argia.eus
INPRIMATU
PAULOWNIA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 19a
Urteroko kontua da. «Hi, zein dek sasoi honetan soineko lila janzten duen errio bazterreko zuhaitz hori?» Urtero baten batek ikusten du Paulownia tomentosa zuhaitza bereziaren loratze espektakulua. Ikusi eta harritu, ez baikaude ohituta. Gure zuhaitz eta arbolen loreak zuriaren bueltakoak dira.

Paulownia eskrofulariazeoen familiakoa da. Belar antzeko landarez, kukupraka adibidez, osatua den familia honetan Txina galantan jatorria duen hamar bat espeziedun zuhaitz genero hau ere kabitzen da.
Hogei metro arteraino hazi daitekeen zuhaitz hau 1838an landatu zen lehen aldiz Europan, Ingalaterran. Inoiz ez da larregi zabaldu, baina lorategi batzuetan ikusten da. Izen berezi hori Anna Paulowna (1795-1865) printzesa, Errusiako Paul I. tsarraren arrebari zor dio. Japonian arotzek kuttuna dute kiri izeneko bere zura, musika tresnak egiteko batik bat. Hemen ez dugu ezagutu ere egiten, baina dauden bakanak oraintxe daude ikusteko moduan, hostorik zabaldu gabe baina ubel-argi urdinskaz dotore jantzita