Gure irteera borobiltzeko Viana aldera jo dezakegu, Longar izeneko monumentu bitxia bisitatzeko asmoz.
Vianatik 9 kilometrotara, Alto de los Bojesen kokaturik, 20 minutu beharko ditugu haraino iristeko. Seinaleak jarraituz eta Araserako bidea hartuta, 4,150. kilometroan desbideratuko gara ezkerretara igotzen den pistatik. Mahats eta almendrondoen artetik, Valverdeko haran estu aldera jaitsiko gara eta 4 kilometro aitzinatu ondoren, Vianako ur hartze zaharreraino iritsiko gara. Gaztelera hutsez informatu nahi digun panoaren alboan kotxea utzirik, oinez ekingo diogu monumentu aldera igotzen den patarrari. Kilometro bat ibili ondoren hilobiraino iritsiko gara.
Gaur egun, 1994.ean egindako zaharberritzeari esker, bitxikeri arkeologikoa bilakatzen duten bere ezaugarri arkitektonikoak miretsi ditzakegu. Buztin hutsean zulatutako lurrazpiko ganbara luze bat da, lehorrean jarritako harriz eginda. Barnean sartzeko harlauzez osatutako sarbidea igaro ondoren, Artaxoako trikuharrien sarrera oroitarazten duen 50 zm. inguruko obalatu antzeko zulogunea duen harria zeharkatu behar da. Ganbara estaltzen duten bi harlauzek 7 tonako pisua dute guztira eta sabaiari begira ikus daitekeenez, biek elkar ahokatzen zuten ezin hobeki.
Ezaugarri hauek guztiek monumentu bitxia eta bakarra bilakatzen dute, ez soilik Euskal Herrian, Longarrekoa, Kantabriako erlaitz osoko hipogeo bakarra baita