argia.eus
INPRIMATU
1.200 HILDAKO HAMAR URTETAN
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a
Azken hamar urteotan, 1.200 langile baino gehiago hil dira Euskal Herrian. Urte honetako lehen bost hilabeteetan 53 langile hil dira lan istripuen ondorioz, horietako bi Iparraldean. Joan den urtean, 2001ean, 121 langilek galdu zuten bizia lantokian edo laneko joan-etorrietan. Urte batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina batez beste 120 pertsonak galtzen dute bizia urtero Euskal Herrian, laneko istripuetan. Nik, lerro hauek idatzi ditudan honek, zehatz-mehatz aztertu dut Hego Euskal Herrian azken 25 urte hauetan lan istripuetan hildakoen zerrenda beltz egunerokoa eta urterokoa, eta ondo asko frogatu dut lan istripuak berak bezain erreala dela hamar urteko batez besteko hori. Azkeneko 25 urteak hartuz gero, berriz, are handiagoa da erdiko kopuru hori.

Laneko istripuek, dena dela, ez dute heriotza bakarrik ekartzen; kontuan hartu behar dira, halaber, lan istripu larriak eta ez hain larriak. Istripu larri askok ondorio irrebertsibleak izaten dituzte langileentzat. Hala ere, hiltzen direnean -langile ugari denbora baten buruan hiltzen da-, heriotzak ez dituzte kontatzen laneko istripuen ondoriozko moduan. 2001. urtean, adibidez, 72.314 lan istripu gertatu ziren baja eskakizun izan zutenak; 2000. urtean baino %2,43 gehiago. Istripu horietatik 788 izan ziren larriak, aurreko urtean baino %5,34 gehiago.

2001EKO DATUAK

. Bizkaiko lurraldean gertatu zen laneko heriotza gehien: 2000n baino %4 gehiago. Gainerako hiru lurraldeetan, aldiz, nahiko nabarmen gutxitu ziren ezbeharrak. Bizkaian, 2000n baino %20 langile gehiago hil zen 2001ean. Araban, %63,16 jaitsi zen heriotzen kopurua; Gipuzkoan, %38,71; Nafarroan, berriz, %50. Ondoko taulan jaso ditugu Hego Euskal Herrian 2001ean gertatutako lan istripuen gaineko datu ofizialak. Espainiako estatuan, 1.021 lagun hil ziren laneko istripuetan, 2001. urtean, Hegoaldeko lau lurraldeetako ezbeharrak barne.
Laneko istripuen kausa ohikoenak ez dira izaten kasualitatea, patua, zoritxarra eta antzekoak, baizik eta langileak edo enpresak prebentzioko neurriak aplikatu ez izana eta modu prekarioan, presaka edo nekatuta aritzea. Kasurik gehienetan, gizakia, dirua, lantokia edo enpresa izaten dira errudun, eta erraza izaten da erantzuleak izen-abizenez izendatzea eta konkretatzea.
Ez dugu esan nahi langilea inoiz ez denik erantzule; beti enpresa, ikuskaritza edo beste norbait denik erantzule. Zenbaitetan, langileak berak, enpresako komiteak eta sindikatuak ere errudunak izaten dira. Dena dela, hauxe da egia: enpresaburuen %50ek hausten dute prebentzioko legedia, nahiz eta dagoeneko sei urte izan indarrean. Sindikatuek diotenez, oraingoz egundo ez dute ikusi ohartarazpenik, zigorrik edo enpresa-ixterik, prebentzioaren gaineko arauak ez betetzeagatik. Kontuak horrela, gehiengo sindikalak lan komuna egiteko eskatu die lan departamentuei, Gizarte Segurantzari, OSALANi, Laneko Ikuskaritzari eta Nafarroako Lan Osasuneko Institutuari, laneko istripuak ahalik eta gehien murrizteko.
EPAILEAK ETA FISKALAK INPLIKATZEA. Orain arte, beste alde batera begiratu izan dute epaileek eta fiskalek, eta ia batere ez dira inplikatu laneko heriotzen edo laneko istripuen arduradunak atzematen. Laneko heriotzen bat gertatu den bakoitzean ikerketak hasi arren, oso epai judizial gutxi eman da azkenean. Horregatik, poztekoa da Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak, hots, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuen baturak, hartu duen erabakia: fiskaltza propioa eskatuko dute, laneko istripuak ofizioz ikertzeko. Adierazi dutenez, lan-hitzarmenetan ere batera jokatuko dute, eta laneko osasuna lehentasunezko eskakizuna izango da. Azkenik, orain arte bezala, mobilizatu egingo dira laneko heriotza bat gertatzen den bakoitzean.
Lau sindikatuek laneko segurtasunaren eta osasunaren fiskaltza sortzea nahi dute, ofizioz jardun dezan, bai istripu larriak edo laneko heriotzak gertatzen direnean, bai gaiari buruzko legedia urratzen denean. Lau sindikatuek kanpaina indartsua egiteko asmoa dute, Laneko Ikuskaritzaren inplikazioa lortzeko, pasibotasuna "konplizitatea" delakoan daude-eta. Nola laneko Ikuskaritzak baitauka betearazteko eskumena, arauak kontrolatzeko eskatzen diote. Bestalde, betiere sindikatuen ustez, enpresaburuei eskatu behar zaie istripuko frogen karga; langileek ez dute zertan aritu beren osasuna eta gorputza arriskatzeko moduko lanpostuan jardun dutela egiaztatzen.
Testuinguru horretan, jadanik bilduak dira Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lana eta Gizarte Segurantzako sailburua eta Jesús Cardenal, Espainiako fiskal nagusia, sindikatuen eskakizunez mintzatzeko. Lehen bilera horretan, fiskaltza berezi hori sortzearen kontra azaldu zen Espainiako fiskal nagusia. Nolanahi ere, esparru bakoitzeko fiskalak eta epaileak inplikatzeko urratsak egiten hastea erabaki zuten bi buruek, hainbeste langileren heriotza eta hainbeste egoera larri sortzen duten lan istripuen gorabeherari aurre egiteko.

LANEKO SEGURTASUN EZA BAZTERTZEA.

Laneko istripuen kontra borrokatzean, oso kontuan hartzekoak dira, halaber, lan baldintza prekarioak. Aipatu sindikatuek lan kontratu prekarioak baztertzeko eskatu diete gobernuei, lan istripu gutxiago gerta dadin. Beren iritziz, administrazio publikoak berak izan behar du adibide, eta, horrenbestez, uko egin behar dio azpikontratazioen bideari. Alde horretatik, lan istripuen mutualitateen jarduna mugatzeko ere eskatu dute sindikatuek.
Negoziazio kolektiboan ere eutsiko diote batasun sindikalari, laneko osasuna eta segurtasuna lehentasunezko gaiak izan daitezen eta enpresaburuek prebentzioko neurriak bete ditzaten. Horregatik, prebentzioko ordezkariek ordezkari sindikalek adina eskubide eta lanordu izan dezatela eskatzen ari dira

Inork gutxik betetzen du prebentzioko legea
Iazko datuen arabera, inork gutxik betetzen du Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea. Ondorio horixe atera du EAEko UGT sindikatuak, OSALAN erakundearen, Eusko Jaurlaritzaren Lan Saileko erakunde ofizialaren, 2001eko jarduna aztertu eta gero.

UGT sindikatuaren azterketak dioenez, OSALANeko teknikariek 1.246 enpresa ikuskatu zituzten 2001. urtean, guztiak ere lan istripuetan sektoreko batez bestekoa baino %25 gorago zebiltzanak. Ikuskatutako enpresetako 162k ez zeukaten prebentzioko antolaketarik, 431k ez zeukaten larrialdiko planik, 378k prestatu gabe zeuzkaten langileak, 111k ez zeukaten segurtasuneko eta osasuneko batzorderik eta 197k ebaluatu gabe zeuzkaten arriskuak. Datu horiek ikusita, bidezkoa da UGT sindikatuak ere bloke honen izenburuan jarri duguna ondorioztatu izana, hau da, inork gutxik betetzen duela Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea. Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek eskatu dute Laneko Ikuskaritzek enpresak hobeto kontrolatzea, baita ikuskatzaile gehiago eta enpresetako kontrola zorrozteko baliabideak jartzea ere.
OSALAN erakundeak, bestalde, 2001. urteko ikuskaldien gaineko datu batzuk eman ditu, eta, diotenez, garbi erakusten dute ikuskatzeko lanen goratze etengabea. Horrela, Laneko Agintaritzak, Laneko Zuzendaritzaren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 872 enpresari jarri zien isuna 2001. urtean, laneko heriotzak eta istripu larriak izan zituztelako; 4,5 milioi euro, guztira. Erregistroari dagokionez, 1.122 zigor proposamen jaso ziren. Alabaina, kasu horietako 250 zeuden artean itxi gabe, joan den otsailean. Hasiera batean, dena dela, enpresa bakoitzak 5.169,3 euroko isuna ordaindu beharko omen du batez beste.
Ugaldu egin dira zigorrak eta ikuskaldiak, baina, dena dela, istripuak izan dituzten enpresen bostena bakarrik hartzen dute oraindik. 2000. urtean, 4 milioi eurora iritsi zen isunen guztizkoa; 1999an, ez zen milioi bat eurora heldu. Enpresa txikiei eta ertainei jarri zaie zigor gehien, horiexek baitira, OSALANen iritziz, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea errazen saihesten dutenak.
Gaur egun arte, administrazioa bera eta kooperatibak zeuden Laneko Ikuskaritzaren helmenetik kanpo. Bada, OSALANek dioenez, araudi bat onartuko da kooperatibetan eta EAEko administrazio lokal, foral eta autonomikoetan ere lan istripuen prebentzioaren gaineko legeak betetzen ote diren ikuskatu ahal izateko. OSALANek 1994az geroztik dauka horretarako eskumena, baina oraindik ez du ezer garatu. Nolanahi ere, araudiak Eusko Legebiltzarrera iritsi behar du, lege bihurtzeko. Horretarako tramite guztiak egin behar direnez gero, denbora igaroko da indarrean jarri artean