BBVAk hamahiru urtez eduki du aitortu gabeko kontu bat Jersey uharteetako paradisu fiskalean. Antza denez, akzio propioen sorta garrantzitsu bat jarri zuen hasieran, eta gero Argentariaren batzuk gehitu zituen. Zenbaiten iritziz, bankuaren kapitalaren %2,5 inguru da kopuru guztizkoa. Diotenez, tituluek eta beren interesek 225 milioi euro eman dituzte ekitaldiaren buruan. Arduradunez aparte, inork ez daki gauza garbirik, baina kantitatea askoz handiagoa izan daitekeen ustea dabil. Dirudienez, 1987an, garai hartan Banco de Vizcaya erakundea zenak ireki zuen kontua, akzio propioak eskuratzeko eta gerta zekiokeen kontrako operazio bati aurre egiteko, eta gerora Argentariaren akzioak ere erdietsi zituen. Operazio horiek, bestalde, Espainiako Bankuari eta Balio Merkatuen Batzorde Nazionalari jakinarazi gabe egin ziren, nonbait.
Hiru urte igaro eta gero, 2000an, hain zuzen, eman zion BBVAk Espainiako Bankuari arauz kanpoko egoeraren berri. Eta, baieztatzen ari direnaren arabera, jakinarazi ez ezik, araupetu ere egin dute legez kanpoko egoera. Bankuko zuzendaritzak adierazi duenez, kontu sekretuak ez dio kalterik egin "erakundearen ondareari", eta kontua ez dute baliatu "legez kanpoko jardueretarako". Istilu horren harira, IU eta EAJ alderdiak Espainiako Gobernuari galdera bana aurkeztekotan dira, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Izan ere, ez du zentzuzkoa ematen, hala Espainiako Bankuak, nola Espainiako Gobernuak, orain arte ezer jakin ez izanak.
ARGIA URTARRILAZ GEROZTIK ARI DA IKERTZEN.
Espainiako Bankuak BBVAren kontrako espediente administratibo bati eman dio hasiera: arau-hauste larria egotzi dio bankuari, 13 urtez Erresuma Batuko Jerseyko paradisu fiskalean kontu ezkutua edukitzeagatik. Harritzekoa eta adierazgarria bada ere, erabaki hori legez kanpoko jardueren berri izan eta 15 hilabetera hartu du, eta, hain zuzen ere, prentsa (ARGIA, adibidez) urtarrilaz geroztik ikertzen hasia zela ondo jabetutakoan, zeren, dirudienez, BBVA erakundean bertan ere oso lagun gutxik ezagutzen zuten "sekretu handia"; gaur egungo administrazio kontseiluko kargudun gehienek ere deus ez zekiten, nonbait. Urtarrilaren bigarren hamabostaldirako, ARGIAkook eskuetan genuen Jersey uharteetako kontu ezkutu horren gaineko hainbat informazio. Hortaz, otsailaren 5ean, elkarrizketa bana eskatu genien ofizialki urtarrila arte BBVAko arduradun nagusi izandako Emilio Ybarra lehendakari eta Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkari dimititu berriei.
ARGIAn genuen informazioaren arabera, Pedro Toledo zenak, Banco de Vizcaya erakundeko lehendakaria izandakoak, eta Emilio Ybarrak, BBVAko lehendakari ohiak, hartu zuten parte, beste kontseilariren bat ere tarteko zutela, paradisu fiskaleko operazioan. Gure informazioetan, Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkaria ez zen ageri erantzule garbi moduan, baina nola Emilio Ybarra eta biak atera baitziren bat-batean eta nola biek aurkeztu baitzuten abenduan dimisio uko ezin eginezkoa, zerikusia bazuela ondorioztatzen zen.
Jakina denez, ia aldi berean utzi zituen karguak dimisioz Angel Corcóstegui jaunak, Banco Santander Central Hispanoko (SCHko) lehendakariorde eta kontseilari ordezkari zenak. Izan ote zuen zerikusirik paradisu fiskaleko BBVAren kontu horren egoerak Corcósteguiren dimisioan? Litekeena da, zeren Pedro Toledoren lankide izan zen Banco de Vizcayan, eta, diotenez, Corcósteguik berak ireki zuen Jerseyko kontua.
Azken bi hilabeteetan, ARGIA aldizkariak behin eta berriz eskatu die elkarrizketa Ybarra eta Uriarte jaunei, informazioa kontrastatzeko. Luzamendutan ibili dira, ordea, eta azkenean ez dute baiezkorik esan. Horrela izanik, eta azken egun hauetan zer argitaratu den ikusita, uste dugu zilegi zaigula orain arte dakiguna azaltzea. Ohartzen gara, esan beharrik ere ez dago, hari luzeko kasua dela eta matazaren muturra bakarrik agertu zaigula oraindik; alabaina, gure informazioan huts, oker edo gezurren bat gertatuta ere, ez dugu uste errudun gu izan gaitezkeenik, ahaleginak eta bi egin baititugu informazioak bete-betean hartzen dituen Ybarra eta Uriarte jaunekin hitz egiteko. Hortaz, gure informazioa argitu, zehaztu edo baztertu ordez elkarrizketa atzeratzen jardun duten horiexek izango dira erantzule bakar. Esan dezagun, gainera, otsailaren hasierako egunetan, guk azaldutakoaz gainera jabetu zirela BBVAko arduradunak zetorkienaz, eta ohartuki orduantxe jarri zirela harremanetan Espainiako Bankuarekin, honelako albiste bat iritzi publikora iriste hutsak izan zezakeen kaltea gutxitzeko.
YBARRAREN ETA URIARTEREN BAT-BATEKO KARGU-UZTEA.
Ybarrak berez 2002ko martxoko Akziodunen Batzar Nagusian utzi nahi zuen BBVAko lehendakaritza. Pedro Luis Uriartek, berriz, jarrai zezakeen kontseilari ordezkari moduan 2005a arte. Batzar Nagusia baino hilabete askotxo lehenago, ordea, 2001eko abenduan, hain zuzen, eta guztiz ezustean, bien dimisioa iragarri zen: batak BBVAko lehendakaritza utzi zuen, besteak administrazio kontseilua, eta, orduko hartan, bien gertuko zuzendaritzako hainbat kargudunek ere utzi zuten postua. Geroxeago, administrazio kontseiluko beste kide batzuek dimititu zuten; besteak beste, Mario Fernándezek, erakundeko legelaritzako arduradunak, eta José Domingo Ampuerok, erakundeko lehendakariordeak. Dena dela, Ybarrak kontseilaritzako kargua ere utzi izana gertatu zen harrigarriena, beharbada, bere familia bankuko akziodun handietakoa izanik, jarrai baitzezakeen administrazio kontseiluan. Orain, Francisco Gonzalez da BBVAko lehendakaria. Ratok eta Aznarrek jarri zuten postuan, eta berak eta bere kideek kontrolatzen dute gaur egun erakunde osoa; erruz ahuldu dute Neguriko familien esku-hartzea.
Nolatan, hain kargu uzte bizkorra? Bada, gure datuen arabera, Jerseyko paradisu fiskaleko kontu sekretuaren edo "B Kutxaren" ondorioz gertatu zen. Edo, zehatzago esanda, epaile bat, Garzon epailea, gorabehera ikertzen hasi zelako. Gure informazioek diotenez, BBVA taldeko goi kargudun batek, Toledo lagun izan zuen batek, kontatu zituen lehenbizi historiaren parte batzuk Neguriko aristokraziaren zenbait ingurutan (ezin jakin oharkabean egin zuen ala, Neguriko familien arteko liskarrak zirela kausa, guztiz ohartuki). Horrelaxe zabaldu omen zen BBVAk milaka milioi pezeta zeuzkala Jersey irletako paradisuan, Pedro Toledo Banco de Vizcayako lehendakaria zen garaian hasi zela operazioa, gero Banco Bilbao Vizcaya (BBV) erakundera pasatu zela guztia eta, azkenik, Banco Bilbao Vizcaya Argentariara (BBVA), eta gertaera horrek eragin omen zuen Ybarraren, Uriarteren eta hauen taldekoen presazko kargu uztea.
Jersey uharteetako ezkutuko funts horiek bankuaren baliabide propioen parte ziren. Itxura denez, BBVAk ez beste batzuek ere jokatzen dute horrela. Beste erakunde batzuek ere ba omen dituzte isil-gordeko kontuak. Zer gertatu da, bada, kasu honetan? Bada, betiere gure datuen arabera, aspalditxo hasi zela Audientzia Nazionaleko Garzon epailea, zuhurtasun handiz, Jerseyko kontua eta BBVAko zenbait exekutiboren bulegoetako kontuak ikertzen, eta mataza ere listen hasi dela.
PUERTO RICORA JOAN ZEN GARZON EPAILEA.
Garzon, lehen esan bezala, bi gorabehera aztertzen ibili da joan deneko aspalditxoan, nahiz eta orain arte erabakirik ez hartu. Batetik, Jerseyko kontua; bestetik, BBVA taldeko Banco Privanzaren beste operazio batzuk. Azkeneko kasuan, kapital ebasioa egozten zaio bankuari, eta zuzendaritzako hiru kideri, berriz, kapital ebasioa eta diru zuritzea, zehazki. Aste Santuan, martxoaren 25ean eta 26an, Puerto Ricon izan da Garzon epailea. Estatu Batuetako Justiziako Departamentuak emandako karta errogatorioa baliatuta, 1989tik 1996 arte Puerto Ricoko lehendakaria izan zen Juan A. Net galdekatu du, eta, hura ez ezik, lehendakariaren kide izandako Kanadako kontsul ohorezkoa eta BBVko hiru enplegatu ohi ere itaundu ditu.
Susmatzen dutenez, Kolonbiako narkotrafikoa du iturri ustez zuria den diru horrek, eta Jersey uharteetako, Kaiman uharteetako, Panamako, Kubako eta Peruko kontuetatik barrena heldutakoa da. Bestalde, BBVk Puerto Ricoko edo Hego Amerikako politikoren bat mesedetu ote zuen jakin edo berretsi nahi dute ikerketaren bidez. Gure iturriek diotenez, goiko susmo horiek baieztatzen badira, egiaztatuta geratuko da, halaber, enbor beraren adarrak direla goikoa eta Garzon bera ikertzen ari den bestea, hots, dagoeneko erakundeak berak ere aitortu duen Jersey uharteetako kontu sekretua. Bi kasuek, beraz, hau da, Jersey uharteetako kontu sekretuak eta BBVA Privanzari dagokionak, zuzenean edo zeharka, baina bete-betean hartzen zituen BBVAko zuzendaritzako goi kargudunak.
Horrenbestez, nola eskandaluzkoa gerta baitzitekeen joan den martxoko BBVAren Batzar Nagusia baino lehenagoko edo Batzarraren garaiko edozein erabaki administratibo edo judizial, arduradunei zuhurrago iruditu zitzaien, zalapartan izanik ere, lehenbailehen alde egitea eta Batzar Nagusian sor zitezkeen iskanbilak saihestea. Azkenean, gainera, hala BBVAko arduradun horiek, nola oraingoek, lortu dute iskanbila Batzarraz geroztikoa izatea, kostu soziala eta politikoa gutxitzea eta dena Aste Santuko eta Pazko Asteko zurrunbiloan baretzea.
ZER EGINGO DU ESPAINIAKO BANKUAK?
Garzonek zer deliberatuko duen alde batera utzita, Espainiako Bankuak ere hartu beharko du erabakiren bat, BBVA erakundearen espediente administratiboari dagokionez. Nola espedientea arrazoia iritzi publikora zabaldu ostekoa baita, are behartuago dago zerbait egitera. Zuzendaritzako 20 bat kide izendatzen omen dira espedientean; besteak beste, Ybarra, Uriarte, Sanchez Asiain, BBVko lehendakari ohia, eta Luis Bastida, BBVAko aktiboen kudeaketako arduraduna. Eta, bi aterabide daude: denboran luze joko duen prozesua abian jartzea edo zigorrak eta isunak ezartzea. Erakundeari jar dakizkioke bere baliabide propioen %1 arteko isunak. Arau-hausleetako bakoitza, berriz, zigor daiteke 60.101 euro arte, baita ezgaitu ere 10 urtez erakunde bereko edo beste bateko zuzendaritzan edo administrazioan kargurik izateko biderik ez duela. Espedientean horrelakorik ageri ez den arren, ezgai daitezke, halaber, Pedro Toledoren, Banco de Vizcayako lehendakariaren eskuineko esku izan zirenak; hala nola, Alfredo Saenz, SCHko kontseilari ordezkaria, eta Francisco Luzon, SCHko zuzendari nagusia.
BBVA AMERIKARENA DA BBVA-REN AKTIBOEN %36,5.
Garai batean, BBVA taldeak apustu ausarta eta sendoa egin zuen Hego Amerikan, eta orain ere lehengoari eutsi nahi dio. Martxoan Bilbon egin zuten Akziodunen azken Batzar Nagusian berretsi zutenez, luzaro iraun nahi dute han, eta orain arte bezain sendo, gainera, zeren merkatu kuota garrantzitsua baitaukate bankuko negoziorako. Hain da axolakoa hango merkatua, non talde osoaren aktiboen %36,5era iristen baita gaur egungo BBVA Amerika: 2001ean, esaterako, 2.363 milioi euroko irabazia izan zuen taldeak, eta horietatik 446 milioi Amerikako erakundetik etorri zitzaizkion. Saneamendu izugarria egin izan ez balute, 1.000 milioiko etekina emango zuen BBVA Amerikak.
BBVA taldeak, 2001. urtearen bukaeran, 7.988 bulego eta 98.588 enplegatu zeuzkan guztira. Amerikan dauka bulego eta enplegatu gehien: 4.161 eta 64.835, hurrenez hurren. Espainian, 3.620 bulego eta 31.686 enplegatu dauzka. Munduko beste herrialdeetan, berriz, 207 bulego eta 2.067 enplegatu.
2001eko abenduaren 31n, 309.246 milioi euroko aktibo totala zeukan BBVA taldeak. Bazkideen baliabideetan, 323.982 milioi euro kudeatu zituen. Zergak ordaindu aurreko irabazi gordinari dagokionez, 3.255 milioi eurokoa izan zuen 2001ean. Irabazi garbian, berriz, 2.363 milioi eurora heldu zen. Bistan denez, bada, 6,25 milioi euro edo 1.000 milioi pezeta baino gehiago irabazi zituen eguneko, 2001. urtean.
Aurtengo urteari, 2002ari gagozkiola, gutxienez %10eko igoera lortu nahi du BBVA taldeak akzio bakoitzaren irabazian, %19tik gorakoa baliabide propioen errentagarritasunean eta %50etik gorako eraginkortasun ratioa izan nahi du. Helburu teoriko horiek betetzera konprometitu zen bederen Francisco Gonzalez, gaurkoz BBVAko lehendakari bakarra, antzina ez dela Bilbon egin zuten Batzar Nagusian.
Euskal erakundeak Hego Amerikan izango duen presentziari dagokionez, BBVAko lehendakari berriak "BBVAren konpromisoa sendoa eta epe luzekoa" dela esan zuen, eta "inguru haren potentzialaren sinesmenean" oinarritutakoa. Aitortu zuen orain "egoera zaila" dagoela han; herrialde guztiak potentzialaz azpitik ari direla hazten, baina gaineratu zuen, nazioarteko ingurua hobetzeko itxaropenari eta kutsadurari aurre egiteko indarrari esker, "badela arrazoizko optimismoa izateko adina motibo". Ez zuen ezkutatu Argentinako egoerak sortutako kezka; alabaina, eragozpenei aurre egiteko gai izango ziren ustea azaldu zuen, nahiz eta hango jardunak "diruzko ahalegina eskatu ekonomiako agente guztiei".
Testuinguru horretan, gogoan izan behar da Hego Amerikan kokatu den leku guztietan atera duela errenta ona BBVA taldeak: bi marka dauzka Mexikon, bat El Salvadorren, bi Panaman, bat Puerto Ricon, bat Venezuelan, bi Kolonbian, bat Brasilen, bi Perun, bat Bolivian, bat Paraguain, bat Uruguain, bi Argentinan eta bi Txilen.
BBVA taldeak, 2001. urtearen hondarrean, 23 milioi bezero zeuzkan Hego Amerikan, 4.161 bulego eta 64.835 enplegatu. Aktibo totalak 113.000 eurora igo zitzaizkion; bezeroen baliabideetan, berriz, 129.000 milioi euro kudeatu zituen inguru hartan. Eta, kantitate horrek Hego Amerikako merkatuko kuota guztizkoaren %11,7 egiten du