguaren egoerarekin du ikuskizun. Miarritzek %4,6ko hazkundea izan zuen 1990 eta 1999 bitartean, eta lurraldeko batez besteko demografikotik hurbil dabil gaur egun. Iparraldeko biztanle dentsitateari dagokionez, Miarritze ageri da gailen: 2.577 biztanle kilometro koadroko. Herri horren ondotik dabiltza Baiona (1.848) eta Angelu (1.309). Antzekoak dira, bestalde, Angelu eta Donibane Lohizune herrietako biztanle hazkundearen gaineko datuak: %18 inguruko bariazioa gertatu da 1982 eta 1999 bitartean, eta % 4tik gorakoa izan da hazkundea azkeneko bi errolden arteko garaian. Nolanahi ere, kanpoko biztanleei esker hazi dira bi herri horiek, oinarri naturala negatiboa izan baita, nola batean, hala bestean.
Itsasaldeko sistema osoari gagozkiola, 1982tik aurrera moteldu egin da hazkundea gainerako herrietan, Hendaian izan ezik. Herri hori beste guztiak baino gehiago hazi da 1990 eta 1999 artean; %10,5, hain zuzen. Beraz, Lapurdiko itsasaldearen eta barrualdearen arteko eremuak bezalakoxe joera erakusten du.
Lapurdiko tarteko eremu horretako biztanleria handituz joango dela egiaztatu da. Itsasaldeko eremua baino heterogeneoagoa da demografiaren ikuspegitik, eta hazkunde etengabea eta handiagoa gertatu da azken 25 urte hauetan: %10,2 hazi da, 75etik 82 artean; %10,6, 82tik 89 artean; eta %11,3, 90etik 99 artean. Bistan denez, erruz hazi dira azken 25 urte hauetan hiri aglomerazio nagusiko Uztaritze eta Hiriburu herriak, baita Ezpeletaren parte bat ere. Guztira, itsasaldeko herriak baino ehuneko bi edo hiru gehiago. Bereziki laborantzako herriak direnez gero, motelago ari dira hazten Hazparne eta Bidaxune.
Bai Hiriburu, bai Uztaritze, %76 eta %80 artean hazi dira, 1975az geroztik. Antzeko bilakaera izan dute bi udalerriek, eta biztanleak denboran nahiz espazio geografikoan ugaldu zaizkie, hiriguneen hedapenari jarraituz. Iparralde guztian ez bezala, oinarri naturala ere positiboa izan da bi herri horietan, 90etik 99rako urteetan: 249 Hiriburun eta 265 Uztaritzen. Hala eta guztiz, migrazioari esker hazi dira, nola bata, hala bestea: 1.366 etorkin hartu ditu Hiriburuk eta 2.965 Uztaritzek.
Bastida eta Ezpeleta udalerriek, halaber, kanpoko biztanle ugari bildu dute azkeneko urteetan. Ondoz ondo, %19,8 eta %7,3 1982 eta 1990 artean; %9 eta %9,7, 1990etik 1999erako urteetan. Bidaxune eta Hazparne udalerriek ere hazkunde erregularra izan dute, baina askoz apalagoa.
Iparraldeko barrualdea biztanlez urritzen ari da etengabe. Nafarroa Behereari dagokionez, Donapaleuk eta Baigorrik galdu dute jende gehien. Gainerako herrietan, Iholdin izan ezik, kanpotiko biztanleei esker ari da berritzen demografia, baina, hala ere, ez da berdindu oraindik oinarri naturalaren galera. Zuberoari gagozkiola, eta betiere Udalbitzak emandako azken datuen arabera, 3 lanpostutatik 2 galdu dira azken urte hauetan. Zuberoak 1.445 ustiatoki zeuzkan 1970ean, eta 925 bakarrik 2000an. Oinetakogintzan, 1.513 lagun enplegatzen ziren 1977an, eta 220 soilik 2000an. Bestalde, 25.000 lagun bizi ziren Zuberoan 1911n, 15.705 1990ean eta 13.743 2000an. Aurreikuspenen arabera, 11.800 lagun biziko dira 2010ean. Zuberoako Atharratze-Sorholüze herria 5.466 biztanle izatetik 3.335 izatera pasatu da 1962tik 1999ra bitartean.
GAZTE GUTXIKO ETA ZAHAR UGARIKO BIZTANLERIA. Iparraldeko biztanleen adin piramideak bi datu nabarmen erakusten ditu: gero eta gutxiago dira 20 urtez beherako gazteak, eta, ondorioz, gero eta zaharragoa da biztanleria. Esaterako, 1975etik 1999ra bitartean, %14,73koa izan da bilakaera negatiboa, 20 urtez beherako gazteetan; bestela esanda, 65.504 ziren 1975ean eta 55.853 1999an. Bilakaera hori Akitaniakoa baino positiboagoa da, non -%11,58koa izan baita. Negatiboenak, berriz, Biarnokoa eta Pirinio Atlantikoetakoa dira: -%17,87 eta -%16,57, ondoz ondo. Biztanleriaren zahartzeari dagokionez, honako datu hauek ageri dira. 1990eko erroldan, 65.182 lagun ziren 60 urtez gorakoak, eta 71.831 1999an. Zahartzeari dagokionez, %23,25eko igoera gertatu da Pirinio Atlantiko guztian, 1975-1999 aldian; Iparralde osoan, berriz, %31,32koa