argia.eus
INPRIMATU
ODOL BERRITZEKO SASOIA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Odola berritzeko sasoia dela esan ohi da urte-garai honetan. Beste udaberriren batean aitatu izan dugun zaingorriaren ura (Geranium robertianum) aurten osinarekin (Urtica dioica) osatzen saiatuko naiz.

Osina edo asuna oraintxe da puri-purian. Puja berri berde-beltz lerdenak ikusi eta koskaizoa emateko irrika sortzen du. Eta zergatik ez bada eman? Bildu puntta berrienak, uretan ondo-ondo garbitu, zorten zekendua kendu eta hostoaei egosaldi pasadizo bat eman eta entsaladari, arrautzopilari, arrozari, bexamelari… nahi denari erantsi eta aho-sabaia gozatu.
Gozoaz gain osasuntsua da osina. Osin-ura gernu eragile aparta da, diabeteari aurre egiteko ona, azukrea jaisten baitu, egosia edo entsaladan anemia gainditzeko laguna, A eta C bitamina ugari izateaz gain, burdina eta fosforoa baititu, hostoekin batera sustraiak ilea indartu eta berritzeko eta zahia edo zoldari aurre egiteko egokiak dira, erreuma, lunbagoa eta ziatika arintzeko zarbekin soina igurzten da.
Nekazaritzan landareen defentsak suspertu, hazkuntza sustatu eta arerioen erasoa atzeratzeko osin-ura erabiltzen da. Osinak egun pare batez uretan eduki eta gero landareak busti