argia.eus
INPRIMATU
Bucharaya Hamudy
B. Hamudy: «SEGURTASUN BATZORDEAK LEGEZKOAREN KONTRA EGITEN BADU ARMAK HARTUKO DITUGU"
2021eko uztailaren 12a
Saharako erreferenduma 1998ko abenduaren 8an egin behar zen. 84.000 pertsona zeuden botoa emateko prest, horiek ziren behintzat Nazio Batuetako Segurtasun Batzordeak erroldan sartu zituenak. Marokok, azken aukerak agortuz, 65.000 izen berri gehitu zituen errolda horretara eta jokabide horrek erreferendum prozesua erabat gelditu zuen.

Bucharaya Hamudy jauna, zeintzuk ziren Nazio Batuetako Segurtasun Batzordea bildu aurretiko jarrerak?
James Bakerrek 1997an hasi zituen elkarrizketa saioek bake prozesu batean burutu ziren eta erabakia zalantzarik gabekoa izan zen, erreferenduma. Eta hau da abiapuntua, ez besterik. Ondorengo arazoak Marokok izan duen jarreraren emaitza besterik ez dira. Nazio Batuetan arazoa konpontzeko eztabaidan zeuden proposamen politikoak bi ziren: batetik, Frantzia, Estatu Batuak eta Britainia Handiak defendatzen zutena, erabakia sei hilabete atzeratzea eta Sahara Marokoren autonomia bihurtzea. Bestetik, Errusia eta Txinarena, hiru hilabeteko epean erreferendumaren alde lan egitea.

Errusia eta Txinaren jarrerak bildu ditu boto gehien, 10. Baikortasunez ikusten al duzue atzerapen hau?
Aljeriako basamortu honetan igaro ditugun 28 urtetan esperantza ez badugu galdu ez dugu orain etsiko. Erabakia jakin bezain pronto gure diplomazia lanean hasi da. Segurtasun Batzordea osatzen duten Estatu guztiekin bildu behar gara, guztiekin, eta horrek Frantzia, Estatu Batuak eta Britainia Handia ere esan nahi du.

Jakina zen Frantziaren iritzia Sahararen arazo honetan, baina espero al zenuten Estatu Batuetako gobernuak autonomiaren alde egitea?
James Bakerrek bere garaian lan ikaragarria egin zuen bi alderdiekin hitz egin eta mahai baten inguruan esertzeko, baina memento honetan ez da garbi jokatzen ari. Min asko egiten ari da. Estatu Batuetako gobernu barruan dituen lagunak erabiltzen ari da George W. Bushen jarrera aldatzeko eta badirudi azkenean lortu duela. Zergatik? James Bakerri ez zaio Maroko eta sahararren arteko arazoa gehiegi axola, negoziaketak Arabiar Estatu Monarkiko ustelei mesedeak ordaintzeko erabiltzen ari da eta hori egoera politiko honetan Marokoren alde egitea da. Ez dezagun ahaztu gainera, AEBetako presidenteak Mohamed VIren bisita jaso zuenean egin zituela adierazpen hauek. Gure esperantzak hiru hilabete hauetan jarri ditugu, epe nahikoa baita gure jarrera azaldu eta kontrako diren Estatuen iritzia aldatzen saiatzeko.

Nola ikusten duzue Europako Batasunaren jarrera?
Europako Batasunak jarrera politiko aktiboagoa izan beharko luke. Ez Estatu mailakoa, Frantzia eta Britainia Handia esan bezala erreferendumaren kontra baitaude, entitate mailakoa baizik. Europako Batasuneko hegoaldeko Estatuek oso harreman estua dute lurralde honetako estatuekin, egiten ari diren politika Mediterraneoko hegoaldeko herrialdeak Europako Batasunean bateratzen saiatzen ari dira eta noski, horrek derrigorrez bake eszenatokia eskatzen du. Hau horrela gertatzen ez bada, Afrikako iparraldearekin hurrengo urtetan egin daitekeen politika guztiz baldintzatuko da. Nazioarteko erabakiak bete egin behar dira eta horrek zuzen-zuzen erreferendumera garamatza. Mendebaldea da gaur egun demokraziaren banderaren jabe, behin eta berriz aipatzen dute demokrazia hitza eta ez dago ezer demokratikoagorik erreferenduma baino, marokoarrak edo independenteak izan nahi dugun esan ahal izatea baino.

Eta horrela gertatuko ez balitz? Segurtasun Batzordea autonomiaren aldeko aterako balitz?
Urteak daramatzagu armak hartu gabe. Bake prozesua hasi zenean armak gehiago ez genituela hartu nahi esan genuen eta horretan jarraitzen dugu. Sahararrok erabaki guztiak errespetatu ditugu, Fronte Polisariokook errolda osatzeko gure proposamenak egin genituen eta bete behar ziren bost baldintzak gainditzen zituenak botoa emateko eskubidea zuen. Marokok, ordea, jarrera erabat kontrakoa izan du. Errolda osatu zenean, Nazio Batuek 84.000 lagun zirela botoa eman zezaketenak esan zuenean eta erreferenduma sahararren independentziaren aldeko emaitza emango zela ikusi zutenean, gobernu alauitak 65.000 izen berri gehitu nahi izan zituen erroldara eta hori ez da legezkoa. Horrek guztiz eragotzi du erreferenduma egin ahal izatea eta horregatik gaude inora joan ezean une honetan.

Berriro diot, autonomiaren aldeko erabakia hartuko balitz?
Dudarik gabe gerrara joango ginateke. 28 urtetan hemen eutsi diogu eta ez dugu ezer galtzekorik. Askok eta askok lagundu gaituzte erbestean eta horretan ere Euskal Herriaren jarrera eskuzabala azpimarratu nahi nuke, baina guk nazioarteko laguntza ez dugu beharrarengatik bakarrik jaso, gure egoerari eusteko baizik, erresistentzia indartzeko baizik. Polisarioa laguntza kudeatzen saiatu da, kanpamenduetan zabaltzen, gazteak ikasi dezaten laguntzen, emakumeek integrazio bide bat ireki dezaten; eta hori guztia gure herriak bere eskubideak berreskuratzeko prozesuan behar-beharrezkoa da. 1975ean herriko jende xumea ginen, gaur ejertzitoa dugu, prestaturik gaude eta nazioarteko laguntza politikoa dugu. Berriro diotsut, Segurtasun Batzordeak legezkoaren kontra egiten badu armak hartzea beste erremediorik ez dugu izango.

Aljeriaren laguntza urte hauetan guztietan garrantzitsua izan da. Oraindik ere horrela al da?
Nazioarteko laguntza politikoaz ari nintzenean batez ere Aljeriaz ari nintzen. Guretzat oso garrantzitsua izan zen otsailaren 29an, saharar herriaren independentzia egunean, Aljeriar presidentea den Buteflika kanpamenduetara etortzea. Jokabide horrek irakurketa asko ditu baina garrantzitsuena zera da, edozein kasutan ere, edozein egoeratan ere, Aljeriaren laguntza arlo guztietan emango dela, eta guztia esaten dudanean laguntza militarraz ere ari naiz.

Errefuxiatu kanpamenduetara Aljeriako presidentearen bisitaz ari garela, Mohamed VIak ere bi bisitak egin ditu Saharako lurralde okupatuetara azken aldi honetan. Zer iritzi duzue?
Mohamed VIa propaganda eta errealitatea nahasten ari da. Gure ustez propaganda mugimenduak besterik ez dira, sinbolikoak. Saharari eskubide bereziak emango dizkiola esanez dabil, erakustaldi militar ikaragarriak egiten ari da eta hori guztia sahararron nahia zapuztu asmoz. Errealitatea ordea bestelakoa da. Maroko barruan arazo ugari dago, langabezia, emigrazioa, eta gerra bat bultzatzeak, gerra bat hasteak, ez dio batere onik egingo Mohamed VIari. Ate joka du oposizioa, erregearen kontrako geldialdiak, protestak gero eta garbiagoak eta ozenagoak dira eta kanpoan gerra bat piztuz ez ditu etxeko arazoak konponduko.

Gauzak oso bestelakoak izango lirateke Espainiak 1975ean deskolonizazio prozesua behar bezala egin izan balu...
Espainiak jokabide ustela izan zuen deskolonizazio prozesuan. 1975ean erreferenduma egin izan balu une honetan ez ginateke arazo honi buruz hitz egiten arituko. Baina bestetik zera esan behar dizut, une honetan Espainiaren jarrera oso garrantzitsua da prozesu honetan. Aznar presidentea duda izpirik gabe mintzatu da erreferendumaren alde eta horrek sahararrontzat pisu handia du, batez ere, Espainia une honetan Europako Batasuneko presidentzian dagoelako. Hausnarketa honekin berriro lehenagokora bueltatuko naiz: Espainia erreferendumaren aldeko izanik, presio gehiago egin beharko luke Europako Batasunak bere osotasunean jarrera ofizial bat izan dezan. Horrek Frantziaren eta Britainia Handiaren bakarkako jarrerak eragotziko lituzke