«Ez da betiko askatasunik lortzen, segundoka baizik»

Umetan, gaixoaldi luze batek asko markatu omen zintuen. Alkoholzaletasuna orduan piztu zitzaizun?

Gerra aurretik, etxetik atera gabe egon nintzen, tuberkulosiarekin. Sei urte izango nituen. Nire etxe ondoan Foru plaza dago, eta hura zen ume festa: umeak korrika, oihuka, jolasten... eta ni ohean. Gainera, medikuak esan zidan: "Zu ezingo zara inoiz horiek bezala ibili". Zer mina egin zidan horrek, zer mina! Bi urte eman nituen etxetik atera gabe. Balkoitik beste umeak ikusten nituen korrika, eta ni maldizio hura buruan: "Zu ezingo zara inoiz horrela ibili". (Hori esan egin behar da, gero!).
Gaixoaldia pasata, haize pixka bat hartzea komeni zitzaidala-eta, osabarekin paseatzera atera nintzen, Jaizkibel aldera. Mendialdeko bidean sartu, poliki-poliki, eta "Londres" baserriarekin egin genuen topo.
Osabak Londres baserrira sartu ninduen, eta hamaiketakoa egin genuen. Nik tonto eta zozo konplexua neukan, oso lotsatia nintzen. Elizak erantzukizun handia du horretan: dena zen bekatua, nobioa izatea bekatu, idiarena jotzea bekatu mortala, neskari musukatzea bekatu grabea... Niri neska guztiak gustatzen zitzaizkidan, baina nesken aurrean atzera egiten nuen, agian urguiluagatik. Beldurra niolako ezezkoari. Edaten nuenean, berriz, orduan hurbiltzen nintzen neskengana lotsagabe, baina planta horretan ez dago inor erakartzerik, jakina.
Gauza da hamaiketakoa egiten ari ginela. Atera zituzten arrautza eta patata frijituak. Atera zuten bi litro t’erdiko sagardo pitxarra. Eta osaba despistatu zenean (lagun batekin ari baitzen, elkarrizketan), nik pitxar hura hartu, eta den-dena edan nuen, segidan. Sentitu nuena izugarria zen: desagertu egin zitzaizkidan konplexuak, inoiz barruan sumatu gabeko ausardia neukan. Eta esan nuen: "Nire medizina deskubritu dut: sagardoa eta Inaxito, Inaxito eta sagardoa, aze pareja!". Gero ardoa etorri zen, gero txakolina, gero koñaka, eta gero maldabehera.

San Joan batzuetatik bueltan aldatu omen zitzaizun bizitzaren norabidea...
1956an izan zen. Hernaniko San Joanetan parranda latza eginda nentorren etxera, eta parrandatik etxera etortzea oso gogorra da: begiradak, errietak... gainera koinatuak badituzu, horiek izaten dira zorrotzenak. Iritsi naiz etxera, dardarka, beldurtuta. Eta atarian arreba zain. Orduan, arrebarengana iritsi bitartean, tranpa bat pentsatu nuen: "Manikomio" hitza oso hitz madarikatua da gurea zen bezalako familia burgesarentzat. Itsura gordetzeagatik, eroetxera senide bat joatea baino nahiago dute edozer. Espero nuen «manikomio» hitzarekin larrituko zirela eta nire mozkorrarena ahaztu egingo zutela. Horregatik, arrebaren parera iritsi nintzenean, esan nion: "Ixabel, manikomioaren beharrean nago". Arrebak, berriz, besarkatu, negarrez hasi, eta esan zidan: "Bazen garaia. Ama, Inaxitok laguntza eskatu du!" egin zion oihu amari. Ama etorri zen, hura ere emozionatua.
Gau hartan bertan, maleta txiki bat hartuta trenez Madrilera joan nintzen. Psikiatrikora.

Zer bizipen gordetzen dituzu psikiatriko garaitik?
Tratamenduan egon nintzen hiru hilabetean. Bizitzaz asko ikasi nuen sanatorioan. Han bazen Neguriko gaixo bat, oso aberatsa zena. Heroinomanoa zen eta loa sendatzen ari zen. Behin esan zidan: "Nik Nerbioi ezkerraldean bizi behar banu, hil egingo nintzateke. Baina entzuten ditut zure abenturak, eta nik ez dut horrelakorik bizi izan inoiz. Beti besteek egin didate dena». Hamasei urterekin ez omen zekien ordua irakurtzen ere. Pianoa jotzen eta bordatzen zekien, hori zen bere heziketa. Ez zekien munduan goseak akabatzen zen jenderik bazegoenik ere; ez zekien ezer! Berak esaten zidan: "Ez dakizu zer inbidia dizudan! Zuk kalea bizi izan duzu, langile guztiekin mozkortu zara, eta baduzu bizitza bat, nik sekula izan ez dudana". Justu garai hartan atera zen "aberatsek ere negar egiten dute" antzerki obra, eta bai, egia da hori. Mundu honetan denek egiten dute negar.
Eroetxean ezagutu nuen neska bat, beti paperean gauzak idazten aritzen zena. "Predestinazioa" omen zuen: sinetsita zegoen infernura joango zela seguru, predestinatua zegoela pentsatzen zuen. Jakina, elizatik astakeria hori irentsi egin baduzu, ez da harritzekoa edo zure buruari tiro bat jotzea, edo bestela eromenean babestea. Idazten zituen ohar horiek gutunak ziren, Ama Birjinari zuzentzen zizkionak. Jaungoikoa errukitu zedila eskatzen zion, eta zerura zihoazenen liburuan sartu zedila bere izena. Hori izugarria da. Azkenean, bere buruaz beste egin zuen.

Eroak ez dira hain eroak beraz...
Eroekin asko ikasten da. Ezin da esan ero guztiak azkarrak direnik. Baina eroen artean, asko dira buruari ematen diotenak, eta hain justu buruari ematen diotelako erotu direnak. Mundua dagoen bezala egonda, elkartasun pixka bat badaukazu Libian gertatzen ari denarekin, Afganistanen gertatzen denarekin, hemen bertan presoekin... besteekiko kezka bat baldin baduzu, ar hori sabelean, beti duzu zalantza hori barruan: "Zer arraio egiten dut nik hemen!". Tonto amorratua dena, ez da enteratzen eta ez du sufritzen: auto bat izan eta neska gazte batekin paseatzea da bere buruko min bakarra. "Jende arruntak ez ditu horrelako gauzak esaten" zioen nire psikiatrak beti, eta egia da; ni alkoholikoen bileretatik liluratuta irteten naiz. Jende arruntarekin aspertu egiten naiz. Logikoekin ezin da hitz egin: "Bi eta bi lau dira" diote logikoek, eta ez jauna! Batzuetan 16'5 dira. Pentsamendu bakarraren aurrean, pentsamendu librea behar da; eta gauza guztiak dira interpretagarriak, ez dago ikuspegi bakarretik aztertu daitekeen ezer. Aznar, beti pentsamendu bakarrarekin dabilenez, ez da sekula konturatuko norainoko tontoa den. Uste du beti arrazoia duela, eta jarrera hori oso arriskutsua da, eta boteretsua bada, gainera, larriagoa: gogoratu bestela Hitler, Mussolini, Pinochet... eta neroni ere izan naiteke besteren gainetik jartzea gustatzen zaiona, ezberdina den guztia epaitzen duena. Alegia, beti besteei begira dagoena. Eta norberak egin behar duena justu kontrakoa da: barrura begiratu.

Zergatik utzi zenion edateari?
Madrilgo psikiatrak bultzada handia eman zidan horretan. Zein pertsona handia zen! Logroñokoa zen. Komunikaziorako gaitasun berezia zeukan, eta eroak maitatu egiten zituen. Psikiatra horrek nirekin egin zuena kontaezina da. Gogoratzen naiz nola psikiatra hark esan zidan: "Ze pena, Albisu. Zu mozkortuta? Zuk dituzun ideiekin, proiektuekin, poztu egiten zara zure lagunaren zorte onarekin, beti ari zara pentsatzen nola demontre apurtuko dugun behartsuen eta aberatsen artean dagoen ezberdintasuna... ikusten dut oso solidarioa zarela. Zuk baduzu barruan eromen magiko hori, eta alkoholik gabe ere bizi zaitezke oso pozik. Bizitza kalitatea lortu behar duzu, eta hori askatasunaren atzetik joanda egiten da. Ez edatea ez da pasiboa izatea, ez edatea da bizitzen hastea, libre eta erantzukizunekin. Nik ez dut izan nahi munduan gertatzen ari denaren ikusle, nik protagonista izan nahi dut, nire neurrian".
Nik horrexegatik utzi nion edateari, ez nintzelako batere libre.

Madriletik itzulita gogorra izango zen bizitza berri bati ekitea...
Halaxe da. Madriletik itzuli aurretik, psikiatrak esan zidan: "Errazena egin dugu: desintoxikatzea. Okina eta parrandazalea izatea oso gogorra da, eta jakin dugu deskantsuari milaka orduko zorra diozula. Beraz, zaindu zure burua. Libre bizi nahi baduzu, libre izaten ikasi behar duzu. Eta zuk egiten dituzun gauzen erantzulea zerorri zara, eta ez Pello Bixente. Orain dator zailena: bizitza aldatzea. Denbora librearekin kontuz, ez zuretzat bakarrik, denentzat da arriskutsua. Denbora libreak jende asko hondatzen du. Zu hain sentibera izanda, beti eduki behar duzu zerbait egiteko. Errenteriara itzultzean sartu zaitez proiektuetan, eta egizu gauzarik garrantzitsuena: ikasi euskara. Horrela, bi gauza lortuko dituzu: minorizatua den hizkuntza bati eutsiko diozu. Eta pertsona bezala askoz garrantzitsuagoa dena: zure barruko hutsunea beteko duzu. Ze agian, zure arbasoen hizkuntza ez jakiteak sortzen dizu neurri batean zure barruko hutsune hori». Horrela hasi nintzen euskara ikasten, eta arrazoi zuen, nortasuna aurkitu nuen, aberastu egin ninduen jatorrizko hizkuntza ikasteak. Eta herriko mugimendu askotan sartu nintzen, baina ez denetan. Gauza gehiegitan ez da sartu behar, deskantsatu ere egin behar da. Baina mundu honetan, ikusle bezala ere ez zara gelditu behar. Bizitza kalitatea da axola duena, eta bizitza kalitatea ez da edukitzea, izatea baizik.

Inoiz egon al zara erabat etsita?
Bai, etsita askotan. Denbora librean elizara joaten nintzen. Ez nintzen fededuna, baina nire barruak askatzeko beharra nuen. Han, txoko batean, nire errosarioa zera izaten zen: "Putaseme bat naiz, kabroi bat, inozo bat, ez dut okerra besterik ekartzen... barkatu, mesedez barkatu". Ez nekien nori eskatzen nion barkatzeko. Gero konturatu nintzen neure buruari eskatu behar niola barkamena, eta neure buruarekin egon behar nuela ados, onartu egin behar nuela neure izaera. Behin, hain etsia eta nekatua nengoenez, beste mundura joateko desioa sartu zitzaidan. Elizatik oso gertu zegoen topoa. Banindoan. Eta hor azaldu zen Juanjo, sekula ahaztuko ez dudan gizona. Galdetu zidan: "Nora zoaz, aurpegi triste horrekin?". Eta nik: "Topora". Eta berak: "Iruna edo Donostiara?". Nik, "ez, topora". Heldu zidan besotik, eta ezetz esan zidan, indar handiz. Bera zelula komunista batean sartuta zegoen, eta bera ere sekula ez zen izan mundu honetan ikusle soila, beti oso aktiboa izan zen. Agian horregatik lagundu zidan, lagundu zidan bezala. Esan zidan: "Ez, ez; zu hiltzen bazara, nik emandako muturrekoarengatik izango da! Nola utziko duzu hau dena horrela? Zuk sekulako bizitza eta indarra duzu, eta konpartitu egin behar duzu zu bezalakoak direnekin. Jar zaitez harremanetan mozkorrekin: Errenteriako, San Pedroko, San Juango, Tolosako, Hernaniko mozkorrekin. Hori da zure jendea. Horiekin bilduta elkar ulertuko duzue". Bere indarra ikusita, niri hiltzeko gogoa joan egin zitzaidan. Ilunabar hartan, Leo emazteak esan zidanez, etxerako eskilarak binaka igo nituen, bizi bizi; eta lehenengo aldiz ikusi zidan irribarre bat.

Horrela sortu zen Alkoholiko Anonimoen Elkartea?
Bai. Hurrengo egunean bildu ginen Juanjo eta biok nire etxean, eta ezagutzen genituen mozkorren zerrenda egin genuen. Esan nion: "Noiz hasiko gara komunikazioa martxan jartzen?". Eta esan zidan: "Hara, hemen bion artean mozkorren beharrean dagoen bakarra zu zara. Ni paranoikoen beharrean nago, bazter guztietan ikusten ditut-eta Guardia Zibilak!".
Hor sortu zen lema bat, Juanjok berak aterea: "Ea saiatzen garen edaria kontrolatzen, bizitza menperatzeko". Horrela hasi ginen alkoholikoak nire etxean elkartzen, eta Leo emaztea beti alboan izan nuen.

Nola laguntzen diozue elkarri Alkoholiko Anonimoen taldean?
Maitasunarekin. Zaila da, ez baititugu gure akatsak onartzen. Besteren akatsak bai, erraz, baina norberarenak ez. Besteek dute beti errua. Eta ez jauna! Nire sufrimendua nik sortzen dut. Nire bizi kalitatea nik sortu behar dut, eta ez dut betiko promesarik egiten. Momentu hau goxatu behar dut, eta ez pentsatu bihar zer egingo dudan. Unean unekoa bizi behar da.
Alkoholikoekin harremanetan jarrita, batak besteari botatzen dizkio bere eskasiak, bere mugak, bere ahuldadeak, bakardadea, bere mundu afektiboa eta emozionala, eta agian besteak esango du: "Niri ere hori gertatzen zait". Orduan sortzen da komunikazioa. Gure lokalean, inoiz inori kontatu ez dizkiodan gauzak bota ditut nik. Komunikazioa horixe da, momentuko jario hori, sentimenduak botatzea. Landua dagoen pentsamendua faltsua da. Momentuan sentitutakoa bota behar da, datorkizun bezala. Eta laguna mozkorrik etortzen bada ez gaizki begiratu, eta erortzen bada altxatu eta esan "joder, atxur galantak harrapatzen dituzu, kabroi horrek!", baina maitasunez.

Zaila izango da maitasuna erakustea horrelako egoera batean...
Bai, zaila da benetan. Alkoholiko baten familiak asko sufritzen du, eta zaila da mozkortuta etxera datorrenean zuk pazientzia eta maitasuna erakustea. Hala ere, mozkorren senitartekoei beti esaten diet: "Ez galdu esperantzarik. Eta egiten duena egiten duela ere, zuk maitasuna erakutsi". Jakina, jotzen bazaitu, zerbait egin edo salatu. Eta sexualki alabaren atzetik badabil, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen kolektibora jo eta zerbait egin, ez geratu zerura begira. Baina zuengan ez dezala sumatu "hau ez da aterako, beti izango da horrelakoa". Hori da egin daitekeen gauza bakarra.
Taldean bilduta geundela, Salamancako andre batek behin esan zigun: "Hara, irabazi egin duzue!". Guk harrituta, "zertan irabazi dugu?". Eta berak, "ni mozkortuta etorri naiz larunbatero hona bost urtean. Eta nik nahi nuen zuek haserretzea, sutan jartzea, nik eduki nezan aitzakia ona esateko: 'Putaseme batzuek zarete! Kalekoak bezalakoxeak zarete zuek ere! Zoazte pikutara!'. Baina ez didazue aukera hori eman. Beraz, hamar bat jartzen dizuet. Gaur edan gabe nator, eta gaur gauza bat esango dut, bost urtean esan ez dudana: alkoholikoa naiz. Baina ardoa ez da erruduna. Inor ez da erruduna». A zer nolako lezioa eman zigun andre horrek!

Zer jarrera duzu bizitzaren aurrean?
Gure elkartera Tibetetik hiru printzipio iritsi dira, niretzat balio handia dutenak: izan baretasuna, aldatu ezin ditudan gauzen aurrean. Izan indarra, aldatu ditzakedan gauzak aldatzeko. Eta buru argia izan, mamia eta azala bereizteko. Askotan mareatu egiten gara azalarekin, eta ahaztu egiten gara mamiaz. Nik bizitzan gauza bat egin nahi dut: libre izan, eta ahalik eta zarata gutxien atera. Sarritan gauza bat egin, eta denei jakinarazi nahi izaten baitzaie, danborrada eta guzti.

Zer da libre izatea eta nola izaten da libre?
Libre izatea da bost axola izatea besteek zer esaten duten nik egindakoagatik, edo nire jarreragatik. Nire baloreekin fin jokatzea da libre izatea.
Kantauri itsasoa milioika eta milioika ttanttaz osatua dago. Eta gure bizitza ere bai. Orain 40 urte-edo, alkoholiko baten etxera joan nintzen. Gizendua zegoen emakume bat aurkitu nuen. Ikusten nuen oso jatorra zela, baina gaixo zegoen, begiak triste, dardarka, lotsatua... eta berehala esan zidan: "Alferrik da, nik ezin diot edateari utzi; ezingo nioke bizitzari aurre egin alkoholik gabe". Ni gidoirik gabe joan nintzen etxe hartara, eta halaxe atera zitzaidan: "Segundo bat ere ezingo zenuke pasa edan gabe?". Eta berak: "Segundo bat ez da ezer". Eta nik: "Zer? Segundo batean bota zuten bonba atomikoa Hiroshiman, eta segundo bakar hartan hil ziren 250.000 pertsona. Segundo bat izugarria da. Denbora segundoen pilaketa bat baino ez da! Libre izatea, ez da behin hasi eta betiko egiten. Ez da esatea ‘hemendik aurrera libre izango naiz’. Ez. Segundoz segundoko borroka da libre izatea". Emakume horrek gaur egun ez du edaten. Beretzat segundoak bizitza dira

- Jaio: Errenterian, 1924. urtean.
- Alkoholiko Anonimoen sortzaileetako bat eta euskara irakaslea.
- Gaztetan aitaren okindegian egin zuen lan.
- 1956an Madrilgo Psikiatrikoan sartu zen, alkohola zela-eta, desintoxikatzeko.
- 1958an Madriletik itzuli, eta umetan galdua zuen euskara ikasten hasi zen. Bere etxean alkoholikoen bilerak egiten hasi, eta pixkanaka horrela sortu zen Espainiako Estatu mailako lehen Alkoholiko Anonimoen Elkartea.
- Euskara Irakasle: 1960. urtean hasi zen gau eskolak ematen. 1963an bere etxean bertan hasi zen ikasleekin euskara lantzen. 1973an D agiria atera eta etxean klaseak ematen jarraitu zuen. 1984an HABEk Hondarribian zuen barnetegian izan zen irakasle, eta 1985etik jubilatu arte Pasaiako Udal Euskaltegian jardun zuen klaseak ematen. Jubilatu ostean, 1987an Iztietako Gau Eskoletan irakasle izan zen eta 1992az geroztik, etxean euskara klaseak ematen dihardu. Gaur egun, Errenteriako Lau Haizetara euskara elkartearen «Mintzalaguna» programan parte hartzen du, eta diasporan, Mexiko, Argentina eta Santanderreko 8 laguni euskara irakasten die «Bakarka» metodoarekin.

Doinua: Mutil koxkor bat
Bizitzan noizbait nor ez gabiltza
geure nortea galduta,
berdin zaigula egun bakoitza
non hasi eta non buka.
Alferrik zaigu ahalegintzea
geure buruaren aurka,
baina pentsatu zeure buruan
eta errurik badauka
onar ezazu bere ondoan
bizi beharko duzu ta.

Bizitzan, hiru pertsonek eman didate bultzada. Bata Madrilgo psikiatra izan da, logroñoarra. Miretsi dudan beste pertsona Juanjo komunista da, bere indarragatik. Mundu honetan, ikusle soila beharrean, protagonista izan behar dela erakutsi zidan, nire bizitza eta esperientzia konpartitu egin behar nuela. Eta Leo, emaztea, zuhaitza izan da beti. Ni oso aldakorra naiz, eta bera ni baino askoz seguruagoa da, indartsuagoa. Berak jasan zuena, ez luke edozein emakumek jasango, mozkorrez bete bainuen etxea. Eta zein goxo hartzen zituen gainera!


Azkenak
Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-17 | Julene Flamarique
Chido zikloiak Mayotte uhartean milaka hildako eragin dituela kalkulatu dute

220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]


Eguneraketa berriak daude