«Jose Antonio eta La Otxoa, biak dira elkarren osagarri»

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kantua eta umorea tartekatuta eskaintzen dituzu ikuskizunak, emakumez jantzita. Ikuskizun mota horretan, «Madame Arthurrek» asko markatu omen zintuen.

Bartzelonan ezagutu nuen Madame Arthur, 1967an. Estimu handia nion. Diktadura garaian transformismoaren oinarria izan zen. Garai hartan, zerbait ezberdina egin nahi zuten guztiak sorgin ehizean sartzen zituzten. Miguel Molinak, esaterako, erbestera joan behar izan zuen, torturatu egiten zutelako. Mehatxupeko egoera hartan, Madame Arthurrek kasaka handiak janzten zituen, ilea tindatzen zuen, galtza estuak janzten zituen… Nik, Bartzelonara heldu nintzenean 16 urte baino ez nituen, eta hango gauek txundituta utzi ninduten.
Banekien kantura dedikatu nahi nuela; artista izan nahi nuen, kantatu, arrakasta lortu… nire mundua zen. Horrekin jaio egiten da. Eta denborak umoregile izaera eman zidan. Ez nuen garaiko abeslariak bezalakoa izan nahi (ez nuen Adamo edo Rafael izan nahi). Ez nuen eszenatokira traje eta gorbatarekin irteten den abeslari bat izan nahi, oso aspergarria iruditzen zitzaidan hori. Abesteaz gain ikuskizuna eman behar zela pentsatzen nuen.
Bartzelonan aurkitu nuenak ideiak eman zizkidan, ikuskizun haiekin identifikatua sentitzen nintzen. Eta horrela, «La Otxoa» abeslariaz gain Otxoa ikuskizuna jaio zen. Eta gero Otxoa eskandalua: bizi genituen injustizia haiek, odol berokoa naizenez, ezin nituen ametitu.

Nola sortu zen «La Otxoa» pertsonaia?
Nik uste, zure alorra edozein dela ere, debekupean zaudenean buruak hobeto funtzionatzen dizula, gauzak sortzeko. Madame Arthurretik abiatuta, pixkanaka «La Otxoa»ren pertsonaia garatzen joan nintzen. Futbolaria izan nintzen, eta baldar hutsa nintzenez, pentsatu nuen hobe nuela ez inortaz mozorrotzea, estropezuka ibiliko nintzen-eta. Andreek beti esaten zidaten hanka politak nituela (harritzekoa, futbolariek oker askoak izan ohi dituzte-eta!), eta pertsonaiari minigona jarri nion. Pertsonaiak jada baditu 30 urte, eta denboran zehar beti jarraitu du garaiko moda, arropa eta musika. Oso abangoardista da.

Beraz «La Otxoa», ikuskizunerako sortu duzun pertsonaia da, edo zuretik ere zerbait badu?
Ikuskizunerako sortua da. Jakina, «La Otxoa»ren atzean Jose Antonio ezkutatzen da; baina Jose Antonio oso lotsatia da (gero eta gutxiago izanagatik). «La Otxoa», berriz, lotsagabe galanta da, probokatzailea. Alegia, ez dugula zer ikusirik. Aldagelan sartu eta makillatzen hasi orduko, erabat eraldatzen zait nortasuna. Lotsa galtzen dut. Agian horrexegatik ez zait traje eta gorbatarekin irtetea gustatzen, eszenatoki gainean presio handia sortuko lidakeelako; horregatik beharko nituen gisa honetako trajeak.

Zer egin dezake «La Otxoa»k, Jose Antoniok egin ezin duenik?
Ikuskizunean asko sartzen naiz entzuleekin, hain justu zuzenekoarekin gozatzen dudalako gehien. Ikusleak probokatzen ditut, euren partehartzea eskatzen dut, pasadizoak kontatzen ditut, istorioak... Antzerki eta musika ikuskizuna denez, «La Otxoa» oso jenio bizikoa da, indar handia eskatzen dio. Neroni seguru asko ez nintzateke gai izango hori egiteko, eta aldiz «La Otxoa»rekin lotsagabe hutsa bihurtzen naiz, neurria galtzen dut.
Bixkiena bezala da gertatzen zaidana: batak alde zintzoa eta besteak alde gaiztoa duen bixki horiena bezalakoxea da nire kasua ere. Jose Antonio eta «La Otxoa», biak dira elkarren osagarri.

Emakumez janzteak, zer gehitzen dio ikuskizunari?
Mota honetako ikuskizunak niretzat fantasia bezala dira, magia da. Pertsonaia batez janzteak lotsagabetzeko balio dit; baina gainera ikusleei aldaketa hori asko gustatzen zaie. Beraz, ikuskizunari saltzerako unean fantasia eta magia handia ematen dio, ikusleari iritsi egiten zaio.
Gizon bat emakumez jantzita ikusteak, ikusleari ezbaia sortzen dio. Mundu honekiko ezjakintasun handia dago gainera. Transformistak ikusi, eta transexualekin nahasten gaituzte askotan, eta "emakume gorputza» dugula esango dute Concha Velascoren programan. Bestalde, badaude ikuskizunetan Massiel edo Rocio Juradoz mozorrotuta play-back egiten duten gizonak ere, eta ni horiekin konparatzen nautenean sutan jartzen naiz. Nik ez dut play-backik egiten, ez beste inor imitatzen; nik neronek sortutako kantuak abesten ditut. Alegia, emakumez janzten garen guztiok zaku berean sartzen gaituztela, horixe da askotan sumatu dudan ezjakintasuna.

Jantziak berak zer garrantzia du?
Jantziak artistikoki onak izatea bilatzen dut, jantziek ere hitz egin dezatela, alegia. Diseinatzaile ezagunek egiten dizkidate eta lumak, lentejuelak eta kanutilloa atsegin ditut gehien. Ikuskizuna dena da azkenean, baita jantziak, makillajea eta ileordeak ere. Hori dena kontu handiz zaindu behar da.

Abestietako hitzak irakurrita, bigarren zentzua oso garatua duzula nabari da...
Tira. Diktadura garaitan hitzak ondo hautatu behar ziren, zentsurari adarra jotzeko. Nik uste andreei horregatik gustatzen zaizkiela hainbeste nire kantuetako hitzak, garai batekin identifikatuak sentitzen direlako. Injustizia politikoak, sozialak, hipokrisia eta gezurra salatzea gustatzen zait, humore puntu batekin beti.

Tabernatan oso ohikoak ez diren musika estiloak dira zure bizio...
Zoratzen naute boleroek, rantxerek, pasodobleek… azken batean, horixe da nik bizi izan dudana. Mota guztietako musika gustatzen zait. Entzuteko nahiago dut musika lasaia. Eszenatoki gainerako, berriz, nahiago dut martxa duena, jenio bizikoa naizelako eta indarra behar dudalako, mugitzeko espazioa eskaini behar didalako.

Horregatik sartu duzu musika diskoa?
Ez da horregatik izan. Garaiarekin bat egiten duelako da, eta jakina, abangoardista izan eta eguneratu egin behar duzu. Jendeak oso gustuko zuenean «lanbada», abesti bat egin nuen «lanbada»ren erritmora; berdin salsak indarra hartu zuenean. Une horretan jendeari gustatzen zaiona bilatu behar duzu, baina beti hitzetan zure zigilua mantenduta.

Horrek ez al dakar «komertzialkerian» erortzeko arriskua? Non dago jendeak eskatzen duenaren eta zuk egin nahi duzunaren arteko muga?
Ikuskizuna lana da azkenean. Ilusio handia ematen dizu ideia berri batekin zoazenean; semea erditzea bezalakoa da. Gero arrakasta izatea edo inork ez kontuan hartzea, ikuslearen gustuen araberakoa da. Baina nahiz eta entzuleek baztertua izan, zuk berdin maite duzu zure ikuskizun edo zure kantu hori, zuk jarri duzulako ilusioa eta zuk erditu duzulako. Eta batzutan ez duzu ulertzen. Badira gauzak zuri zoragarriak iruditzen zaizkizunak eta jendeari gustatzen ez zaizkionak, eta badira pitokeriak, kasualitatez egiten dituzunak eta arrakasta dutenak. Ikuskizunaren munduan inoiz ez da jakiten zein den arrakastarako formula zehatza. Ziur dakidana da, zuk zerbaitengatik lortzen baduzu arrakasta, horretan segi egin behar duzula. Ez duzu aldatu behar. Folklorikoa bazara eta jendea zirikatzea gustatzen bazaizu, ez zaitez «Mari Trini y Los Panchos»ez mozorrotu, jendeak hori ez baitizu onartuko, eta kito. Zuk zeure bidean jarraitu behar duzu, horixe da eta jendeak zugandik nahi duena.

Eta zer da zure ikuskizunean arrakasta izan duena? Alegia, zer da aldatuko ez duzuna?
Argi dut «La Otxoa» pertsonaiak jarraitu egingo duela. Uste dut beti ahal duen neurrian hobetuko duela bai jantzietan, bitxietan… abangoardista izaten jarraitu dezala, baita musikan ere: estudio hobeak daude, disko azaletarako maketatzaile hobeak ere bai, eta gauza horietan puntako jendearekin lan egiten saiatu behar duzu. Baina funtsean lehengo bera izango da, horixe da-eta jendeak nigandik nahi duena.

Jarrera irekia duzu, beraz. Hala ere, aldaketaren bat onartzea kostatzen zaizu?
Betiereko gaztea naiz, oso gazte sentitzen naiz. Abangoardista izateko kalean egon behar duzu, ikuskizun berrietara joan eta jantzietan modan zer dagoen jakin. Jarreraz ere oso pertsona tolerantea naiz; garrantzitsua da sinestea denek erakutsi diezazuketela zerbait, izatez halaxe da-eta.
Baina benetan onartzen ez ditudan gauzak ez ditut aldatzen. Nik gauzekiko nire kontzeptua dut, eta kontzeptu horren gainean noa aldaketak integratzen. Baina berritasunen bat niri gustatzen ez bazait, nahiz eta jendeak hori eskatu, nik ez dut egingo. Ez zait gustatzen ikusleekin erasokorra izatea, ez astakirtena izatea; eta horrek funtzionatzen du, badirudi jendeari morboa ematen diola zabarkeriak aurpegira esateak. Baina hori ez dator nire izaerarekin bat. Gustatzen zait denetik ederrena hartzea, alegia nik edertzat ulertzen dudan hori hartzea.

Zure ikuskizunak eskaintzen hasi zinenean, zer erreakzio izan zuen jendeak?
1981eko Bilboko Aste Nagusian, "Libérate" (edo «aska zaitez») kantua atera nuenean, iraultza bat ekarri nuen. Euskadi osoak pegatina bat jantzi zuen, «por fin libérate" («bazen garaia, aska zaitez") zioena. Hori behar baten adierazgarri zen, zapalduta zegoen jende guztiak "armairutik irtengo naiz" (gaur esaten zaion bezala) esateko zuen beharraren adierazgarria zen. Eta ez dut ulertzen zergatik esaten den gaur "armairutik irten" delakoa: gaur apaizak, militarrak eta dantzariak "armairutik irteten" badira, ni nondik irten nintzen, Etxebarriako tximiniatik ala? Ez dut ulertzen zergatik ematen zaion halako garrantzia oraindik ere homosexual izateari; asko aurreratu duzula uste, eta gero jabetzen zara oraindik ere notizia direla halako kontuak, eta sekulako depresioa sartzen zait, nagikeria ematen dit. Egia da aurreratu ere asko egin dela. Garai batean bi aldiz sartu ninduten kartzelan, behin Bartzelonan eta hurrena Bilbon, eta ez inongo ekintzatan harrapatu gintuztelako, besterik gabe, kopatxo bat hartzen ari ginela baizik. Sozialki, gauzarik txarrena homosexuala izatea zen. Eta oraindik orain, paperetan idatzia daramat kartzelako egonalditxo hura, eta edonora bidaian noala ere, mugalariei beti eman behar izaten diet kartzelan sartu izanari buruzko azalpenen bat!
Ikuskizunaren munduan, bere buruari homosexuala dela onartu dion lehenengotakoa izan naiz; begira Rafael, Igeldo mendia baino luma handiagoa zuen, eta aldiz erregimenaren abeslaria zen.

Denek bezala, gizarteko eskemak barneratuak izango zenituen, noski; mutilek erakartzen zintuztela zeure buruari onartzea kosta egin zitzaizun?
Niri ez zitzaidan batere kostatu. Garai hartan ez nuen inolako informaziorik, gaur bezala ez zen gaiari buruz hitz egiten, eta beraz uste nuen ni nintzela mutilak erakargarri zitzaizkion mutil bakarra. Baina Bilbon barrena paseatuz homosexual bikoteak ikusita, eta gaiaz hitz eginda gauza normala zela jabetu nintzen, ni ez nintzela bakarra. Orduan 16 urte nituen, halaxe jaio nintzen eta nire egiarekin joaten nintzen edonora, naizen bezalakoa naiz eta ez nuen zer ezkutaturik. Beraz neure buruarekin ez, jendearekin nituen arazoak. Gaur jende askok txalotzen du, baina orduan debekatu egiten zuten, badakizu zer aldakorra den jendea. Etapa sozialak dira azkenean.
Gaur jendeak maite nau, ez dut arazorik. Baina era berean, zure umorearen araberakoa da jendeak ematen dizun tratua. Edukazio oneko pertsona bazara eta jendea errespetatzen baduzu, inork ez dizu ezer esaten. Gainera nik uste Bilbo hiri irekia dela, mende hasieratik ere denari irekia egon delako: portua izan du, baita auzo txinoa ere (Bartzelonakoarekin batera Europako gune garrantzitsuenetakoa zen) eta beraz, jendeak jarrera irekiagoa izan du edozeren aurrean. Nire karreratik atera dudan ondorioa da Euskadi oso tolerantea dela, eta bere jendea asko maite duela.

Madril ere ezagutzen duzu. Nolakoa da Madrileko "movidilla"?
Oso hipokrita da. Gaur jan egiten zaituen eta bihar zutaz akordatzen ez den jendea dago. Oihan bat da. Jendea hara bere postua lortzera doa, eta lehena iristen denak atzekoari ostikada eman eta Manzanaresera botatzen du. Eta gero amatxo eta aitatxoen seme titikume horien belaunaldia dago, harramazka dabiltzanak beti; telebistara zoaz, eta zure aurretik 17 entxufatu dituzu. Oso zaila da Madril lanerako. Jakina, bada jende zoragarria ere. Nik uste, Bilbok duen berotasuna zaila dela beste inon topatzea. Madrilek ere badu berotasun hori, Bartzelonak baino gehiago behintzat. Bartzelonan oso bereak dira. Baina Madrilen toki guztietako jendea dagoenez, beroa du, niri gustatzen zait.

Musika munduan, ikuskizunak behera egin du edo indarra hartu du?
Ikuskizunak behera egin du. Gazte jendeak gutxiago exijitzen du egun. Multinazional eta kaxa tontoan sortzen dira "izarrak", eta jendeak dena irentsi egiten du. 60-70eko hamarkadatan ikuskizun zoragarriak zeuden, arropa txundigarriekin, dantzariek ere bere garrantzia zuten... dena asko zaintzen zen. Gaur hori dena galtzen ari da. Lehen Madril, Bartzelona, Torremolinos eta baita Bilbo bera ere plazer bat ziren. Egun Bilbon badira ikuskizunetarako tabernak, baina dantzarena arreta deitzeko erabiltzen da gehiago, jendearentzat amu gisa, eta nire ustez funtsean ez du ezer berririk ekartzen.

Bistan denez, «Operación Triunfo» ez duzu gehiegi maiteko...
Ezta batere! Asko sufritzearen poderioz egiten da bat artista. Grazia egiten dit «Operación Triunfo»renak: mikroak jartzen dizkiete, musika bera ere bai, ikuslegoa ekartzen diete… ikusiko dute herriko festetan udalak antolatutako plaza gogor horietara joan behar dutenean!
«Operación Triunfo»rena sormenaren aurkako atentatu bat da, ez baitute inolako ekarpenik egiten. Azkenean pentsatuko dugu edonor egin daitekeela ezagun, ezer eskaini gabe. Serraten «Lucía» kantua abesten entzuten ditudanean, alegia Serratek berak sortu eta kantatzen duen perla hori, lotsa ematen dit. Hori al da herri eta gaztedi honek duen kriterioa?

- Jaio: Bilbon, 1947. urtean.
- Bizi: Sopela herriko Larrabasterra auzoan.
- Abeslari eta umoregile transformista. Bilboko Otxoa tabernako nagusia.
- Ibilbidea: 60ko hamarkada bukaeran hasi zen emankizunak eskaintzen Bartzelona, Madril eta Torremolinosen. 1981. urteko Bilboko Aste Nagusian, «Liberate» kantuak ezagun egin zuen. Bere ikuskizunetan «La Otxoa» pertsonaiak hitz egiten du, luma, lentejuela, kantu eta umorez gainezka.
- Diskoak: »Libérate» (1981); «Todas al futbol» (1983); «Bilbao-Bilbao» (1984); «Genio y figura» (1990); «Quiero ser de la Jet Set» (1992); «Vivir de noche» (1995); «Sexual y autoritaria» (1996); «Glamour» (1997); «Porque me lo pide el cuerpo» (2001).
- Telebista programak: beste askoren artean, programa hauetan parte hartu du: «Vivir cada día», «Y sin embargo te quiero», «Gatos en el tejado»; «Plasti-Plasti»; «Vips»; «Hablando se entiende la gente»; «Pero ésto qué es» eta abar luze bat.
- Zinea: Imanol Uriberen «La muerte de Mikel» filman aritu zen.
- Antzerkia: Besteak beste, antzezlanotan parte hartu du: Karraka taldearekin «Bilbao-Bilbao» antzezlanean, «Santa Otxoa que estás en los cielos» monologoan, eta «Maravillas de Madrid» (Paco Clavel, Las Virtudes eta Pedro Reyes-ekin batera).

Tiffany's-en ari nintzen ikuskizuna eskaintzen, orain 25-30 urte. Andre bat etorri, eta esan zidan: "Zu bezalakoxe seme bat dut". Eta nik: "Artista?", eta berak "ez, marikita".

Doinua: Bogart eta Bilintx
La Otxoaren ikuskizuna
emanez han eta hemen,
hainbat jende ta hainbat jarrera
topatuko zenituen.
Tiffany's-eko andreak seme
«marikita» omen zuen,
baina garaiak eta jarrerak
nola aldatu ohi diren
gaur egun harro kontatuko du
zein ondo onartu zuen.


Azkenak
2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Eguneraketa berriak daude