Frantziako nahiz Ipar Euskal Herriko prentsa eta informazioa segitzen ditu idazle eta editore honek. Departamenduaren gaiari buruzko libururik -edo ikusmolde guztien bildumarik- ez zegoela ohartuta ekin zion lan honi:«Talde edo alderdi bakoitzaren testuak zeuden bakarrik, bereiz, baina liburu dendetan ez zegoen ezer». Ez du gaiari buruzko iritzirik agertu, aldiz, gizarte eragile guztiei hitza eman die:«Hautetsiak, gizartearen eta ekonomiaren eragileak, alderdi eta sindikatuetako kideak galdatu ditut. Gehienek erantzun dute, garrantzizkoenek», adierazi digu Claude Perrotinek.
Gaia hobeto ezagutzeko liburu bat idatzi duzu. Zer-nolako ezagutza aurkitu duzu galdatu dituzunen artean?
Galdatuak izan diren pertsonek gaiari buruzko gogoeta egina zuten engoitik. Alta, erantzun duten pertsona batzuek -bai departamenduaren ideia errefusatzen dutenek bai desiratzen dutenek- ez zekiten oso ongi departamendu baten lehentasunak zeintzuk diren. Zenbaitek ez dituzte departamenduaren eskuduntzak ongi ezagutzen. Batzuek, ez daukan bertuterik aitortzen diote departamenduari, edota ez daukan eskubiderik ere eman.
Adibidez?
Hainbatek pentsatzen du departamendu baten sortzeak jarduera osoko unibertsitate bat ekarriko duela, eta ez da horrela. Frantzian, unibertsitateak ez daude departamenduen arabera egituratuak; batzuek, irudiz, horrela uste dute. Hots, badago departamendua sentimenduz eskatzen duen jende multzo bat, departamendu batek zer egin dezakeen eta zer ez, ontsa ezagutu gabe.
Ba al dago Ipar Euskal Herriaren historiarekiko sentimendurik azaldu duenik?
Denetarik dago. Gutxiengo batek desjabetze historiko bat agertzen du argi eta garbi. Euskararekikoa da sentimendu edo kezka agerikoena. Historiaren zenbait alditan, beren hizkuntzaz desjabetu izanaren sentimendu bat agertzen da perstona hauen artean eta, menturaz, gaur egun, ez dela aski egiten beren hizkuntza berreskuratua izan dadin. Nolanahi ere, jatorriz euskaldun diren askok ez du bere baitan herrimin sakonik gordetzen. Hori da populazioaren parte handienaren sentimendua. Izan ere, Ipar Euskal Herriko biztanleen erdia baino ez da jatorriz euskalduna.
Hautetsien Biltzarraren historia aipatzen duzu liburuan. Egungo Biltzarrari garrantzia ematen al diote herritarrek?
Nik neronek biltzarrik badagoen dudan jartzen dut. Alegia, ez dut uste garrantzia erabakigarria duenik, eta bertako populazioaren artean ez da Biltzarraren kontzientziarik; jende askok ez daki zer den ere. Biltzarrak egun ez du historian izan zuen garrantzia. Biltzarra ez ezik Biltzarrak ziren antzina; gainera, egungo Biltzarra ez da handia. Ez dugu gutxietsi behar, baina erakunde honetan ez dira erabakiak hartzen, ez du botererik ez bitartekorik.
Historian zerbait gaizki egin izanaren eta konpondu beharraren sentimendua antzeman al duzu?
Badago, baina neurri apal batean, gutxi batzuren artean.
Eric Kerrouche ikerlariak zure liburuan departamenduaz hitz egitean «mito lokala» aipatzen du.
Departamenduaren eskaera mito bat bihurtu da hemen, nolabait esatearren. Bi mendeko historia luzean, aldian aldian agertzen da eskaera hau, zenbait alditan azkarki eskatu da, eta beste alditan inork ez du aipatu ere egin. Eskaera mitikoa eta errepikaria bilakatu da eskaerak irauten duelako eta egundo ez delako onartua izan, eta hori da, menturaz, identitate gisa ez hiltzeko aukera bakarra. Haatik, sektore batzuetan eskaera inportanteago bilakatu da onespena bera baino, nolabait. Eskaera, beste gisa batez, sinbolikoa da.
Zernahi gisaz, Ipar Euskal Herriko jende multzo handi batek departamendu bat eskatzen duenean, Euskal Herriaren identitatearen ezagutza nahi du. Hiritar hauek ez dute itzalean bizi nahi, hau da, ez dute Pirinio Atlantikoak departamenduak lausotuak bizi nahi. Pirinio Atlantikoak izenaren adierak ez du euskaldunez deusik esaten. Ordea, departamendua onartua balitz, euskaldunek beren identitatearen nolabaiteko ezagutza izango lukete Frantziako gizartearen aurrean.
Eragile guztiek gauza berberaz hitz egiten ote dute? Hau da, euskal departamenduaz edo Euskal Herria departamenduaz ari dira?
Hau funtsezko galdera da. Nire irudirako, Frantzian -Parisen nahiz Alsazian, kasu-, Euskal Herriaz hitz egiten dugunean, hemen bizi diren bizilagunez eta Euskal Herria toki geografikoki ondo zedarritu batez mintzatzen gara. Baina, gauza bat da euskal departamendu bat eta beste bat Euskal Herria departamendua. Bigarren hau egitura geografikoari atxikia dago. Lehena, berriz, euskaldunen gordeleku gisara ikusten da. Honen definizioa kontrajarria da oraingo departamenduaren ideiarekikoan. Zentzu honetan, departamenduaren kokapen eta zedarripen geografikoa ez da berbera hemengo jende guztiarenzat.
CAPeko (Aturri eta Pirinioetako hiritarrak) Jacques Betbeder kideak dioenez, hiritartasuna eta identitatearen artean ezin da nahasmendurik izan.
Jacques Betbeder gaskoia da eta departamenduaren aurkako talde bateko kidea. Gaskoiak zapuztuak sentitzen dira euskal arazoak hartu duen garrantziarengatik. Baiona, esaterako, gaskoia izan da historian, eta honek erakusten du bi kulturen arteko harreman historikoa. Baina horrek ez du ukatzen Baionak euskal identitaterik izatea, ez naiz identitate etniko batez ari, bertan bizi diren hiritarren identitateaz baizik. Nire ustez, bertako bizilagun gehienak euskaldunak sentitzen dira, baina ez zentzu etniko batez, hiritar zentzuan baizik.
Ipar Euskal Herrian, oro har, euskal identitate etnikorik bada izan, bistan da, euskal kultura izanaren sentimendu oso azkarra baitago. Frantziako beste erregioetan -Bretainian salbu- ez da hemen bezala sentitzen bertako nortasunarekiko maitasuna. Hala ere, jendearen artean sentimendu hauekiko tolerantzia zabala dago eta kanpoko jendearekiko ere bai.
Biarnorekin batera izanda, naturala ez izatearen sentimendurik al dago gizarteko eragile hauen artean?
Ez dut halakorik sentitu. Nire ustez, eguneroko bizitzan kontzientzia hartze gisako bat ematen ari da. Paue eta Baionaren artean bizi den jendea ohartzen da garapen ardatzak ez direla berberak. Ipar Euskal Herriaren garapena Hegoaldeari begira egiten ari da, Baionako itsas portuaren bidez eta Eurohiriaren barne, batez ere. Paue eta bere ingurua, berriz, Tarbes eta Aragoi aldera garatzen ari da. Beraz, jendea ohartzen da oraingo departamenduaren dirua gehiago erabiltzen dela Biarno aldeko garapenerako. Konturatu da, halaber, egitura multzo bikoitza bat dagoela: bi Merkataritza Ganbera -bestetan ez dago halakorik- eta bi Gizarte Segurantza daude. Kontseilu Nagusia Pauen dago, baina, Baionan adar oso sendo bat dago, bereziki eraikuntzaz arduratzen dena. Egiturak bitara zabalduz joan dira, eta honek jendea kitzikatzen du bi departamenduetan bizi ote den pentsatzera. Gainera, Baionako Merkataritza Ganbera Biarnokoa baino antzinakoagoa da. Alta, ez dut sentitu ez mesfidantza ez gorrotorik biarnesen eta euskaldunen artean. Ez da zatiketa eta haustura desiorik, aitzitik, bakoitzak bere nortasuna gordez, harreman sozialak, ekonomikoak eta kulturalak atxikitzearen aldeko sentimendua dago.
Arrazionalizazio administratiboa eta nortasunaren konpontze gisako bat aipatzen da liburuan.
Baiki. Funtsean, biak hartu behar dira kontuan eta hemen bizi diren pertsona guztien nortasunaren araberako egitura bat xerkatu. Lan arrazoiak direla-eta, hemen bizi diren pertsonak kontuan hartu beharko dira, halaber. Hartara, administrazioaren berrantolatzeko benetako borondatea behar da, baina, maleruski, ez da nahikariarik ikusten. Galdera hauxe da: Izan al da historian barrena egungo egiturek dutena baino eskuduntza handiagorik? Ez. Beraz, finean, egitura modernoago bat aurkitu behar da hemengo herritarren bizitza eraginkorragoa izan dadin.
Hego Euskal Herriko biolentzia egoera eta euskal nazionalistekiko «beldurra» ere aipatzen dira liburuan. Ipar Euskal Herriko abertzaleak arriskutsuak bezala ikusiak al dira?
Zaila da erantzuten, arazo honekiko jarrera ezberdinak daude-eta. Ez dut sentitu euskal nazionalistekiko aurkariak eta hauekiko beldur direnak, zentzu fisikoan alegia. Abertzaletasunarekiko izua, zentzu hertsian, ez dago. Hala ere, badaude Euskal Herrira bizitzera etorritako pertsonak, gutxiengo bat, abertzaleak potentzialki arriskutsuak kontsideratzen dituztenak eta euskal identitatea azkarregi garatuko ote den beldur direnak.
Nire ustez, abertzaleak lan bikaina egiten ari dira, herria eta bertako arazoekin oso lan hurbila, proiektu askotan daude engaiatuak, eta ez dute honezkero beldurra eragiten, mamu hori uxatu da nolabait, edo hori da nire inpresioa behintzat. Abertzaleen mundua, emeki-emeki bada ere, goiti ari da, abertzaleen bozak hauteskundetik hauteskundeetara amiñi bat gora doaz, eta horrek, beren proiektua hemengo gizartean onetsia dela adierazten du. Horregatik, gutxiengo baten aldetik nazionalismoaren balizko «mehatxu» hori handitzeko joera dago. Badakizu, bakoitzak bere amarruak erabiltzen ditu