argia.eus
INPRIMATU
MORROI MODERNOA ETXEAN
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 28a
Aurten, 2.015. urtean zapaldu dut zorion marra, super emakumea izatearen klimaxa: bulegoan, exekutibo artean ukalondoka lortu dut nire postua, eta lankide inozoekin harramazkan pasa ostean eguna, babesa etxe adimendunak ematen dit. Duplexa da, igerileku eta lorategi faltarik ez duena. Relax-relax. «Morroi domotiko» eta guzti, jakina! Erantzungailu automatikoaren itxura du, modernoa oso. Etxeko aparailu guztiak berari konektatuak daude, eta aski du telefono dei bat, zuk agindutakoa betetzeko. Piztu labea! Aginduko diot 12:00etan, bulegoko telefonotik, eta bazkaltzera noanerako oilaskoa punttu punttuan erreta egongo da, meloi krema dariola. Meloi kremarena, internetetik iritsi zaidan errezeta bat da. Ahaztu baino lehen hozkailuari itsatsitako internet pantaila begiratuko dut, eta esango dit jogurtak sartu nituela orain bi aste eta azkar jateko txartu aurretik, edo arrautza dozena bat falta dela, eta azenarioak ere bai. Ondo da. Internetez supermerkatura bidaliko dut enkargua, eta arratsaldean, lanetik natorrenerako erosketa etxera ekarriko dit mandatariak. Zer besterik eska daiteke?


Eskatzen hasita...

Eska daiteke senarrak bakea ematea, eta bai jauna! Aspaldian ez dugu telebistako mandoagatik eztabaidatu. Salan «Rocky XVI» bideoa ikusten ari zarela? Bada ni logelako telebistara noa, «Titanic» klasikoa ikustera, eta ez gara zaunkan hasiko. Bideo aparailu berean 5 film sar ditzakegu, eta bakoitzak telebista batetik nahi duena aukeratuko du, eta kito! Semeak nahi badu sar dezala disko konpaktua salako musika kate luxuzkoan, baina La Pollako agureen azken heavykeria bere logelako bozgorailutik entzun beharko du, salan ixo, aitatxo «Rocky» ikusten ari da eta. Gainera birramonari lasaitasuna komeni zaio, gaixoa. Eskerrak etxean bizi den, eta ez ospitaleko horma zuri eta hotz artean. Tarteka bihotzekoak ematen dio (99 urterekin zer nahi du ba da?), baina kontrolpean ditugu ezusteko horiek ere: birramonak sensore bat darama, eta senoreak seinaleak bidaltzen dizkio ospitaleari. Bihotzekoak eman aurretik anbulantzia atean dugu. Gainera birramonak lepoan zintzilik darama alarmatxoa, eta larri denean botoia sakatu besterik ez du, «morroiak» alarma pizteko: etxe barruan berramona larri dela esango du ozen, eta lanean banaiz nire telefonora hots egingo dit, eta ospitalera ere bai.
Etxekosmosa telefonoaren haritik zintzilik dut, dena kontrolpean. Gu baino familia happyagorik ba ote?

Energia gestioa.

Postontzira gutun bat iritsi da. Argi Konpainiatik dator. Ai ama! Hilabete honetan zulo elektrikoa egin dugu patrikan! Konpainiarekin hilean hainbeste baino gehiago ez genuela gastatu nahi hitzartu, eta putetxe sarreran baino argi gehiago jarri dugu gurean!
-Lasai, andrea! Gaurtik guk egingo dugu negozioa Konpainiaren kontura: Eguzki plaka jarri behar da derrepente. Plakak jasotako izpi bakoitza urre kolorean salduko diogu Konpainiari, eta Konpainiak prezio merkeagoan itzuliko digu guri argi indarra. «Business is business», edo "ekologia", euskaraz esanda.
-Oso ondo, Gabilondo. Baina gainera entxufez entxufe kontrolatuko dugu gastua; entzun, Joxe Mari? Aparailu bakoitzaren erabilpena mugatu egingo dugu. Hasteko, Goenkale bukatu orduko akabo telebista, automatikoki itzali eta semea ohera, nahikoa aldrebestuta badabil-eta bestela ere: lehengoan igogailuan neska batekin lardaskan topatu nuen. Eta eskerrak «morroiak» abisu eman zidan igogailua trabatu egin zela, bestela pentsa, metro karratu baten barruan zer egingo zuten ilunpetan, ni azaldu ez banintz! Telebista ere libre utziz gero, gauetan film pornoak ikusten bukatuko du!
-Telebistarekin konforme. Gainera gauetan garbigailua eta berogailua pizteko programatu dezakegu, eta hartara gaueko tarifa kobratuko digute, merke asko. Baina horrez gain aparailu bakoitzari ere lehentasun bat jarri behar zaio, horrela denak batera piztu ezkero, argiak saltatu beharrean aparailu hutsalenak deskonektatuko ditu «morroiak».
-Garrantzitsuena sukaldea da, Joxe Mari. Labea eta bitrozeramika martxan dauden artean, musika eta aspiragailua itzali daitezke.
-Tira, etxe inguruko kamera guztiak ere deskonekta ditzakegu, hain larria bada krisia...

Erosotasuna.

Eztabaida harrez gero, gauero gauero ohe bazterrera bidaltzen ninduela jabetu nintzen. Jada hanketako hotzak kentzeko ere ez ninduen behar! Egia esan hotzik ez dugu sekula sentitu, eta gutxiago oinetan: lur zoru azpian, ur beroaren hodiak daude, berotasuna ematen diotenak lurrari, eta hanka hutsik ibiltzea ere atsegina da. Gainera etxea beti tenple onean dago, lantokitik itzultzen naizenerako. Berogailuaren unitate zentraletik programatzen dut gela bakoitzean zer tenperatura izan nahi dudan. Gauetan senarra da berotzen ez duen bakarra, kaka zaharra! Denetik probatu dut: logelako argiak apal-apal graduatzea, gainera ordu erdira bakarrik itzaltzea (lehen ordu erdi nahikoa zuen!), musika sentsuala ezker belarri pareko bozgorailutik barrena sartzea… giroa behintzat zirikatzailea bada, eta halere aspaldi da ez diegula auzoko begiluzeei ikuskizunik ematen, inor begira egoteak sortzen duen morboarekin! Tira, egia esan, leihoetako kristal hauekin ezinezkoa da auzotarrek gure barrukoak ikustea, intimitatea ispilu ilunekin blindatua dugu-eta.
Hara, Joxe Marik ohearen beste puntatik alde egin du komunera. Jakina, komuna izanik kamera ezkuturik gabeko toki bakarra, seguru zerako zera zeratzen ari dela. Harritzekoa! Eta ezer gertatu ez balitz bezala irteten da gainera kabroi hori, badaki-eta aireztatze sistemak hezetasuna ere xurgatu egiten duela! Komunean kamerarik balego, eskatuko nizkioke, bai, kontuak… Egon pixka batean! Horregatik eskatu zidan atariko kamerak itzaltzeko! Auzoko titifreskera horren etxera joango da!

Segurtasuna.

Errezeloak menderatu ninduen: senarra etxetik irten orduko ("tabako bila noa, maitea") segurtasun kamera guztien irudiak ikusten jarri nintzen, ordenagailutik. Etxe sarrerako bidexkan aurrera zioan, cowboy planta ederrean, hankartea zabal. Lorategiko arbustu artean ezkutatu zen gero, baina alferrik, igerileku ertzeko kamerak gertutik jarraitzen zion. Eta lorategiko atetik kalera irten zenean, horratx! Hesi arteko kamerak, bizilagunaren eskote aukeran estu xamarra enfokatu zuen. Nik bai jakin! Auzoko Nahinukeko Markesarekin dabil! Nahiago nuke ikusi ez banu. Gezurra: eskerrak kamerak errealitatea ikusarazi zidan, bestela andre engainatuki zoriontsu bat izango nintzen gaur. Amorruaren kortozirkuituak elektrokutatuta, senarra akabatzea erabaki nuen, «etxe istriputxo» batekin.
Alferrik saiatu ere. Sofan lo zela, gas hodiak puskatu nituen kolpeka. Baina inozoa ni, gasaren alarma itzaltzea ahaztu! Automatikoki itxi ziren gas sarrera guztiak. Etxeari su eman nion gero, baina su alarmak jo eta instantean suhiltzaileak genituen atean, mangerarekin txorrotadaka. Etxea blai utzi ziguten, uholde alarma aktibatzeraino, eta automatikoki itxi ziren etxeko ur sarrera guztiak.

Etxekoen eskua behar.

Joxe Marik sofan etzanda jarraitzen zuen, zapo-zapo, shockari eutsi ezinda. Gero «bere txarrera» itzuli zen, eta malenkonia absurdua sartu zitzaion. «Akordatzen zara, hasi berritan, larunbata arratsaldetan Maxi Eroskira joaten ginenaz? Karrotxoari bultzaka korrika biok, menbriloen pasiloan barrena... Igande goizetan lehenago jaikitzen nintzen, kafea eta ogi xigortua prestatzera. Atzo bertan bururatu zitzaidan zuri sorpresa ematea, baina zopako aurpegia jarri zitzaidan, gogoratzean honezkero ‘morroiak’ kafetera eta txigorgailua martxan jarriak izango zituela, eta bainera ur beroz betetzen ariko zela...». Halako eszenatxo bat antzezten zidan bakoitzean, zuri beltzeko telesugetzar baten protagonista sentitzen nintzen. Etxerik teknologikoenean egongo, eta ni errulo hauekin! Bere bakarrizketa errematatzeko, betiko esaldia bota zuen: "Zer ostia gertatu zaigu?". Zer gertatuko zitzaigun bada? Ezer ez, nire amorrua nola goxatu ez dakizula bakarrik! Larunbat ajetsuetan jada ez duzu lorategia ureztatu beharrik zure "atsoaren" muturra goxatzeko, eta goizetan kafea egitera jeikitzeko balentria horrek jada ez nau seduzitzen. Nire malaostiak ez du erremedio merkerik, ulertzen? Urtean behingo zure detaile horiek «morroiak» egiten dizkit egunero. Eta zu auzoan lardaskan zauden artean, nik etxean konplitzen badut nahiko lan: arropak patioan eskegi eta lisatu egin behar dira; labea lantokitik telefonoz pizten dut, bai, baina lehendabizi kaneloiak prestatu egin behar, eta etxea garbitzera ez dira bada auzoko kale garbitzaileak etorriko! Horri gehitu bulegoko lana, egunean ordu betez ama naizela eta ordu erdiz birramonari arreta jartzen diodala, eta atera kontuak nik zenbat denbora dudan auzora «tabako bila» joateko. Gutxi falta zait, baina oraindik ez naiz super emakumea!
Oraingoan bai. Oraingoan Joxe Mari jabetu zen gure etxe domotikoak ez zizkigula etxeko lanak kitatuko. Auzia azkar erabaki zuen. Jakituriaren ahotsa mintzatu zen: "Neskamea ekarriko dugu"

«Morroi Domotikoak» egin dezakeena
Etxe inteligenteen bihotzari edo «unitate zentralari», Fagor Enpresak «Maiordomo» izena eman dio. «Morroiak» erantzungailu automatiko baten itxura du, eta edozein tokitan entxufa daiteke. Bere bidez, etxeko tresnak martxan jarri ditzakegu etxetik kanpo garenean, edo guk agindutako ordutan funtzionatzeko programa daitezke: aski da telefonoz Maiordomoari deitzea, edo aginduak bere teklatutik ematea, zure esanak betetzeko. Maiordomoak etxeko aparailuak kontrola ditzan, ez da etxean beste kable sare bat instalatu behar; soilik, nahi dituzun aparailuak kable domotikoekin entxufatu behar dituzu betiko entxufeetan, eta kito.

Sare domotikoak funtzio ezberdinak bete ditzake: programatzea da bat. Lanetik ere Maiordomoari agindu diezaiokegu halako ordu bitartean berogailua jartzeko, labea pizteko, leihoak ixteko... edozer. Oporretara doazenek, dauden lekuan daudela lorategia ureztatzeko agindu dezakete, eta gauero ordu jakinean telebista eta argiak pizteko programatu ere bai, lapurrek etxean norbait badela pentsa dezaten.
Segurtasun funtzioa ere betetzen du domotikak: sentsoreen bidez, etxean inor sartu den detekta daiteke, eta Maiordomoak lantokira hots egingo dizu, abisu emateko. Gas edo ur isuririk badago, automatikoki mozten ditu gas edo ur sarrerak, eta telefonora hots egingo dizu. Suterik balego ere, zuri hots egingo dizu, eta hala nahi izanez gero baita suhiltzaileei ere. Etxean bizi diren gaixoek alarma bat izan dezakete eskura, eta larri daudenean botoi bati sakatu hutsean Maiordomoak zure telefonora hots egingo du.
Energia gestionatzea da beste abantaila bat: etxe tresnak gaueko tarifan funtzionarazi ditzakezu. Argia saltatzea ere saihestu dezake: tresna gehiegi aldi berean piztuta daudenean, maiordomoak automatikoki itzaltzen ditu batzuk, zuk jarritako lehentasunen arabera.
Etxetresna elektrikoen gestioan ere laguntzen du domotikak. Esaterako, izozkailuan tenperatura gehiegi hozten bada abisu emango dizu, baita garbigailuaren ur isurien berri ere.
Bideo sareari esker, zure bideo aparailutik etxeko telebista guztietara bidal ditzakezu filmak eta satelite bidezko kateak. Etxe barru eta kanpoko segurtasun kamera guztien irudiak telebista batetatik ikusi ditzakezu, eta laster baita laneko ordenagailutik ere.
Internetari konektatzeak ate berriak irekiko dizkio domotikari: hozkailuan zer produktu eta noiz sartu zenituen jakin ahal izango duzu, edo supermerkatuko erosketak internetez egin, edo laberako errezetak hartu. Egunean zenbateko energia gastu duzun abixatuko dizu Iberdrolak, aparailu bakoitzaren gastua kontrola dezazun. Garbigailua izorratzen denean, internetez zuzenean emango dio bere matxuraren berri asistentzia zerbitzuari