argia.eus
INPRIMATU
Saritzat, Baionaren xarma
  • Euskal Herriak badu maite dudan txoko ugari, bereziki nire txikitako Urbia, baina Baiona da zeharo maitemindu ninduen hiria. Ezin esan berak aintzakotzat hartzen nauenik, horretarako miresle gehiegi baititu erromatarren garaiko eta Erdi Aroko arrasto biziak bere baitan gordetzen dituen, bestalde, hiri guztiz moderno horrek. Baina beti dago prest bere erakargarritasun berezienak nire aurrean agertzeko, eta ni pozik horrekin. Zerk maitemindu ninduen hartaz? Arrazoi franko ditut, baina bat baino ez dut azalduko: sari gisa lortu nuen hura ezagutzea. Eta Aturri eta Errobi ibaien babesean hazi den Lapurdiko hiriburuan sartzera gindoazela iragartzen zuten Erdi Aroko katedral lerdenaren dorre lirainak urrutitik ikusi bezain laster, ernatu zitzaidan maitemina.
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Hamalauren bat urte izango nituen. Moja ikastetxe batera nindoan, eta hartan, urtero eta derrigor, Domund delakoarentzat diru bilketa egin beharra zegoen, ume fedegabeak kristauen zerura joan ahal izateko-edo. Mundu honetan ere, miseriarik ez omen zitzaien falta gaineraà Makina bat bazterretan egongo zen horrelakorik, baina txinatar txikien salbazioa uzten zuten bereziki gure esku, apika Eliza katolikoa oso Maozalea ez zelako. Etxean egin behar zen lehenengo diru eskea, eta handik zetorren «borondatea» nahikoa izaten ez zenez, itsulapiko batez armaturik kalean diru eske ibiltzea zegokigun gero, urrutiko haur haien egoera larriak nahikoa hunkitu gintuelako ez bazen, diru gehien biltzen zuen ikasgela ibilaldi bat egitera eramaten zutelako.

Ohiz, ikasle zaharrenek irabazten zuten lehia; etxe aberatseko bat ikasgelan izateak ere laguntzen zien, jakina. Baina urte hartan, Baionara joatea zegoen aurreikusia. Hura zen hura! Muga zeharkatu ahal izana, ikurriña nonahi ikusi ahal izana, eta hainbeste miresten genituen errefuxiatu misteriotsu haiek bizi ziren tokira iritsi ahal izanaà! Gehiegitxo, gu ibilaldirik gabe gelditu behar izateko. Taldetxo bat hitz hartu ginen: goizeko ordu txikietatik gau iluneraino Donostia osoa goitik behera kurritu behar bagenuen ere, itsulapikoak bete eta irabazle suertatuko ginen. Eta hala egin ereà!


KOLORE MIRAGARRIZ JANTZITAKO BIDEA

Jada Homeroren «Ulises»ek ohartarazten zigun helburura iristea bezain garrantzitsua dela hartaraino egiten duzun bidaia. Bederen niretzat horrelaxe izan zen: Irungo zubirainokoa, lagunekin hizketan eta «Vamos a contar mentiras» kantatzen emango nuen, baina zibilek, poliziek eta jendarmeek osatutako mugara iristearekin, dena aldatu zen. Gu autobus barruan utzi eta paperena egitera eta denon dirua aldatzera jaitsi ziren mojak. Eta orduan, metrailetadun haietako bat autobusera igo zen eta mutur okerrez guri begira gelditu. Beldurraren ukitua nabarmendu genuen: ene, iheslaritzat hartu al gintuzten?
Berehala itzuli ziren mojak, ordea, eta metrailetaduna etorritako lekutik joan zen, baina guretzat une ahaztezina izan zen hura. Handik gutxira, askatasunaren lurraldean ginen. Han, mugaz bestaldekoei debekaturik zitzaizkigun gauza andana bat egitea zegoen: egia zioten liburu eta aldizkariak erosi, filma arriskutsuak ikusi, denetarik!
Leku askotatik joan ahal daiteke Baionara, eta guztiak gomendatzen dizkizuet, bat ez ezik: autopista. Garestia izateaz gainera, azkarregi iritsiko zarete. Asti pixka bat izanez gero, beste edozein errepide aukeratu, eta urtearen edozein garaitan urdin, zuri, berde, urre, gris ilun edota zer dakit nik zenbat kolore ederrez blaitzeko aukera paregabea izango duzue, herri zoragarri, gaztelu dotore eta etxe politekin begiak gozatzeaz gainera.



JUNOREN TENPLUA EGONDAKO LEKUAN

Iritsi ginen, bada, Baionara. Autobusa han nonbait utzi, eta egin genuen lehen gauza katedrala bisitatzera joatea izan zen: mojekin gindoazen! Bidean, gotorlekua eta Gaztelu Zaharraren inguruko berdegune eta zuhaitz ederrak erakutsi zizkiguten, han bazkalduko genuela esanez. Behin katedralaren aurrean, erromatarrek Junoren ohorez eraiki zuten tenplu bat egondako lekuan geundela aipatu zuen mojetako batek. Hala ere, XIII. mendean katedral gotiko eder hori altxatzen hasi zirenerako, ba omen zen han beste kristau eliza batà Gure taldea aspertzen hasi zen. Erromatarrek latina ekartzen ziguten gogora, eta katedralak beste edozein eliza: ospa egin beharra zegoen handik. Gu ez ginen etorri Baionara elizak ikustera, errefuxiatuak aurkitzera baizik. Beraz, mojak eta haien gonapean bizitzen baino ez zekitenak katedralaren mirariak ikusten utziz, arineketan egin genuen alde, klaustro zoragarriaren isiltasuna gure deiadarrekin apurtuz. Lasterketa bizian, Erdi Aroko kale estuetan barrena sartu eta jo eskuinera aurretik, jo ezkerrera gero, bat-batean Errobi ibaia zeharkatzen duen zubi polit horietako baten parera iritsiak ginen. Pasa, ez pasa, nolabaiteko zalantza sortu zen taldean. Gal gintezkeela otu zitzaion norbaiti. Ezetz, besteok, kalexka polit haietan behar zutela errefuxiatuek. Eta han joan ginen denak Baiona Ttipira.
Konturatzeke, Pannecau kale legendarioan geunden. Pausoa gelditu, eta inguruan genuen jende guztia aztertzeari ekin genion. Izango ote zen? Ez zen izango? Pare bat segurutzat eman genituen, baina jaramonik ere ez ziguten egiten, eta gu galdetzera ausartu ez. Saint Andrè eliza, Gaztelu Berria, Toneliers kaleaà berriro Errobiren urak. Oso erraza zen handik ibiltzea. Agustin Xahoren kai-muturretik joz, Euskal Museoarekin egin genuen topo. Eta beste kalexka erakargarri batzuekin, gero. Haietako batean, piraten gordeleku zirudien ostatu batetik irten zen gizona. Gure gurasoen adina izango zuen, begiak oso urdin eta irribarrea adeitsu. Guk erabiltzen genuen hizkuntzan zuzendu zitzaigun. Ea zer egiten genuen handik. Konfiantza ematen zuen, eta azaldu genion. Errefuxiatuak ikusi? Ezkutuko jendea zela hura. Hobe genuela Baionak zeuzkan altxorrak bilatu. Ea portua bisitatu genuen. Ezetz. Segitzeko handik aurrera, eta aurkituko genuela. Ea euskaraz ba al genekien. Baietz, gutako bik, konbentzimendu handirik gabe baina. Ikasteko, hura zela gure benetako hizkuntza. Bat-batean, ea txokolatea gustuko genuen galdetu zigun. Baietz, oraingoan denok. Port-Neuf kalera joateko, han zegoela txokolatearen erresuma. Nola iritsi? Bilatuz. «Bilatzen den guztia aurkitu ahal da» esan, eta begiarekin keinu egiten zigula agurtu zen.
Emozioz gainezka, porturantz abiatu ginen. Aturriren ur zabalak zeharkatzen dituen Santespirituko zubitik barrena, tren geltokiaren inguruetara eta handik portura. Behin han, ordea, duda: iheslari segurutzat genuen haren hitzei zintzo jarraitu, ala gure tripazorriei kasu egin. Sabelak irabazi zuen. Arrapaladan zubi handia eta beste txikiago bat pasa, eta Herriko Etxera. Ezkerrera egin, eta arropa dendaz jositako kale batean sartu ginen. Gustura erosiko genuen zer edo zer, gorputzari irentsita gelditzen ziren bakero haietakoren bat, kasu, baina horretarako sosik ez eta tentazioari eustea erraza izan zen.
Bira hara, bira hona, Gaztelu Zaharraren inguruetara iristekotan geundeneanà autobuseko «koadrila»! Hitz txikiena ere esateko aukerarik ez ziguten eman. Mojek ekarritako kutixiekin bapo bazkaldu, eta Dames de Francera erosketak egitera omen zihoazen haiek. Desagertu ginenez, badaà guretzat ez zegoen ezer! Eta seietan itzuliko ginela gogoratuz, agur, Ben Hur!

Hura amorrazioa, gurea! Kaleetatik ibiltzeari ekin genion berriro. Sabel hutsarekin, ordea, xarmaren erdia galdurik zuten haiek ereà Baina hauetan, arkuz beteriko kale polit bat agertu zen gure aurrean: Port-Neuf, txokolaterien erresuma! Eta a zer txokolate jatea gurea! Nola ez dut, bada, nik Baiona maitatuko? Bilatuz gero, dena aurki daiteke bertan!