argia.eus
INPRIMATU
Etxe barruko etsaiak
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Francoren diktadurak ezarritako zentsura nola saihetsi, iraun ahal izateko nahitaezkoak zituen diru premiak nola bete... hamaika arazori egin behar zion aurre ZERUKO ARGIAk 1972an. Eta gaitz erdi, horrelakoak bakarrik balira, esango zuten ziur aski gure aldizkariaren arduradunek, Amatiñok bere sailean aipatzen zuen buruhaustearen berri jakin zutenean.


SALAKETAN IBILIAK

"Korreoz, inork izendatu gabeko gutun bat jaso dugu", aitortzen zuen Amatiñok. "Ez da, ez, nolanahiko gutun bat, ez horixe, ‘Erri-Bide’ eta 'Kardaberaz' taldeek Iruñeko Kaputxinoen zuzendariari bidali zioten gutunaren kopia baizik. Gutun xelebrea, nonbait, ZERUKO ARGIA asterokoa elizaren etsaien eskutan murgildu dela frogatu nahi bait du bost folio luzetan eta... gaztelaniaz idatzia".
Horrela bada, «Erri-Bide" eta "Kardaberaz"en atzean zeudenen ustez, Elizaren kontrako azpikeria zegoen, non eta, argi zerutiarra aldarrikatzeaz gain Kaputxinoena zen aldizkarian bertan! Beno, harritzekoa ere ez, zeren haiek ziotenez "Z. ARGIA ezezik, ‘Anaitasuna’, ‘Jakin’, Ikastolak, ELA, Baserri Gaztedi eta Euskaltzaindia elizaren etsaien zuzendaritzaren pean omen daude. Elizaren etsaien giroa nagusitu omen da Euskal Herrian barrena, beraz, ez omen da ulergaitz Z. ARGIA asterokoan ere ori berori gertatzea".
Eta itxura guztien arabera, ezagutzen zituzten ere azpikerian zebiltzanak. "Rikardo Arregi (goian bego), Larresoro, Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Mikel Ugalde, Xabier Gereño, ‘Ez dok amairu’ taldea eta beste zenbait, elizaren aurka ari omen dira Z. ARGIAko zuzendaritzaren babespean. Horrez gainera, elizaren kontrako iritziak babestu ezezik, Z. ARGIA elizaren aurka ari da, elizaren etsaiak goratzen ditu eta elizaren aurka saiatzen da". Azpimarra, Amatiñorena zen, jakina. Beraz, kaputxinoren batzuk ere Elizaren kontra ari ziren!


LUZIFERREN AKOLITOA

Ohiz, konspirazio guztiek izan ohi dute bururen bat, eta hark ere bazuen nonbait. "Z. ARGIAren joko zikin honen sortzaile eta arduradun bakarra, bertako zuzentzaile den Aita Xalbador Garmendia omen da, hizkuntzarekiko zuzenketa aitzakia harturik, eliztar idazleen artikuluei hitzak eta esaera osoak aldatu eta kendu egin omen dizkie, elizaren aldeko idaz-lanei ahail eta eragozpen gehiago jarriz. Z. ARGIA ‘inpernuko sua’ bihurtu omen da, eta Xalbador gizajoa Luziferren akolito".
Halako arazo larriak, premiazko irtenbideren bat behar zuen, noski, eta Amatiñok zioenez, hori ere ematen saiatu ziren salatzaileak. "Garbi omen dago, beraz, Z. ARGIA kristautasunaren etsaien eskutan dagoela, eta Iruñea eta Donostiako gotzaiengana jo aurretik, honako irtenbide hau proposatzen dute: Xalbador Garmendia zuzentzailea ‘ipso facto’ kendu, bera bait da nahaste borraste guztien sortzaile, baita bere kidekoak ere".
Bigarren urrats gisa, "Zuzendari egiten duen Aita kaputxinoa ere kendu, ez bait da gauza, itxura denez, zeregin horren jabe egiteko". Hori egin eta gero, "beste aita kaputxino bat hautatu zuzendari bezala, eta berek (gutunaren egileek noski) aukeratutako batzorde bat izendatu, zuzendari berriari lagun diezaion. Honaino, irakurle, gutun honen itzulpena eta laburpena".


AMATIÑOREN GOGOETA

Umorez agertzen zuen Amatiñok salaketa, baina imajina dezakegu Z. ARGIAko langileen artean hark sortuko zuen mina... Nolanahi ere, honako gogoeta hau luzatzen zien "Zenbat gara 72" sailaren egileak salatariei zein bestelako irakurleei: "Umekeria da, eta ez besterik, gurekin bat ez datozen guztiak maoista, marxista eta elizaren etsai bezala aipatzea. Honek ez du gure ezjakintasuna salatzen baino, gizon, kristau eta euskaldun bezala. Gauzak berenetik ateratzea erraz da, errazegi. Eta hitzak kontestotik atereaz gero, nork bere arrazoipiderako frogagarri erabiltzea, merkea bezain onarezina.
Berek beren burua batzorde berriaren aukeratzaile proposatzeak (berek bait dakite nor diren ‘moralidad intachable’ delakodunak), publikano eta fariseoaren pasartea oroitarazten digu.
Azkenik, ez dugu ulertzen nola ‘Kardaberaz’ taldeak bere izena eskaini duen horrelako ‘panfleto’ bat izendatzeko. Beste maila batetako elkartea zelakoan ginen. Dena den, oraindik ere burua jarriko genduke, burua, bai, ‘Kardaberaz’ taldeko guztiek ez datozela bat gutun horrek dionarekin. Txarrenean ere, itxaropen izpi honek kontsolatzen gaitu, gizon, kristau eta euskaldun garen aldetik"

Euskal herrietatik
Iragarkiak, 1972-V-14
Neska euskaldun batek 2 urtetik 3 urtetara bitarteko aurren batzuk zainduko lituzke. Goizetik lau ordu eta arratsaldetik beste lau orduko lana. Deitu, lauetatik bostetara, 410054 telefonora.

Berrogeiren bat urtetako emakume ezkonge batek, telefonista, kajera, rezepzionista, enkargada edo orrelako lana egin nai luke. Euskeraz, frantsezez eta gaztelaniaz mintzatzen da. Urrutizkina: 425528

Irakurleak mintzo I
Zuen asterokoa etortzen zait. Nik irakurtzen det. Euskerazko ezer bein ere ez det zapuztu izan eta ZERUKO ARGIAri ere ez diot zaputzik egiten. Ez bialtzekorik ez dizuet esango. Bai! Biali. Aldizkariaren orrietan nabari dan giroa, noski, oraingo giroa da. Txarra edo ona, oraingo giroa. Olako giro orrek euskaldun asko ito egingo ditu. Mingarri eta negargarri eta auengarri. Esan ere esango nuke: nire erri maitea iñongo ekaitzik beltzenak ikusteko sortua ote dan. Zaildua dagoala! Bearra izango du! Gipuzkoako ibai zikiñak gogoratzen zaizkidan ontan, ona nere burutakeri zoroa. Alegia, ZERUKO ARGIAkoak ain ibai kirastuak ikusten oitu diralarik, berberek irarkolara bialtzen dituzten tximenkeriak ikusita ez ote diran batetxo lotsatzen. Argitara oi dituzuen aldrebeskeri asko ez det uste Euskaltzaindiak aginduta argitaratzen dituzutenik. Bitartean, Euskaltzaindia gora eta Euskaltzaindia beera. Aren esanetara ibilli bear degula. Aren asmoak zintzo ikasi bear ditugula. Ez det uste, alabaña, bere burua nortakotzat daukan euskaltzain batek bakarrik, asterokoaren orrietan ikusten diran naasketa berein ontzat artu ditzakeenik. (1972-V-14)

Irakurleak mintzo II
E. J.-ren idazti erremintsua irakurri dut, 478garren alean. ZERUKO ARGIAn azaltzen diran lanak ulerkaitzak dirala esaten dutenek zer esan nahi dute: Ezer ez dutela berak ulertzen? Orduan, ikasi beharrak daude. Gauza batzuk ez dituztela ulertzen? Hori, normalak diranen seiñalea da. Izan ere, ogeita-amarretik gora lan dakarzkian aldizkari batean dan-dana ez ulertzea, ez da beste munduko gauza. Baiña jaunak, ezin egingo dute, ez ZERUKO ARGIAkoek eta ez gauza dan beste aldizkari batekoek, eskolatu gabeko edozeiñek ulertuko duan txepelkeria. Baiña Iparraldeko artzai baten izkuntza jasotzeko gauza izan behar dugula uste dut. Utz ditzagun Azurmendi eta Larresororen lanak gehiago ikasten dugunerako, baiñan ez dezagun esan gaiñontzeko lanak ulertzen ez ditugunik… edo joan gaitezen ikastolara! (Beasain, 1972-VI-14)