IKAS-BIKO 16. FESTAK ESKOLA LAIKO EUSKALDUNA XEDE


2021eko uztailaren 19an
Ikas-Bi Ipar Euskal Herri osoan ari den elkartea izanagatik, bere zabalkundea hiru «eskualdetan» bereizi daiteke. Lehen eskualdea, Urdazubi ibaiaren ingurumarietan koka daiteke. Elkartea Sara herrian sortu zen 1983an eta Donibane Lohizune, Ziburu, Azkaine, Urruña eta Hendaia herrietan zabaldu da gehienbat gaur egun arte. Bertan bizi da ikasle kopuru handiena, baita -herri handiak izan arren- euskaldunena ere. Bigarren eskualdea, Iparraldeko «barnealdea» deitua da: Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eremu zabal horretan, Ikas-Bik zabalkunde zaila izan zuen hastapenean. Bertako gurasoek ez zuten beren seme-alabak eskola elebidunetan aritzerik nahi, ez baitzuten ulertzen, konparazione, matematikak euskaraz eman zitezkeenik. Kostata baina, emeki-emeki, gela elebidunak zabalduz joan ziren. Azken bost urteotan, berriz, «aurreiritzi» hura nolabait gainditu da eta poliki garatu da irakaskuntza elebiduna. Familiako euskararen transmisioa galtzen zela oharturik, kontzientziatze gisako bat eman bide da bertako herritarren artean. Donibane Garazi eta Bidarraiko eskolak, kasu, elebidunak dira. Hirugarren «eskualdea», garrantzi handikoa, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) hiri barrutia da. Bertako populazioa arrunt hirikoa da, hiritarrek herritar kontzientzia galdua dute, eta -batzuren iritziz- eskola publikoetako irakasleek -zuzendariek bereziki- elebitasunaren garapena lagundu baino oztopatu egiten dute.


HIRU SAREEN ARTEKO ELKARLANA. Ikas-Bi sortu zenean, Seaskari lehia egiteko sortua zela zabaldu zen gizartean; Seaskaren tokia hartzeko, hots. Mixel Estebanek, Ikas-Bi Gurasoen elkartearen lehendakariak, argitu digu alderdi hau:«Gaur egun, begi bistan dago hori ez dela horrela. Hiru sareak garatzen diren eskualdeetan eskola osagarriak direla ageri da. Seaska ikastola, Euskal Haziak -eskola katolikoak- eta eskola publikoetako euskarazko irakaskuntza goiti ari da».
Ikas-Biko ordezkari honen ustez, azken urteotan azpimarratzeko fenomeno sozial gisako bat garatu da lehen «eskualdean»: eskolatik kanpo garatzen diren kirol, musika edota antzerki aktibitatetan elkarrekin eta euskaraz aritu ohi dira hiru eskoletako ikasleak. Hendaia eta Donibane Lohizune herrietan, kasu, ikasle aktiboen herenak euskaraz ikasten baitu. Egoera soziala aldatuz joan da eskualde honetan, eta, inoiz baino indar gehiagoz, egungo euskararen iraupenak hiru sareen arteko elkarlana eskatzen du.
Sare bakoitzak bere pedagogia eta nortasuna atxikitzen ditu, lehiarik ez dago eta garai batean elkarri zioten mesfidantza gainditu dute, antza. Alabaina, eskolen arteko harremanak gehiago sakondu behar direla aitortzen dute hiru eskoletako ordezkariek. BAM distrituan, halabeharrez eta ezinbestean, harremanak landuagoak dira nolabait. Garapen Kontseiluarekin harreman sendoa lortu dute eta horren ondorioz burutu zen irakaskuntzari buruzko inkesta BAMen. Inkestaren datuen arabera, haur ttipiak dituzten familien %56k euskarazko irakaskuntza eskatzen du.
Ikas-Bi elkarteko kideen esanetan, oso datu baikorra da hau, alabaina, Seaska, Euskal Haziak eta Ikas-Bi elkarteen arteko elkarlana inoiz baino sendotasun gehiagoz finkatu beharra ikusten dute. Jakinik ere, elkarte honetako sektore batek -Josiane Libier buru duena- ez duela elkarlan hori begi onez ikusten. Baiki, Seaskak garatzen duen irakaskuntza ez du gogoko sektore horrek.
Ikas-Bi elkartearen zuzendaritzak eta Ikas-Bi Gurasoak ordezkatzen dutenek berebizikotzat jotzen dituzte hala Iparraldeko beste elkarteekiko harremanak nola Hegoaldeko eskola publikoekikoak. Halaber, eskola elebidunetan murgiltze-programa bultzatu nahi dute eta laikotasun eta euskalduntasuna uztartu. Haatik, asmo eta desio hauek gauzatzea bidegabekotzat jotzen duen ildo bat agertu da elkartean:«Edonola ere, guk eskola gizartearen sektore guztiekin egin nahi dugu, joera guztietako jendearekin moldatu behar dugu, pentsamolde guztiak kontuan hartu behar dira. Ikas-Bik abertzaleak, frantses ezkerrekoak, eskuinekoak, zentristak nahiz edozein ideologiakoak kontuan hartu behar ditu. Laikotasuna eta euskarazko irakaskuntza doakoa lortzea da gure xedea», adierazi digu Ikas Bi Gurasoen elkarteko lehendakariak.
Ikas-Biko arduradunentzat, gogorrena eta tamalgarriena, afera hau komunikabideetara eta auzitegira eramateko moldea izan da. Finean, beren ustez, eskola publikoan garatzen ari den euskarazko irakaskuntzaren kalterako izan da. Haurrak hezitzeko adinean dauden gurasoak holako tirabirak sumatzen dituztenean euskararen mundutik aldentzen baitira.

3.350 IKASLE ETA 80 IRAKASLE inguru.

Irakaskuntzan diharduen %25ak euskaraz ikasten du Iparraldean, hauetako erdiak eskola publikoan ikasten duelarik: 3.000 Ama Eskola eta Lehen Mailan, eta 350 ikasle inguru Bigarren Mailan. Konparazione, Hendaiako Irandatz ikastetxean 100 ikasle ari dira, Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxean -euskaraz ikasten den Kolegioa eta Lizeo bakarrak, uneon- berriz, 150 ikasle.
Duela bost urte 50 irakasle ziren eta egun 80 irakasle dira. Datorren urtean zazpi lanpostu berri -14 irakasle- izanen dira. Lau gela berri-berriak zabalduko dituzte Ortzaitze, Heleta, Ainhoa eta Hendaian. Azken herri honetan, bost eskola publikoetatik lauetan euskaraz erakusten da, ikasleen %50 gela elebidunetan ari da, eta bost urteren buruan %80 euskaraz ikastea igurikatzen dute.
Nolanahi den ere, Iparraldeko eskola publikoetan Hegoaldeko B eredua lantzen da mementoz. Ama Eskolan ez da murgiltze-programa lantzen orainokoan. Ikasgaien erdia frantsesez lantzen da eta beste erdia euskaraz. Alta, bada, gero eta guraso gehiago daude beren haurrak euskara hutsezko irakaskuntzan murgiltzearen alde. Lehen Mailan, berriz, zientzia ikasgaiak euskaraz irakasten dituzte eta gainontzekoak frantsesez. Kolegioan ez da B eredua lantzen, denboraren herena euskaraz egiten dute, aurrerantzean B eredua indartu nahi dute, ordea. Oraingoz, euskara gaiaz gain, historia eta geografia lantzen dute euskaraz. Hurrengo urteetan, matematika edo zientziari buruzko gairen bat landuko dutelakoan daude.
Eskoletatik landa, Nafarroa Behereko Azkarate herriko zentroa da Ikas-Bi elkartearen ekimen garrantzitsuetako bat. Bertan, eskola publikoan ari diren ikasleek kanpoko ekimenak edo klase berdeak deritzanak burutzen dituzte. Aste batez, hiritik kanpo aritzen dira murgiltze-programan. Ikasleak eta irakasleak elkarrekin joaten dira beren klaseak burutzera; oporraldiko aktibitateak bestalde. Argitaletxe baten lana egiten du ere Ikas-Bik. Euskarazko liburuak urri izanik, azken hamabi urteetan matematika, zientzia, geografia eta historiazko hainbat bilduma argitara eman dute. Halaber, «Nanai» aldizkaria egiten dute haurrak euskaraz irakurtzen treba daitezen



«Irakaskuntzak estatutu publiko bat behar du, elkarteek bestela ez dute aterabiderik»
Otsaileko Biltzar Nagusiaren ondoren, Ikas-Bi Gurasoen elkarteko zenbait kidek -Josiane Libier lehendakari ohia barne- ez zuten onartu zuzendaritza berria. Nola baloratzen duzu Ikas-Bik bizi duen egoera?

Gure elkartearen egoera garapen krisi bat bezala ulertu behar da, eskoletako haur elebidunen kopurua handitzearen ondorioz heldu den krisia. Gurasoen kopurua handitu da, jende eta eskaera berriak daude eta jende honek ez du aise bereganatu elkartearen funtzionamendua.

Ikas-Bi elkartearen barnean Ikas-Bi Gurasoak dago. Azaldu iezaguzu honen arrazoia.
Ikas-Bin gurasoak, irakasleak eta laguntzaileak biltzen dira. Hezkunde Nazionalarekiko harremanak hasi zirenean elkarteak ezin zituen berauek burutu irakasleak barnean zituela. Orduan, halabeharrez, Ikas-Bi Gurasoak sortu zen. Josiane Libier izan da iragan urteetan elkarte filial honen lehendakaria.

Josiane Libierrek eta bere ingurukoek ez dute onartu azken Biltzar Nagusia. Zergatik?
Josiane Libierrek eta beste hamar gurasok ez dituzte onartu elkartearen azkeneko diru kontuak. Baina, funtsean, ez dute onartzen Hegoaldeko erakundeekin harremanak izatea. Udalbiltzak ekarritako diru laguntzek sortu dituzte tirabirak. Guraso hauek ez dira euskaltzaleak, haurrak jartzen dituzte eskolan, baina euskara Bidasoako mugara mugatzen dute. Beren kontzeptua frantsesa da. Gauza guztiz errespetagarria zernahi gisaz.

Biltzar Nagusia ez onartzeaz gain, arazoa auzitegietara eraman dute eta afera molde gogor batez planteatu dute.
Hori da Ikas-Bi elkartearen zuzendaritza gehien harritu eta mindu duena, baita afera hedabideetara hain gordinki eraman izana. Guk gure elkartearen barne demokrazia errespetatu dugu beti, gehiengoa gara; biltzar nagusian berrogeita hamar kide izan ginen. Josiane Libier taldeko bi kide baino ez ziren izan, begirale gisa gainera. Ikas-Bik beste elkarteek bezala funtzionatzen du, zuzendaritza konfiantzaz aritu da, demokratikoki betiere. Elkartea kontu gehiagoz eraman beharraz ohartu gara orain.

Garapen krisia aipatu duzu. Hala ere, elkarteen eta estatuaren arteko harremanak zailak dira euskararen eremuan.
Jakina. Arazoa funtsean dirua da. Elkarteak handituz doaz eta euskaraz bizi nahi duten elkarteek sosa behar dute egitura profesional bat ukaiteko. Frantziako Estatuan euskara ez da ofiziala eta euskarazko irakaskuntza ahula da oso. Diru laguntzak purruxkak besterik ez dira. Irakaskuntzak eta euskarak oro har, estatutu publiko bat behar dute, elkarteek bestela ez dute aterabiderik. Errua, funtsean, ez da aurka dauden gurasoena, gure hezkuntzarako politika ez izana baizik. Hizkuntza gutxituentzako politika bat arautzen ez den bitartean etorkizuna zaila da Iparraldean. Gero eta kalapita gehiago izanen dira elkarteetan

Donibane Lohizuneko Ducontenia parkean
Eskola publiko elebidunek apirilaren 28an, igandez, egingo dute beren urteko festa, Donibane Lohizuneko Ducontenia parkean beste behin ere. Goizeko 11 orenetan hasita, arrastiriko 19:00ak arte iraunen du ekitaldiak. Festa egun honetan, Iparraldeko eskolek hala nola Hegoaldeko eskola publikoek parte hartzen dute. Hots, Arabako -Denon erantzuna-, Bizkaiko -Bige-, Gipuzkoako -Baikara- eta Nafarroako -Sortzen- ikastetxe publikoetako elkarteen gurasoek ere parte hartzen dute Ikas-Bik antolaturiko urteroko festa honetan.

Hegoaldeko lau eskualde historikoetako ikastetxeek eta Ipar Euskal Herriko hiru lurraldetan ari den Ikas-Bi elkarteak, eskola publikoen konfederakuntza osatzen dute. Urtean zehar eskualdeka antolatzen dira tokian tokiko beren festak, eta elkarte bakoitzak bere laguntza eta partehartzea ekarri ohi du. Izan ere, aipaturiko eskola bakoitzeko haurrek parte hartuko dute goizaldeko ekitaldian. Aurten, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek prestaturiko agerraldi berezia 11:30etan hasiko da. Bazkariaren ondoren, Ipar eta Hegoaldeko ikastetxeetako ikasleek kantu, dantza, bertso agerraldiak eta ikuskariak burutuko dituzte elkarrekin. Egunean zehar, haurren tailerrak, jolas txokoak, euskaraokeak, hala nola Mutxikoak -plazako dantzak- burutzeko aukera izanen da, baita pailazoen animazio ekitaldiez gozatzeko aukera ere.

Ikas-Biren festa Donibane Lohizuneko Ducontenia parkean burutu ohi da, aurtengoa 16. ekitaldia izaki. Azken urteotan, Hendaian -duela bost urte- eta Maulen -iaz- burutu dira ere bai. Eskolek ahaleginak egin dituzte ospakizuna parke honetatik ateratzeko, baina jende gutxiago bildu ohi da. Herri Urrats Senperen den bezala, eskola publikoen festak Ducontenia du toki


Azkenak
“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak |
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
[Hala bideo] Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Save the children, saldu bonbak

Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren... [+]


2025-02-10 | Amanda Verrone
Euskal Herriko lurra deskolonizatu:
Euskara agroekologikoa da

Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]


2025-02-10 | Irati Diez Virto
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan

Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren baldintza glaziarrekin batera. Baina dinosauroen desagerpenaren garaian ugaztun... [+]


2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Migranondoa, beste bat etxerako

Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta “punicum malum” izenaren laburdura da, eta punicum horrek Poenus edo Phoinikes du... [+]


2025-02-10 | Garazi Zabaleta
Herrizoma
Gasteizko elikadura sarea eraldaketarako tresna

Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena kasu, baina elikadura ardatz hartuta ez zegoen... [+]


ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Eguneraketa berriak daude