argia.eus
INPRIMATU
25 ESKOLA TXIKI HERNANIN
2021eko uztailaren 16a
Euskal eskola publikoen artean badira batzuk bereziak, hain justu, eskola txiki gisa ezagutzen direnak. Eskola txikien ezaugarri nagusia, bertan ikasten duten ikasle kopurua izaten da.

Eskola txikietan DBH-ko klaseak ematen dira eta, ekainaren 9an egingo den festaren antolatzaileen arabera, herri txikien biziraupenerako ezinbestekoak dira. Hilaren 9ko ekitaldia irekia da, baina antolatzaileek aitortu moduan, Gipuzkoako eskola txikiek ez dute harreman esturik gainerako probintziekin nahiz eta orain ahalegin horretan ari diren.
Eskola txikietan pertsonalizaturiko klaseak ematen dira. Sarritan, urte ezberdinetako ikasleak gela berean egoten dira, eta, ondorioz, irakasleak ikasle bakoitzaren beharretara moldatu behar izaten du. Eskola txikiek duten arazoetariko bat ikasle falta da. Halaber, auzo eta herri txikietatik jendeak alde egiten du. Gainera, biztanle urriko auzo eta herrietan bizi den zenbait gurasok eskola txikiak ez diren beste ikastetxetara bidaltzen ditu bere seme-alabak. Ondorioz, eskola txiki asko ikaslerik gabe ari dira gelditzen. Gainera, jaiotze tasa geroz eta txikiagoa dela ere nabarmentzen dute eskola txikien alde lanean ari direnek.
Hala ere, bada salbuespenik. Asteasuko (Tolosaldeako udalerria) eskolan, esaterako, aspaldiko urteetan baino ikasle gehiago ari baita egun ikasten. Asteasuko ikastetxeaz gain, ondorengo udalerri eta auzoetan dira eskola txikiak.
Tolosaldean, Aduna, Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidegoian, Ikaztegieta, Lizartza, Bidani (Bidegoiango auzoa), Zizurkil eta Berastegi udalerrietan. Abaltzisketa udalerrian eskola txiki bat irekitzeko tramitetan dira. Donostialdean, Aginaga (Usurbil), Ereñozu (Hernani), Igeldo (Donostia) eta Zubieta (Donostia eta Usurbil) auzoetan.
Urola-Kostaldean, Aia, Errezil eta Aizarnazabal udalerrietan eta Aiako San Pedro, Aizarna (Zestoa), Arroa (Zestoa) eta Oikia (Zumaia) auzoetan. Debagoienan, Angiozar Bergarako auzoa eta Elgeta udalerrian. Goierrin Gabiri eta Zerain udalerrietan.
Eskola txikien festaren antolatzaileek esanikoaren arabera, guztira, 1.000 ikasle inguru ari dira egun eskola txikietan ikasten. Eskola txikiek ekainaren 9an Hernaniko Ereñozu auzoan egingo dute euren jaia. "Eskola txikiak bizirik herri txikiak bizirik" lemapean egingo den festa 10:00etan hasiko da. Goiz partean, 25 ikastetxeetako ikasleek emanaldi ezberdinak egingo dituzte: dantza, bertsoak...
Eguerdian, Hernaniko Ereñozu auzoan kokatu duten karpa erraldoian 500-600 pertsonentzako herri bazkaria egingo da. Bazkalosteko giroa alaitzeko trikitilari eta bertsolariak arituko dira.
16:30etatik aurrera, berriz, Takolo, Pirritx eta Porrotxen emanaldia izango da. Azkenik, eskola txikien jaiari amaiera emateko, Hernaniko Bertso Eskolakoek eskola txikietako ikasleei begira osaturiko bertsoak botako dituzte. Antolatzaileek hiru helburu lortu nahi dituzte Eskola Txikien egunean. Batetik, eskola txikiei loturiko pertsonak elkartu nahi dituzte. Bestetik, galera ekonomikorik ez dute izan nahi. Azkenik, biztanle gutxiko herri eta auzoentzat eskola txikiek duten garrantzia erakutsi nahi diete agintari eta herritarrei