argia.eus
INPRIMATU
"Barneratua dugun polizia horrek kezkatzen nau"
  • Doctor Deseoko abeslaria ez da edozein mediku, hasteko ez duelako letra txarrik. Minen aurrean bere tratamendua tripatan arakatzea da, eta analisiek garbi erakusten dute bere zainetako Bilbo noraino den gozo-garratza. Tango bihotza morboz kilimatzen diote Batzokiko poxpolinaren puntilek, eta hotzikarez, berriz, «Ni naiz» kantuak. Eszenategi gainean eta azpian zein bi Francis dauden ikusi nahi izan dugu.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 28a
Doctor Deseo taldearen kontzertuak intrigaz hasten dira beti: sekula ezin jakin zein eraikuntza puntatik irtengo zaren. Altura horretan zaudela, zer pasatzen zaizu burutik?
Adrenalina igoera oso potentea da. Kaskezurra alerta gorrian jartzen zaizu, eta larritasunak jaten zaitu. Badakizu goitik eroriz gero bertan akabatuko zarela, eta jakina, espektakulua modu horretan hastea ere ez da kontua… Hasierako une horretan baliteke pixka bat desafinatzea ere, baina bestalde sentitzen dudan emozio gradua oso indartsua da. Gainera, ekilibristaren mitoa saltzen ari naizenez, gutxienez zerbait fisikoa ere izan dadila! Eskalatzea gustuko dut eta ez da hain zaila ere.

Inoiz kolpe latzik hartu duzu?
Bai, behin "arazotxo" bat izan nuen, Bilbon. Gas plazan nengoen, eszenategiaren gainaldean, "Ni naiz" abesten. Bilboko Udala desastre hutsa da, eta txapa bat askatuta zegoen. Eskutan mikrofonoa nuen, 400.000 pezeta balio dituena, eta gainera ez da nirea, teknikoarena baizik! Txapak huts egin, eta nik mikrofonoa toki seguruan utzi bitartean ez nuen salto egiteko astirik izan. Airean bira eman eta erori egin nintzen. Baina egia esan, oso torero sentitu nintzen, adarkada galanta jasota tornikete bat eginda zutik jarraitzen duen toreroa bezalaxe.

Hankak eszenategi gainean dituzula, zer bilatzen duzu?
Bilatzen dudan gauza bakarra da neroni kontzertuan sartzea, eta gozatzea. Teknika erabat ahaztu egiten dut, kantuek automatikoki atera behar dute. Ez dut erreparatzen non jarri behar dudan edo zer abestu behar dudan, bere kasa irteten da dena. Baina emozioak bere kasa irteteko, eta gai teknikoetan pentsatzen ez egoteko, helduleku bat behar duzu. Oinarri hori kantuen ordena da, aldez aurretik finkatzen dena. Gainerakoan, eszenategian irteten dena ez dugu sekula aldez aurretik prestatu, sekula ez naiz etxean dantzan hasi.
Kontzertua hastean oso barrura sartzen naiz, eta ondo eta gaizki pasatzen dut, baina oso intentsoki bizitzen dut, oso egiazko sentimenduak dira. Askotan ikaratu egiten naiz neure buruarekin, eszenategi gainean bakarrik sentitzen ditudan emozioak direlako, hortik kanpora deskubritzeko gai ez nintzatekeenak (eta patetikoa iruditzen zait, egia esanda). Oso sentsazio gogorra da. Emozio pilatu hori, pixka bat animalia sentitzea, eta barru-barrutik gauzak sortu eta azaleratzea. Batzutan gure kontzertuak bideoz ikusi, eta lotsa galanta ematen dit neure buruak! Transformazio moduko bat dago, eta nik uste hala izan behar duela gainera. Betitik uste izan dut musikak, sentitzeko mementoan, liturgia bat izan behar duela, erritual bat. Une horretan ni naiz apaiza, errituala zuzendu behar duena, eta topera bizitzen dut. Sentsazio hori galtzen dudan egunean erretiratu egingo naiz.

Ikuslegoa probokatzea gustatzen al zaizu? Morboa ematen al dizu ikuslegoak?
Inoiz ez dut ikuslegoa probokatu nahi izan, baina morboa ematen dit, bai. Botila bat hautsi eta berarekin jolasten hasi nintzenean, hasieran jolas errebindikatibo baten modukoa zen, jende batek modu basatiagoan egiten duen horri buruzko erreferentzia bat-edo, nik banekien-eta ikusleari eszena hark atzerakoa eragingo ziola. Baina denborarekin jabetu nintzen jolas horri puntu erotiko-festazale galanta hartua niola, odola jartzen nuela, eta neure buruak majo harritu ninduen, "oker xamarra haiz, gero!". Eszenategian bat batean deskubritzen dituzun sentsazioak dira.

Euskal Herrian pop musika gutxi egiten da. Zuek nola hasi zineten?
Ez dakit, baina nik beti argi izan dut niri kantu on bat eta estribillo bat gustatzen zaidala. Horrek poparen kontzeptura lotzen gintuen pixka bat. Eta gero, hain zuzen oso prentsa txarra zuelako ere erabili dugu, apropos. Hemen "pop" esan eta jendeak "puf!" esaten zuen, "a zer marikoi koadrila"! Jakina, "Rock radical vasco"aren euforia garaian sortu ginen, justu beste bidetik. Zeure nortasuna indartzeko modu bat zen: "Hauek punkiak eta rockeroak badira, gu poperoak!". Gainera bagenekien poparen bidez ere gauzak esan daitezkeela, eta jarrera bat ager daitekeela.

Eta entzuleriak nola hartu zuen?
Hasieran ezin okerrago. Gogoan dut Roberto Moso (gaur elkarrekin algara galantak egiten ditugu hau gogoratzean) bere mementorik erradikalenean zegoela, Zarama taldean, eta halaxe idatzi zuen: "Garai hauetan ez dakit nola egin daitezkeen pop kantatxoak, Doctor Deseorenak bezalakoak…". Eta gero begira tipooak nola jo zuen popera! Prentsan oso burrunba arraroa zegoen. Baina bestalde punki taldeak lagunak genituen, geure artean ondo moldatzen ginen. Hasieran ez ziguten gaztetxeetan ere jotzen uzten, politikoki politak ez ginelako, garaiko kontsignarik ez genuelako. Izatez, lehen aldiz Bilboko gaztetxean jo genuenean, "Gay harrotasuna»ren festan izan zen!

n Hitzek gai sozial gogorrei buruz hitz egiten dute. Horrek orekatzen al du zuen popero fama?
Inoiz ez dut pentsatu "mota honetako gaia landu nahi dut". Beti pentsatu izan dut nahiko letra intimistak egin ditudala, gertatzen dena da barne mundu horretatik istorio sozialetarantz irteten dela. Edo, azken batean, intimoa dena ere soziala dela. Tripetan bilatzen jardun badut, nire tripak zure tripak bezalakoak direlako da, gai soziala da azken finean. Nik ez ditut dikotomia kristau horiek: soziala/indibiduala, arima/gorputza, sexua/maitasuna… ez dut dikotomia horiekin funtzionatzen.

Orokorrean, Euskal Herriko taldeak gai politikoetan gehiago zentratzen dira…
Niri printzipioz ez zait interesatu gai politikoak zuzenki erasotzea, nahiz eta halako kanturen batzuk ere egin ditugun. Badago hori ederki asko egiten dakien jendea, eta guk beste bide batetik jo dugu. Bestalde ni gutxiago arduratzen nau kanpoko poliziak, azken batean, nahiz eta mozorrotu, ikusi egiten baita. Gehiago interesatzen zait barruan daramagun polizia hori, Estatua koskabilo eta obulutegitan daramagu-eta. Horixe da kezkatzen nauena, gizarteko eskemak zer neurritaraino barneratuak dauzkagun.

Jendeak gai politikotan gehiago sartzeko eskatu al dizu inoiz?
Kalera jaistean batzuk hori eskatzen dizute eta besteek ez. Gogoan dut, orain urte asko, goizeko seietan mutil bat etorri zitzaidala, ni bezain txispatuta edo kasik gehiago. «Zu al zara Francis, Doctor Deseokoa?», eta nik «ba bai...». Berak, izenik ere esan gabe: "Ni Jarraikoa naiz". Ostras, pentsatu nuen, gaur ere saltsa izango dugu… "Hi, tio. Lehen marikoikeria galanta iruditzen zitzaidan zuena, baina neskalagunak utzi nauenetik oso ona haizela uste diat!".
Eta hori ez da pasadizo soila, bere kategoria badu. Zu zurrunbilo politikoan zaude, ederki dago gainera, "arazo handiak" dituzu buruan (sozialismoa, independentzia), eta bat batean zerbait gertatzen zaizu bizitzan, eta pentsatzen duzu: "Ostia! Honek Ertzantzaren bizkarrekoek adina min ematen du-eta! Eta ni naiz, ez zaizkit kanpotik ematen ari! Zer arraio dut nik barruan, halako gauza batengatik hain gaizki pasa arazten didana? Gainera ez dut poliziaren zartakoekin izan dezakedan sentsazio heroiko hori, hau ez da oilar sentiarazten nauen borroka. Hau borroka miserablea da. Hau sentsazio nazkagarria! Buruan nituen eskema politikoki politak ere gainbehera etorri zaizkit, beste pertsonarekiko kontzeptu nazkagarria dut!».

Bilbo islatzen da sarri zuen abestietan. Zer da zuretzat Bilbo?
Abestietan ez dut aldez aurretik planteamendurik egiten. Gertatzen dena da Bilbo dela nire bizitza arraio honen eszenategia. Izkina bakoitzak zerbait esan nahi du niretzat. Bilborekin maitasun gorrotozko harreman oso intentsoa dut. Denborarekin zure kartzelako barroteak maitatzera irits zaitezkeen bezala, nola ez dut bada hiri malapartatu hau maiteko!

Zuen kantu gehienetan gaua ere presente dago…
Gaua presente dago, bai. Agian geroz eta gutxiago, jakina, behin adin batez gero ezin zaiolako beti erritmo berari eutsi. Gaua presente dago, baina gaua ezberdina denaren mito bezala. Zentzu klasiko hori du gure kantuetako gauak: eguna da lanaren momentua, aurreikusi daitezkeen gauzen unea, eta jendeak argi du bera nor den eta bere maskor horretan babesten da. Eta gauez, edariagatik edo auskalo zergatik, eguneko eskema hori hautsi egiten da, eta jendea beste modu batekoa da, onerako edo txarrerako. Agian pixka bat animaliagoa ere bada, eta hori bai interesatzen zaidala. Baina halere eguna ere izugarri maite dut.

Drogen gaia ere agertzen duzue abestietan. Zer iritzi duzu drogei buruz?
Kultura guztiek erabili dituzte puntualki drogak. Diferentzia bakarra da hemen drogak erritotik eta esparru guztietatik aterata daudela, eta azkenean ohitura bihurtu direla, kontsumoaren gizarte honetan beste produktu bat gehiago. Baina puntualki erabilita, uste dut drogek kontzientzia egoera ezberdinetara irekitzen gaituztela. Beti izan naiz oso lotsatia, eta trago batzuk hartu eta speed marra bat sartu nuen lehen aldian, egia esan neure burua beste modu ezberdin batean deskubritu nuen. Eta minaren goxatze sentsazio horrek, zure barruan zerbait ezberdina sortze horrek, bere enkantua ere badu. Baina drogak erakargarriak bezain arriskutsuak direnez, erabilpenean inteligentea izan eta kultura guztiek egin dutenera mugatzen saiatu behar da: memento puntualetan hartzea.

«La chica del Batzoki» kantuak arrakasta itzela izan du. Nondik sortu zen ideia?
Ez dakit nola sortuko zen, gitarrarekin jolasean ariko ginen, jiji-jaja. Baina kantua bazterrean utzi genuen orduan. Memento jakin batean errekuperatu egin genuen, disko bakoitzean drama sobredosia genuelako, eta «maritragedia» hutsak bihurtu ginelako. Zama arintzeko inuzente-inuzente sartutako kantu hura, azkenean toki guztietan entzuten zen, baita batzokietan ere.
Bestalde beti eman izan didate morboa neskatxa eskuindarrek: bai PPko «Nuevas generaciones»ekoek, bai batzokikoek, bai Jehova-ren Testiguek. Ziur aski mundu guztiari bezala. Gizonen morboetako bat izango da neskatxa eskuindarrena.

Euskaraz ere hasi zarete kantatzen. Zergatik?
Erdal hiztuna naiz eta gehienean gazteleraz abesten dut, nire emozioak lotuak daudelako zuzenean ulertzen eta sentitzen dudan hizkuntzari. Baina disko bakoitzean gutxienez euskarazko kantu bat sartzea erabaki genuen, arrazoi askogatik. Lehenik eta behin beste modu batean adierazi arazten didalako ahoskatzeko unean. Bestalde badu militantziaren arrazoi bat ere, eta emozioak beste modu batera bizitzea eskaintzen dit.

Zergatik Xabier Leteren "Ni naiz" kantua?
Nire kantu kuttunenetako bat da. Umetan, Xabier Lete auzora ekartzen genuenean, etxean letrak gazteleraz eta euskaraz izaten nituen, garai hartako autoritate konpetentearen autorizazioarekin (baimen hori beharrezkoa izaten zen kantaldi bat egiteko). "Ni naiz" kantua zen gehien emozionatzen ninduenetako bat, bai musikagatik eta baita letragatik ere. Gainera garai hartan atipiko xamarra zen, "Zer eskatzen du herriak" edo "Euskadi sozialista bat" ozenago entzuten baitziren. Nerabe garaitan Letek Euskal Herrian eman zituen kantaldi gehienetara joan nintzen. Denbora pasata, kasualitatea: irratian entzun nuen kantua, eta beste modu batera birsortzeko irrika sortu zidan. Xabier Leteren ahoskera gogor hori aldatu, berak ziurtasun osoz kantatzen baitzuen, eta nik izututako ume batek bezala interpretatzea erabaki nuen.

Euskal Herritik kanpora birak egiten dituzue, baina ez omen duzue gehiegi zabaldu nahi...
Talde lokaltzat dugu geure burua, eta halaxe segi nahi dugu. Batetik gertukotasun arrazoiengatik, eta bestetik "show business"aren munduan ez sartzeagatik. Ez dugu gehiegi zabaldu nahi, bestela pentsa: aurten, ziurrenik 80 bat elkarrizketa egingo ditut. Hori Espainiako Estatu osoan zehar egin beharko banu, akabatzeko modukoa litzateke! Gainera gorroto dut furgonetaren mitoa. Taldea furgonetan sartu eta leher eginda utziko zaituen torturaren bila joate hori, eta ordu eta erdiko kontzertua emateko errepidean 17 ordu sartzearena, ez dut sutsuki maite. Musika mundua oso mitifikatua dago, eta orain «Operación Triunfo»ri esker mundu guztiak izan nahi du abeslari, baina mundu honek bere ajeak baditu. Eta ez baduzu lasai hartzen, gaizki bukatzen duzu.
Ezaguna izateak eta jendeak kasu egiteak asko desorekatzen zaitu. Baboa izanagatik 20 lagun etorri eta "naturala haiz, hi! Guaya haiz!" esaten badizute, eta ez baduzu hori dena distantziarekin hartzen, azkenean lurretik bi metrotara biziko zara. Neroni ere harrituta gelditzen naiz, nire adinean, eta ispiluan nolakoa naizen ikusita, nola arraio etortzen zaizkidan neskatxak. Boterearen saltsa nazkagarria da azkenean; ez dakit zergatik baina AEKko irakasleek, abeslariek eta beste askok erakarpen indar bat badute. Gauza horiek distantziarekin hartu behar dira.

Zer lan erritmo ezarri diozue zuen buruari?
Erritmoa lasaia da. "Show Business" delako mundu azeleratu horretatik irtetea da kontua, hor konpainiek (batez ere multinazional handiek) zukua azkar atera nahi izaten baitizute, nahiz eta denbora gutxian erre. Gure erritmoa da disko bat patxadaz grabatzea, gero bira bat egitea (33 kontzertukoa, ez gehiago), eta hortik aurrera jendearen begi-bistatik desagertzea, deskonektatzeko. Eta kantuak sortzeko eta eszenategira igotzeko beharra sentitzean, gurpil berari ekiten diogu. Jakina, musikaren mundua oso azkar doanez, hurrengoan gutaz inor ez oroitzeko arriskua dugu, baina tira, beste zerbaitetan ariko gara orduan.

Kaleratzear dagoen diskoak zer dakar?
Oraintxe bukatu dugu grabazioa, eta oraindik asimilatzen ari naiz. Estudioan hainbeste aldiz jo ditugu kantuak, jada neurria galdua dudala. Baina niretzat agian diskorik emozionanteena da, eta izaera intimistena duena. Ez du esan nahi nire bizitza kontatzen dudanik, baina bada barrurako begirada bat. Bilaketa bat da, emozioen borroka bat

- Jaio: Bilbon, 1958. urtean.
- Doctor Deseo musika taldeko abeslaria.
- Diskoak: Taldeak bere lehen bi maketak 1983 eta 1984 urteetan atera zituen, baita Euskadiko Lehen Pop-Rock lehiaketa irabazi ere, 1986an. Urtebetera atera zuten lehen diskoa, «Doctor Deseo» izenekoa. Atzetik etorri direnak: «Tan cerca del cielo» (1989), «Fugitivos del paraíso» (1992), «Gotas de dolor... un charco de olvido» (1995), «Hay cuentos por inventar» (1998), eta «Atrapado en tu silencio de incertidumbres y caricias» (2000) izan dira. Kaleratzear dago euren azken diskoa: «Suspira... y conspira».
- Euskal Herrian izanagatik zaletu gehien, Espainiako Estatutik ere deitu izan dituzte, eta Mexikon arrakasta handia dute. Hego Amerika eta EABn ere entzuten da euren musika.

Soriako herri txiki bat zen, lau etxetako herrixka. Halakoetan kontzertua sekulako nobedadea izaten da, eta biztanle guztiak kalera irten ziren gu iritsi orduko, aztoratuta: "Musikoak! Musikoak!". Herriko taberna xaharrean mejiloi platera atera ziguten, gero bainatzera eraman Duero ibaira (eskerrak uda zen), eta gauean traktore tipikoa jarri ziguten, eta bertan jo behar! Denetik zegoen: 60 urteko agureak, umeak… Kontzertu erdian, gizon bat hurbildu zitzaidan bere haurrarekin: "Aizu, ba al dakizue 'Pajaritos' jotzen?".

Doinua: Bogart eta Bilintx
Pop-aren bidez jartzen bazara
zeure erraiei begira,
zarena Pop-ak azalduko du,
zure islada hori da.
Berdin da rocka, berdin da rap-a, edo orkesten dizdira,
esan nahi denak hainbat bide du, entzuleen belarrira,
baina ezberdin deituagatik
guztiak bat bera dira
Aitor Mendiluze