argia.eus
INPRIMATU
«Errege izatetik bigarren izatera doa jauzia»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zein da «Eta zer?» sailaren helburu nagusia?
Pertsona guztiak ez gara berdinak, eta haur handiak eta txikiak, berritsuak eta lotsatiak, lodiak eta argalak daude. "Eta zer?" sailaren asmoa haurren desberdintasun horiek markatzea da.

Zer azaldu nahi izan duzu kontakizun honetan?
Ume txiki batentzat, arreba baten etorrerarekin, etxeko errege izatetik bigarren izatera doan jauzia. Nahiz eta, arreba edo neba izatea, berez, desberdintasun handia ez izan, konturatu nintzen gaur egungo gizartean baduela lehen hainbeste ez zuen desberdintasun bat. Izan ere, lehengo familiak oso handiak izan ohi ziren. Adibidez, gure etxean bost senide izan gara, eta ederki konpondu gara denok, baina gaur egungo familietan oso ohikoa da seme edo alaba bakarra izatea, eta handik denbora batera bigarren bat etortzea. Eta orduan, halako batean, etxeko erregetxoa izan den pertsona horri esaten zaio, bat-batean, bere erresuma zatitu egin behar duela eta beste batekin banatu. Alegia, ordura arte maitasunaren monopolioa izan duen norbait, bat-batean ohartzen da beste norbaitekin partitu behar duela gurasoen maitasuna, eta ez hori bakarrik, baita bere mundu osoa ere: bere etxea, bere ingurua eta berea duen guztia. Eta kezkatu egiten da, jakina. Eta nik hori guztia azaldu nahi izan dut, umore pixka batekin.

Gustura gelditu al zara lortutakoarekin?
Oso gustura. Gainera, "Eta zer?" saila argitaletxe elkartuek ateratzen dutenez, euskaraz bezalaxe, katalanez, gailegoz, asturianoz eta Valentziako katalaneraz plazaratzen ditu kontakizunak, eta niri poz handia eman dit beste hizkuntza horietan guztietan nik idatzitakoa azaltzeko bidea eman didalako.