Arlo militarrean ere arituko da oraindik izenik gabeko talde aeronautiko berria. Duela gutxi eman dute ofizialki ondoko enpresa hauen fusioaren berri: Gamesako talde aeronautikoa, ITP (Turbopropultsatzaileen Industria), Sener eta SEPI (Sociedad Estatal de Participaciones Industriales). Mugimendu antimilitaristen kritikak edo beste kolektibo sozial batzuenak jasotakoan, enpresa horiek beti alegatu izan dute beren buruen defentsan ez zeukatela jarduera militarrik edo hutsala zela horrelako jardunaren pisua. Pixkanaka azaltzen hasi diren datuen arabera, eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako, Europako nahiz munduko industria aeronautikoaren geroa aintzat hartuta, ez dirudi hain hutsala izango denik talde berriaren jardun militarra.
Iturri batzuen arabera, EAEko talde aeronautiko berriaren jardueretan, %20 izango da esparru militarrekoa eta %80 zibilekoa. Dagoeneko %20 izendatzen badiote EAEko talde aeronautiko berriari, oso litekeena da ehuneko hori handiagoa izatea, kontuan izanik Amerikako Estatu Batuetako Administrazioak berebiziko jarduna planifikatu duela defentsarako, irailaren 11z geroztik. Jakina denez, azken hilabete hauetan gutxitu egin da jarduera aeronautiko zibila. Militarra, ordea, hazi egin da, mundu osoko gobernuen defentsako planak direla kausa.
700 MILIOI EURO FAKTURAtu ETA 135 MILIOI IRABAZI.
Gamesa aeronautikoak eta Turbo 2000 enpresak, zeinen barruan baitaude ITP, Sener eta SEPIko akzio-gehiengodunak, abiazioko motorrak eta aireontzien zati egiturazkoak egiteko baliatu nahi dute fusioa, batez ere. Talde sortu berriak 700 milioi euro fakturatzeko asmoa du eta, zergak ordaindu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean, 135 milioi euro inguruko etekina geratzea espero du.
Gamesako administrazio kontseiluak jarduera aeronautikoa bereizteko proposamena egingo dio akziodunen batzarrari, horretarako gehienez hamabi hilabeteko epea jarrita. Arabako enpresaren jomuga da Gamesak azkenean %10eko partea ez gainditzea jarduera aeronautikoetan, eta, diotenez, talde berriaren kapitalaren %3 izango da enpresa horrena. EAEn kokatuko dute talde aeronautiko berriaren egoitza soziala, baina oraingoz ez dute eman leku zehatzaren berri. Nolanahi ere, azkenean Bilbon jarriko dutela dirudi.
Enpresa berriak burtsan kotizatuko du. Bestalde, Gamesak utzi egingo ditu zuzeneko jarduera aeronautikoak eta berrizta daitezkeen energiaren arloan jardungo du ia bete-betean; orain ere buru den sektorean, alegia. Zorren %20 bat kentzeko modua ere izango du Gamesak, bat egite honi esker. Lehen fasean, dena den, Gamesako bazkideek kontrolatuko dute elkarte berriaren kapitalaren %59 artekoa. Hauexek dira Gamesako bazkideak: IBV Korporazioa, %35 duela (BBVAk eta Iberdrolak kontrolatzen dute %100ean: %50 bakoitzak); Nefinsa, %21,5 (Kataluniako Serratosa familiaren jabetzakoa); Tornusa, %6,35 (Gamesaren sortzaileena da; Juan Luis Arregi dute buru). Gainerako ehunekoak burtsan flotatuko du.
Bigarren fasean, honelatsu banatuko da ziur aski EAEko talde aeronautiko berriaren kapital sozial behin betikoa: %22 izango du Sener enpresak, %21,5 IBVk, %20,5 SEPIk eta %11,3 Nefinsak. Beraz, %21,7 geratuko da burtsan flotatzeko. Azkenik, litekeena da Tornusa, Gamesako bazkide-sortzaileen enpresa, talde berriaren kapital sozialetik kanpo geratzea, eta litekeena da, halaber, beste bazkide batzuk sartzea.
GAMESAREN ETA ITP-REN ZIFRA ERRALDOIAK
. Gamesa taldeak 1.020 milioi euroko salmentak egin zituen 2001. urtean, eta 74 milioi euroko etekina atera zuen, zergak kitatu ostean. Guztira, 4.700 langileko plantilla dauka Gamesak; horietatik 1.800 lagunek egiten dute lan aeronautikako dibisioan. Arlo horretan, 273 milioi euroko salmenta izan zuen iaz; salmenta guztizkoaren %30, beraz; eta 28 milioi euroko etekina, zergak kitatu aurretik. ITP enpresak, berriz, 2.000 langile dauzka. Iaz, 427 milioi euroko salmenta egin zuen eta 93 milioi euroko mozkina atera zuen, zergak kitatu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean. Sener ingeniaritzako enpresa da. Negurin (Getxo) dauka egoitza soziala, eta langile gutxiko enpresa da. Nahiz eta errentagarritasun handia izan, ia ez dago enpresa horren datu ekonomiko finantzario publikorik. Gamesak Gasteizen eta Espainiako beste leku batzuetan dauzka produkzioko lantokiak, baita ITPk ere, zeinek, Zamudioko eta Barakaldoko lantokiez gainera, beste batzuk baitauzka Espainian barrena.
ITP enpresak teknologiako bazkide bat dauka: Erresuma Batuko Rolls Royce konpainia, hain zuzen. Korporazio horrek kontrolatzen du ITPko kapitalaren %46,85, eta oraingoz inork ez daki azkenean zer erabakiko duen proiektuaren gainean. Hasiera batean, eta betiere orain arteko iturrien datuen arabera, nahiko hotz agertu omen da talde berriaren gorabeheretan, eta, antza denez, ez omen du zuzenean parte hartuko. Gaur gaurkoz dauden datuei erreparatuta, badirudi Erresuma Batuko enpresak ez dituela talde berean elkartu nahi bi jarduera hauek: motorren fabrikazioa (ITPren jarduna) eta hegazkinen egituren fabrikazioa (Gamesa aeronautikoaren jarduna).
EUTSIKO OTE DIOTE ORAINGO ENPLEGUARI?
Fusio guztiek berekin izaten dute kostu ekonomiko eta finantzarioen gutxitze nabarmena, zein, ia beti, enplegua murriztuz gauzatzen baita. Kontuak horrela, enpresa horietan diharduten sindikatuek adierazi dute dagoeneko gaurko lanpostuak bermatuz gero bakarrik egingo dutela fusioaren alde. Gogoan izatekoa da nola, ia oraindik orain, Gamesak dibisio aeronautikoko lanpostuak nabarmen gutxitu nahi izan zituen eta nola langileen nahiz sindikatuen oposizio indartsuak bota zituen atzera zuzendaritzaren planak. Hortaz, orain hitzartutako fusioa ote da bere garaian iragarritako lanpostuak eta beste batzuk desegiteko "egokiera"? Geroak esango du. Aurreko astean beste bilera bat zeukaten fusioaren arduradunek eta sindikatuetakoek. Beldur gara -hobe oker bagaude- fusio honek ere, ia guztiek bezala, ez ote duen egingo murrizketaren bat, orain existitzen diren lanpostuetan