Nafarroako ezker abertzalean aritu diren beste asko bezala, ezkerreko alderdi ez abertzaleetan aritutakoa da Gulina del Pueyo HBn hasi aurretik. Iruindar honek 48 urte dauzka eta unibertsitateko garaian Larga Marcha hacia la Revolución Socialista alderdi txikian aritu zen. Gero talde honek eta beste askok Partido del Trabajo sortu zuten. 1979an HB sortu zenean, hor ekin zion Gulina del Pueyok. Aralar alderdiko bultzagile eta sortzailetakoa izan da eta gaur egun bere zuzendaritzako kide da. Lan aholkularitza bulego batean dihardu lanean. Behin eta berriro azpimarratzen du nahiago lukeela Aralar desagertzea, horrek esan nahiko lukeelako ezker abertzaleko joera desberdinek berriz bat egiteko modua topatua luketela.
ETAk oso kritika gogorra egin dizue apirilaren hasierako komunikatu horretan, bereziki Aralar eta ABri. Zer esan nahi du horrek zure ustez?
Gatazkaren gogortze alderako joera erakusten du, errealitatean ere bere jardunarekin erakusten duen bezala. Aipagarria da erakundearen aldetik lehenbiziz hartzen gaituztela ezker abertzalekotzat, hori bai, traidore adjektiboa jarriz; ezker abertzaleko beste sektore ofizialagoetatik ere ematen ari da onarpen hori. Dena den, ez da ezker abertzale disidente horri bidalitako mezua bakarrik; azken boladan Batasunako zenbait sektoretan ilusio maila handia sortzen ari zen balizko su-eten egoera berri baten inguruan -ekaineko dataz ere hitz egiten zen- eta komunikatu horrek argi erakusten du ez dagoela horrelako inongo asmorik, gutxienez orain. Beraz, sektore horiei zuzendutakoa ere bada.
Mehatxu kutsurik ikusi al diozue?
Ez da halakorik aipatzen era zehatzean, baina traidore hitza erakunde armatu baten aldetik datorrenean halako esanahi koalitatibo bat hartzen du.
Ezustekorik hartu al duzue komunikatuarekin?
Bakoitzak bere proiektuan sinesten du eta modu tinkoan defendatzen du berea. Orain arte ere izan dira une gogorrak, baina aurrera begira, adostasunerako uneak izango diren bezala, desadostasun une oso gogorrak izango direlakoan nago. Aralarren barruan batzuek ezustekoa hartuko zuten eta beste batzuek ez. Kontuz ibiltzeko gaia da, dena den, eta nire ustez ezker abertzalearen baitan konpondu beharko da, kanpo mailan oso manipulagarria da eta.
Nolakoak dira gaur egun Batasunarekin dituzuen harremanak?
Hiru bilera izan ditugu. Harremanaren hasierako giroa gogorra izan zen, prentsan adierazitakoa baino gogorragoa esango nuke. Erasotik aintzat ez hartzearen fase batera pasatu gara gero, eta orain beste hirugarren fase baten hasieran gaudela uste dut, non bakoitzak bestea onartu beharko duen eta ditugun berdintasun eta desberdintasunei heldu. Batasunaren normalizazio proposamenak, esate batera, Bateginezekiko aldaketa koalitatiboa dakar eta guk egindako proposamenarekiko hurbiltasun garrantzitsua du zenbait puntutan. Guk, dena den, azken bileran berriz adierazi genien lehentasunezko harremana nahi genuela beraiekin, ezker abertzaleko beste erakunde batzuekin nahi dugun bezala.
Aberri Eguna zela eta, bost alderdi manifestu baten inguruan bildu zineten. Zer ekarri dezake ekimen horrek aurrera begira?
Bost alderdi horien ekimenak Lizarra-Garaziko Akordioarekin hasitakoarekin jarraitzearen desioa islatzen du nagusiki, eta gure ustez desio hori nagusia da ezker abertzalean eta euskal gizarte osoan. Epe ertainera gauzatu beharreko zerbaiten dinamika bat da hori, eta lehenago edo geroago, Batasuna ere hor egotea saihestezina da.
Dinamikak aurrera darrai eta agian beste talderen bat ere gehituko zaizuela aipatu izan da.
Bai, baina ez dagokit niri esatea agiriaren dinamikara gehituko den ala ez, hori beraiek esan beharko dute, hala bada. Edozein eratan, honek zerbaiten pizgarri izan nahi du eta gatazkaren konponbidearen bideak, zerbait askoz zabalagoa eskatuko du, baita Lizarra-Garazi gaindituko lukeen zerbait ere, hark porrot egin bazuen partehartzaile guztiek zerbait gaizki egun genuelako izan zen eta.
EAJri eskaini al zitzaion hor egoteko aukera?
Ez dakit zehatz mehatz. Agiria oso une zehatzeko fruitua da, eta EAJk gaur egun, arrazoi desberdinengatik -batzuk ezagunak eta beste batzuk ez hain ezagunak- indar espainolisteranzko joera hartu du. Edozein eratan, ez dut uste zerbaiten hasiera izan nahi duen hastapen horietan egotea garrantzitsuena denik. Garrantzitsuena da ea hori ote den bidea eta bide hori nola egituratu behar den.
Zer eratako zementua behar da ezker abertzalea batzeko?
Ez dakit, hobe halako formularik banu. Badago idazle italiar baten esaldi bat, eta nire ustez oso esanguratsua da bizi izan dugun egoerarako: denak berdin jarraitzea nahi badugu, dena aldatu behar da. Une hori Batasuna prozesuaren garaian etorri zen, eta horrek ezker abertzalean beharrezkoa zen eztabaidan sakontzea ekarri du. Lotuko gaituen zementu hori zenbait gauza izan daitezke, nagusiki eztabaida eta besteari zilegitasuna aitortzea. Ezker abertzalean, pixkanaka alboratzen ari da ‘ezker abertzalea ni naiz’ diskurtso hori. Patxi Zabaletarekin bat nator esaten duenean ezker abertzalearen espazioa bakarra dela, eta talde eta indar desberdinak egituratu eta koordinatzeko gai garen neurrian, epe ertainera logikoena litzateke ezker abertzalea bat izatea.
Arazo horien artean, Batasunaren ilegalizazioaren hipotesi oso sinesgarria dago. Zer egin beharko luke euskal gizarteak hori gauzatuko balitz?
Puf! Hori ere ez da erronka makala izango, diozun bezala oso posiblea baita. Denok eman beharko diogu erantzun sendoa, eta egoera horretara iritsi aurretik ere Aralarretik erantzuten ari gara, hori bai, gure indarrak zeintzuk diren oso kontuan izanik. Oso egoera zaila eta gogorra ekar dezake, eta gure ustez tesi gogorrenak indartuko ditu eta borroka armatuaren indartzearen irtenbidean sinesten dutenen bidea indartuko du, PP eta errepresioaren bidea indartuko duen bezala.
Floren Aoizek ‘Gara’n idatzitako zutabe batean zioenez, lehen aipatutako manifestuaren egileek Madrilek berak baino lehenago ilegalizatu dute Batasuna.
Floren Aoizek ohituak gauzka antzerako baieztapenetara. Denok egin ditzakegu halako adierazpenak, eta jaio ginenetik gehiago erantzun zaigu erasoekin analisi politikoarekin baino. Halakoen aurrean beti dago maila berean jartzeko tentaldia, baina ez dut uste hori denik ezker abertzaleari komeni zaionik. Zorionez, halako jarrerak gero eta urriagoak dira, garai batean entzun izan dugu baita ere Cesid zegoela gure atzean, EAJk ordaindutakoak ginela eta halako beste asko. Denborak jarriko gaitu bakoitza bere tokian.
Aralarren zentratuko gara gehiago. Zein da bere osasuna?
Aralar etorkizun handiko umea da. Ez gaude aparatu eta sigla batzuei lotuta, eta honek proiektuan sinesteko aukera ematen digu. Beharbada alderdikideek larrutuko naute halakoak esateagatik, baina Aralar sortu genuen guztiok sinatuko genukeen hurrengo egunean bertan bere desagertzea, horretarako gure ustez egokiak liratekeen baldintzak balira. Guretzat egokiena litzateke ez aurkeztea gu bakarrik 2003ko hauteskundeetara, ezker abertzaleko bilgune oso zabal batean aurkeztea baizik. Gure proiektua gu gaur garena baino askoz garrantzitsuagoa da.
Esatea egitea baino errazagoa da?
Askoz errazagoa. Dena den, zein zentzutan galdetzen duzu hori?
HBn gauza asko kritikatzen zenituztelako. Gauzatzen ari zarete orain orduko kritikak?
Batzuek esaten digute erraza dugula kritika haietan esaten genuena gauzatzea, nagusiki gutxi garelako. Erronka horietako asko hor dauzkagu oraindik eta hemendik hilabete batzuetara egiten ari garen guztiari nota jartzeko gisan egongo gara. Guk ere baditugu gure kontraesanak, besterik esatea gure buruari iruzur egitea litzateke.
Aralar oraindik nafarren kontua al da?
Nafarrok lokartu egin gara; beste herrialde batzuetan jadanik aurreratu zaizkigu eta Nafarroan autokritika egin dugu horregatik. Hasieratik egon da Bizkaiko jende asko, orain gipuzkoarrak ere harrapatzera datozkigu, eta Araban oraindik mugimendu gutxiago dago.
Aralarrek beti esan izan du bere tesiak nagusi direla ezker abertzalean. Oraindik gazteak zarete, lehen esan duzun bezala, baina jendea erakartzea kostatzen zaizuela dirudi.
Nik uste dut azkenean Aralar eta Batasunaren artean dagoen alderdi nagusiago bat sortzen ari garela, eta hori da biei begira ari den ezker abertzaleko multzo zabal bat. Batasunaren lerro ofiziala izan denarekiko oso deskontentu maila handia dago baina, jakitun gara, horrek oraindik ez du jendea Aralarrera ekarri. Azkenean, bakoitzak benetan sinesten duena egin behar du, garrantzitsuagoa da Batasuna edo Aralar hautatzea, albo batean geratzea baino. Hori da nik hirugarren ‘alderdi’ horretan dauzkadan ezagunei esaten diedana. Edozein modutan, Aralar bere inguruan ari da biltzen EHren inguruan ilusioz aritu eta Batasuna prozesuan galdutako ilusio hori gurean berreskuratzen ari den jende asko. Guztiok dakigu Aralarrek duen garrantzi sozialaz, eta horregatik sortzen da halako tentsioa; beste gauza bat da hori gero nola gauzatzen den Aralarren inguruan.
Noizko egin nahi duzue kongresua?
Ponentzia batzuk egin dira eta orain irakurketa eta emendakinen fasean gaude. Orain lortzen den erantzuna eta eztabaida mailaren arabera, ekainean lehenbiziko fase bat amaitu nahi da; uda ondorengo beste fase batean, lehengoan eztabaidaren bat itxi gabe geratu bada itxi, eta gero egitura berria, karguak, bozeramaileak eta halakoei heldu.
Gaur egun nola zaudete egituratuta?
Hamabi-hamairu kidez osatutako batzorde iraunkor bat dugu eta honek hartutako erabakiak hasieran ia hilerokoak ziren eta gaur egun gutxi gorabehera bihilerokoak diren asanbladetan onartzen dira. Gaur egun egiten duguna oraindik gehiago dago oinarritua borondatean egitura zehatzetan baino