Donostia munduko herririk ederrenetakoa dela benetan da egia eta hau ez dugu guk esaten, kanpotik datozen milaka eta milaka turistek baizik. Gero eta gehiago dira, itsasoa, mendi dotorea eta lasaitasun paregabea ezagutzera gerturatzen direnak, Euskal Herriko "perlak" gordetzen dituen sekretu guztiak ezagutzeko irrikaz.
Turistek beraz, Donostiak eskaintzen dituen gozamenen zerrenda amaigabea ezagutzen dute eta euren begiekin ikusteko aukera ez dute inolaz ere galdu nahi. Baina badira ere, "Easo Ederra"k eskaintzen dituen aukerak euren lana egin ostean gozatzen dituzten turistak. Biltzarkideetaz ari gara, azkenaldian Donostia eta bere inguruko herriak betetzen dituzten gorbatadun turista berezietaz.
DONOSTIA CONVENTION BUREAU.
Duela hiru urte Kursaal Jauregia Zurriola hondartzaren zaindari leial bihurtu zenetik, biltzarrek eratutako turismoa hazten joan da Donostian. Turismo mota berezi honetaz Donostia-San Sebastián Convention Bureau entitatea arduratzen da, 1988an Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketako Ganberaren ekimenez sortua. Egun, zerbitzuen sektoreko 150 enpresa pribatu aritzen dira lankidetzan Convention Bureaurekin eta hiriaren eta lurraldearen irudia hedatzea eta topagune gisa sustatzea da bere helburua. Lan horren baitan, kongresuek eratzen duten turismo berezia bultzatzeak garrantzia handia hartu du azken urteetan, biltzarkideak baitira Donostiak izan ditzakeen turistarik onenak. Zergatik? Biltzarrek eratzen duten turismoa, erdi-goi mailako turismoa, oso interesgarria delako.
TURISTA DOTOREAK...
Hau da, denbora gutxian diru asko gastatzen duten turistak dira, euren lanbideek behartuta edota euren ibilbide profesionala hobetzeko helburuz, biltzar batera etortzen diren turistak, alegia. Angel Alvarez Convention Bureauko gerenteak adierazi digunez, Donostiara gerturatzen diren biltzarkide gehienek lanbide liberalak dituzte, orokorrean adin ertainekoak dira eta ez dituzte gau asko hirian pasatzen. Oso atzean geratu dira Hondarribian egiten ziren 15 eguneko egonaldiak, hori egun ez da ohikoa. Aisiaren gizartean murgildurik bizi gara gaur egun eta bizimodu azkar eta mugikor horrek ez die turista dotore hauei toki batean denbora asko pasatzen uzten. Esan beharra dago, ordea, biltzarretara gerturatzen den jendea ez dela beti berdina, kongresuetan ere ikasle gazte askok hartzen baitu parte eta hauek ez dute erosteko ahalmen handirik. Biltzarkidetzat eurek zer hartzen duten argitu digu Angel Alvarezek: "Biltzarkide batek, bi gau baino gehiago igarotzen ditu hirian, zerbitzu mota jakin batzuk erabiltzen ditu eta 270 euro inguru gastatzen ditu egunean. Hori da biltzarkide baten perfila".
Lehen aipatu dugun gure egungo aisiaren gizarte honi loturik, bai lan kontuengatik eta bai plazerragatik egiten diren bidaiak mugikortasun eta azkartasun ideiei loturik egon ohi dira. Hau da, ahalik eta denbora gutxienean zenbat eta toki eta gauza gehiago ikusten diren hobe: egun bat hemen, hurrengoa han, bihar toki batean lo egin, etzi ondoko herrian... horrelako bidaiak dira egun indarrean daudenak, toki askotara heltzea gure bidaia aprobetxatzeko modu bakarra izango balitz bezala. Convention Bureau entitateak hau alda dadin lortu nahi du, hau da, Donostiara etortzen diren turistek bost edo sei gau igaro ditzatela hirian. Izan ere, Donostiak zehazki eta Gipuzkoak orokorki, egonaldi luze bat egiteko moduko hamaika aukera eskaintzen du, puntu geografiko konkretu batean lo eginez, inguruko paraje polit ugariak bisitatuz. Gainera, Donostiaren edertasun ikusgarriena itsasoa eta bere hondartzak badira ere, Angel Alvarezek barrualdea gero eta gehiago baloratzen dela argitu digu, mendiak, zelai berdeak eta herrixka txiki maitagarriak, hiriburu handi eta grisetan bizi direnentzako amets bat dira eta.
...ETA PRESTATUAK.
Aipatutako edertasun eta lasaitasun hori oso garrantzitsua da biltzar bat egiteko tokia aukeratzeko mementoan. Izan ere, biltzarrean parte hartzera datorren turista, turista prestatuagoa da, batezbestekoak baino hezkuntza maila altuagoa duena eta baita erosahalmen handiagoa ere. Gainera, orokorrean, jakingura handia dute, daukatenarekin edo dakitenarekin ez dira konformatzen eta gehiago ikasi nahi dute. Jakingura eta kuriositate hori, bizitzako beste alor guztietara hedatzen da, euren aisialdia aprobetxatzea atsegin duten pertsonak izanik. Horra hor Convention Bureauren eginkizuna: lanari eskaintzen dioten egun zatia bukatutakoan, euren garun urduri eta geldiezinak asetuko dituzten eginkizun eta zerbitzuak eskaintzea. Baina turista moderno honen perfilari beste adjektibo bat ere gehitu behar zaio: exigenteak dira. Eta exigentzia maila horri hiriak ematen dion erantzuna oso ona dela esan digu Angel Alvarezek.
Biarritzera bisita, Guggenheim museora bisita, barrualdeko herrixketara bisita, Oñatiko museora bisita, kirolak, antzezlanak, kontzertuak, arte erakusketak eta abar. Hamaika aukera daukate turista dotore hauek euren garun azkarrak asetzeko. Baina Angel Alvarezek oso argi esan digu, egun Donostiak eskaintzen duen zerbitzurik garrantzitsuena kultura dela, hau da, batik-bat mundu kulturalarekin erlazionatu nahi dela hiriburu gipuzkoarraren eskaintza. Hala ere, memento honetan kultur eskaintza hori ona bada ere, Convention Bureauko gerenteak probintzia osoko eremu ezberdinen arteko koordinazio handiagoa egon beharko lukeela uste du, "Gipuzkoa Kultural" horren ideia oraindik gehiago bultzatzeko helburuz.
HIRI TXIKIA, AZPIEGITURA UGARI.
Kongresuek eratutako turismo dotore honek, duela urte gutxi eman zuen gorakada Donostian. Izan ere, Kursaal Jauregiaren eraikuntzarekin batera hasi zen turismo mota hau ugaritzen, duela hiru bat urte. Arrazoi nagusia Kongresu Jauregiaren edukiera izan zen, Miramar Jauregia edota Miramongo Parke Teknologikoak ez baitute Kursaalak duen edukiera fisikoa. Beraz, Kursaala izan zen Donostia biltzarrak egiteko hiri egokietan egokiena ikusten hasteko falta zen pieza. Egun, hiriak dituen azpiegiturak onak dira. Baina, hala ere, Donostiak hazten jarraitzen du: "Egun ez dago berritzen ari ez den hiririk. Hor ditugu, Valentzia, Iruñea edo Tarragonaren kasuak, denak daude euren lurraldea eraberritzen, eraikin modernoak altxatzen eta proiektu berriak prestatzen. Donostiak ere hala jarraitzen du, baina nire ustez, Donostia aurretik doa, beste askok orain egiten ari direna egina du dagoeneko Donostiak. Nire iritziz gainera, puntu batetaraino bakarrik berritu behar da, ezin da etengabe hazi", adierazi digu Angel Alvarezek.
Hotelak ere ondo prestatuak egon behar dira biltzarkideak jasotzeko. Telefono mugikorra, ordenagailu pertsonala eta lan egiteko beste hainbat maleta eta karpetaz beterik, turista hauek lantoki txiki bat antolatzen baitute hoteleko gelan. Hotelak horretarako prestatuak ote daude? Convention Bureauko gerenteak azaltzen digunez Donostiak hotel eskaintza oso ona dauka, batzuetan plaza gehiago beharko liratekeen arren. Hirian dauden lau izarretako hotel guztiak guztiz prestatuak daude biltzarkide eta lan bidaietara etortzen diren pertsonen beharrak asetzeko. Baina Angel Alvarezek esaten digu ez direla hasieratik hotelik garestienak betetzen: "Hasiera batean erdi mailako hotelak betetzen dira, gero garestienak eta azkenik merkeenak. Plaza batzuk gehiago edukitzea ez litzateke gaizki egongo, batzuetan probintziara desplazatu behar baitugu jendea".
IKASTEN ALA LANEAN ZABILTZA?
Donostian egiten diren biltzar gehienak medikuntzaren alorreko gaiei buruzkoak izan ohi dira. Adibidez, 2000 urteko datuei begira, urte osoan egindako biltzarren % 65 medikuntza alorrekoak izan ziren eta 2001 urtean, berriz, % 37. Medikuntzaren atzetik sektore publikoari dagozkion kongresuak daude, 2001 urtean kongresu guztien %16 sektore horretakoak izan baitziren. Bi sektore hauen pare enpresaritza sektoreko biltzarrak daude, unibertsitate sektore eta sektore teknologikoarekin batera. Aipatutako biltzar hauetan guk orain arte aipatu ditugun biltzarkide dotoreek parte hartzen badute ere, ikasleak ere etortzen dira kongresuetara, euren ikasketak osatzeko helburuz.
Guztira 32 biltzar egin ziren Donostian 2001 urtean eta biltzar hauek 17.372 ordezkari ekarri zituzten hirira. 2000 urtearekin alderatuz, Donostiara gerturatu diren pertsona kopuruaren hazkuntza bat eman dela ikus dezakegu: urte hartan 38 kongresu burutu baziren ere, 12.507 ordezkarik bisitatu zuten hiria. Biltzar hauek onuragarriak dira Gipuzkoarentzat. Zergatik? Angel Alvarezek argitzen digun bezala, turista mota onena direlako. Diru gehien gastatzen duten turistak dira eta era berean, gutxien "hondatzen" dutenak. Hau da, herri turistiko batek milaka eta milaka pertsona jasotzen dituenean, diru asko ateratzen du turista horietatik, baina era berean, ingurumen, lasaitasun eta lurralde galera handia ematen da. Gorbatadun turista dotore hauek, 2010 urteko turistak kontsidera daitezkeenak, herri guztiek nahi lituzketenak dira, hirian diru asko utzi eta ingurumena oso gutxi hondatzen baitute.
Munduan dagoen pobrezia ikaragarriaren erdian, gizarte europarraren egoera oso bestelakoa da. Eta gizarte europar horretako biztanleriaren %40 oso baldintza onetan bizi da, maila ekonomiko eta kultural handiko pertsonak izanik. Egun, gizartearen %40 hori erakartzeko izugarrizko esfortzua egiten ari dira herri eta hiriak, modako turismo dotore honek eskaintzen dituen onura anitzen bila.
PADDLE PARTIDA ETA ANTZERKIA.
Turista berezi hauei gustuko dituzten kultur ekintza, kirol ekintza eta eska ditzaketen gurari guztiak eskura ipini behar zaizkie. Honela, lanera datozen arren, aisialdirako amua botatzen zaie biltzarkideei, euren eginbeharrak egin eta gero, euren aisialdia Donostian ongi aprobetxatzeko. Eta noski, beste bi egun gera daitezela lortuko balitz askoz ere hobeto, Euskal Herria ezagutzeko aukerak bikoiztu egingo lirateke eta, eta hori oso ona izango litzateke Donostiaren irudi eta edukiak bultzatzeko.
Ekintza kulturalak dira biltzarkideek euren jakingura asetzeko gehien kontsumitzen dituzten produktuak. Museoetara bisitak, kontzertuak, erakusketak eta beste hainbat ekintza, orokorrean gehien hautatzen direnak dira. Ekintza turistikoak ere asko eskatzen dituzte, hala nola, ibilaldiak, herrixketara bisitaldiak eta abar. Maila berean dago eskaintza gastronomikoa, Euskal Herriko edozein txokora heltzen den edonork goraipatu eta miresten duen gure sukaldaritza. Bigarren mailan daude kirol ekintzak. Hauen artean, golfa, tenisa, squasha, paddlea, igeriketa eta ur-kirolak dira eskatuenak.
Convention Bureauko gerenteak behin eta berriz errepikatu digu kulturak indar handia duela, gero eta gehiago. Turistak Donostian bertan aurkitu du bere mahuka. Lehen, turistek eguzkia eta eguraldi ona bilatzen zuten euren bidaietan. Egun, hori baino askoz ere gehiago eskatzen dute, eta are gehiago, gure erreportajearen protagonistak diren gorbatadun turistek.
MUNDU OSOTIK, DONOSTIARA.
Orain Donostian egiten diren biltzar gehienen antolatzaileak Aragoi, Katalunia eta Madrilgo erkidegoetakoak dira eta Espainia kanpotik etortzen diren partehartzaile kopurua %2 besterik ez da. Beraz, Alvarezen ustez, Europan promozio gehiago egin beharko litzaioke Donostiari, Europan barne merkatua irabazten hasteko. Gainera, modak aldatzen doaz, eskaintza eta eskaera moldatzen joaten da eta jendea betiko tokietaz nekatzen ari da. Horregatik jatorri anitzetako bisitariak edukitzea komeni da, merkatu ugari eta ezberdinen artean hautatzeko aukera edukiz