Eliza barruan babestuta. Hala izaten dira gehienetan organoak, pareta handien arteko hutsunea soinuz betetzeko gai diren musika tresnak.
Erlijioarekin loturik egon arren, kultura aldetik zeresanik badute tresna hauek eta are gehiago Euskal Herrian. Munduko edozein herrialdetan baino organo erromantiko gehiago dago gure artean.
Esteban Elizondo, Donostiako musika kontserbatorioan organo irakasle da. Orain gutxi aurkeztu du organo erromantikoaren inguruan egindako bere tesia: "La organería romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940)".
Garai hau berak proposatu du, epe horren aurretik eta ondoren egindako tresnak erabat desberdinak baitira. 1856. urtearen aurretik egindakoak barrokoak dira. Organo horiek desberdinak izaten ziren herrialde batetik bestera eta horrek, musika jotzeko garaian ere muga ugari ezartzen omen zituen. Organo ona omen zen, izaera handikoa eta teklatu bakarrekoa. Muga horiek, ordea, molde berriak bilatzera bultzatu zituen garai hartako organogileak.
Eboluzio horren emaitza izan zen organo erromantikoa. Handiagoak ziren hauek, bi edo hiru teklatudunak, beheko doinua ateratzen zutenak eta ondorioz, teknikoki aukera gehiago eskaintzen zituzten.
Frantzian eta Alemanian hasi ziren horrelako organoak egiten, eta bertatik iritsi ziren Euskal Herrira ere. Egile garrantzitsuenak, Cavaillé-Coll eta Stoltz ziren garai hartan.
Lehenengo tresnak.
Lekeitioko elizan dago Euskal Herriko organo erromantikorik zaharrena. 1856. urtean eraiki zuten. Tamainu ertainekoa da eta bi teklatu ditu. Harrezkero, pixkanaka hedatuz joan ziren mota honetako tresnak. Esanguratsuenen artean daude Donostiako Santa Maria eta San Bizente elizetakoak, Loiolako basilikan dagoena, Azkoitikoa, Tolosakoa eta Bergarakoa...
Gipuzkoan daude organo erromantiko garrantzitsuenak, baina Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere badaude onak. Horren lekuko, Portugalete, Lekeitio edota Berako organoak.
Gainera, Hego Euskal Herrian dauden organo erromantiko hauek, badaukate beste bereizgarri bat, Europan geratzen direnekin alderatuz. 1940. urtetik aurrera, organo hauek zahartzat jotzen hasi ziren Europan eta neoklasikoak sortu zituzten. Toki askotan, erromantikoak eraldatu egin zituzten garai berrietara egokitzeko eta jatorrizko euren izaera galdu egin zuten. Hemen ez zen, ordea, horrelakorik gertatu. Hasierako egiturarekin mantentzen dira eta gainera, egoera onean.
Horregatik, sarritan atzerriko musikagile asko etortzen dira hemengo elizetara, diskoak grabatzera. Organo erromantikoen benetako kutsuarekin irteten omen dira grabazioak.
Organo industria Euskal Herrian.
Lehenengo urteetan, atzerritik etorri ziren organogileak, lehenengo tresnak egitera. Gero, ordea, euskaldunak ere hasi ziren industria honetan muturra sartzen. Azpeitia da horretan nabarmendu zen herria. Organo erromantikoak 1856an hasi baziren, hogeita hamar bat urte beranduago hainbat azpeitiarrek ikasia zuten jada ofizioa. Amezua, Elezgaray eta Olaziregi bezalako organogileek tresna asko eta onak egin zituzten. Organería Española S.A. enpresa ere Azpeitian sortu zen. Euskal Herriaz gain, Espainian, Portugalen eta Hego Ameriketan ere organo erromantiko ugari eraiki zieten enpresa hauek.
Organo erromantikoaren garaia igaro zenean, lantegi hauek garai berrietara egokitu ziren eta organo neoklasikoak egiteari ekin zieten. Gaur egun oraindik, haietako batzuek jarraitzen dute lanean.
Herriaren bultzada.
Askori zaila gerta dakioke Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean hainbeste organo erromantiko nola egon daitekeen ulertzea. Hori azaltzeari eskaintzen dio Esteban Elizondok bere tesiaren zati handi bat. Garai bateko artxiboetan buru-belarri ibili da, kontratuak ikusi, ordaintzen zutenak nortzuk ziren jakin eta lanak nola egin ziren ikertzeko. Garai honetako organoa hainbeste zabaltzearen arrazoia, bere esanetan, pertsona jakin batzuren diru emaitza izan zen. Bergaran esaterako, emakume batek ordaindu omen zuen organoa. Loiolako basilikan jesuita batek bere testamentua utzi omen zuen organoa egiteko eta Tolosan berriz, herritarrek emandako diruarekin eraiki zuten. Kasu batzuetan, Foru Aldundiak eta udalek ere eman omen zuten laguntza