Orain dela hilabete batzuk, 2001eko azaroan hain zuzen, ZINEBI Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiak eta Media Antena Euskal Herriak Bilbon antolaturiko ZINEBIDOK 2001 izeneko «pitching» sesio batera joateko aukera izan nuen. Goizean hasi eta gaualdean bukatu zen saio hartan, Euskal Herrian dokumentalak egiten dituzten edota egin nahi dituzten produktora zein free-lance ugari ezagutzeko aukera izan nuen.
Goizean, dokumentalak erosten dituzten Europako herrialdeetako telebista kateetako arduradunek euren telebista kateen politika komertzialaz hitz egin zuten eta arratsaldean, produktorek, bakarka, telebista kate hauetako arduradunekin aurrez-aurre hitz egiteko aukera izan zuten; «pitching» bat burutzeko aukera, alegia.
«Pitching» estatubatuarrek sortutako terminologia da, beisboletik ekarria. Izan ere beisbolean pitcher postuan jokatzen duen jokalariak bateadoreari pilotak botatzen dizkion era berdinean, dokumentalak egiten dituzten profesionalek telebista programatzaileen aurrean euren ideiak botatzera behartuak egoten dira, ideia hauetakoren bat programatzaile hauetakoren batek hartuko ote duen esperantzarekin.
Hau horrela izatearen funtsa telebista kateek dokumentalgintzan zeresan handia izatean datza. Izan ere egun Euskal Herrian egiten diren ia dokumental guztiak telebistan emitituak izatea dute azken helburu. Salbuespenak, Orio eta K-2000 produktorek ekoizturiko «Fatimetu» edota Igeldok azken urteetan ekoizturiko «formatu handiko» dokumentalak, hots, «La Mafia en La Habana» edota «Galíndez». «Zinemarako eginak diren dokumentalak egitea jauzi bat da. Pena da Eusko Jaurlaritzak oraindik dokumental baten eta erreportaje baten artean desberdintzen ez jakitea. EuroparkoBatasunak eta Espainiako Estatuak, ICAAren bidez, desberdinketa hori egiten badakite, baita Canal+, Via Digital edota TVE bezalako kateek ere, zeintzuk horrelako produktuak zinema bezala ordaintzen dituzten», dio Angel Amigok.
Amigo berak, Igeldoren azken dokumentala, «Galíndez», zine formatuan egiteko arrazoi asko ikusten ditu: «Sormen dokumental baterako perfektua da. Inbestigazio lan handia dauka, gai lokal baina era berean internazionala jorratzen du, intriga edota misterioa bezalako elementuak ditu eta bestetik pertsona arruntak nola egoera berezietara egokitu behar izan zuten ilustratzen du».
Orio eta K-2000k ekindako bidea desberdina izan zen, Orio ekoiztetxeko Unai Ibarbiak adierazi digun legez: «Boteprontoan, gehiegi pentsatu gabe eta zenbakiei begiratu gabe egin genuen. Alegia, modu ez profesional batean, bihotzean eta bertan zegoen giza istorio indartsuan pentsatuz». Ibarbia berak, zineman egiten diren dokumentalei buruz galdetzean zera dio: «Zinemarako dokumentalak gero eta gehiago ari dira ekoizten, baita Euskal Herrian ere. Baina hori lortzeko urteetako esperientzia behar da, kontaktu asko eta beste hainbeste eskarmentu. Oraingoz telebistarako ekoizten da soilik eta horri nola buelta eman pentsatu beharko dugu».
Formatu handiko dokumentalak ekoizten dituzten beste ekoizle euskaldun batzuk ere badira, Montxo Armendariz eta, batez ere, Elias Kerejeta, honen lekuko. Dena den, euskaldunak izan arren, Euskal Herritik kanpo produzitzen duten ekoizleak dira hauek, nahiz eta maiz asko euskal gaiak jorratzen dituzten lanak egiten dituzten.
Zine formatuan dokumental gehiago ez egitearen arrazoia, Hegaz produktorako Koldo San Sebastianek horrelako produktuak egiteak dakartzan diru kostuetan ikusten du: «Arazoa, beti bezala, dirua da. Hau da Euskal Herrian dokumental gehiago ez egiteko arrazoi nagusia. Telebistan ere gauzak ez daude batere ondo, bertako arduradunek programak erosterako orduan audientzietan oinarritzen baitira eta ondorioz, dokumentalek panorama zaila daukate».
Nahiz eta inguruko herrialdeetan egiten diren dokumental kopuruarekin konparatuz gutxi diren, ez dira gutxi dokumentalaren aldeko apustua egiten duten ekoiztetxeak, nahiz eta oso kontuan duten akaso ez dela euren ikus-entzunezko produkturik errentagarriena. Dokumentalak egiten dituzten guztiak bat datoz dokumentalak egiteko arrazoi nagusiena dirua ez dela esatean. «Dokumentalak ez dira diruagatik egiten. Dokumental bat egin eta errentagarria izateko, hamar-hamabost bat urte pasa behar izaten dira askotan. Horrek dokumentala hamar telebista katetan saldu duzula esan nahi du», dio Idem ekoiztetxeko Aintzane Pérez del Palomarrek.
Euskal Herrian egiten den dokumental baten batez besteko aurrekontua 100.000 eurotakoa da. Europan dokumentalak egiten potentzia diren herrialdeetan (Alemania, Frantzia, Eskandinaviar herrietan edota Britainia Handian) egiten direnek 200.000 eurotako aurrekontuak izaten dituzten arren, 100.000 euro diru dezente da gero dokumental hauek inork ez baldin baditu erosi nahi.
Aintzane Pérez del Palomarrek argi dauka Europako herrialdeetan hemen gertatzen ez den zerbait gertatzen dela dokumentalak baloratuagoak izateko: «Azkenaldian dokumental batzuk pantaila handian ikusteko aukera izan dugun arren, jendeak ez dauka dokumental bat zinemara ikustera joateko ohiturarik. Ez zaio buruan sartzen zine aretoetan dokumentalak ikusi ahal direnik, are gutxiago horregatik zerbait ordaindu daitekeenik».
Idemeko garapen arduradunak argi dauka jendeak gustukoak dituen gaiak jorratu behar direla. «Istorio pertsonalak kontatu behar dira, gertutik, kanpotik informazioa ematen zuen ikuspuntu tradizional hartatik aldenduta».
Dokumentalak, izan ere, era desberdinetakoak izan daitezke eta gai desberdinak jorra ditzakete. Naturaren inguruan egiten diren dokumentalez gain, «urbanoagoak» diren dokumentalak egin daitezkeela, alegia. Asmo horretantxe dabil mundu honetan hasiberria den Mikel Goñi gaztea. Orain artean herri telebista batean aritu da lanean, baina orain lan hau utzi eta beste bi lagunekin batera ekoiztetxe bat sortzeko ideia dute. Paraleloki dokumental bat egiteko asmoa ere badute: «Egiten diren dokumentalak txarrak ez diren arren, dokumentalen inguruan hutsune bat dagoela ikusi dugu: gizarte korapilotsu batean bizi gara eta hainbat gaiei ez zaie begiratzen agian ‘tabu’ direlako. Guk, Martxelo Otamendik behin esan zuen bezala, gai hauek subjektibotasun ondratu batetik jorratu nahi ditugu».
Azken finean, dokumental on baten atzetik gai on bat egoten da beti. Hots, jendearen interesekoa den gai bat edota bere arreta pizten duen gai bat. «Pitching» sesioetara joaten diren telebista kateetako arduradunek horrela ikusten dute: «Dokumental bat egiteko, ideia on, original, egoki eta ondo garatutako batekin topo egin behar da».
Urnietako U-Bit produktorako Jokin Jimenezek ideiak argi dauzka: «Orain artean euskal dokumentalak Euskal Herriko gaiak jorratu izan ditu batez ere. Hau horrela izatearen kontra ezer ez dudan arren, Euskal Herrian gidoilari, tekniko zein produktora onak daude edozein lekuko gaiak jorratu ahal izateko. Guk orain martxan dugun proiektua, adibidez, oso berezia den Hego Amerikako herri indigena batean oinarritzen da».
Gaia oso garrantzitsua dela argi daukate mundu honetan dabiltzan guztiek, baina gaia ez ezik badira garrantzizkoak diren beste elementu batzuk ere. Dokumentalak egiteko beharrezkoa izaten den diru laguntza jaso ahal izateko, adibidez, asko baloratzen da dokumentalaren atzean dagoen enpresak duen esperientzia, jokamolde eta indarra.
Media Antena Euskal Herria-ko bulegoan, Europako Batasunak ematen dituen «Media» laguntzak kudeatzen dira, besteak beste. Bertako buru den Verónica Sánchezek argi utzi dizkigu gauzak: «Zaila izaten da lan metodologia egokiak erabiltzen ez dakien enpresa batentzat Media laguntzak lortzea. Esan daiteke laguntza hauek ‘lehen mailako’ produktoreentzat direla, prozesu produktibo guztia ondo garatzen dutenentzat, alegia. Finean, laguntza hauek proiektuen garapenera zuzentzen dira eta ez produkziora».
Dokumental bat egiteko diru laguntza hauetako bat ez, baina Europako Batasunak emandako laguntza bat jaso duenetariko bat Irusoin ekoiztetxea da. «Orain arte batez ere ikus-entzunezko zerbitzuak eskaini eta marrazki bizidunak ekoiztu ditugun arren, aurrez egin genituen dokumental batzuk. Bide hari berriz ekiteko gogoz ginen eta Bhutanen inguruan dokumental bat egiteko aukera ikusi genuenean, bide horri ekin genion. Dena den, prozesu luzea izango da», dio Iñaki Gómezek.
Dokumental bat egiterako orduan oso garrantzitsua da pazientzia izatea, prozesua oso luzea izan baitaiteke. Urteak pasa ohi dira ideia sortu eta dokumentala ikusteko aukera izaten den arte. «U-Biten baliabide teknikoak, pertsona kualifikatuak eta aholkulari egokiak ditugu dokumental bat egiteko, baina gauzak ondo egin nahi ditugu eta honek prozesua luzea izan daitekeela esan nahi du», dio Jokin Jiménezek.
Euskal dokumentalen maila azken urteetan asko igotzen ari dela uste dute honetara dedikatzen diren gehienek. Koldo San Sebastianen aburuz, «Euskal Herrian dokumental txar asko egin izan dira, baina azken aldian gauzak asko hobetzen ari dira nahiz eta oraindik Europako beste herrialde batzuen mailara iritsi ez garen».
Gauzak hobetzen ari direla aitortu arren, Orio ekoiztetxeko Unai Ibarbiaren ustez, Euskal Herrian egiten diren dokumentalen kalitatea hobetzeko ez da gehiegi egin. Egiten diren dokumentalak ETBren aurrekontuen araberakoak dira, alegia aurrekontu baxukoak, eta hori saihesteko produktoreen finantziazio iturria Espainiako edota nazioarteko merkatuan bilatu beharko litzateke. «Eta hor kale egiten dugu ia guztiok, salbuespenak salbuespen. Ez dugu kanpora ateratzerik lortu, ez koprodukziorik sinatu kanpoko produktoreekin eta horrela beste herrialdeetan egiten diren dokumentalen mailara ezin gara iritsi».
Aintzane Pérez del Palomarren ustez dokumentalak tratu berezia behar du aurrera atera ahal izateko. «Diskriminazio positibo bat egitea ondo legoke. Aurten, adibidez, Espainiako zine akademiak, azkenik, dokumental onenari Goya saria ematea erabaki du. Aurrez fikziozkoekin batera lehiatzen ziren dokumentalak, eta jakina, inor ez zen dokumental filmeetaz gogoratzen. Horrelako neurriak beharrezkoak izan daitezke».
Euskal Herrian egiten diren dokumentalak ikusita, hauen etorkizuna nolakoa izango den produktoreei galdetzen zaienean, ez da hauen artean egiten jarraituko direla zalantzan jartzen duenik: «Onak ala txarrak, dokumentalak egiten dira eta egiten jarraituko dira Euskal Herrian».
Verónica Sánchezen esanetan, Euskal Herriko dokumentalgintzak badu etorkizunari positiboki begiratzeko argudiorik. Euskal Herriko produktora gazte batzuk dokumentalen munduagatik indartsu egin omen dute apustu eta pixkanaka emaitzak lortuko dira. «Gazte hauek dokumentalak gustuko izateaz gain, dokumental bat egiteko beharrezkoak dituzten 100.000 euroak lortzea errazago ikusten dute fikziozko film bat egiteko beharrezkoak diren milioiak baino. Dokumentalen inguruan ematen ari diren aldaketen trena hartzeko gai badira, euskal dokumental oso onak izango ditugu».
Dokumentala, tamalez, fikziozko lanen ondoan gutxietsia dago. Adibiderik garbiena, akaso, Donostiako azken zinemaldian gertatu zen, non Jose Luis Guerinek zuzenduriko «En Construcción» film dokumentalak, kritika eta publikoaren iritziaren kontra, ez zuen sari nagusia eskuratu. Dokumental bati horrelako saria ematea ezohikoa litzateke