NAFARROAKO BERTSOARI NOTA JARTZEN


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ez dakit nola baloratu daitekeen, baina finalak jende gehiago erakartzen du finalaurrekoek baino. Eta komeni da horren zergatiak aztertzea: finalean kalitate hobea aurkitzea espero duelako jendeak, finaleko bertsolariak ospetsuagoak direlako", aitortu zigun Eneko Bidegain epaileak Txapelketaren hurrengo egunean eskatutako balorazio orokorraren baitan. Estitxu Arozena bertsolariaren hitzak, ostera, bestelakoak ziren: "Finaleko maila aunitz igo da, baina baita jendearen aldetik ere. Lehenago bertsolari konkretu bat edo bi entzutera etortzen zen jendea, eta orain saio osoa entzutera".

Hala ere, "polemikarako gaia" denik uste ez duen arren, Arozenak aitortu digu txapeldunaren izena entzutean sorpresa handia hartu zuela. "Gu ez gara aproposenak ezer esateko. Bakoitza berean egoten gara eta ez dugu saioa entzuleek bezainbeste gozatzen, baina Sustrai Colina txapeldunordea zela esan zutenean, nik Silveirari esaten nion ‘orduan, zu zara txapelduna’. Orain, prentsa irakurri eta jendearekin egon ondoren, uste dut ez ginela gu izan harritu ginen bakarrak".

Bertso ligak.

Finalerako txartela, aurretik botatako izerdiarekin lortzen da, eta aurten, bertso ligetan hasi dira bertsolariak berotzen. Lesakako bertsolariak azaldu duenez, "Bertso Liga Lesakan, taberna batean, sortutako ideia izan da". Hasierako ideian liga bakarra eta saio bi egitea pentsatu zuten arren, Iparraldeak bere liga egin zuen eta hiru saio dituzte. Arozenaren ustez, argi geratu da Iparraldean ere, baliabideak eta bertsolariak badirela Bertso Liga aurrera eramateko.
Bidegain, lapurtarra izanik, hurbilago egon da Iparraldeko Bertso Ligatik, Nafarroakoa ere epaitu behar izan duen arren, eta hasierako helburuak bete dituela iritzi dio. Iparraldeko Bertso Ligaren helburuak belaunaldi ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuz aritzea eta aspaldian bertsotan aritu ez ziren batzuk kantura itzultzea omen ziren. «Horregatik egin da Bertso Liga afarien edo bazkarien inguruan, giro lasai eta pixka bat intimoan. Nik uste dut alde horretatik helburua bete dela, gustura egon delako bakoitza bere mailarekin eta gazteek kantatzeko aukera izan dutelako. Gainera, erakusten ari dira hemendik urte pare batera, adina izango dutelarik Nafarroako Txapelketan parte hartzeko, maila ona emanen dutela".
Txapelketaren aurretik Liga antolatzeak prestakuntza aldetik aldaketak ekarri ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketara. "Bertso ligaren interesetatik bat antolaketa bera izan da. Jende berria sartu da antolaketan, gai emaile taldean... Beraz, lortu dugu Bertsularien Lagunak elkartearen dinamikan jende gehiago inplikatzea eta hori, onerako izan da", dio Bidegainek. Iparraldeak liga propioa egin du, jende berria erakarri du bertsoaren mundura eta horiek aurrerapausoak dira dudarik gabe. Hala ere, Bidegainek ez du uste epe laburrean behintzat, Iparraldeak bere txapelketa egiteko aukerarik izango duenik. "Oraindik bertsolari gazte asko dago ikasten 10 edo 13 urterekin, eta 10 urteren buruan dena aldatuko da, baina beste eztabaida bat da ea komeni den Nafarroak bere txapelketa egitea eta Iparraldeak berea. Nik interesgarri ikusten dut txapelketa bakarrean nahastea biak; nolabait ere muga hausten dugulako. Ez, baina, horregatik bakarrik. Nafarroaren eta Iparraldearen harteko harreman natural hori mantentzen eta sakontzen dugulako baizik".
Bidegainek ez du jende aldetik behintzat aldaketa handirik ikusi epaile diharduen hiru urteetan. Haren iritziz, finalak, gehiago edo gutxiago, beti betetzen du aretoa eta jenderik gehien mugitzen du, eta finalerdietan entzule gutxiago izaten da. Hala ere, Bertso Liga antolatzeak, batez ere, Iparraldean entzule gehiago izatea bultzatu omen du. Hiru urte hauetan mailan nabaritu ditu aldaketarik pozgarrienak: "Kalitatearen aldetik izan dira gauza onak eta ikusten da bertsolari batzuk maila igotzen ari direla".
Arozenak ostera, 11 urtean kantatu du Nafarroako Txapelketan. Bere berbek, baina, bat egiten dute epailearenekin zentzu batean. "Bertso Ligari esker, bestela iritsiko ez ginen herrietara heldu gara. Esate baterako, Garraldan kantatu genuenean jendeak ez zigun amaierara arte txalorik jo. Eurek aitortu zigutenez errespetoagatik, baina hori da jendeak ez dakielako benetan bertsolaritzak nola funtzionatzen duen. Zabaldu egin dugu geure esparrua eta herri asko geratu dira saioren bat hartzeko gogoarekin".

Bere funtzioa bete duen txapelketa.

Bertsolari eta bertsozaleen artean askotan sortu da txapelketen balioaren gaineko eztabaida. Lesakakoak argi dauka: "Nafarroako finala erakusleihoa baino ez da. Nafarroan urte osoan egiten den euskarazko ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa izaten da; egun handia da. Bertso ligarekin leku askotara lehenengo aldiz joatea lortu dugu eta sorpresak hartu ditugu herri batzuetan". Finala hain egun garrantzitsua izatearen ondorioz, Arozenarentzat arrunta da urtean zehar bertsolaritza inguruko giroa hotzagoa izatea. Hala ere, erakusleihoa dagoenean, barruan ere zerbait mugitzen delako eta lana egiten delako egoten da.
Txapelketak bere funtzioa dauka, hala dio Bidegainek. Baina dena ez da horretara mugatu behar. "Nafarroako Txapelketak eragina badauka. Askorentzat Txapelketa da urtean zehar kantatzeko aukera bakarrenetarikoa. Alde horretatik badu bere funtzioa eta betetzen du. Gero, ez da dena hor zentratu behar. Bertsoaren funtsa ez da lehiaketa hutsa. Aparteko naturaltasunez jokatu behar da Txapelketatik kanpo, eta lehia kutsurik gabe. Hala ere, urtero antolatzen bada, beharra sentitzen delako antolatzen da".
Urtero antolatzen da bai, Nafarroako Txapelketa eta urte batetik hurrengora hainbeste nabaritu ez arren, azken urteetan belaunaldi aldaketa handia igarri da. Donezteben Bittor Elizagoien izan zen bertsolaririk zaharrena (hala esaterik badago), eta txapeldunari 20 bat urteko aldea aterako zion. "Belaunaldi aldaketa emanda dago. Gu ez gara hain gazteak ere dagoeneko: 27 urte eta 11 txapelketa daramatzagu bizkarrean. Gu zaharrenetakoak gara eta Amets, Sustrai... dira belaunaldi berria. Euskal Herri mailan ere gauza bera gertatzen da", dio Arozenak. Berak, baina, erreleboa egotea positiboa den aldetik, gauza horiek naturaltasunez hartu behar liratekeela uste du: "Behin adin batera helduta, bizitzan beste arazo batzuk sortzen dira eta saioetara joateko moduan egon arren, Txapelketarako beste lasaitasun bat behar da. Finalera joan eta jakitea 17 urteko bat dela faboritoa eta zuk harekin kantatu beharra...".
Eneko Bidegainen aulkitik ere, nabaritzen da belaunaldi aldaketa. "Belaunaldi aldaketa badela egia da. Orain 20 urte gehiago dituztenak ere, gazterik hasi ziren, beraz, ez da oraingoa. Bertso eskolek bertsolari gazte asko ekoizten dute (hitz hori erabiltzea zilegi bada behinzat), eta horientzat lehen plaza eta ezagutarazteko bidea Txapelketa da. Horrek adierazten du hainbeste gazte egotea Txapelketan". Berak azaldu duenez, Amets Arzallus eta Sustrai Colina ere ez ziren aterako plazara Nafarroako Txapelketan sartu ez balira. Ildo horretan "Txapelketak bertsolariak promozionatzeko balio du", epaileak azaldu duenez. "Beharbada, bere bidea eginda daukan bertsolari batek behar hori gutxiago sentituko du".

Aurrera begira.

Aurrerantzean antzerako eskemak jarraituko ditu Nafarroako Txapelketak. Arozenak esandakoaren arabera, datorrenean ere Bertso Liga egingo dute. "Agian, aurten baino saio bat gehiago egingo dugu, baina sistema bera izanen da". Eta gainera, azken aldian lan asko egin da etorkizunera begira: materiala prestatu, bertso eskolak indartu... "Etorkizuna bermatzeko tresnak hor daude, baina badira mila faktore gure esku ez daudenak".
Bidegainen iritziz, Iparraldean osasuntsu dago bertsolaritza aurrera begira, eta ba omen dira urte biren buruan ateratzeko moduan egonen diren bertsolariak ere. "Hala ere bertsolariak ez dira nahikoa, bertsozaleak ere behar dira, eta ez dakit Iparraldea oso bertsozalea den. Bada bertsozale talde bat aspaldian bertsozale dena, baina ez dira asko. Gero eta hiztun gutxiago dago eta kulturara hurbiltzen direnak gutxi dira. Egin behar dugun lana bertsozaleak, saio antolatzaileak... aurkitzea da. Euskal Herriko Txapelketak eta Ligak sortu duten giroa baliatu behar dugu, baina lan egin behar dugu jendeari bertsolaritza helarazteko".
Edozelan ere, bertsozale kopurua behar bezainbat igotzen ez den arren, bertso eskolek lan handia egin dute Iparraldean azken hamar urteetan: "Eskolen lana, zinez funtsezkoa da. Bestela gaur egun ez litzateke bertsolaririk izango iparraldean 50 urtetik behera".
Txapelketa guztietatik gelditzen zaizkigu bertso batzuk buruan. Epaile izanik denak entzun behar izan ditu arretaz Bidegainek eta gogoan du Sarako kanporaketan Haritz Saragetaren bakarreko lana. "Umorez hartu zuen eta hori eskertzekoa da. Finalean ere bertso onak atera ziren: Estitxu Arozenaren bakarkako lana, ‘Aizak hi mutil mainontzi’ doinuan Xabier Legarreta eta Xabier Silveirak egin zutena ere polita izan zen eta Amets Arzallusen gartzelakoa ere bai. Bertso antologikoak deitzen diren horiek ez dira Anoetako finalean bakarrik izaten. Nik Nafarroako Txapelketan urtero entzun ditut gogoan atxiki ditudan bertso onak". Estitxu Arozenak ostera, beste bertso batzuk hartu zituen gogoan: "Silveiraren finaleko saioa oso ona izan zen. Orokorrean taldearen indarra egon da, baina bertso bikainik izan da eta nik uste Silveirak batzuk bota dituela. Xabier Legarretak finalerdian bakarreko gaia emanda baserritarraren paperean botatako bigarren bertsoa ere asko gustatu zitzaidan".
Eneko Bidegain Euskal Herriko Txapelketa hasi zenetik Nafarroakoa amaitu arte egon da astebururo puntuak ematen, eta ezin izan dugu Nafarroako Txapelketa puntuatu gabe solte utzi: "Ez nuke puntuaziorik emanen. Aski egin dut puntuatzerik. Nafarroako Txapelketa oro har, gorabehera guztien gainetik, txapelketa ona izan da"


Azkenak
2025-03-12 | Nicolas Goñi
Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu eta krisi instituzionala piztu du

Errumaniako presidentetzarako kandidatu ohia Călin Georgescu, aurten berriro iragan behar diren hauteskundeetara erregistratzera zihoalarik, Poliziak atxilotu zuen otsailaren 26an. Egozten dizkioten krimenetarik bat “ordenu konstituzionalaren aurkako ekimenen... [+]


Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ituntzeko plangintza bidezkoa eta legala eskatzen diogu

2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.

Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]


2025-03-12 | El Salto-Hordago
Lanaren Ekonomia
Fusilak, droneak eta interes ekonomikoak: heriotzaren negozioa

Trumpen garaipenak, Ukrainako gerraren birkokatze geopolitikoa eragiteaz gain, Europaren apustu belikoa agerian utzi du.


Egutegia zilarrezkoa ilargian

Chão de Lamas-eko zilarrezko objektu sorta 1913an topatu zuten Coimbran (Portugal). Objektu horien artean zeltiar jatorriko zilarrezko bi ilargi zeuden. Bi ilargiak apaingarri hutsak zirela uste izan dute orain arte. Baina, berriki, adituek ilargietan egin zituzten motibo... [+]


Boteretsuegia emakumea izateko

Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen... [+]


Ezustekoa Groenlandiako hauteskundeetan: liberal independentistek irabazi dituzte bozak

Agintean dauden alderdiek kolpe gogorra jasan dute emaitzetan: Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistak eta Siumut sozialdemokratak aurreko hauteskundeetan lortutako botoen erdia inguru galdu dute, oposizioko alderdien onurarako.


2025-03-12 | Mati Iturralde
Gudaren jauntxoak

1986. urtean Espainiako Estatuak NATOn jarraitzearen aurkako botoa eman zuen euskal gizarteak. Denborak ematen duen perspektibak oraindik ez du azaldu zeintzuk izan ziren gizartearen arrazoi sakonak gerra erakundean parte hartzeari uko egiteko.

Felipe Gonzálezen... [+]


Ikusezinak

Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]


Bolo-bolo

Bolo-bolo dabil energia berriztagarrien hedapenaren inguruko eztabaida. Sarri askotan, iritsi den proiektu zaparrada desordenatuak eragindako artegatasunak bultzatuta, albiste zein iritzi-artikulu mordoaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mahai inguruak, bideo emanaldiak eta abar... [+]


Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Lankidetzaren aldeko aldarria

Unibertsitateko ikasleen artean, maiz topatzen ditugu beste lurraldetakoak ere, bereziki gradu ondorengo ikasketetan. Topaketa horiek badira errealitate berriak ezagutzeko bide, baita besteak entzun eta besteez ikasteko parada ere. Garapenerako lankidetzari loturiko gaiak izan... [+]


Mickael Forrest: “Arbasoek ziotena errepikatzen ari gara: gu ez gara frantsesak”

Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena,... [+]


Kanaky Herria
2024: deskolonizaziorako aukera oro sinesgaitz bihurtu zuen urtea

Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla,... [+]


Autobiografia linguistikoak eskolan euskara hauspotzeko

Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]


Eguneraketa berriak daude