ARTEA AZALEAN

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Garai batean motozaleen zigilua ziren tatuajeak, gaur hiru gizabere mota ezberdinetan ikusiko dituzu: lehenengo gizabere tatuatua, «fashion» espeziekoa da, azken modaren jarraitzaile sutsua, alegia. Espezie honetakoak dira tatuatuetatik %80, eta estudiora bosnaka sartzen ikusiko dituzu, bostek ere marrazki bera nahi. Alegia «tribal» estilokoa, modan dagoen marrazki mota, aukeraketan bururik ez nekatzeko sortua. Gainera tatuajea bizkarraldean egiteko erregutuko diote artistari, ez ikusteko moduan, badaezpada, «nazkatzeko arriskua baitago». Kuriosoa da, nazkatzeko arriskua somatzen duen jendeak zein ausarki hartzen duen bizitza osorako marrazki hori soinean eramateko erabakia! Bezeria honen aurrean, tatuatzaileek euren artean arau bat jarri dute: adin txikikoei ez tatuajerik egitea, helduren batekin etorri ezean. Horrez gainera, «Polyester» estudiokoek beste arau bat ezarri diete euren buruari: komertzialkerian ez erortzeko, marrazki bakoitza behin bakarrik egiten dute. Gizabanako bakoitzak bere tatuaje propioa behar baitu, bakarra dena.
Tatuatutakoen beste %20-a «jubilatuen» eta «apasionatuen» espezieak osatzen du. «Jubilatuen» espeziean aurki ditzakegu 60 urteko legionario, militar, marinel eta presoak. Gaztetan, txahalari ipur-masailan marka jartzen zaion bezalaxe hauei ere zigilua jarri zioten, uniformea erantzita ere antzeman zedin zer ziren. «Jubilatuok», bataila zaharren zauriak ezabatu nahian egiten dituzte gaur tatuaje berriak. Horretarako tatuatzaileak lehengo tatuajearen formak aprobetxatuz, beste marrazki politago bat osatzen du. «Apasionatuen» espezieak, berriz, tatuajearen artea azalean bizi du, ez axalean. Denbora luzez pentsatzen dute zein estilotako marrazkia egin eta zein gorputz ataletan tatuatu. Hain da erabaki garrantzitsua eurentzat, ezen kapaz baitira prestigiodun tatuatzaile baten bila espreski AEBetara edo Ingalaterrara joateko, eta horretarako urtebete zain egon behar badute, bada zain egongo dira, baina bitartean beste inork ez die orratzik sartuko.


tatuatzaileen «gremioa». Badira azalean kuadroak egiteko gai diren artistak, eta badira azala kuadro bat eginda uzten dizuten «harakinak» ere. Bi modu baitaude tatuajearen mundura sartzeko; bata, tatuatzaile on baten ondoan ikastea. Beste bidea edonork proba dezake; zuzenean makina erosi (xumeena 120,20 eurotan lor daiteke), eta bizitza osorako markatuta utzi nahi duzunari atakatzea. Larrutik ordaintzen dela jakinda, diru azkarra nahi duenarentzat oso erakargarria bihurtu da merkatu hau. Hain erakargarria, ezen atzerriko tatuatzailerik txarrenak ere Euskal Herrira etortzen baitira, jakinda hona atzo heldu zela tatuajeen kultura, eta beraz, urre meatze oraindik ustiatzeko dagoela. Tatuajearena profesionaltasunez bizi dutenak, berriz, haserre daude oso jendilaje honekin, besteak beste, «harakinen» eskutatik pasatako jendea eurengana etortzen delako gero, txapuza konpontzeko eskatuz. Arazoak bi iturburu ditu. Hasteko eta behin, Euskal Herrian ez dago tatuajearen mundua erregulatzen duen legerik, eta edonork jarri dezake bere txiringitoa higiene baldintzarik gabeko pisu batean. Bestetik, tatuatzaile titulua atera nahi duenak AEBetara joan behar du, eta haientzat «espainolak» garenez, beraz hirugarren munduko zaborra garenez, kosta egiten da euren ikasgunetan sartzea. Baina, Gentyk esan digunez, txarrena ez da profesional gisa hobetzeko duzun zailtasuna, «txarrena da bezeroek inoiz ez dizutela galdetzen ea orratzak behin bakarrik erabiltzen dituzun ere! Bezeroen galdera bakarra da zer diru kostu duen!».

Tatuatzaileek «pribilegioren» bat behar, eta bat behintzat badute: eurek bakarrik izan ditzakete tatuajeak eskuak eta aurpegian. Araua tatuatzaileek jarri dute, besteon hobe beharrez, bai baitakite tatuajeak bistan eramateak eragozpenak sortuko lizkigukeela lana topatzeko orduan, eta baita gizartearen aurrean onespena jasotzerakoan ere.


zer non?

Estudioan bertan, marrazkien katalogo potolo bat eman digute eskura. Hondartzan bikini artean ikusiko dituzun hamar mila marrazki «tribalez» gain, aukera oso da zabala: marrazki «biomekanikoak» (torloju piezak eta hodiak oroitarazten dituzten formak), marrazki tetrikoak, hizkiak... Japoniarren artea ahaztu gabe, noski, beti kolore bizi eta sinbologiaz betetako irudiekin. Japoniar batentzat ez baita berdin tatuajeko ezkatak gorantz edo beherantz begira jarri, irudi bakoitzak bere esanahia du-eta haien kulturan. Euskal Herrian jendeak estetikoki politak zaizkionak hautatzen ditu gehienetan.«Polyester» estudiokoek, halere, inoiz egin duten tatuajerik arraroena gogoan dute. Bezero bati, familiako zendu baten aurpegia marraztu zioten. Marrazkia mila arrazoirengatik hautatu daiteke, beraz, baina badaezpada tatuatzaileek euren aholkuak entzutea gomendatzen digute.

Marrazkiaren arabera, simetrikoa den edo kurbatua den ikusita, gero ondo pentsatu behar da zein den tokirik egokiena irudi hori luzitzeko. Benetan esanguratsua da gizon eta emakumeek, tatuajea non egin erabakitzeko unean agertzen duten jarrera. Gizonek askotan urrutitik ikusteko moduko tokian jartzen duten bitartean, emakumeek toki ezkutuagoetan jartzen dute. Inoiz ama izateko esperantza dutenek jakin bezate sabelean egiten diren tatuajeak haurdunaldiaren ostean desitxuratuta gelditzeko arriskua dutela. Halere, tatuajea ondo hidratatuz gero eta ukenduekin zainduta, lehengo itxura bera lortu omen dezake.


milaka ziztada minutuan.

Hasteko, tatuatu beharreko zonaldea depilatu egiten da. Ondoren marrazkia paper batean inprimatzen da, termokopiatzailea izeneko makinarekin. Papera azal gainean jarrita marrazkiaren kalko bat egiten da, gida bezala balio duena, irudiaren tamaina kontuan hartzeko. Bada beste teknika bat ere, artistikoagoa dena. Inolako kalkorik gabe, zuzenean azalean marrazkia egiten da.

Ondoren orratz txikiak elkarri soldatu, eta makinari lotu dizkio tatuatzaileak. Orratzen kopurua erabakiorra da, kopuruaren arabera sortuko baita marra mota bat ala bestea. Tatuatzeko makina hasi da martxan, motozerraren hotsa atereaz (une honetan zorabiatzen da bezero bat baino gehiago). Makinak, bere orratzak bultza egiten ditu, minutuko 3.500 ziztadako abiaduran. Orratzen bidez tinta azalean sartzen da, hirugarren azal geruzaraino hain zuzen. Orratzak behin erabili eta bota egin behar dira, hiesa eta hepatitis B gaixotasunak saihesteko. Makina, berriz, piezaz pieza dena askatu eta desinfektatu egin du, hau ez baita jolasa.
Tatuajeetan kolore gama guztia erabili daiteke. Bitxiena da, kolore asko azalean bertan lortzen dituztela, alegia oinarrizko koloreak azalean bertan nahasita. Bezeroaren azalaren tonuaren arabera, halako koloreak lortuko dira. Azal oso zurietan koloreek begietan mina egiteko moduko indarra hartzen dute. Azal beltzetan, berriz, oso kolore itzaliak lortzen dira, horregatik gehienetan tatuaje beltzak egiten dituzte. Bitxiena nahi dutenek kolore fluoreszenteak ere erabil ditzateke, baina horiek osagai kimikoak izaten dituztenez, alergiarik diezun jakiteko froga bat egin behar izaten da lehenik.


mina psikologikoa omen.

Tatuajeak gorputzeko atal guztietan egin daitezke, ilean, hortzetan eta azkazaletan ezik. Tatuajea egiteko atalik mingarrienak, azal finena eta nerbiorik gehien duten tokiak dira. Orokorrean, beti ematen du min gehiago tatuajea gorputzaren aurrealdean egiteak, atzealdean baino, atzealdea laztuagoa izaten baitugu. Genitalen kasuan, gizonek min izugarria hartzen omen dute, emakumeek, berriz, ez hainbeste. Aluaren ezpainek azal bigunagoa dute eta horregatik orratzek askotan errebotatu egiten dute, zulatu beharrean. Zakilan, aldiz, azala hain fina izanda, ziztada oso zuzena da. Tatuatzailearen hitzetan, «zakil bat tatuatzea oso heavya da» (hortik pentsa bezeroak zer esango lukeen!). Halere, psikologikoa omen da mina. Askok tatuatzeko makina martxan entzun orduko kordea galtzen du, beste askori orratzak min izpirik ere ez omen dio egiten. Jakiteko, onena probatzea izango da...


sesioetan nahiko sesio.

Tatuajea jasotzen duenak adina ziztada sentitzen du sarri egiten duenak. Bezeroa zorabiatu egin dela, ez dela geldirik egoten, zigarro bat erre nahi duela... azkenean ordu erdian bukatu zitekeen lana ordu eta erdira luzatzen zaie. Halakorik ez omen dute onartzen AEB eta ezta tatuajearen kultura duten Europako herrialdeetan ere. Bezeroa jasangaitz jartzen denean, utikan bidaltzen dute. Hemengo tatuatzaileak sarri minduta ere sentitzen dira, euren lanak ez duelako esker onik. Euren semea balitz bezala bizi dute tatuaje bakoitza, artea erditzea da eurentzat, eta aldiz bizitza osorako soinean daraman bezero horren kezka bakarrak bi dira: zenbat denbora iraungo duen tatuajea egiteak, eta zenbat ordaindu beharko duen. Irakurle, zure kezka ere horixe bada, horra erantzuna: normalean ez dituzte lau ordu baino luzeagoak diren sesioak egiten, bezeroek ezin dituztelako zortzi ordu jasan, eurek bezala. Prezioa, berriz, orduko 60,10-90,15 euro ingurukoa da.
egin ostean, zaindu. Tatuajea egin osteko hamabost egunetan «Cicatral» izeneko ukendua igurtzi behar da, egunean lau aldiz, orbaintzen laguntzeko. Baina tatuajeari goxatua ematea bakarrik ez, zigorrak saihestea da egin behar dena. Arropa esturik ez da jantzi behar, urratu egiten baitute tatuajea. Eguzkia oso da kaltegarria, eta hondartza bereziki, tatuajearen koloreak apaltzeaz gain areak infekzio larriak sortzen baititu. Horrexegatik Europan maiatzean ez omen da tatuajerik egiten. Euskal Herrian, berriz, kaxkarinak izan gu, eta jendeari maiatzean sartzen omen zaio tatuajea egiteko morboa, zer, eta hondartzan luzitzeko gainera!


nola kendu behin egindakoa.

Tatuajea kentzeko moduak egon badaude, baina zein diren ikusita, kasik nahiago tatuajearekin segi. Teknika bat da tatuajea ebaki, eta bi aldeetako azal-ertzak jostea. Azken aurkikuntza, berriz, laser bidez kentzea da. Baina diotenez tatuajea egiteak adina edo min gehiago ematen du, eta kostua, berriz, ez da txantxetakoa: 1.202,02 euro azal zentimetroko. Behin eginda alferrik dela damua, zera!

Milaka urte, milaka kultura
Tatuajeak gizakiaren azalak bezain zaharrak izango dira, ziur aski. Ezagutzen den tatuajerik zaharrena glaziar batean aurkitutako ehiztari batena da, Neolito Arokoa. Egiptoko Amunet emakume apaizak berak, k.a. 2000 urte inguruan Tebasen bizi izan zenak, tatuajeak zituen, glaziarreko ehiztariaren estilokoak hain zuzen: linealak eta xinpleak, puntu eta marradun diseinuekin.

Funtzio ezberdinak bete izan ditu tatuajeak kultura eta garai bakoitzean. Egipton kasik emakumeek soilik egiten zituzten tatuajeak, prozesu mingarri baten bidez, euren ausardia edo heldutasuna frogatzeko. Polinesian gizonak oso gaztetatik hasten ziren tatuajeak egiten, apaindura gisa, eta bizitza osoan zehar berritu eta edertu egiten zituzten. Antza denez, pertsona batekiko errespetua soineko tatuaje kopuruan neurtzen zen. Ipar Amerikan tribu askok deabruak uxatzeko helburuarekin egiten zituzten tatuajeak. Antzin Aroan, Britainiar Irlatan, gerra zelaiko etsaiak izutzeko egiten zituzten tatuajeak gorputz eta aurpegian. Zigor gisa ere erabili izan da tatuajea, Grezia eta Erroman. Baina esklabu eta hiltzaileak tatuatzeko ohitura hori desagertu egin zen Erromatar Inperioan Kristautasuna sartzearekin batera. Kristauen sinesmenetan, Jainkoak bere irudira sortu bazuen gizona, bekatua zen gizonak bere itxura eraldatzea. Constantino enperadoreak dekretu bat atera zuen tatuatzearen kontra, baina halere gerlari kristauek gurutzeak tatuatu egiten zituzten, hileta kristaua jasotzea ziurtatzeko.
Tradizio luzea izanagatik, Ipar Amerika eta Europan tatuatzeko artea desagertu egin zen. Esploratzaileak izan ziren berraurkitu zutenak: Banks zientzialariak, Cook kapitainarekin nabigatu zuenak, Polinesian tatuajea egiteko prozedura deskribatu zuen. Tatuatzeko ohitura pixkanaka marinel, langile eta presoen artean zabaldu zen XIX. mende hasieran. Tatuatzeko lehen estudioa 1870ean ireki zen, New Yorken


Azkenak
2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


Eguneraketa berriak daude