argia.eus
INPRIMATU
Euskara, ekologiak, erreserbak...
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2021eko uztailaren 20a
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eraiki nahi duen Euskalgintzaren Plan Estrategikoaren inguruko inkesta aitzakiatzat hartuz, bai eta egun hauetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko istiluen harira ere, gogoeta sortatxo bat, baldarra beti noski, bururatu zait.

ZEHARKAKO IKASGAIAK: LOGSE ditxosozkoarekin, aho betean ibili gara hezkuntza akademikotik haratago doan sistema osoago baten alde, ikasgai guztietan zehar hainbat aspektu landu behar genuelakoan: bertzeak bertze, tolerantzia, kultur aniztasuna, elkarrekiko entzumen eta begirunea, bakea... Eta, hara!, egun hauetako hedabideek aukera paregabea eskaintzen dute ikasleek ikus dezaten nola ulertu behar dituzten balore horiek, hezkuntzaren tenplu sagaratua den NUPeko Pérez Prados jauna eredu. Pentsamena garatzeko helburua dugu, halaber, LOGSEren bertze erronka bat; ba, Iruñeko apezpikuari aitortu behar diot «gutxiegi» nota jarri diodala ikasle bati baino gehiagori hainbat galderen erantzunetan, arrazoitzeko orduan frogaturiko maila eskasarengatik, gure Sebastián jaunaren parekoa. Katekesira joan beharko dut Aita gurea eta Agur Maria ikastera, penitentzia eginen badut. Baina laster bukatuko zaizkigu buruhauste hauek guztiak Hezkuntzaren Kalitaterako Lege berriarekin, bi zeharkako ikasgai baizik ez baitira geldituko: aginte-argudioa, pentsatzen ikasteko, batetik; eta garai zaharretako urbanitatea, bertzetik, eskuak garbitzen jakiteko, odolez edo kaka zaharraz zikindu ondoren.
HANKA SARTZEAK: ez dakit zenbat urte pasatu diren garaiko HBko estratega jenial batzuei bururatu zitzaienetik ez zutela eman behar -Nafarroako Parlamentuan- Euskararen Legea aldatzeko botoa, zonalde ez-euskalduna legetik desagertzeko aukera ezin hobea galdu zelarik gaur -eta noiz?- arte. Euskaltzale bat baino gehiago ahaztu nahi izanen da harako hartaz, eta leporatuko dit, agian, trapu zaharrak atera nahi ditudala, alferrikan edo auskalo zein interesen izenean. Pentsa beza nork nahi duena, baina euskalgintzaren plan estrategiko bat egin nahi bada, ezinbertzekoak dirudite egindakoaren memoriak eta ikerketek. Ez da izan, tamalez, hanka sartze sakon bakarra. Iruñeko giro erdaldun sendo honetan, aspaldian egin zuten apustu euskaltzale sutsu eta zintzo askok irakaskuntza publikoko D eredua ikastetxe elebakarrekoetan ixteko. Murgilketa-sistema, euskararen erabilera sendotzeko nahia..., zernahiko argudioek liluratuko lituzke euskaltzale horiek, baina UPNk gazteen euskara, Iruñean, ghettoetara erraz eraman zuelakoan nago, murgilketa hori hobetu gabe eta erabilera sendotu ezinean gabiltzala. Arlo guztietan eskoletako lan hutsaren ahalmenarekiko hain zuhur eta erlatibista garenok, irakaskuntzarekin itsu-itsuan sinetsiko bagenu bezala jokatzen dugu euskalgintzari dagokionez. Xamarrek Txepetxen ideiekin egin duena egin beharko litzateke Xabier Erizeren tesiarekin ere, dibulgazio bertsio bat alegia, ea ikasten dugun zein luze euts diezaiokeen gizarte batek bere ohizko hizkuntzaren erabilerari, eskolatik horren kontrako zenbat-nahi lana egin arren.
HIZKUNTZ EKOLOGIA: erakargarria, «modernoa» eta liluragarria, benetan, Xamarren planteamendua, euskararekiko motibapena pizteko. Eskerronak eman behar dizkiogu Xamarri horretan hain euskara atsegin eta irakurgarriaz aritu eta hain diseinu ederrean plazaratzeagatik. Ongi etorri, argudio berri horiek guztiak euskalgintzara!, batik bat, betiko lelo zaharrak -abertzaletasunarenak, adibidez,- gainditzeko laguntza ematen badiguzue. Argudio guztiek, halere, badute ifrentzurik. Badakigu, kasurako, zer joera dugun «zibilizatuok» ekologiaz maitemintzen garenean: natur erreserba itxi eta babestuak antolatzeko joera, alegia, eguneroko bizitzatik kanpoko eta urruneko tokietan. Joera honetatik libre ditugu oraindik UPNko agintariak, euren zibilizazio mailak ez dielako eskaintzen «ekologia» sarrera duen hiztegirik. Baina, horrela baldin bada, zein erreserbatik atera dituzte Pérez Prados eta Sebastián bezalako espezimenak?