argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2021eko uztailaren 19a

IDAHOREN GARRANTZIA

EUSKAL Herriak atzerrian izan duen bultzadarik handiena izango da seguruenik Idahoko Senatuak eta Ordezkarien Ganberak onartutako proposamena. Orain arte sinbolikoa da onartutakoa, eta hori oso garrantzitsua bada ere, ikusi beharko da zein garrantzi maila izan dezakeen Ameriketako Estatu Batuen (AEB)beste gune batzutan. Jadanik Etxe Zurian gaia jorratzeko bidea zabaldu ei du. Bestetik, AEBko Senatuan ere aztertu nahi da proposamena, hor aurkituko diren zailtasunak gainditzea oso gaitza badiru ere. Mexicon bildutako munduko ezkerreko alderdien kongresu bateko 55 alderdi politikok, halaber, Euskal Herriaren autodeterminazioa eta gatazka gainditzeko elkarrizketaren alde egin dute.


LAMASSOURE ETA EUROPAKO BATASUNEKO ERREGIOAK

ERREGIOEK Europako Batasunean izan behar duten lekua aspaldiko eztabaida da eta azkenotan bizi-bizi dago, bai Euskal Herrian, baita Europan ere. Europako Batzordeak eskumen legegilea duten erregioak aintzat hartzeko proposamena aurkeztuko du Alain Lamassurek (UDF) Europako Legebiltzarrean datorren apirilean. Proposamenean esaten denez, Batzordeak erregioak kontsultatu beharko ditu, hauek dituzten eskumenei buruzko gaiak jorratzen direnean.


BATASUNAK BERE ABERRI EGUNA EGINGO DU

AZKENEAN Batasunak Aberri Egunerako deialdia Donibane Lohizunen egingo du. Hasiera batean baiezkoa eman zion ABk Donibane Lohizunerako egin zuen deialdiari, baina gero antolaketa kontuetan desadostasunak izan dira AB eta Batasunaren artean, eta Batasunak bere hautua egin du. Edozein eratan, Batasunak ordezkaritza bidaliko du Donibane Lohizunera. Orain artean, besteak beste, ELA, LAB, Aralarrek eta ABK-k sostengua adierazi diote ABren deialdiari. Ikusi behar orain, Batasunaren erabakiak zein eragin duen Lizarra-Garaziko Ituneko indarretako batzuk bilduko dituen deialdian. EAJk, bestalde, Bilbon bilduko ditu bere zaleak, EAk Gernikan, ezker abertzaleko Udalbiltza Etxarri-Aranatzen bilduko da eta EAJ eta EAren Udalbiltza Gernikan.


PP-PSOE: HAUSTURA DONOSTIAN

BEHIN eta berriro iragarri da Donostiako Udala gidatzen duten PSE eta PPren arteko apurketa, eta behin eta berriro saihestu da. Bien arteko krisi giroa nahiko iraunkorra izan da, ordea, eta datorren martxoaren 25eko osoko bilkuran PPk Auditz-Akular etxebizitzen proiektua onartzen ez badu, Odon Elorza alkateak ituna apurtutzat emango du. PPko bozeramaile Maria San Gilek adierazia du jada ez dutela alde bozkatuko. Oposizioko taldeek, bestalde, hika-mika horrek datozen udal hauteskunde usaina duela salatu dute.


UDALEN DESEGITEA

EZ da samur ulertzen «terrorismoaren goraipatzea edo biktimekiko mezprezua» adierazten duten udalak desegiteko PSOEk PPri egin dion proposamena. Ministro Kontseiluak hartu beharko luke erabakia eta Senatuak onartu. Gaitza dirudi bide horretatik PSOEk PP aurreratzea. Zapatero Aznar aurreratu baino lehen zahartuko dela gero eta hedatuago dago.


NORABIDE BERRIA

Euskal politikaren eragile guztiak datorren asteburuan PSE-EEren ezohiko kongresuan gertatuko denera begira daude. Idazkaritza nagusirako hautagai nagusi guztien zerrenda osatua, ez dirudi Carlos Totorikak Patxi Lopez-Jesus Egiguren bikotearen aurrean ezer egiterik duenik. Ikusi beharko da, halaber, Gemma Zabaletak gidatzen duen Euskal Sozialismo Berriaren ordezkaritza noraino heltzen den. Dirudienez, dena den, agur kontsentsu kontuei eta aurrerantzean batasunari nola eutsi izan daiteke etorkizuneko erronketako bat. Apurka bada ere, EAJ eta PSE-EEren beste harreman mota bat finkatuko da aipatu tandema garaile ateraz gero.