argia.eus
INPRIMATU
DAMUAREN BERMUTA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Izen alemaniarreko bermuta gero eta maizago ikusten dut ene ingurukoen edalontzi eta potoetan. Gozo punttudun edari mikatza edo mikatz punttudun edari gozoa, inoiz ez gara bat etorriko. Gozoa ez dakigu, mikaztasuna ordea, asentxio-bedarra, erle-bedarra edo xixari-bedarrak eransten diola, bai.

Artemisia absinthium dugu bedar hau. Garai bateko grekoek xahutasunaren edo kastitatearen jainkosatzat zuten Artemisen ohorezko izena du eta garai biblikoetan kalamitatea, zorigaitza eta damuaren ikurra zen. Egipton duela lau mila urte baino gehiago sendagai gisa erabiltzen omen zen. Bedar honek beste osagai askoren artean tuyonak, alkohol tuyolikoa eta absintiina mikatzetan mikatza ditu. Bera lehengai, alkohola latz zuen absenta, edari mitikoa, prestatu izan ohi da. Edari hau izan omen zen azken bi mendeetako poeta hoberenak ondu zituena. Gero epilepsia tankerako nobedadeak eta garunaren ahalmenetan eragin larriak zituela eta toki askotan galarazia izan zen. Poetak, beno bertsogile eta poeta onak alferrik nonbait... Ordezko alua, baina, zorigaitza eta damuaren bermuta hartu behar ba ordainetan